"Narkotrafikoarentzat gune estrategiko bilakatu da Euskal Herria"

  • Ahoztar Zelaieta kazetari eta kriminologoak ikerketa lan berria argitaratu du: El narco-oasis vasco. Capos del narcotráfico y mafias policiales con impunidad política. Hainbat urtez ustelkeria politikoaren inguruan lan egin eta gero, narkotrafikoaren eremura bueltatu da. Foku mediatikoak beste lurralde batzuetan jarrita dauden arren, mundu mailako ibilbideen artean narkotrafikoak Euskal Herrian indar handia hartu duela dio. Euskal Herriko narkotrafikoaren capoez eta haiekin erlazionatzen diren poliziez eta bankariez ematen ditu datuak, besteak beste.


2019ko abenduaren 06an - 09:02
Argazkia: Hodei Torres / Hiruka

Urteak eman dituzu ustelkeria ikertzen. Orain narkotrafikoaren inguruko lan bat argitaratu duzu.

Aspaldian lan egin nuen narkotrafikoaren inguruan Pepe Reirekin, Eginen, Ardi Beltzan eta abar, eta ordutik gutxieneko ezagutza bat eta iturri sare bat gordetzen dut, lege barruan zein kanpoan lan egiten duten pertsonek osatua. Sare horretara jo nuen laguntza eske, eta haiek emandako informazioekin ondorio batzuk ateratzen hasi nintzen. Aurretik egindako ikerketak ere jaso ditut liburuan. Pepe Reirenak, Askagintzako Txus Congilerenak edo Salhaketa elkarteak egindakoak, esaterako. Nécora operazio famatuaren prozeduran, adibidez, Askagintza eta Salhaketa akusazio partikular bezala egon ziren presente.

Liburuan diozunez, ikerketa abiatzeko oinarrizko informazioa bi iturrik eman dizute: ertzain batek eta hanpako nagusi bat.

Biak aurretik ezagutzen nituen. Tratu pertsonala dut haiekin, eta hortik nolabaiteko enpatia eta adiskidetasuna garatu ditugu. Ertzainarekin adiskidetasuna nuen. Orain arte informaziorik ez zidan pasatu, baina komentatu nionean gai honen inguruko liburu bat ateratzeko asmotan nenbilela, interesa agertu zuen. Sentsibilitatea du gaiarekiko. Narkotrafikoaren albo-kalteak zeharkakoak eta zehatzak dira: EAJko, PPko edo ezker abertzaleko politikarien, iturgin baten edo epaile baten seme-alabak bihur litezke drogen menpeko. Ertzain horrek drama horiek ikusi ditu. Hanpako kidearekin harreman handia izan nuen aspaldian. Nire asmoa helarazi nion, eta elkarrizketa bat onartu zidan. Desadostasun handiak ditugu, noski, baina ulertu zuen ni arrain handienen bila noala. Bera espetxetik pasatutakoa da, besteak beste, ez dagoelako maila horretan. Ez doa bankariekin golfean jolastera. Aurretik hainbat informazio pasa zidan, eta oraingoan duen guztia eman dit. Hortik tiraka pertsona gehiagorengana heldu naiz. Ertzainak harremanetan jarri nau epaileekin, abokatuekin eta fiskalekin, sumarioak edo txosten polizialak pasa dizkit. Hanpako kidearen bitartez capoekin edo haientzat zuzenean lan egiten duen jendearekin elkarrizketak lortu ditut.

Zeintzuk dira atera dituzun ondorio nagusiak?

Lehendabizikoa da Euskal Herriko narkotrafiko sarea oso indartsua dela, oso sendoa. Urte askoan ez zaio jaramonik egin. Garai batean egin zitzaion, hain zuzen ere inpunitate handia zuelako eta Espainiako Estatuaren egiturekin zerikusi handia zuelako, baina ordutik isiltasuna nagusitu da. Zabaldu da uste oker bat, zeinaren arabera narkotrafikoak euskal jendartean eraginik ez duen.

80ko hamarkadatik polizia operazioetan droga kantitate oso handiak atzeman dira Euskal Herrian. Estatu eta Europa mailako handienak. Hala ere, Galiziako eta Andaluziako narkotrafikoak fokua bereganatu du eta Euskal Herrikoak bat ere ez. Bilakaera izan da azken hamarkadetan. Hasieran Euskal Herriko narkotrafiko sarea beste sare handiago batzuen bitartekaria zen soilik: Kolonbiako sareentzat, galiziarrentzat, andaluziarrentzat... Denbora pasa ostean, sare alternatibo bilakatu da, ibilbide propio bat. Horrela ulertzen dute aditu polizial edo judizialek, eta hori baieztatzen duten dokumentuak eta lekukotzak eskuratu ditut.

Ibilbide estrategiko bilakatu da, tamaina handiagokoa. Zergatik? Andaluziara edo Galiziara begira egon direlako begi asko. Sare horiek totemak bilakatu dira, denok ezagutzen ditugu Sito Miñanco edo Laureano Oubiña, baina inork ez Euskal Herriko capoak. Eta gure capoak dira. Gure capoen aurkezpena egin gabe zegoen. Nik zazpi edo zortzi capo aurkeztu ditut.

Capo horiek aspaldi daude gure artean. Garai konplikatuetan ere ez zuten alde egin, ETAk gerra deklaratu zienean esaterako. Hor bazituzten beste babes batzuk. Poliziaren konfidenteak izan dira, estatu egiturekin harreman onak izan dituzte. Euren burua enpresa gizon bezala ikusten dute, negozio bat dute, BPGri ekarpena egiten diote, hemen dituzte haien sareak eta enpresak.

Datu eta izen-abizen zehatzak ematen dituzu lanean?

Datu eta izen asko dago, baina liburua irakurterraza egiten saiatu naiz. Horretarako, batetik, informazioa nobelatu dut pixka bat. Nobelatzeko haria bilbotar bat da. Bilbotar honek lortu zuen Cosa Nostran jaiotzez italiarra ez den pertsona batek eskuratu dezakeen izendapenik goi mailakoena New Yorken: elkartua. Bilbotar horren historiaren bitartez aurkezten ditut gure capoak.

Irakurleari datuak hain arrotzak ez suertatzeko, saiatu naiz azaltzen capo eta sare horiek totem mediatikoenekin duten harremana: Sito Miñancorekin, Charlinekin, edo Falconettirekin.

"Narkotrafikoaren eta prostituzio sareen hedapena eskutik joan dira. Are gehiago: apustu etxeen hedapena ere"

Sarreran estuki lotzen dituzu narkotrafikoa eta emakumeen esplotazio sexuala.

Korrelazio bat aurkitu dut. Espainia narkotrafiko sare eta kontsumo mailan narkoestatu bat bilakatu da, baina baita turismo sexualaren paradisua ere. Prostituzio eta gau klubei dagokienez Euskal Herria goian dago. Espainiako prostituzio sare garrantzitsuenak Euskal Herrian du oinarria. 1.700 klub daude Espainiako Estatuan, eta %90ak euskal enpresa bat erabili du iruzur fiskala egiteko. Narkotrafikoaren eta prostituzioaren arteko harremanak ere aurkitu ditut: esaterako, gau klub batzuk drogaren dirua zuritzeko erabili dira. Narkotrafikoaren eta prostituzio sareen hedapena eskutik joan dira. Are gehiago: apustu etxeen hedapena ere. Droga, prostituzio eta apustuen kontsumoari dagokionez, Euskal Herria Txapeldunen Ligan dago.

Oasiaren irudiaren aurrean, Eusko Labeldun ustelkeriaz idatzi dute batzuek, zuk tartean. Eusko Label narkotrafikoa ere existitzen da?

Zerrenda bat eman dut, izen eta abizenekin. Batetik, kanpoko polizia indarretako kide batzuek narkotrafikoarekin eta gerra zikinarekin izan duten harremana zehaztuz. Bestetik, aurkitu dut Euskal Herrian haien curriculuma loditu zuten narkoagente batzuk Galizian edo Andaluzian atxilotuak izan direla, narkotrafiko sareekin harremana izateagatik. Ertzainen inguruan oso lan gutxi dago egina, eta 80ko hamarkadatik honainoko lan kronologiko bat egin dut, zehaztuz zenbat atxilotu edo ikertu duten narkotrafiko sareekin harremana izateagatik. Orduan estatu mailan inoiz harrapatutako speed kantitate handiena izan zena, bi ertzaini atzeman zioten. Ertzaintza ez da salbuespena.

Politikariekin eta bankuekin loturak daudela diozu liburuan.

Aurretik zenbait kazetarik egindako ikerketak jaso ditut, horiek eguneratu ditut. Agertuko zaigu bi narkotrafikatzailek kudeatzen duten batzoki bat edo Euskal Herriko PPko zinegotzi bat, eta abar.

Zer harreman mota dute bankuek eta politikariek narkotrafikoarekin?

Beharrezko kolaboratzaileak dira. Adibidez, Mexikon, ezin dira narkotrafikatzaileen hilketa masiboak azaldu banketxeez hitz egin gabe. Bankuak ezinbestekoak dira diru hori zuritzeko. BBVren [egun BBVA] inguruan kapitulu oso bat dago. BBVk harremanak izan zituen Pablo Escobarrekin, edo Galiziako Nécora eta Andaluziako Pitón operazioetan bere izena agertu zen. Gerora, BBVAk Latinoamerikan izan duen zabalkundean garrantzia izan du narkotrafikoaren zuriketak: Argentinan, Kolonbian, Perun... ikerketak ireki dituzte.

Politika munduan, politikari jakin batzuek ala alderdiek dute lotura narkotrafikoarekin?

Galizian erregistratuta dago alderdien eta narkotrafikoaren arteko harreman hori zenbait sumario judizialetan eta elkarte, sindikatu edo kazetari batzuen lanetan. Euskal Herriko kasuan, ustelkeriarekin gertatzen den bezala, ez dago hain erregistratuta. Horrek ez du esan nahi existitzen ez denik. Nik susmo batzuk ematen ditut. Esan behar da, edonola ere, politikari batzuek aurre egin diotela narkotrafikoari. Adibidez Joseba Azkarragak lan ona egin zuen. Beste batzuek beste aldera begiratu dute. Aspaldi argitaratu zen nola José Antonio Ardanza lehendakari ohiak, Arrasateko alkate zela, narkotrafikoaren inguruko ikerketa bat baimendu zuen. Ikerketak droga Guardia Zibilarekin lotu zuen, eta Ardanzak ixiltzea erabaki zuen, ezer ez esatea epaitegietan eta komunikabideetan. Azkenik, beste politikari batzuek etekinak lortu dituzte.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Narkotrafikoa
2022-09-30 | ARGIA
Ertzain bat atxilotu dute narkotrafikoarekin lotuta, ez da lehen kasua

Ertzain bat atxilotu dute ostegunean, ustez droga-trafikoan aritzeagatik. Bere etxean 54 kilo kokaina atzeman dituzte. Ez da lehen aldia EAEko poliziako kideak narkotrafikoarekin nahasita harrapatu dituztenak.


2021-07-15 | ARGIA
Peter De Vries kazetari holandarra hil da, kalean tirokatua izan ondoren

Duela egun batzuk kalean tirokatua izan zen Peter De Vries kazetaria, Herbehereetan eta mundu mailan oso ezaguna bere ikerketa kazetaritza lanengatik. Ostegun honetan hil da 64 urterekin. Zenbait iturriren arabera, narkotrafikoarekin lotura duten sareek mehatxaturik zegoen bere... [+]


Zentsuratu ezin izan duten "Fariña" liburuaren egileari arrazoia eman dio Auzitegi Gorenak

Madrilgo Probintzia Auzitegiak, PPko alkate ohi batek narkotrafikoarekin izandako harremanaren berri emateagatik Nacho Carretero galiziarraren "Fariña" liburua bahitzeko agindua eman zuen 2018an. Hiru urte geroago, Auzitegi Gorenak liburuaren egilearen eta... [+]


2020-07-08 | Mikel Eizagirre
Mexikon 2014an desagerrarazitako ikasleetako baten gorpua aurkitu dute, aurreko gobernuaren bertsioa gezurtatuz

Bertsio ofizialaren arabera, 2014ko irailaren 26an udaltzainek 43 gazte atxilotu eta Guerreros Unidos talde kriminaleko kideei entregatu zizkieten. Horiek hil eta gorpuak erraustu zituzten zabortegi batean. Gorpua zabortegitik urrun aurkitu dute ordea.


2020-04-02 | ARGIA
Itsas armada Venezuela ingurura bidali dute AEBek

Narkotrafikoagatik Venezuelako presidente Nicolás Maduroren eta haren gobernuko hainbat kideren aurkako salaketa jarri zuen martxoaren 26an AEBetako Gobernuak. Erabaki horri lotua da itsas armadaren bidaltzea. Donald Trumpen Gobernuaren joera gogor kritikatzen dabil... [+]


Eguneraketa berriak daude