Jokoa normalizatzea, apustu arriskutsua

  • Gure herrietako denda eta ostatu ugarik itxi dituzte ateak, eta zabaltzen ari dira joko-areto berriak, kirol-apustuen gerizpean nagusiki. Geroz eta gazteago murgiltzen gara jokoan, neurri handi batean Internetek –telefono mugikorrak– eskaintzen duen erosotasun eta bat-batekotasunak hauspotuta. Abantaila dirudiena, ordea, kalterako da sarri, adikzioa borrokatzea helburu duten elkarteetatik diotenez. Kalterako den bezala jokoak duen irudi geroz eta normalizatuagoa, Gasteizko Judimendiko Gazte Asanbladak eta Azpeitiko Elkar-ekin taldeak ohartarazi digutenez.


2018ko urriaren 07an
Judimendiko Gazte Asanbladako kideak, Olagibel kaleko joko aretoaren atarian. / JGA
Judimendiko Gazte Asanbladako kideak, Olagibel kaleko joko aretoaren atarian. / JGA

Gasteiz Hoy agerkariak maiatzean emandako datuen arabera, Arabako hiriburuan 27 joko-areto zeuden, eta beste bost irekitzear. Urtea amaitzerako, beraz, 32. Joko-makinak eta taberna-jatetxea uztartzen dituzten lokalak dira gehienak, garbi eta argitsuak, ez daukate pelikuletan ikus genitzakeen areto ilun horien tankerarik. Zenbaitetan, zoruak markatzen du bi munduen arteko muga: egurra-edo tabernan, eta moketa elegantea makina txanponjaleak dauden gunean.

Hain justu, espazio berean batzen diren bi mundu horien sinbiosia da ludopatia borrokatzea helburu duten erakundeen kezka iturri nagusietakoa, joko-aretoen irudia normalizatzea dakarrelako, jokoa normalizatzea alegia, geroz eta bezero gazteagoen artean bereziki, kirol-apustuek erakarriak izan direnak hein handi batean. Normalizazio-prozesu horren baitan, ezinbestean behar dira aipatu, adibidez, kirol talde eta ekitaldiak diruz babesten dituzten apustu etxeak, eta irrati-telebista emisioetan zein egunkari berezituen orrialdeetan txertatzen dituzten iragarkiak.

Gasteizko Judimendi auzoan iaz ireki zuten joko-aretoa, eta orduan hasi zuen Gazte Asanbladak gaiaren inguruko lanketa. Ekainean plazaratu dute emaitza, Auzoan jokoz kanpo, joko-aretoaren inguruko hainbat argipen txostena. Bertan, besteak beste salatu dute argi koloretsuen itzalean ezkutatzen den “kontsumo eredu indibidualista”, zeinak perfil jakin bateko bezeroa harrapatzen duen batez ere: diru-iturri baxuak dituzten gizonezkoak, “gazte eta etorkinen kopuru handia” nabarmenduz.

Taberna normalak?

“Jokoaren normalizazioak kezkatzen gaitu gehien, eta horrek ludopatiarekin duen loturak”, azaldu digute Judimendiko Gazte Asanbladako kide Karla Agirre Aranburuk eta Aitor Brazal Cabrak: “Taberna normalak dirudite. Leku batean makinak dauzkate, baina gainerakoan… Bezero asko gosaltzera edo poteatzera joaten da bertara. Joko-aretoan sartzeak ez du aditzera ematen jokatzera zoazenik, ez dauka konnotazio negatiborik”.

Gazteek salatu dute makinen arduradunak –hiriko areto gehiagoren jabe den kateak– ordaintzen duela lokal osoaren alokairua, baina tabernaren kudeaketa beste enpresa batek daramala: “Alokairurik ordaintzen ez duenez, aukera dauka pintxo eta edarien prezioa jaisteko, eta auzoko gainerako tabernek ez daukate horrekin lehiatzerik. Denbora gutxian bi taberna itxi dira hemen, neurri handi batean gosaltzera joaten ziren bezero asko galdu dituztelako, tabernariek eurek kontatu digutenez”. Asanbladak herritarren artean egindako inkestaren arabera, jende askok uste du joko aretoak “auzo-bizitza hiltzen duela”.

Ilustrazioa: Xabier Sagasta

Ondorio nagusien artean bada beste bat: kontrol soziala handitu izana. Joko aretoek kamerak dituzte barrualdean zein atarian, “bezeroak eta langileak kontrolatzeko”. Gainera, lokal inguruan liskarrak izan direla diote gazteek, eta droga trafikatzaileak “lasaitasun osoz” aritu direla “lanean”, nahiz eta “aitzakia hori baliatuz” poliziaren presentziak gora egin duen auzoan.

Judimendiko Gazte Asanbladako kideek areto barruan egin duten behaketa-lanak eta bertan lanean aritutako zenbait pertsonak kontatutakoek azaleratu dutenez, bi bezero mota bereizi daitezke: tabernara zer edo zer edatera sartzen direnak –zenbait kasutan makinetara hurbilduz–, eta zuzenean jokatzera doazenak. Horien artean gizonezkoak dira gehienak, diru iturri baxuak dituztenak eta banaka-banaka agertzen direnak. Bezero-jokalarien generoaz galdetuta, gazteek esan digute kulturalki tabernak-eta ez direla izan emakumeen espazioa, eta horri “dirua gastatzeko perspektiba” gehituta, hobe uler daitekeela gizonen presentzia handiagoa. “Guk ez dugu sosik izan gure eskuetan, zertarako eta jokoan aritzeko”, esan digu Agirrek. “Bada beste osagai bat”, jarraitu du Brazalek, propio kirol apustuen gaiari helduta: “Dirua jokatzearena oso lotua dago lehiakortasunarekin, ea nork gehiago jakin, gizonezkoen rolari atxikia egon dena gehiago”. Zentzu horretan, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko soziologia irakasle José Antonio Gómezek El País egunkarian zioen apustua “pokerra bezalakoa” dela: “Jendea ez doa soilik dirua irabaztera, baizik eta erakustera zenbat dakien futbolaz, saskibaloiaz edo beste edozein kiroli buruz”.

Gora eta gora etengabe

Judimendi, Zaramaga, aurki Txagorritxun… Gasteizko joko areto asko langile auzoetan daude, periferian. “Euren bezero helburua zein den erakusten du horrek”, diote gazte asanbladatik. “Ez da kasualitatea, etorkizun hobearen amets faltsuari jarraituz, gutxien duenak apur hori jokoan xahutzeko bideratua baitago hark sortzen duen menpekotasuna”.

Ildo berean mintzatu zaigu Eneko Ibarguren, Azpeitiko (Gipuzkoa) Elkar-ekin taldeko kidea, galdetu diogunean herrian zabalduko duten apustu-aretoaren eta haren kontra uztailean deitutako elkarretaratzearen inguruan: “Sektoreko enpresak sekulako dirutzak egiten ari dira auzo langileetan, jendeak bere behar ekonomikoak asetzeko apustura jotzen duelako askotan”.

Kirol apustuekin lotutako datu bat eman digu, gaia kokatze aldera: Hamar urte igaro dira Reta enpresak (Azpeitiko aretoaren jabeak) Bilbon lehen lokala zabaldu zuenetik. Geroztik Espainiako Estatuan beste 50 bat denda ireki eta ehundaka tabernatan apustuak egiteko 2.500 terminal gehiago ditu ezarriak. “Krisi ekonomikoaz geroztik nabarmen hazi da apustuen merkatua”, esan digu Ibargurenek.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2017an 340 milioi euro jokatu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoitza duten enpresen (Reta, Kirol eta Garaipen/Codere) apustu-terminal fisiko eta webguneetan, 2016an baino %10 eta 2012an baino %113 gehiago. Nafarroan ere parekoa da igoera: 74 milioi euro jokatu ziren iaz, 2016an baino %10,92 eta 2012an baino %150 gehiago. Sektoreko enpresek, bestalde, 58 milioi euroko irabaziak izan zituzten, 2016an baino %13 eta 2012an baino %80 gehiago. Jokatutakoaren %15 inguru da hori; zentzu horretan, irabazi-marjina txikiagoa da Estatuko Loteria eta Apustuena baino, %40koa izanik kasu honetan.

Kopuru horiei gehitu behar zaizkie gure mugez gaindi –paradisu fiskaletatik maiz– operatzen duten enpresei dagozkienak. Egiaz, on-line apustuez hitz egitean ezinezkoa da diru kopuru zehatzak ematea; milaka milioi eurori buruz ari gara.

Honekin guztiarekin lotuta, azpimarratu beharra dago gaur egun ez dela krisi aurretik baino diru askoz ere gehiago jokatzen, baizik eta joko mota aldatu egin dela: jaitsi dira kasinoak, bingoa, kiniela... eta igo dira, nabarmen gainera, hizpide ditugun kirol apustuak.

Langile auzoak jo-puntuan

“Ludopatiaren aurkako elkarteek maiz eskatu dute antzeko lokalen irekiera erregulatzeko, baina…”, jarraitu du Ibargurenek. Hiri handiagoetan, Madrilen edota Londresen esaterako, auzo pobreen eta joko aretoen arteko loturak aspaldi piztu zuen eztabaida. Ez dira adibide bakarrak. Txikiagora jota, ezinbestean behar da Gamonal aipatu, Burgoseko auzoa (Espainiako Estatua), hango borroka eredu den heinean Azpeitia edota Gasteizko eragileentzat. Urteak daramatzate langile auzoetan jokoak izan duen hazkundeaz eta eragiten dituen kalteez eztabaida sustatzeko lanean, eta aldarrikapen-zerrenda mardula osatu dute. Besteak beste, herritar talde batek Udalari eskatu dio lizentziarik ez emateko jokoaren sektoreko enpresei, kirol ekitaldi eta espazioetatik haien publizitatea kentzeko, eta ez daitezela hedabideak erabili apustuak eta jokoa sustatzeko. Gamonaleko jendea Judimendin izango da aurki, jokoaren inguruko hitzaldi-ziklo batean parte hartzeko. Azpeitian ere mahai-inguruak antolatzekoak dira urrian (17an Zer dago apustu etxeen atzean? galderari erantzungo dio Igor Meltxor kazetariak, eta 23an Apustu etxeak eta ludopatia gaiaz arituko dira Virtuss Adicciones elkarteko kide Julen eta Maider Santamaria. Bi hitzaldiak Sanagustinen izango dira, 19:00etan), eta joko areto berriaren aurkako sinadura bilketa ere abiatu dute. Solaskideak jakitun dira aretoak ixtea ez dela erraza, baina horretan saiatuko direla diote, eztabaida gizarteratzearekin bat, “presio zuzena” eginez, Judimendiko gazteek azaldu digutenez, joko-aretoaren barruan egin dituzten protesta-ekintzak gogora ekarrita.

Kirol apustuak: klubentzat arnas, askorentzat zama

Gasteiz eta Azpeitia izan ditugu hizpide, baina jokoarena fenomeno askoz ere zabalagoa da. Gure herrietan ikusten badugu lokal bat obratan dagoela, litekeena da areto berria irekitzea bertan; eta horri gehitu behar zaio ia guztiok daramagula makina txanpon-jale potentzial bat poltsikoan, telefono mugikorretan kamuflatuta, horrek dakartzan ondorioekin, jokatzeko errazagoa eta kontrolatzeko zailagoa baita, ludopatiari aurre hartzeko lanean ari diren elkarteek ohartarazi dutenez.

Halaber, geroz eta kirol talde gehiagok paratzen dute apustu etxeen logoa  euren estadioetako paneletan eta jokalarien kamisetetan, zaleek, adingabeek tartean, erosiko dituzten horietan. Sukarrak futbol klubak harrapatu ditu bereziki, baina ez soilik horiek (“Bilbao Basketek, klubarentzat hauspo eta konfiantza-iturri izan nahi duen 10 urterako akordioa sinatu du RetaBet-ekin”, irakurri berri dugu El Correon, adibide bat aipatzearren). Eta gero eta normalagoa da kirol emanaldietan hedabideek tartekatzea apustu egitera gonbidatzen gaituzten iragarkiak, EITBren telebista eta irrati kateetan adibidez.

Futbolean zentratuko gara ondorengo lerroetan, Britainia Handiko datuetan bereziki, apustu etxeen inguruko eztabaida oso presente dagoelako bertan, maila politikora salto egin izanak erakusten duen moduan. Zer pentsatua eman beharko luke hango egoerak.

Ingalaterrako bi maila nagusietan jokatzen duten taldeetatik, %60k apustu etxe edota kasino birtualen logoa darama kamisetan, babesle nagusi bezala, eta gehiago dira bigarren mailako babesle gisa dauzkatenak. Espainiako Estatuan, lehen mailako taldeen artean, Reala da (oraingoz) babesleen artean halakorik ez duen bakarra, aurreko denboraldietan Kirolbet zuen arren bidelagun.

Hego Euskal Herriko joko-aretoetan lau enpresaren apustu makinak daude. EAEkoak dira horietako bi, Kirolbet eta Reta. Madrilgoa da Codere (EAEn Garaipen izenarekin erregistratua), eta Kataluniakoa Sportium, Nafarroan sustraiturik dagoena. Baskonia eta Bilbao Basket (eskuinean) saskibaloi taldeen babesle ofizialak dira, hurrenez hurren, Kirolbet eta Retabet; pilota txapelketak babesten ditu Coderek; estropadak edota ziklismoa Kirolbetek… Horiez gain, Britainia Handiko enpresak dira protagonista: esaterako, Bet365ek babesten ditu Athletic eta Eibar, eta BetWay-k Alaves (ezkerrean).

Errusian jokatutako Munduko Futbol Kopak iraun bitartean, jokoaren sektoreko enpresen iragarkiek alkoholdun edarienak baino ia bi bider espazio handiagoa hartu zuten telebistan, eta janari lasterrenak baino lau bider gehiago. Hala mintzatu zen Tom Watson alderdi laboristako lehendakari-ordea BBC telebista katean: “Munduko Kopa distiratsu honen alderik beltzenetakoa izan da jokoari buruzko iragarkien bonbardaketa, bai telebistaz, bai sare sozialetan. Milaka adingabek ikusi dituzte”.

Herrialde horretako Jokoaren Batzordeak 2017an egindako inkestaren arabera, 11 eta 16 urte arteko gazteen %12k egiten du apusturen bat astean, 370.000 lagunek gutxi gora-behera; horietako 25.000 “problem gamblers” dira, jokoarekin arazoak dituzten pertsonak.

Parentesi bat irekiko dugu orain. ASAJER Errehabilitazioan diren Arabako Jokalarien Elkarteak 146 lagun artatu zituen 2017an, horietako bi adingabeak, legez, 18 urtez azpikoek jokatzea debekaturik duten arren. Aurrez aipatu dugun Jose Antonio Gómez soziologoaren hitzetan “jokoa aisialdi aukera bat gehiago da, liburu bat erostea edota zinemara edo antzerkira joatea bezala. Bere iritziz “kontua da espainiar gizartea oso moralista dela”. Kokatze aldera: hark egin du Carlos III Unibertsitateak eta Codere jokoaren sektoreko enpresak elkarlanean argitaratu duten Jokoaren Urtekaria txostena. Kontrara, KirolBet enpresako Manu Egañak Gara egunkariak abuztuan plazaratutako elkarrizketan zioen ezin garela “banalizazioan” jausi: “Ez da aisialdi modu bat gehiago. Txikiteoa bezalakoa da; osasungarria izan daiteke, baina egunero eginez gero, goiz eta arratsalde, medikuak esango dizu arazo bat daukazula”.

Britainia Handiko Gamble Aware elkarteak 2017an egindako inkestaren arabera, 15-24 urteko gazteen %35k onartu zuen apustu egitera telebistako spot batek bultzatu zuela. Izatez, hedabideetan iragarkiok ikustearen eta adikzio-arazoen arteko lotura ez dago frogaturik, baina bide horretan lan handiagoa egin behar dela uste dute adituek. Gambling Watch behatokiak ohartarazi duenez, “argi dago jokoa geroz eta gehiago ari dela normalizatzen, gazteen artean batez ere. Geroz eta gehiago, apustuak hartzen dira kirol ekitaldiak jarraitzeko edota norberaren talde kuttuna babesteko osagaitzat”.

Joko “arduratsua”, bai baina...

Joey Barton futbolari profesional ohiak, 2006 eta 2016 artean legez kontrako 1.260 futbol apustu egiteagatik zigortu zutenak (jokalariek debekaturik dute apustu egitea), esan zuen futbol agintariek onartu behar dutela “interes gatazka” dagoela. “Talka handia dago euren arauen eta joko modernoa inguratzen duen kulturaren artean”. Kezka horrek bultzatuta, Ingalaterrako Federazioak (FA) 2017an eten egin zuen Ladbrokes Coral-ekin zuen publizitate-hitzarmena. Taldeen esku dago orain babesletzak lotzea. Joko etxe batekin lotuz gero, jubenil mailako taldeek ezin dute haren logoa erakutsi.

Sokaren beste muturrean, EFL Ligako Kopa txapelketak bost urterako akordioa sinatu du Sky Bet enpresarekin. Bi aldeek azaldu dute “joko arduratsuaren alde” egingo dutela lan, futbolariek kamisetan daramaten leloak erakusten duenez: “Dibertsioa eteten denean, eten ezazu”. Ildo berean mintzo da KirolBet enpresako Manu Egaña: “Joko-eredu arduratsua eraikitzea dagokigu; enpresok eta [ludopatiaren inguruko] elkarteak batera aritu behar gara, baita unibertsitatea, gobernuak eta oro har Administrazio osoa ere”. Horretarako oinarririk ba ote dagoen galdetuta, eztabaida Euskal Herriko parametroetara ekarri behar dela dio: “Madrilen liberalizazioa erabatekoa da eta joko aretoak zabaltzen ari dira 100 metroko tartearekin; hemen askoz ere arautuago dago dena, beste arazo batzuk ditugu, ez ditugu zertan Madrilgoak inportatu”.

Elkar-ekin taldeak deituta Azpeitian irekitzekoak diren joko aretoaren aurka egindako elkarretaratzea. Egunotan ekimen berriak jarri dituzte abian, sinadura-bilketa tartean. / UZTARRIA

Joko arduratsua. Bogan da termino hori. Erabiltzen dute sektoreko enpresek, administrazioek, ludopatiaren inguruko elkarteek... Ezin esan, ordea, hura ulertzeko moduan bat datozenik. “Elkarteek monumentua merezi dute, baina erantzukizun osoa euren gain uzten badugu, baliabideak eman behar zaizkie”, dio Egañak. “Aragoin, bildutako tasaren %1 prebentzio-lanetara doa. Ez da asko, baina gutxienez bada zerbait. Bestelakoan, apurka-apurka ludopatia txertatu beharko da Osakidetzan eta gizarte zerbitzuetan. Joko arduratsua ikusi behar dugu [Euskadi osoarentzat]  erronka komun moduan”.

Elkar-ekin kolektiboaren hitzetan, apustu etxeak “joko arduratsua” bultzatzen dabiltzala dioten bitartean, “menpekotasuna sortzen duten teknikak” ari dira erabiltzen, ongietorri-bonoak, zuzeneko emisioak dauden bitartean doako edari-kontsumizioak, eta kirol ekitaldiak zuzenean ikusteko sarreren zozketak, esaterako.

Italian, debekuaren bidea

Kirol apustuen gorakadak kezkatuta, 2019ko urtarriletik aurrera Italiako Gobernuak debekatu egingo ditu apustu etxeen iragarkiak, baita enpresa horiek kirol taldeak babestea ere, publizitate-hitzarmena aipatu datatik harago sinaturik daukaten kluben kasuan izan ezik. “Jokoaren industria handiegia bilakatu da, herritarren osasun eta duintasunaren lepotik”, adierazi du Luigi di Maio diputatuen ganberako presidenteordeak prentsaurrekoan. Apustuak “familiak hondoratzen” ari direla esan du, eta horrek eragina duela osasun publikoaren aurrekontuetan. Azken datuen arabera, 2017an 400.000 italiarrek izan zituzten “arazoak” apustuekin, duela hamar urte baino lau bider gehiagok.

Dekretuarekin kritikoen agertu direnetakoak futbol taldeak dira. A Ligak adierazi du italiar klubak desabantaila-egoeran jarriko dituela, apustu etxeekin babesletza akordioak sinatzen jarraituko duten Europako gainerakoekin alderatuta. Bestalde, jokoaren sektoreko elkarte eta enpresek debekuaren bideak dakarren ondorioez –patronalak “arrisku” terminoa erabili du– ohartarazi dute, jendeak gune “klandestinoetara” jotzera bultza dezakeelako.

Euskal Herrian zer gertatuko den, auskalo. Gurea “apustua zainetan daraman” herria dela entzuten dugu maiz, “beti” jokatu izan dela. Horrek ez du esan nahi, ordea, sekula arazorik egon ez denik. “Garai batean baserriak-eta galtzen ziren”, esan digute Judimendiko gazteek. “Desberdintasun bat da, agian, pilotalekuan egiten zenuela lehen apustu, baina gaur egun joko-aretoak dituzu, Internet... hurbilago dugu guztia, guztia da errazagoa, normalagoa. Hori nabarmendu nahi dugu”.


ASTEKARIA
2018ko urriaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
2023-02-08 | Jon Torner Zabala
Osasuna futbol taldeak akordioa egin du beste apustu etxe batekin

Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.


2022-09-05 | ARGIA
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak

Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.


2022-02-16 | Leire Artola Arin
Joko areto kopurua murriztuko dute eta horietara sarbidea kontrolatuta egon beharko da aurrerantzean

Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.


2021-10-28 | ARGIA
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"

Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]


Apusturako deia, langileen auzoetatik

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.


Eguneraketa berriak daude