"Energiaren produkzioa irabaziak beste ezer ikusten ez duten enpresen esku baldin badago, ez da energia garbirik izanen"

  • Oaxacakoa (Mexiko) da Bettina Cruz Velázquez, giza eskubideen defendatzailea. Lurra eta Lurraldearen aldeko Tehuantepec-eko Istmoko Herri Indigenen Asanbladako kidea da. Bere bizilekuan kokaturik dauden megaproiektu eolikoen aurka borrokan, enpresa multinazionalen praktika suntsitzaileak salatu ditu, tartean Iberdrolarenak. Bere jardunagatik heriotza mehatxuak ere jasotakoa da.

"Haien begietara baliotsuak ez gara gu, baizik eta guk daukaguna: errekurtso naturalei dagokienez aberatsa den lurraldea" (Argazkia: Xabi Bosch)

Mende hasieran, Klima aldaketaren aurka egiteko konpromisoa hartuta, atzerriko enpresekin akordioak egin zituen Mexikoko gobernuak Ondorioz, 28 parke eoliko eraiki dituzte Tehuantepeceko Istmoan. Kolonializazio forma berria dela diozu.

Bai, enpresa gehienak atzerritarrak baitira, espainolak asko. Berriz ari dira gure lurretaz jabetzen. Urrea eramatera datoz ostera, energia elektrikoa da urre hori.

Aurreko gobernuak Oaxacako zenbait gune Zona Ekonomiko Berezi izendatu zituen, gobernu berriarekin testuingurua aldatu da.

Enrique Peña Nieto gobernuburuak eskualdea hala izandatu zuen, Zona Ekonomiko Berezi. Hala ere, gobernu berriak zona ekonomiko horiek jada existitzen ez zirela esan zuen. Eremu horietan hainbat proiektu ari dira gauzatzen orain, eta Zona Ekonomiko Berezi izendatu ez arren, gobernua era berean ari da jarduten: erraztasunak jartzen dizkie enpresei, bertan kokatu daitezen. Tehuantepec-eko Istmoan ozeanoarteko korridore multimodala egin nahi dute, Ozeano Pazifikoa eta Atlantikoa lotuko lituzkeena. Munduko ekonomia nagusiak lotzea da asmo nagusia. Aparte, korridoreak barne hartzen ditu beste hainbat proiektu.

Zeintzuk dira?

Ozeanoarteko korridoreaz gain, gasbide bat Coatzacoalcos eta Salina Cruz artean eta portu berri bi ere egin nahi dituzte. Gasbidea gas naturala eroateko erabili nahi da, eta fracking bidez ustiatzea planteatzen ari dira. Horrez gain, hainbat meatze arro ere badaude. Bestetik, aipatu 28 parke eolikoak ditugu, orduko 3.000 megawatt produzitzen dutenak. Enpresa pribatuak Elektrizitate Batzorde Federalaren transmisio lineak darabiltzate, baina linea horiek ezin dute egun transmititzen dena baino gehiago transmititu. Hala bada, beste linea bat eraiki nahi dute, orduko gutxienez 3.000 megawatt gehiago produzitzeko. Linea hori Ixtepec-etik Yautepec-eraino joango litzateke, Morelos Proiektu Integralarekin bat eginez. Hango kideak proiektu horren kontra ari dira borrokan. Borroka horretan hil zuten Samir Flores Soberanes.

Harresi bat ere bada tarteko, ezta?

Bai, Erdialdeko Amerikatik AEBetara doazen kideei muga zeharkatzea eragozteko murrua ere Tehualtepec-en eraiki nahi da. Guzti hau hala moduzko kontsultekin ari dira aurrera eramaten.

Kontsultak norekin?

Argazkia: Xabi Bosch

Ustez herriarekin, baina izatez ez da hala. Legearen arabera jokatzen dute, herriari dei egiten diote kontsultetara. Baina gobernuaren asmoekin ados daudenak bertaratzen dira, paktuak eginak dituen alderdietakoa den jendea, edo kontraturen bat sinatu dutenak… jende gutxirekin ari dira lurren desjabetzari abala ematen.

Agintarientzat enpresak dira baliotsu, ez gu; gu estorbu bat besterik ez gara beren planteamendua gauzatzeko orduan. Ez dute pentsatzen herri indigena gisa gure lurretan lasai eta gure mundu ikuspegiarekin duinki bizitzeko eskubiderik dugunik. Bigarren edo hirugarren mailako herritarrak gara. Haien begietara baliotsuak ez gara gu, baizik eta guk daukaguna: errekurtso naturalei dagokienez aberatsa den lurraldea.

Lurren desjabetzaren aurrean erresistentzia jarrera hartzeak, aldiz, arriskuan jartzen zaituztete.

Bai, enpresa horiek aurka borroka egiteak dakar norbere bizia arriskuan jartzea. Bertatik ihes egin behar izan dugu inoiz, hil gintzaten ekiditeko.

Enpresa eolikoak eta antolatutako delinkuenteak lagunak dira. Enpresentzako babes modura jarduten dute. Horrek eragin du komunitatean konfrontazioa, biolentzia eta ikuspegi ezberdinen artean liskarra egotea.

Komunitatean nabarituko da horrek eragindako kaltea.

Gobernuak eta enpresek diotena balioztatzen dute batzuek, diru apur baten truke. Eta kontra gaudenok, defentsan ari garenok, mehatxatu egiten gaituzte. Adibidez, proiekturen bat guk egindako zeozergatik denbora batez gelditu behar badute, kontratuak sinatu dituztenei ondokoa esaten diete: “Ez dizuegu dirurik ematen horiek egiten ari direnagatik”. Horrek gure ehun soziala suntsitzen du, herri indigenok existitzen jarraitzeko daukagun gauzarik garrantzitsuena.

Enpresak jendea engainatuz heldu direla diozu. Nola egin dute iruzur?

Eskainiaz heldu dira, enpresa guztiek alde guztietan egiten duten bezala. Eskaini dute lana, garapena… baina izatez mexikar herriaren eta landaren txirotasunaz profitatu dira. Jendea erabili dute, engainatu dute. Zeren enplegurik ez da. Parke eoliko baten sorrerak, asko jota, urtebete irauten du; urte horretan bertakoentzat lana egongo da, peoi gisa. Behin parkea amaituta, ez da horientzat lan gehiago izanen. Hemendik [Europatik] eramaten dute jendea hara [Mexikora] lanera.

Iruzurra ere dei geniezaioke energia berriztagarriaren izenean ingurunearekiko errespetutsu agertzeko enpresa horien joerari, ezta?

Bai, hor dago kapitalismo berdea ere. Energia berriztagarria ez da berez ona. Aerosorgailu baten atzean zer dagoen behatzen badugu, meatzaritzarekin edo petrolioarekin topo egingo dugu, baita langileen lan indarraren esplotazioarekin ere. Parke eolikoek, berez, landa, lurra eta ura kutsatzen dituzte. Besteak beste, turbinek olioa daukate, lurrera zein uretara heltzen dena; horrez gain, parke bat eraikitzeko eremua deforestatzen dute, ekosisteman albo kalteak eraginez.

Energiaren produkzioa irabaziak beste ezer ikusten ez duten enpresen esku baldin badago, ez da energia garbirik izanen.

ENERGIA BERRIZTAGARRIAREN ALDE ILUNA BISTARA
“Energia berriztagarriaren inguruko eztabaida mahai gaineratzea lortu dugu, lorpena da; momentu honetan bada behintzat kontuan hartzen duen jenderik eta erakunderik. Atzera begiratuz gero ez baitzen horrela. Hasieran galdegiten ziguten ea nola ausartzen ginen energia eolikoa zalantzan jartzen, ea zergatik geunden horren kontra, zerbait ona zela esaten ziguten. Baina ez, ez da berez ona den zerbait, ez da ona transnazionalen eskuetan. Ona izango litzateke komunitatearen eskutan balego, antolatutako erabiltzaileak erabili eta produzitu ahalko balute. Kasu horretan bai, energia berriztagarria ona litzateke”

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Neokolonialismoa
Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


2023-11-05 | Diana Franco
Teknologia
Kolonialismo digitala

Internet eztabaidan dagoen lurraldea da. Eztabaida horiek gure demokrazien etorkizunari eragiten diote, baita klimarako eta gizarte eta ingurumen-justiziarako hartuko ditugun bideei ere. Borroka hauetan, gure lana egin dezagun, beharrezkoa dugu interneten dinamika ezagutzea... [+]


Herri zaurgarrienek zorpeturik segituko dute finantza sistema berrian ere

Berrogeita hamar bat gobernutako ordezkari, nazioarteko finantza-egitura esanguratsuenak, hainbat enpresa pribatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde zenbait batu dira Parisen, ekainaren 22an eta 23an, mundu mailako finantza itun berri bat adosteko asmoz. Orain arteko joko-arauak... [+]


Eguneraketa berriak daude