Trantsizio energetikoa mahai gainean dago, sarri dira albiste bateko eguzki panelak eta besteko eolikoak. “Ekonomia geldialdian eta politika krisi sakonean” dagoen garaian, sistema norantz aldatu erabakitzen ari da, aldaketa egon, egongo baita: hori dio Gonzalo Fernández OMAL Bakea eta Duintasuna elkarteko behatokiko ikertzaileak. Hori guztia, Euskal Herrian, baina ez Euskal Herrian soilik. “Euskal gizarteak jakin behar du gaur egun trantsizio ekosozialaren inguruan mahai gainean ditugun eztabaida guztiak zuzenean daudela lotuta beste lurralde batzuetara”, dio Fernandezek. Zehazki, besteren artean, ozeanoaren beste aldera, Erdialdeko Amerikako meatzeetara. Lur azpi horretako zainak, harri arteko mineral metaketak, altxor bilakatu dira, eta berarekin ekarri dituzte heriotza eta bortizkeria; narkotrafikoa eta ustelkeria. Errealitate hori kontatzeko, Ozeano Atlantikoa gurutzatu du ARGIAk, aipatu elkartearen eta ACAFREMIN Erdialdeko Amerikako meatzaritza metalikoaren aurkako elkartearen eskutik.
Uztailak 8ko goiza. Guatemalako Hiria. Guatemalako Parlamentuko bulegoetan dago José Chic VOS alderdi aurrerakoiko diputatua, eta parean ditu Meatzeen Ministerioko, Ingurugiroko Ministerioko, Giza Eskubideen aldeko Prokuradoretzako eta Kontuen Prokuradoretzako ordezkariak. Kontuak eskatzen ari zaizkie, “irregulartasunak” leporatzen dizkie beraiek baimendutako meatze baten inguruan. Diputatuak aurpegiratu die meategi horrek “aspaldi” beharko lukeela itxita, Guatemalako legeak zehazten baitu bi urte baino gehiago geldirik dagoen meategia itxi behar dutela: “Hemen legez kontrako jarduerak egin dira, argi”. Lizentziaren datuak eskatzen dizkie, meatzea ustiatzen ari den enpresaren izena, baina erantzun kontrajarriak eta zalantza asko baino ez du jaso bueltan. Chicek argi du: “Guatemalako meatzaritza enpresen lizentzien gehiengoa, denak ez esateagatik, ustelkeriaren ondorio da”.
Adierazpenek ez dute harritu Pedro Cabezas ACAFREMINeko koordinatzailea. Ondo ezagutzen du Chicek salatu duen kasua, Cerro Blancoko meatzea, Jutiapako departamentuan, Guatemala hegoaldean. Ondo ezagutzen du sobera aztertu duelako, baina baita eskualde osoan, Erdialdeko Amerikako iparraldean, etengabe errepikatzen den fenomenoa delako ere. Eta horren oinarria argia da, Fernándezek aipatutako mundu mailako loturekin zerikusia duela dio: “Erdialdeko Amerika, Latinoamerikako beste zenbait eskualde bezala, beti izan da merkatu globalek sakrifikatu duten lurraldea. Eta mundu mailan energia trantsizioa garatzen doan heinean, zoritxarrez, guk iturri papera bete behar dugu”. Patroi horrek zuzenean eragiten die tokian tokiko gobernuei: “Paper hori betetzeko gobernu ustelak behar ditugu: kooptatuta daudenak, korporazio multinazionalekin aliantzan funtzionatzen dutenak, edota eskualdean botere hegemonikoa duten [Mendebaldeko] herrialdeekin aliantzan funtzionatzen dutenak”, dio Cabezasek.
Testuinguru horretan, beraz, Cerro Blanco adibide bat baino ez da, eta Guatemala kokaleku bat, ez besterik. Erreportaje honetan agertzen diren kasu denak dira errealitate eta modelo beraren erakusgarri: modelo “estraktibistarena”. Eta mota askotako proiektu estraktibistak badaude ere, meatzaritzari lotuak “kaltegarrienak” direla dio Fernándezek: “Ingurugiroari eta ingurune ekosozialari kalte handiak eragiten dizkiete, oinarri demokratikoak desagerrarazten dituzte, eta aliantzak egiten dituzte botere faktikoekin: legezkoak eta legez kanpokoak. Zeren, bai, Erdialdeko Amerikako kasuotan ikusi dugu krimen antolatuarekin aliantzak daudela”. Eredu hori eskualdean egonkortzen ari dela dio Cabezasek, “lurraldearen metaketa, biztanleen indarrezko lekualdaketak eta desberdintasunak” sortzen dituela, eta horrekin, gatazkak. Eta heriotzak.
2024ko irailaren 14a zen Juan López lurraren defentsako aktibista hondurastarra hil zutenean. Orain urtebete. Hondurasko Tocoa udalerrikoa zen López, Karibe itsasotik hurbil, eta bertako Botaderos Carlos Escaleras Parke Nazionalean eraikita dauden bi proiekturen aurka ari zen borrokan: aire libreko meatzea eta ateratako mineralak prozesatzeko pellet enpresa; eta bi horiek elikatzeko enpresa elektrikoa. Azpimarratu behar da meatzaritza enpresa hori bere sorreratik egon dela narkotrafikoari lotuta, Cabezasek azaldu duen bezala: “Narkotrafikoak sortu zuen proiektua, gero familia batek lortu zuen bere jabetza, hura ere narkotrafikoari lotua. Ez dakigu proiektu hori dirua garbitzeko erabiltzen duten edota meatzaritza eta energia ustiaketa diru iturri formal gisa erabiltzen duten; edonola ere, bi prozesuek bat egiten dute”.
Hilda agertu baino egun batzuk lehenago, Lópezek Tocoako alkatearen dimisioa eskatu zuen, hain zuzen ere narkotrafikoarekin harreman zuzenak zituela leporatuta. Ordutik urtebetera, ez da epaiketarik abiatu. Lópezekin, berrehundik gora dira lurraren defentsan bizia galdu dutenak Hondurasen –hain justu, Lópezek defendatu zuen parke naturalak Carlos Escaleras izena bizia galdu zuen ingurugiroaren beste defendatzaile bati zor dio–. Izan ere, Erdialdeko Amerikako gobernuak goitik behera ardazten dituen laugarren faktorea, eta indartsuena ziurrenik, narkotrafikoa da; Cabezasek dioenez: “Narkotrafikoak ilunpetan egiten du lan, bortizkeria osoz, eta estatuko zenbait erakunderen jabe da”. Horrek asko zailtzen du fenomenoaren ulerkera, eta bere aurka egite hutsa: “Komunitateek pairatzen dituzten kalteak, askotan, botere egitura horietatik datoz, eta guk ez ditugu ulertu ere egiten, oso konplexuak direlako. Juan Lópezen kasuan, badakigu botere formala dagoela atzean, baina jakina da narkotrafikoa ere lotuta dagoela. Orduan, noren aurka ari zara? Gobernuaren ala narkotrafikoaren aurka?”.
Lópezek denbora zeraman lurraren defentsan eta ustelkeriaren aurka borrokan: 2023ko urritik babes neurriak zituen, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak horrela aginduta. Baina ez zen nahikoa izan. Gonzalo Fernández OMALeko ikertzaileak dio babesgabetasun hori sistemaren parte dela: “Protesta oso kriminalizatuta dute. Lege sistemak hori onartzen du, defendatzaileak babesteko dauden baliabide apurrak oso pobreak dira eta ez daukate inolako bideragarritasunik”.
Guatemalan ere antzerako kasuak gertatu izan dira. ARGIAko irakurleak dagoeneko ezagutzen du Izabalgo departamentuko El Estor herrian dagoen meategia –kasua salatu zuen kazetari bati egindako elkarrizketagatik 15.000 euroko kalte ordainak eskatu zizkion Solway enpresak ARGIAri–. Meatze horren bueltan ere bortizkeria izan dela salatu du Chic diputatuak: “El Estorren hilketak izan dira. Aurreko legegintzaldian hamar setio egoera ezarri zituen gobernuak: konstituzio eskubideak, giza eskubideak eta batze eta mugimendu eskubideak murriztu zituen”.
Hondurasen jakin badakite botere publikoak zerikusia izan zuela Juan Lópezen heriotzan, baina ezin dute frogatu; Guatemalako kasuan, aldiz, gobernuko indar polizialak eurak izan direla frogatuta dago, Chicek azaldu duenez: “Hilketa horiek indar polizialek burutu dituzte, baina beti geratu dira epaiketarik gabe”. Izan ere, diputatuaren hitzetan, Poliziak meatzaritza enpresen segurtasun guardia gisa egiten du lan: “Polizia Nazional Zibileko agenteak mobilizatzeko, kasu batzuetan, enpresa pribatuek ordaindu egiten dute, eta hori dokumentatuta dago. El Estorren meatzaritza enpresak segurtasun armada publiko bat zuen bere zerbitzura”.
Defendatzaileen aurkako indarkeriaren kasu bortitzenak dira aipatutakoak, baina bestelako kriminalizazioa oso zabalduta dagoela salatu dute maiz. “Zigor zuzenbidearen erabilera desegokia” dagoela dio Chicek: lurraren defentsan daudenei “delitu larriak” egozten dizkiete, baldintzapeko askatasuna edo espetxeratzea ez den bestelako neurririk hartzea eragozten duena: “Legez kanpoko atxiloketak dira, bahiketak".
Cerro Blancoko meategiak 2007an lortu zuen lizentzia. Bi hamarkadatan Guatemalako Estatuari zerga bidez egindako ekarpena: 995 euro
Komunitateek diote meatzaritza enpresak kontakizun berarekin heltzen direla eurengana: aberastasuna eta lanpostuak hitzematen dizkiete, komunitateko zenbait kide kontratatzen dituzte. Eta horrek arrakala sortzen du enpresaren alde jartzen direnen eta lurren defentsan diharduten komunitate bereko kideen artean. “Komunitateen banaketa sistematikoa da”, dio Fernándezek. Komunitateen ehun soziala gezur batean oinarrituta apurtzen da, Cabezasek azaldu duenaren arabera: “Ikerketa batean ondorioztatu dugu Nikaraguan, Hondurasen eta Guatemalan meatzaritza interesa duten lurrak herrialdearen %40 eta %50 artean daudela, El Salvadorren %30 inguru. Baina enpresa horiek lanpostuen %1 baino gutxiago sortzen dituzte, ez dakarte ezer”.
Lanpostuen aldetik soilik ez, herrialdeari ekonomikoki egiten dioten ekarpena ere hutsala dela dio Cabezasek. Eta horren adibide da Guatemalako Cerro Blanco meatzea. GoldCorp enpresa kanadarrak 2007an lortu zuen lizentzia, eta hamabi urtez aritu zen bertan. Denbora horretan, ordea, ez zuen ezer ustiatu, Jose Chic diputatuak dioenaren arabera: “Ez zuten atera ez urre ez zilar ontza bakarra ere; ez zuten ezer atera”. Enpresaren txostenetan, zenbait urtetan bi tona mineral ustiatu dituela ageri da; beste batzuetan ez dago ustiatutakoaren daturik. Guatemalako Estatuari zerga bidez egindako ekarpena, hogei urtean, honakoa: 8.900 quetzal, 995 euro.
Juan López hil eta urtebetera, ez da prozesu judizialik ireki. Bere hilketarekin, berrehundik gora lurraren defendatzaile hil dituzte Hondurasen
Orain, Cerro Blancoko meatzea ireki eta ia bi hamarkadatara, hura ixteko presioa egiten ari dira lurraren defentsako kideak eta zenbait alderdi politiko, Guatemalako Estatuko legedia betetzen ez duelako; tartean Chic diputatuaren VOS alderdia. Guatemalako legeak dio bi urtez baino gehiagoz geldirik dagoen meatzea itxi behar dela: epe hori aspaldi pasatua du meatzeak. Kontua da Guatemalan ez dagoela zehaztuta zelan egin itxiera prozedura: ez dago zehaztuta enpresak ala estatuak ordaindu behar dituen gastuak.
Hori horrela, Chic beldur da enpresak Guatemalako Estatua ez ote duen nazioarteko arbitraje epaitegi batera eramango meategia ixteagatik, estatua epaiketara eramatea negozio “errentagarri” bilakatzen ari dela baitio: “Batzuetan negozioa ez da mineralen ustiaketa, herrialdea arbitraje epaiketa batera eramatea baino. Errentagarria da: enpresek ez dute inbertsiorik egin behar, funtzionario ustelei ordaintzen diete lizentziak eman diezazkieten, eta itxiarazten dietenean, arbitrajea eskatzen dute”. Esperientziatik hitz egiten du, herrialdean izan baitira horrelako kasuak: aurtengo apirilean Guatemalako Estatuak arbitrajea galdu du Energía y Renovación Holding enpresa hidroelektrikoaren aurka, eta 64,5 milioi dolar ordaindu beharko dizkio. “Azkenean, proiektua joan denean, kalte guztiak estatuak, herrialdeak eta komunitateek pairatzen dituzte”, dio Chicek.
Kalteak ez dira, ordea, bakarrik ekonomikoak. Ondorio ekologikoez ohartarazi dute Fernándezek eta Cabezasek, eta meatzeen inguruan dauden komunitateek bertatik bertara bizi dituzte. Elda Ramírezen etxe atzeko mendia da Cerro Blancoko meategia, etxeko ataritik ikusten ditu meategira doazen kamioiak, auto blindatuak. Chicek salatu du meategi horretan ez zutela “ezer” atera; erresistentziako komunitateek salatu dute, ordea, enpresak lur azpiko ur kantitate “erraldoiak” atera zituela, ur termalak. Horrela, Ramírezen oin azpiko lur emankorra desertu bilakatu zen. “Lehen hemen zuhaixkak zeuden, uzta nahikoa. Hori dena galdu genuen ura ateratzen hasi zirenean: uzta dena hiltzen zen, animaliak egarriz hiltzen ziren. Lurra zartatuta hausten zen”.
GoldCorp enpresak meatzea utzi, eta Bluestone heldu zen; ur termalak ateratzeari utzi zion, eta berriz hezetu ziren Ramírezen uztak. Baina lur azpiko lanek eragina izan zuten uraren konposizioan, eta berez artsenikoa duen urari nabarmen areagotu zitzaion pozoi horren kopurua. “Jada hasi dira umeak giltzurrunetan artsenikoak eragindako arazoak pairatzen”, dio Ramirezek.
Enpresek aberastasuna hitzematen dute, baina lanpostuen %1 baino ez dute sortzen
Meategi horrek badu berezitasun bat: Guatemalako hegoaldean kokatuta, El Salvadorrekin muga egiten duen lurraldean dago. Meategiak erabilitako urak, kutsatuak, Ostua ibaira botatzen dituzte, eta ibai hori zuzenean doa El Salvadorrera, Lempa ibaira: lau milioi salvadortarren ur iturrira. Kontua Guatemalaz gaindikoa bihurtu da, beraz, eta bi herrialdeetako ordezkarien bilerak izan dira. Baina ekintzaileek salatu dute ez direla inora heldu, El Salvadorrek proposatu zuen bakarra izan baitzen Guatemalak urak beste ibai batera botatzea, El Salvadorri kalterik ez egiteko. Bilerak bertan behera geratu ziren, eta ur kutsatuen arazoa, konpontzeke.
El Estorren ere, maia q’echi’ komunitateetako kideek urteak daramatzate kalteak salatzen. Bertan meatzea eta palma landaketak batzen dira, eta zuzenean eragiten diote bizia eta jana ematen dien Izabal lakuari. “Palmaz inguratuta gaude, ezin ditugu gure elikagai sakratuak ekoiztu. Lakuko arrainak kimikoekin hil zituzten. Hau ekozidioa da”, dio komunitateko buruzagietako batek; “Gure aberastasunetako bat dira ibaiak; ibairik, basorik, lurrik gabe ez gara ezer. Ezin dugu lurrik eta urik gabe bizi”, gehitu beste batek.
Hondurasen ere egoera antzerakoa da. Tocoan, meatzearen inguruko komunitateetako kideek salatu dute, Lópezek egin bezala, inguru guztian eragin dutela kaltea: airea eta Guapinol ibaia kutsatuta daudela diote, zentral elektrikoaren inguruko etxeetakoek diote etengabe dituztela energia gorabeherak eta, horren ondorioz, kalanbreak.
Meategien ondoan dauden komunitateek kalteak salatu dituzte uztetan, ibaietan eta abereetan
Aipatutako kasu guztiek dituzte Chicek salatutako “irregulartasunak”: Guatemala eta Honduraseko legeek ekintza horiek arautzen badituzte ere, gobernuek ez dute behar beste botere legedia betearazteko. “Guatemalan gobernuak ez dauka gehiengorik edota botererik politika legegileak burutzeko. Gauza bera gertatzen da Hondurasen ere: gobernuak ez du botererik ganbera legegilean, gutxiengoan baitago; eta botere judiziala ez da eraldatu, narkodiktaduren garaikoa da”, azaldu du egoera Cabezasek. Alegia, gobernuaren eskuetan gauza gutxi dago: “Botere exekutiboak de factoko botere horiekin negoziatu behar du: ezin du gatazka ireki botere judizial eta legegilearekin, gobernatu ahal izateko euren premia daukalako”.
Hala ere, bi herrialde horietako gobernuek, aurrerakoiak biak, eman dituzte zenbait pauso, eta legedia baliatuta, orain arte aipatutako meategiak geldiaraztea lortu dute. Teorian behintzat, meategien inguruko komunitateetako kideek baitiote enpresak martxan zeudeneko kutsadura mailak nabaritzen ez badira ere, zaratak entzuten dituztela; alegia, zerbaitetan ari, ari direla. Komunitateek argi daukate nork duen beren etorkizunaren gaineko erabakimen osoa, eta ez da estatua, horrez gaindiko botere faktikoak dira. Herritarren, komunitateen etorkizuna ez da ziurra, eta irtenbide bakarra ikusten dute. Honela dio Tocoako biztanle batek: “Hemen bizi denak nora migratu erabaki beharko du”.
"Ez dago herririk lurrik eta urik gabe". Carmela Cruz abokatu maia q'echi'- aren hitzak dira. Bera kide den bulegoa, Bufete para Pueblos Indígenas (Herri Indigenentzako Bulegoa) zuzenean ari da lanean El Estorreko komunitateekin: txosten juridiko bat prestatu dute Guatemalako Estatua Giza Eskubideen Aldeko Gorte Interamerikarrera eramateko. Jatorrizko herrien eskubideak zapaltzea leporatzen diote estatuari, ez baitu legedia bete. Legez, komunitate indigenetan egingo diren ustiatze proiektuetan aurretiazko galdeketa bat egin behar da: librea, informatua eta proiektua hasi aurretiazkoa. Cruzek eta komunitateek salatu dute El Estorren ez zela horrelakorik egin, eta Guatemalako Estatuak beren giza eskubideak urratu zituela.
Guatemala berezitasun bat da Erdialdeko Amerikan. Beraiek ere kolonizazio eta mestizajearen ondorengo izanda ere, faktore indigena askoz sakonagoa da gainontzeko herrialdeetan baino: biztanleriaren erdia inguru indigena da; Hondurasko kasuan, adibidez, biztanleriaren %10 baino ez. Horrek isla du legedian, komunitate indigenetan aipatutako galdeketa egin beharra baitu estatuak: horrela jasotzen dute Nazioarteko Lan Erakundearen 169. hitzarmenak eta NBEren Herri Indigenen Eskubideen Adierazpenak, biak Guatemalako Estatuak izenpetuak.
Baina gobernuak ez du sinatutakoa bete. Abokatuak salatu du hiru kontsulta egin zirela, hirurak ustelak: setio egoeran zegoen lurraldea, beraz ez zen librea izan; lurraldetik kanpora egin zuten eta, azkenik, akordio batzuetara heldu ziren. Baina egindako kaltearentzako “inolako erreparaziorik” ez zuten aurreikusi, hori salatu du abokatuak.
Cruzen bulegoak aurkeztutako txostenean, salaketaz gain, zuzenbidea herri indigenetara hurbiltzeko saiakera bat ere egin dute. Abokatuak dio zuzenbidea “koloniala” dela, eta ez dituela kontuan hartzen herri indigenek lurrarekiko dituzten loturak. Horregatik dio “erronka handiena” izan dela arauaren berrinterpretazioa egitea, herri indigenen ikuspegia kontuan hartuta.