Herri zaurgarrienek zorpeturik segituko dute finantza sistema berrian ere

  • Berrogeita hamar bat gobernutako ordezkari, nazioarteko finantza-egitura esanguratsuenak, hainbat enpresa pribatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde zenbait batu dira Parisen, ekainaren 22an eta 23an, mundu mailako finantza itun berri bat adosteko asmoz. Orain arteko joko-arauak zaharkituak eta bidegabeak direla onarturik, baita klima larrialdiaren testuinguruari egokitu beharraz ere kontziente, "sakonki erreformatzea" zuten helburu. Ez da horrelakorik gertatu: orohar, erabakiguneetan herri pobreenek segitu behar lukete pisu gutirekin eta beraien kaltera harturiko erabakiak pairatzen.

Mia Mottley Karibeko Barbados uharteko Lehen ministroa bihurtu da klima larrialdia pairatzen dabiltzan herri zaurgarrienen bozeramailea. Mundu mailako finantza-sistema errotik eraldatzeko gisan, proposamen multzoa du landurik, baina oraingoz ez zaie leku nahikorik egin neurri eta aldaketa berri horiei. Wikimedia

Klima aldaketak mehatxaturiko Karibeko Barbados uharteko Lehen ministro Mia Mottley dugu Parisen buruturiko topaketaren sustatzaileen artean. Munduaren Hegoko hainbat herri pobreen gisara alarma pizten dabilena dugu Mottley: klima larrialdia bete-betean pairatzen hasiak dira eta ez dute horri aurre egiteko baliabide finantzariorik. Alta, badakigu ez direla beroketa efektuaren oinarrian: V20 edo Vulnerable Twenty ("Hogei zaurgarriak") taldea osatzen duten 58 estatu zaurgarrienak –tartean, Barbados uhartea– gas isurketen %5aren oinarrian dira. NBEren arabera, 2030 arte, urtero 140.000 eta 300.000 milioi dolar artean beharko dituzte klima aldaketari egokitzeko eta 2030etik aitzina urtero 280.000 milioi eta 500.000 milioi dolar artean. Adibidez, Pakistango iazko uholdeek 30 milioi herritar kaltetu zituzten eta ofizialki 30.000 milioi dolarreko gastuak eragin zituzten.

Hori horrela, 1944az geroztik munduko moneta eta finantza sistema arautzen duen Bretton Woodseko ituna zaharberritzeko asmoz elkartu ziren berrogeita hamar bat gobernu ordezkari, finantza arloko eragile nagusiak –Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Funtsa, garapenerako banku unilateralak,...–, enpresa pribatu zenbait, kliman adituak diren zientifiko batzuk eta hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunde. Antolatzaile zen Frantziako presidente Emmanuel Macronek finantza-sistema "errotik erreformatzeko" asmoa plazaratu zuen hastapeneko hitzartzean. "Greenwashing-aren eta iruzur klimatikoaren gailurra" izan zen Attac elkartearen arabera, eta beste behin ondorio bera atera dezakegu nazioarteko hitzordu horretatik: egoera klimatiko, ekonomiko, sozial eta finantzarioak eskatzen duen konpromiso eta aldaketa heina ez da hartu.

Mundu mailako finantza sistemaren "erabateko aldaketa" espero bazuen ere Mottleyek, maleruski, horrelakorik ez da gertatu. Bridgetown-eko iniziatiba deituriko proposamen-multzoa esku artean bertaratu zen, baina gehienei ez zaie segidarik eman. Ondoko proposamenak biltzen ditu dokumentu horrek: klimaren desafioari begira herri aberatsek diruz laguntzea pobreenak; zorrari dagokionez, egoera berriari egokitzea, demagun interes tasak ttipituta edo tarte batez deuseztatuta –ez da zorraren ezeztatzerik aipatzen–; enpresa pribatuen esku-hartze finantzarioa emendatzea; maileguak jasotzeko aukerak zabaltzea; finantza-instituzioetako ordezkaritzan aldaketak bideratzea, Hegoko eta Iparreko herrien ordezkaritza orekatuagoa bihurtzeko; eta zerga berriak adostea, tartean, fosil erregaien gainekoa.

Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak ere gogor hitz egin zuen gaur egungo joko-arauen aurka: "Ezin dugu klimaz hitz egin, desberdintasun sozialei begiratu gabe. (...) Instituzioak ez baditugu aldatzen munduak berdin funtzionatzen segituko du eta aberatsak are aberatsago izanen dira eta pobreak are pobreago". Hainbat GKEk ere dute instituzioen eraldaketa galdatzen: "Iraganeko hutsak ez errepikatzeko gisan, Hegoko herriak hobeki ordezkatuak izan behar dira, ahots ozenagoa behar dute finantza erabakietan. Instituzioak dekolonizatu behar dira, eskubideak eta herritarren beharrak erdigunean ukanen dituzten instituzio gardenez eta demokratikoez ordezkatu behar dira".

Sistema desorekatu horren adibide dugu, demagun, Igorpenerako Eskubide Bereziak deitu prozesua –estatuen diru erreserbak osatzeko aukera dakarrena–. Herri pobreenek 22.000 milioi dolar jaso dituzte eta G7ko zazpi estatu aberatsek 280.000 milioi dolar. Hots, herrien arteko desberdintasunak areagotu besterik ez ditu egiten gaur egungo sistemak, estatuaren aberastasunaren arabera banatzen dituelako eskubide horiek. Nola ez aipa, herri zaurgarrienak zaurgarri mantentzen dituen zorren sistema. Munduko Bankuak zein Nazioarteko Diru Funtsek prestatu maileguen baldintzak bidegabeak dira: herri aberatsendako interes tasa apalak baldin badira, herri txiroenentzat izugarri altuak dira –Kanadarentzat %2,7 ingurukoa du Munduko Bankuak, Haitirentzat %13,3koa eta Angolarentzat %20,1ekoa, adibidez–. Gain-gastu horiengatik eta mailegua ordaindu ahal izateko harturiko mailegu berriak direla eta, Hegoko herri pobreek 18 aldiz ordaindu dute 1980an zor zutena. Zorraren deuseztatzea da Hegoko herri pobreek galdetzen dutena, dirua horretara bideratu beharrean, zerbitzu publikoen garapenerako, txirotasuna borrokatzeko edota trantsizio ekologikorako erabili ahal izateko.

Zorra ordaintzen, trantsizio ekologikoan inbertitu ordez

Horrelakorik ez dute adostu Parisko gailurrean. Hala ere, "hondamendiaren klausula" sortzea onartu dute: hondamendi klimatikoa pairatuz gero, zorraren ordainketa gelditua izanen zaie tarte baterako, lehentasunez kalteen konponketara bideratzeko dirua.

Klima aldaketari egokitzeko eta trantsizio ekologikoa bideratzeko jasotzen dituzten finantzazioak mailegu bidez direla salatzen dabil herrien zorpetzearen aurka borrokan dabilen CADTM taldea: diruztatze horien %71 mailegu bidez da, hots, interesak ere ordaindu behar dituzte, are gehiago sakonduz zorraren zurrunbiloan. Horrek zer erran nahi du? Klima aldaketaren oinarrian ez badira ere, hondamendia pairatzen dabiltzala, eta gainera, dirua bideratzen dabiltzala larrialdiaren erantzule nagusi diren herri aberatsei.

Pariseko bileran berretsi dute behingoan errespetatuko dutela 2009an harturiko –baina inoiz bete ez duten– konpromisoa: herri aberatsenek zaurgarrienei urtero 100.000 milioi dolar banatuko dizkiete. Baina betikoa, dirutza hori ez da emaitza gisa bideratuko, baizik eta mailegu bidez.

Gaur egun, 9.000.000 milioi dolarrekoa da herri zaurgarrienen zorra –bikoiztu egin da azken hamar urteetan–. Ondokoa ere gehitzen du CADTMek: "Zorra da berotze globalaren aliatu onena, garapen bidean dauden herrialdeak esportazio, nekazaritza intentsibo eta estraktibismoarekin jarraitzera behartzen dituelako, zorra dolarretan ordaindu ahal izateko".

Hori horrela, are kezkagarriagoa da jakitea enpresa pribatuen esku-hartzea eskatu dutela Parisetik. "Publikotik euro bat ezarriko dugun aldi oro, euro bat gehituko zaio esfera pribatutik", Macronen hitzetan. Badakigu enpresa pribatuak Hegoko herrietako baliabide naturalei begira direla –gasa, mineralak, metalak ala petrolioa–, eta errazki irudikatu dezakegu multinazional aseezinek egin ditzaketen xantaiak eta azpijokoak... Klima aldaketa bihurtuko da beraz herri eta multinazional aberatsek aberasteko baliatuko duten drama. Zaurgarrienak pobreziaren zurrunbiloan atxikita. Zaharrak berri beraz finantza-sistema berrian.


ASTEKARIA
2023ko uztailaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Neokolonialismoa
Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


2023-11-05 | Diana Franco
Teknologia
Kolonialismo digitala

Internet eztabaidan dagoen lurraldea da. Eztabaida horiek gure demokrazien etorkizunari eragiten diote, baita klimarako eta gizarte eta ingurumen-justiziarako hartuko ditugun bideei ere. Borroka hauetan, gure lana egin dezagun, beharrezkoa dugu interneten dinamika ezagutzea... [+]


2023-03-12 | Itxaro Borda
Beltzuriz

XX. mendetik hitzen beldur larri batekin atera gara. Ez gara gehiago menturatzen gauzak izendatzera, dena zirkunboluzio, metafora eta eufemismo gabiltza errealitatearen latza leundu nahi bagenu bezala: Elkanok ez zuen Portugaleko erregearen ametsa partekatzen eta engoitik... [+]


Eguneraketa berriak daude