"Ondo iruditzen zait kultura-industria egotea, baina ez da nirea"

  • Idazle zornotzarrarekin (Durango, 1969) bildu gara Durangon. Ezohiko idazlea da. Industriako langilea da, metalgintzan ari da. Eleberri eta ipuin beltz andana idatzi ditu. Bere liburuen generoa nola, halaxe ditu eskuak: ilunkarak. Zorioneko familia (Elkar) ipuin liburua da bere azken lana. Aldi berean, Gabriel Aresti lehiaketa irabazi berri du, Epailearen aginduz ipuinari esker. 

"Ez dut kritika soziala egitea helburu". (Argazkilaria: Dani Blanco).

Orain hogei urte luze plazaratu zinen idazle gisa eta 30 dira metalgintzan ari zarela. Zer eman dizu industria alorreko langile izateak, idazteko orduan?  

Idazle batek, nahitaez, bere ingurua islatu edota erakutsi egiten du, eta izate horrek langileen eta langile familien testuinguru asko ezagutzeko parada eman dit. Ziur aski, horien araberako gaiak eta jendeak sartu ditut nire liburuetan. Lantegiak “ezohiko testuingurua” ematen dit. Nire liburuak ezberdinak izango lirateke bulegoko lan bat izango banu.

Bizkaiko metalgintzako langileek aurreakordioa lortu duzue, metalean ari den Iñaki Irasizabal idazlea tarteko…

Hala da. Joan den astean greba egin genuen eta gaurko ere (azaroaren 29an elkarrizketatu genuen) deituta zegoen. Deialdia bertan behera geratu da aurreakordioa dela eta. Eskariak bidezkoak dira, eta ni ere lankideekin batera borrokan ari  naiz.

Idazlea izanda, nola ikusten zaituzte lankideek?  

Bitxikeria bezala, baina errespetuz.

Durangoko Azoka, esaterako, zer da zuretzat?

Normalean ez naiz joaten Durangoko Azokara. Kanpotik segitzen dut. Egia da, ni parte naiz, nire liburuak han daude, saltzen dira, baina aparte samar ibiltzen naiz, mundu horrek ez nau erakartzen, errespetuz diot, ondo deritzot kultura-industria egotea, baina ez da nirea.

Teresa Larrearen esanean (Xabier Mendigurenen izengoitia izan liteke, liburuaren editorea) zure nobelen egiturek thrillerrena jarraitzen dute, baina krimena eta misterioa amua besterik ez dira. Zure benetako asmoa gizartearen erretratua egitea da?

Nire nobelen edo ipuinen muina gizartearen erretratu beltza egitea da. Hala ere, generoaren izendapenak ez nau betetzen. Nik istorio on bat kontatu nahi izaten dut, ahalik eta ondoen narratua. Gainerakoa bigarren mailakoa da niretzat. Hau da, ipuina bada, eta hamar foliotan kontatu badezaket, ez dut nobela idatziko eta ez da beltza izango. Generoaren izendapena aitzakia da, bitarteko bat. Ez naiz sentitzen genero bati atxikia. Funtsean generoak mugak dira, genero izendatzeak mugatu egiten zaitu eta genero beltzak are gehiago.

Zer da nobela beltza zuretzat?  

Delituak dituen istorioa da –horixe du ardatz–, baita gizartearen erretratua egiten duena ere. Baina, esaterako, nobelaren hariak ez zaitu hiltzailea asmatzen endredatu behar, garrantzitsuena hiltzailea nor den ezagutzea bada, niretzat ez da beltza, poliziakoa da. Nik bereizketa hori egiten dut. Genero poliziakoa ez zait interesatzen, nobela horiek matematikatik gertuago daude literaturatik baino.

Asko idatzi duzu eta kritikak kasu egin dizu. Nola tratatu zaitu kritikak?

Kritikek, gehienek, ez dituzte ondo jartzen nire liburuak. Kritikariek, oro har, gaizki tratatu naute, nire liburuak ez dira euskal kritikaren gustukoak nonbait.

"Niretzat idazle 'atormentatua' delakoa, idazle estereotipoa da. Idazle 'madarikatua' saltzeko edo prestigioa lortzeko etiketa da, etiketa pedantea”

Saritua izan zara hainbat bider. Berriki, Gabriel Aresti saria irabazi duzu Epailaren aginduz ipuinaren bitartez. Zer iritzi duzu literatura sariez?

Sariek bi alde on dituzte: dirua ematen dizute –gure literatur sistemak oso diru gutxi ematen du eta–, eta halaber, zure “egoa” elikatzen dute. Gutxienez, baten batek esaten dizu egiten ari zarena balekoa dela. Gabriel Aresti sarira hiru ipuin aurkeztu nituen, Zorioneko familia libururako idatzi nituen, baina gehiegi ziren liburuan sartzeko eta kanpo geratu zitzaizkidan. Bestela ez naiz sarietan aurkezten. Eta hara, sari nagusia eman didate. Gehienez accesiten bat baino ez nuen espero. Hirugarrena geratuta ere, 1.700 euro jasotzen duzu. Ez da gutxi.

Egoa beharrezkoa al da idazteko?

Ez bakarrik idazteko, bizitzeko ere bai. Egia esan, nire idazle egoa ez da handia, nire tokia literaturan ez da apartekoa, pertsona bezala ere ez; haatik, liburuak saltzea edota sariren bat jasotzea motibagarria egiten zait.

Zure ipuin batzuk trantsizio politikoaren osteko garaian kokatuta daude, 80ko hamarkada bukaeran.  

Nik ezagutu nuen lehenbiziko mundua 7-10 urte nituenekoa delako. Norberak ezagutzen duen lehen munduko paisaia oso presente izaten du bizitzan, baita pertsonak ere, nik –zuk esan bezala– 80ko hamarkadako amaierakoa. Adin horretako garaia eta pertsonak indartsu errotzen dira zure baitan, estereotipo batzuk betiko geratzen zaizkizu, pertsonaia batzuk etengabe agertzen zaizkizu gogoan. Pare bat ipuin garai hartakoak dira, ez denak hala ere.  

ETAren ondorengo garaia ei da gaurkoa. Aldaketak eragin al du zure idazle ofizioan?  

Bai, noski. Hasteko gizarte osoan eragin duelako. Baina aldaketa ez da izan bakarrik ETA desagertu zen unetik. ETAren historian garai ezberdinak izan ziren. Ez da gauza bera nobela bat Euskal Herrian 60ko, 70eko, 80ko edo 90eko hamarkadetan girotzea, garai horietan guztietan gizartearen eboluzioa etengabea izan zen. Adibidez, 70-80ko hamarkadan krisia sekulakoa izan zen, oraingoa baino gogorragoa nire ustez. Hamarkada honetan bizi duguna gogorra da, baina egun gizarteak ekonomikoki babes gehiago jasotzen du. 70eko hamarkadako jende askok egoera oso gogorra pasatu zuen, kale gorrian geratu zen. Birmoldaketa industriala izugarria izan zen, diru-laguntzak ez ziren egungoen heinean. Noski, oraingo aldaketa itzela izan da. Globalizazioaren fenomenoa tarteko, ETAren osteak eragin nabaria izan du gizartean.

Etorkizuneko literatura bestelakoa izango da. Xarma galdu al da?

Bai, bai... xarma egongo da. Gizartea aldatu da, eta are gehiago aldatuko da, baina, auskalo zein estereotipo mota edota kontu xarmagarriak izango diren. Edo zer izango den xarmagarria… Datozen 30 urteetan bestelako tabuak izango dira, gaur egun ez daudenak. Ni, hala ere, baikorra naiz. Ez dut uste gizarteak okerrera egin duenik, aitzitik, apur-apurka hobera egiten du. Nire ustez, hobeto gaude orain jaio ginen garaian baino.

Idazletzara etorrita, zer ekarri du oraingo garaiak?

Egun lehen idatzi ezin ziren gauza batzuk idatz daitezke. Alegia, hainbat gertaeraren eta gaien inguruan idazteko distantzia behar da, eta ez ETAren inguruko gizarteari begira soilik, beste aldekoari begira ere bai. Azken 60 urteetan gizartea zeharo aldatu da, heziketan oso nabaria da hori. Idazleak jendearen izaeraren aldaketari erreparatu behar dio etengabe.

Zorioneko familia-ko ipuinetan heroirik ez dago.    

Nire gustuko narratibaren muina gatazka da, gatazkak istorioa ardazten du, gatazkak eta adibide baterako, jende herrenak edo osagabeak. Izaera horiek aukera gehiago ematen dizute sinesgarriagoa izateko. Norbaitek dena ondo egiten badu, zentzunez jokatzen badu, ez da istoriorik, ez nobelarik ez pelikularik… Narrazioak zerbait izan behar du duda-mudazko. Pertsonaia ergelek errazten dute narratiba. Jaidura horrek badu zer ikusia nobela beltzarekin, pertsonaiek beti dute akatsen bat, edota besterekiko ezinegona, gatazka sorrarazten duen zerbait. Gatazkarik ez badago, ez dago ezer kontatzeko. Familia zoriontsua bada, hasi eta bi lerrotan bukatu duzu, ezin dituzu ehun folio ehundu. Ironia edota sarkasmoa beharrezkoa dira, nire azken liburuaren izenburua zentzu horretan irakurri behar da, noski.

Familia: maitasunaren habia, gizartearen zutabea, elkar-laguntzerako tresna, umeen haztoki eta zaharren babesa. Familia: itxurakeriaren tenplua, gezurren zuloa, gorrotoen gordailua, zurruntasunaren eskola…

Hala da. Familia ona eta txarra da aldi berean. Literaturara ekarrita, familiaren ezaugarriak egokiak dira narraziorako: mundu guztia delako familiakoa edo familiaren partea, baina denak ezberdinak dira. Familiak sekulako kontraste eta aukera pila ematen dizkizu. Asko erabiltzen da narratiban.  

Zure narrazio moldea kontakizun minberan erortzen da batzuetan.

Izan liteke. Samurtasun apur bat bilatzen dut narrazioak interesgarriak izan daitezen. Pertsonaien garapenak samurtasunera eramaten nau. Irakurle bezala horrelako liburuak gustatzen zaizkit, argumentu nagusiari begiratu baino, narrazioa txikikeriaz eta detailez osatzea gustatzen zait.

Kritikari baten esanean, irakurleak ez du liburuan kritika soziala aurkituko.

Nire ustez, kritikariak esan nahi zuen “ipuinetako batek kritika soziala egitea helburua zuela”. Bada ez. Hori balitz nire asmoa, entsegua idatziko nuke, edo blog bat. Nire helburua istorioak ondo kontatzea da. Nire liburuek ez dute bereziki kritika soziala helburu, ez oraingoek ez iraganekoek. Istorio on bat sortu nahi dut, pertsonaia konplexuak sortu ere, ñabarduraz betetakoak, kritika soziala ez da nire zeregina. Nire nobeletan, batzuetan, kritika sozialaren arrastoa antzeman daiteke, baina nahi gabe ageri izan da. Ipuinetan inola ere ez. Nire liburuetako pertsonaiak akastunak dira, gatazka sozialetan murgilduta bizi dira, krisi ekonomikoa eta droga-mendekotasuna ezagutu dituzte, baina horiek horrelakoak izanda ere, ez dut kritika soziala egitea helburu.

Azalaren egilea: Unai Arana.

Liburuaren azalarekin gustura geratu al zara?

Bai. Editoreak beste ideia bat zeukan, familia amerikar tradizionala posado batean ipintzea, argazkia apurtuta... Ilustratzaileak esan omen zion ideia hori oso ikusita zegoela eta niri hau oso ona iruditu zait. Aitaren errauts-poteko esaldia oso ona da: “Aita beti gure gogoan”. Aita beti gogoan, baina jende guztia barrezka dago.

Gizartea asko aldatu da, baita heriotzari aurre egiteko modua ere. Heriotza oso presente dago zure testuetan.  

Bai, izan ere, heriotzak baldintzatuta bizi gara denok. Aitaren heriotza sarritan agertzen da nire liburuetan. Baina, hori fikzioa da. Gure bizitzan berriz, benetako heriotza, ezkutatu egiten da, heriotzaren inguruabarra asko aldatu da. Pentsa, nire aitona hilzorian zegoela, eskutik eraman ninduten harengana, sei urte nituen. Gaur egun, hori ez da egiten. Eginez gero, omen, haurrak ez du lorik egingo, eta ondorioz, psikologoarengana eraman beharko dute.

William Douglassek [antropologoa] bere lanetan dioenez, Aulesti herrian [Bizkaia] norbait hiltzen zenean, haurrak jartzen zituzten gaubeilaren lehen lerroan. Haurrek errezoak hasten zituzten, apaizaren alboan. Mende batean eman den aldaketa kulturala itzela da, eta ez bakarrik heriotzaren inguruan. Gaur egun hedabidek gehiago eragiten dute jendartean, heriotzak baino. Noski, horrek eragina du literaturan.

Sortzaileak errealitatea ezin jasanik, sortzen omen du. Idazleak ere mundu paralelo bat sortu behar du, biziko bada. Ez da zure kasua, antza. Zu lantegiko lanari emana bizi zara, industria alorrean...

Printzipioz, ez nator bat premisa horrekin. Gizakia kontalaria da, jokoa eta jolasa maite ditu, Gizakia Homo ludens da, tximu jostalaria. Gizakiak betidanik istorioak kontatu ditu eta gaur egun ere –kultura guztietan– gustatzen zaio kontatzea eta konta diezazkiotela istorio onak, bizigarriak. Idazleok hori egiten dugu edo saiatzen gara... Niretzat idazle atormentatua delakoa, idazle estereotipoa da. Idazle madarikatua saltzeko edo prestigioa lortzeko etiketa da, etiketa pedantea. Nik ezagutzen ditudan idazleak normalak dira, bizitza normalizatua eta erosoa daramate. Ez dira zubi baten azpian bizitzen. Nik ez dut horrelakorik ezagutzen behintzat. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal nobela beltza
Nobela beltzaz solasteko enegarren zita (H)ilbeltzaren eskutik

Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Garazi Arrula, Garazi Ugalde eta Ruper Ordorika izango dira besteak beste gonbidatu, urtarrilaren 23an hasi eta 29ra bitarte ospatuko den euskal nobela beltzaren astean, Baztanen.


2022-01-12 | ARGIA
(H)ilbeltza hemen da: ezagutu aurtengo egitaraua plano-sekuentzia bakarrean

Hilaren 24tik 30era bitartean egingo dute aurtengo (H)ilbeltza, Baztango nobela beltzaren astea. Aurtengo programazioa aurkezteko spota argitaratu dute asteazken honetan.


2021-12-22 | ARGIA
Astebeteko egitaraua dakar (H)ilbeltza jaialdiaren VIII. edizioak

Aurten ez dute nobela beltzaren asterik izan Baztanen, (H)ilbeltzaren antolatzaileek urtean zehar sakabanatu baitituzte jarduerak. Asteartean jakinarazi dutenez, baina, 2022an berriz egingo dute astebeteko (H)ilbeltza jaialdia.


Itxaro Borda
“Hizkuntza da, justuki, Amaia Ezpeldoik ikertzen duen kasurik potoloena”

Erretiroa hartzeko prest da Amaia Ezpeldoi landaguneko detektibea, emakume baten desagerpena ikertzeko eskatu diote baina. Itxaro Bordarekin bildu gara Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberriaz hitz egiteko. 


Aste honetan egingo dute Lanbro Beltza topaketaren IX. edizioa

Beste urte batez, Plentziako Udalak eta Calibre 38 aldizkari digitalak Lanbro Beltza topaketak antolatu dituzte Plentzian. Eleberri beltzaren inguruko IX. jardunaldi hauetan hainbat idazle eta adituk parte hartuko dute eguenetik zapatura, urriaren 14tik 16ra, egingo dituzte... [+]


Eguneraketa berriak daude