Arbizuko txistor lapurreta bat abiapuntu, nobela berria ondu du Jon Arretxek: ‘Txerriak eta loreak'

  • Touré detektibearen sagatik aldentzeko premia sentitu du Arretxek, eta Euskal Herrian eta pertsonaia euskaldunekin kokatu du trama berria, Arbizun: txistor-lantegi batean lapurreta egin dute gau batez, eta kate kriminal bat ezagutuko du irakurleak, Zuriñe detektibearen urratsei jarraituta.

Jon Arretxe, liburua aurkezten astearte goizean, Donostian. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

2025eko azaroaren 25ean - 12:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Arbizuko (Nafarroa) industria poligonoan, gauerdi batean hasten da nobela, elkarrizketa batzuekin. Lapurreta xume bat da hasieran kontatzen dena. Txistorra egiten duten lantegi batean sartuko dira hainbat lagun, eta produktua ostuko dute. Horren eskutik, "ustekabeko bide ilun batzuk" zabalduko dira, errealitate oso bat "astindu" baitezake txistor lapurreta batek: gizarte azpiko hariak, ustelkeria, klase banaketa, negozio zikinak... Hala adierazi du Inazio Mujika liburuaren editoreak, astearte goizean Donostian eginiko aurkezpenean.

Jon Arretxe (Basauri, Bizkaia, 1963) idazleak eleberri berria aurkeztu du: Txerriak eta loreak (Erein). Hamar urte baino gehiago pasa ditu Touré detektibearen kasuekin bueltaka, mundu marjinala erakusten, eta etxegabeak eta prostitutak pertsonaia printzipal moduan aurkezten. Istorioak ez ziren Euskal Herrian kokatzen, eta pertsonaiak ez ziren euskaldunak. Orain, kontrako bidea egin eta ondo asko ezagutzen dituen lekuetan kokatu du nobela beltza: bizileku duen Arbizun eta inguruetan, eta ageri da basauriarrik nobelan, baita gasteiztarrik ere –hamabost urtez Gasteizen bizi izan zen Arretxe–. "Aldatzeko beharra sumatzen nuen", aitortu du idazleak: "Tontoa ez izateko eta Touréz gehiago idazteko ere esan didate, orain telesaila atera dutela-eta, baina beste zerbait behar nuen, zerbait gehiago".

Protagonistak, oraingoan ere, nabarmentzeko moduko profila dauka. Zuriñe Ruiz de Gorgoa du izena, abizen aldetik arabarra da, judoka izandakoa, eta Downen sindromea du. Ereineko editore Mujikak definitu duenez, "bere kabuz eta determinazio handiz" mugitzen den pertsonaia bat da Ruiz de Gorgoa, halako batean "enkargu bat" jasotzen duena, "bide konplexuetara" eramango duena. Arretxek zerbait berezia bilatu nahi izan du Down sindromedun pertsonaia protagonista gisa ipinita, motibo berezirik gabe, orain moda-modan dauden polizia autonomikoen detektibe intrigetatik aldentzeko asmoz.

Mujikak nabarmendu duenez, Arretxeren ezaugarri den "erritmo biziarekin" kontatuta dago 160 orrialde pasatxoko eleberria, elkarrizketa askorekin eta umore beltzez tindatuta. Kapitulu laburrak ditu, eta eszenak bizkorrak dira. "Zerbait dibertigarria" egin asmo zuen Arretxek, "irakurlea harrapatzeko helburuz", aurreko nobeletan baino kritika sozial gutxiagorekin, beharbada. 

Txistor lantegien bueltan

"Nobelaren abiapuntua ez da nirea", aitortu du Arretxek. Kanarietako idazle eta lagun batek iradoki omen zion, Arbizun bizita, alegia, "txistorraren herrian" bizita, nolatan ez zuen ordura arte gaia trama modura erabili.

Dokumentazio lanean jardun da, nahiz aurreko nobeletan ez bezala, Parisera joan beharrean, Sakana inguruan geratu den. Arbizuko txistorgile ezagun Patxi Goikoetxearekin orduak igaro ditu idazleak; harekin ezagutu du txistorra egiteko prozesu osoa, baita bizimodua ere. Dena dela, ez du nahi inork Goikoetxea gaizkiletzat hartzerik: "Kontuz ibili naiz idazterakoan, inguruko jendeak ez dezan eleberriko mafiosoa Patxirekin lotu, ezta herriko eta inguruko beste txistorgileekin ere, ez baita nire asmoa".

Bestalde, esan du Downen sindromedun senide bat baduela familian, baina hortik baino, gaiaz gehiago ikasi du Paz Velasco kriminologo, ikertzaile eta idazlearekin: "Asko lagundu nau sindrome horretaz gehiago informatzen, ez bainekien ere Downen barruan hainbeste mota zeudenik". 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2025eko urriaren 29
Heriotza haur literaturan
Bazen behin... izan zen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.