Fikziozko liburu bati buruz solasean aritu ziren Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean otsailaren 6an, ordu eta hogei minutuz, tarteka tentsio handiz. Egoera bitxia eragin du UPNk, Lekarozko institutuko DBH4ko ikasleek irakurri duten eleberri bat jo-puntuan jarriz. Ernesto Prat Urzainkiren Telleria eta gero, zer? (Elkar, 2017) da nobela, genero beltzekoa, eta eskuin erregionalistak salatu du zentroko irakasleek “jarrera ideologiko eta politiko batzuk inposatzeko” erabili dutela. Baina kasua aztertzen hasita, beste pista batzuk aurkitu ditugu: bailaran egin nahi duten operazio urbanistiko bat eta, agian, haren konplize izan daitekeen erdarazko nobela-sorta arrakastatsu bat.
Hau erreportaje bat da, ez da nobela beltza, baina hala ere baditu bere trama eta pertsonaiak. Lehenbizikoa, Lekarozko institutuko ikasle baten ama, UPNko zinegotzia ere badena: Isabel Olave. Zentroko zuzendariarekin bildu zen bi aldiz Gabonen aurretik, Telleria eta gero, zer? ikasketa-programan sartu izanari buruz argibideak nahi zituen. Zuzendariak azaldu zion zentroko euskara departamenduaren erabakia zela, ea sail horrekin bildu nahi zuen. Olavek ezetz. Eta orduan hasi zen UPN Iruñetik liburuari buruzko azalpenak eskatzen. Ondoren etorri da parlamentuko agerraldia. Azkenik, urtarrilaren 14an, Olavek Diario de Navarra-n artikulua publikatu du salatuz eleberriak Lekarozko Aroztegia proiektu urbanistikoaren “bertsio nobelatu eta partzial bat” eskaintzen duela, “haren bultzatzaileak eta kargu politikoak aipatuz eta iseka eginez”.
Aroztegia jauregiko proiektu urbanistikoak polemika eragin du Baztanen. Baina literaturak ihes egin
behar al dio horri?
Gertatu denarekin harrituta dago institutuko Euskara Departamenduko burua den Kristina Fernandez Perez. Istorio honetako beste pertsonaia bat. Istorio honi buruzko beste ikuspegi bat: esplikatu duenez, kurtso hasieran guraso guztiei bidali zitzaien ikasturteko programazioa, irailetik zekiten Telleria eta gero, zer? irakurgaien artean zegoela; eta gurasoek onartu egin zuten programazio hori. “Gure asmoa ez zen inor mintzea”, adierazi du. Gaia politikoki erabili dutela uste du eta beste hainbeste adierazi dute otsail hasieran Mendaur DBHI, Elizondo Lanbide Eskola IIP eta Lekaroz BHIko klaustroek Berria-n eta Diario de Noticias-en argitaratu den artikulu batean, zeinean onartezintzat jo duten gaia lekuz kanpo ateraz irakasleen erabaki pedagogikoak auzitan jartzea.
“Aroztegiaren gaia Baztanen dago, ez du liburuak ekarri”, esplikatu du Fernandezek. Eta hemen dator trama: literaturatik, irakaskuntzatik eta ika-mika politikoetatik haragoko kontuak azaleratu baititu polemikak, adibidez, baztandar askoren kezka, Lekarozen luxuzko hotela, golf zelaia eta etxe berri asko egiteko planak eragina. Itzi Torresek, “Aroztegia… eta gero zer?” plataformako kideak, duela bi urte aldizkari honetan plazaratu zituen proiektuak eragin dituen zenbait galdera: “Zertara dator 340 biztanleko herri batera 226 etxebizitzako urbanizazioa, biztanle kopurua bikoizteko adina? Nor etorriko da hara bizitzera? Nola aldatuko ditu horrek soziolinguistikoki herria eta bailara? Zergatik hamaseigarren herria Baztanen 800 etxe huts baino gehiago daudenean?”.
Alberto Catalan (UPN): “Zergatik ez dute Dolores Redondoren trilogia gomendatzen Lekarozko institutuan?”
Giro nahasia dago Aroztegiaren inguruan, baina literaturak ihes egin behar al dio problematika sozialari? Kontrakoa egin izan du nobela beltzak: genero horretako literatura gizartearen ur uherretan murgiltzen da eta handik ateratako materialak fikzionatzen ditu, kritika soziala osagai gisa erantsiz. Ikasleei eleberri beltza zer den erakustea zuten xede, hain zuzen, Lekarozko institutuan; eta gertuko adibide batek gazteak erakarri zitzakeela iruditu zitzaien. Ezagunak egiten zaizkien lekuetan dabiltza Telleria eta gero, zer?-eko pertsonaiak; gatazka aktual baten antzekoa agertzen da; eta bailarako gazteek erabiltzen duten euskararen tankera du testuak. Argudio horiekin esplikatu dio institutuak Nafarroako Hezkuntza Kontseilaritzari eleberria aukeratu izana. Gogora ekarri dute, halaber, Praten nobelaz gain Jon Arretxeren Xahmaran (Erein, 2009) eta Alberto Ladron Aranaren Piztiaren begiak (Elkar, 2012) direla irakasgai horretako beste irakurgaiak aurten, genero beltzeko liburuak horiek ere.
Baztanen sustraituta dagoen tradizio literario batekin konektatzen du ikasketa-programak: esaterako, Elizondoko Mariano Izeta idazlearen Dirua galgarri (1962, Auspoa), euskarazko nobela poliziakoaren aitzindarietako bat izan zen. Gotzon Garateren Elizondoko eskutitzak (1977), Jon Bidart detektibea protagonista duen bigarren eleberria ere, Baztanen kokatua dago. Eta hari horri tiraka, 2014tik antolatzen dute bailaran (H)Ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea. Aurtengo edizioa urtarrilaren 15etik 21era egin dute eta urtez urte fama hartzen ari da, Euskal Herri osoko idazle esanguratsuak eta nobela beltzaren zaleak erakarriz.
Eta hor dago istorioaren korapiloa. Alberto Catalan UPNko bozeramaileak, parlamentuan gaiaz eztabaidatu zenean, adierazpen susmagarria egin zuen: “Baztango nobela beltzari buruz hitz egiten da. Bai, noski. Zergatik ez da Dolores Redondoren trilogia gomendatzen? Hori ere Baztanen girotua dago eta eragiten ari da jende asko Baztanera joatea, hiru nobelak gertatzen diren lekuak ezagutzera”. Badirudi eskuin erregionalistak badituela lehentasun literarioak: Redondoren liburuak bai, euskal nobela beltzik ez.
Azken paragraforaino ez da detektiberik azaldu istorio honetan, baina hara, hemen dator lasterka, edizioa itxi aurretik pista garrantzitsu bat eman behar digula esanez: “Dolores Redondori buruzko informazioaren bila aritu nauk eta aurkitu diat elkarrizketa bat…”, arnasa hartzeko eten du solasa; “… TVEko Página Dos programan egin ziotean”, erantsi du, eta pantaila jarri digu muturren aurrean: eserita agertzen da Redondo paraje bukoliko baten erdian, aurkezlea parean duela. Bien atzean, eraikin bat. “Palacio de Arozteguia, Lekaroz”, zehazten du grafismoak. “Honek dena esplikatzen dik”, dio detektibeak. Zer esan nahi duen galdetu diogu. “Joder, ba argi zagok: Aroztegiko operazioa errazago pasatzen duk fenomeno kultural batekin justifikatuta. Baina klaro, horretarako Baztan idiliko bat behar ditek, Basajaun, Tartalo eta kapitaleko turistak ekartzeko gauza horiek, ez proiektua kritikatzen duten nobelak. Ez al duk ikusten?”. Tira, tira, hobe izango da kontua hemen uztea, konspirazio-teoria baten itxura hartu baino lehen. “Hik ikusiko duk. Baina uste nian nobela beltzaz ari ginela: batzuetan errealitateak fikzioaren bidez agertu behar dik, zertarako kontratatu nauzue bestela?”. Ez dugu jakin zer erantzun. Isiltasun deseroso baten ondoren, zigarro bat piztu du, gabardinaren lepoa jaso; eta erredakziotik atera da, kale ilunera.
Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Garazi Arrula, Garazi Ugalde eta Ruper Ordorika izango dira besteak beste gonbidatu, urtarrilaren 23an hasi eta 29ra bitarte ospatuko den euskal nobela beltzaren astean, Baztanen.
Hilaren 24tik 30era bitartean egingo dute aurtengo (H)ilbeltza, Baztango nobela beltzaren astea. Aurtengo programazioa aurkezteko spota argitaratu dute asteazken honetan.
Aurten ez dute nobela beltzaren asterik izan Baztanen, (H)ilbeltzaren antolatzaileek urtean zehar sakabanatu baitituzte jarduerak. Asteartean jakinarazi dutenez, baina, 2022an berriz egingo dute astebeteko (H)ilbeltza jaialdia.
Beste urte batez, Plentziako Udalak eta Calibre 38 aldizkari digitalak Lanbro Beltza topaketak antolatu dituzte Plentzian. Eleberri beltzaren inguruko IX. jardunaldi hauetan hainbat idazle eta adituk parte hartuko dute eguenetik zapatura, urriaren 14tik 16ra, egingo dituzte... [+]
Erretiroa hartzeko prest da Amaia Ezpeldoi landaguneko detektibea, emakume baten desagerpena ikertzeko eskatu diote baina. Itxaro Bordarekin bildu gara Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberriaz hitz egiteko.
Aste osoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta igandean eginen diren bi errezitaldirekin borobilduko dute.
Idazle zornotzarrarekin (Durango, 1969) bildu gara Durangon. Ezohiko idazlea da. Industriako langilea da, metalgintzan ari da. Eleberri eta ipuin beltz andana idatzi ditu. Bere liburuen generoa nola, halaxe ditu eskuak: ilunkarak. Zorioneko familia (Elkar) ipuin liburua da bere... [+]
Baztango Udalak hirugarrenez jarri du martxan (H)ilbeltza beka, urtero euskal nobela beltzaren astea antolatzen duen izen bereko elkartearekin eta Txalaparta argitaletxearekin elkarlanean. 6.000 euroko laguntza izango du bekaren irabazleak, asteazken honetan iragarri dutenez.
Bosgarren ediziora iritsi da (H)ilbeltza, Baztango euskal nobela beltzaren astea. Urtarrilaren 14tik 20ra bitartean egingo da aurten, asteazken honetan aurkeztu dute aurtengo egitaraua eta urtetik urtera sona handiagoa hartzen ari den ekimenaren filosofian sakontzeko ere balio... [+]
(H)Ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Asteak aurtengo edizioa iragartzeko spot-a argitaratu du urteko bigarren egunean. Beltz kutsukoa da iragarkia eta, noski, krimen baten berri ematen digu.
Ernesto Prat Urzainik Telleria eta gero, zer? aurkeztu du maiatzaren 17an Elkar argitaletxearen eskutik, bere hirugarren eleberria.
Nobela beltzaren inguruan askotariko ekitaldiak antolatu ohi dituzte urtarrilarekin zazpi egunez, webgune ondo betea dute urte osoan, eta orain berriz, (H)Ilbeltza beka aurkeztu dute. Aste izatetik urte izatera bidean da Baztango (H)Ilbeltza.
Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak euskarazko literatura beltza sustatzeko beka jarri dute martxan. 6.000 euroko laguntza dago mahai gainean, zeina kutsu beltzeko euskal nobela-proiektu onenaren egileak poltsikoratuko duen. “Nik idatziko nuke, baina ez dakit zer... [+]
(H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak aurkeztu dute deialdia, eta lanak ekainaren 23ra arte bidal daitezke.
Hiru urtez jarraian egiten den zerbaitek merezia omen du tradizio izena eta beraz, Baztango Euskal Nobela Beltzaren Astea, Ilbeltza, jada ezinbesteko zita bihurtu dela esan liteke: asteartean aurkeztu zuten aurtengo egitaraua eta edukiz beteta dator.