Euskal Nobela Beltzaren Astea 20tik 26ra ospatuko dute Baztanen

  • Aste osoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta igandean eginen diren bi errezitaldirekin borobilduko dute.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko urtarrilaren 16an - 08:59
(H)ilbeltzako kideak eta Bira Produkzioakeko Beñat Iturriotz, ilbeltzaren 15ean Karrikirin egindako aurkezpenean / Erran.eus

(H)ilbeltza elkarteak antolatuta, Euskal Nobela Beltzaren Astea izanen dute hilaren 20tik 26ra Baztanen. Egunotan, idazleen bisita eta mahai-inguruak, bazkaria, Susmagarrien Gaua, itzuli beltza... izanen dituzte. Halaxe eman zuten ezagutzera ilbeltzaren 15ean, asteazken arratsaldean Iruñeko Karrikiri liburudendan egindako aurkezpenean. (H)ilbeltzako Aitziber Zapiainek eta Maitane Maritorenak egin zuten aurkezpena, elkarteko kideen babesean. Beraiekin batera Bira Produkzioakeko Beñat Iturriotz izan da aurkezpenean, beraiek izan baitira (H)ilbeltzako spota egin dutenak.

EGITARAUA

Ilbeltzak 20, astelehena

Nobela Beltzaren Asteari Horace McCoy idazlearen  Hobe nuen etxean gelditu liburuaz solastatuz emanen diote hasiera. Horretarako, Fernando Rey itzultzailearen bisita izanen dute. Iruritako Gure Kaiola elkartean bilduko dira, 19:00etan.

Ilbeltzak 22, asteazkena

Asteazkenean, ilbeltzaren 22an, Mirande beltza solasaldia izanen dute Amaia Elizalderen eskutik. Anizko elkartean, 19:00etan dute hitzordua.

Ilbeltzak 24, ortziralea

Begoña del Tesoren eskutik Quentin Tarantinoren mesanotxeko liburuez solastatuko dira ortziralean, 19:00etan, Arizkunenean.

Ilbeltzak 25, larunbata

Larunbatean goiz eta arratsaldez bilduko dira. Elizondon izanen dute lehendabiziko geldialdia, 11:00etan. Jon Alonso, Maribi Elizalde eta Eneko Bidegainen eskutik, Mundua Iturendik pasatu zenekoaz solas eginen dute. Ondotik, 14:00etan Erratzuko elkartean bazkalduko dute. Txartelak erosi nahi dituztenek ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. Bazkalondoan, 16:00etan, liburu aurkezpenen txanda izanen da. Alfontso Gartziandiak Itsu kolpeka eta Josu Barambonesek Lardaska lanak aurkeztuko dituzte. Azken hau II. (H)ilbeltza bekaren irabazlea da eta Patricia Highsmithen eleberria itzuli du. 18:00etan Susmagarrien Gaua izanen dute Erratzun.

Ilbeltzak 26, igandea

Aste beltza Idazleekin Solasean elkarteak iganderako antolaturiko bi hitzordurekin borobilduko dute. Goiz erdian, 11:00etan, Amaiurren itzuli beltza eginen dute eta Kontrabandisten eleak izanen dituzte solasgai. Arratsaldean, berriz, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, Poesiaren kriminalak errezitaldiaz gozatuko dute. 19:00etan hasiko da emanaldia.  

'Bereterretxeren kanthoria' erakusketa

Euskal Nobela Beltzaren Astearen harira, Begoña Durrutiren Bereterretxeren kanthoria erakusketa izabalik dago ilbeltzaren 13tik 26ra. Nahi duenak Arizkunenean, 17:00etatik 20:00etara, bisita dezake.

Webgunea

Honenbertzez akituko da Nobela Beltzaren Astea, baina (H)ilbeltza, ilbeltzako aste bat izateaz gain, webgune bat ere badela gogorarazi dute: www.ilbeltza.eus. Bertan liburu aipamen, elkarrizketa, zinema beltza... informazio interesgarri anitz aurkituko duzue, guztia euskaraz eta genero beltzaren kontu.

«(H)ilbeltzan berean izaten ditugun solasaldiak edo gonbidatuak webgunetik pasatzen dira maiz, elkarrizketaren bidez edo generoa aletuz, edo beltzometroari erantzunez. (H)ilbeltzarat etorri gabe sobera urrun ibili ez den jendea berdin. Ez da bakarrik beltza, ez da bakarrik literatura; hilabetetik hilabeterat osatzen dugun (H)ilbeltza bera da web orria. Plazer baduzu egiguzu bisita!», aipatu zuten aurkezpenean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal nobela beltza
Nobela beltzaz solasteko enegarren zita (H)ilbeltzaren eskutik

Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Garazi Arrula, Garazi Ugalde eta Ruper Ordorika izango dira besteak beste gonbidatu, urtarrilaren 23an hasi eta 29ra bitarte ospatuko den euskal nobela beltzaren astean, Baztanen.


2022-01-12 | ARGIA
(H)ilbeltza hemen da: ezagutu aurtengo egitaraua plano-sekuentzia bakarrean

Hilaren 24tik 30era bitartean egingo dute aurtengo (H)ilbeltza, Baztango nobela beltzaren astea. Aurtengo programazioa aurkezteko spota argitaratu dute asteazken honetan.


2021-12-22 | ARGIA
Astebeteko egitaraua dakar (H)ilbeltza jaialdiaren VIII. edizioak

Aurten ez dute nobela beltzaren asterik izan Baztanen, (H)ilbeltzaren antolatzaileek urtean zehar sakabanatu baitituzte jarduerak. Asteartean jakinarazi dutenez, baina, 2022an berriz egingo dute astebeteko (H)ilbeltza jaialdia.


Itxaro Borda
“Hizkuntza da, justuki, Amaia Ezpeldoik ikertzen duen kasurik potoloena”

Erretiroa hartzeko prest da Amaia Ezpeldoi landaguneko detektibea, emakume baten desagerpena ikertzeko eskatu diote baina. Itxaro Bordarekin bildu gara Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberriaz hitz egiteko. 


Aste honetan egingo dute Lanbro Beltza topaketaren IX. edizioa

Beste urte batez, Plentziako Udalak eta Calibre 38 aldizkari digitalak Lanbro Beltza topaketak antolatu dituzte Plentzian. Eleberri beltzaren inguruko IX. jardunaldi hauetan hainbat idazle eta adituk parte hartuko dute eguenetik zapatura, urriaren 14tik 16ra, egingo dituzte... [+]


Eguneraketa berriak daude