“Galdera da lan batek noiz balio digun, ez geuk distira egiteko, baizik eta kolektibo gisa”

  • Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du: Haize beltza (Txalaparta, 2025), nobela beltz bat idazteko lanetan ari den idazlea protagonista duen eleberria. Baionan jarri dugu hitzordua. Bazkaldu bitartean egin ditugu gaurkotze eta beroketa lanak; eta kafearen ostean, Aturri ibaiaren ertzeko eguzki epeletan hasi dugu bigarren solasaldia, grabagailuak jasoko duena. 

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Haize beltza duzu bigarren literatur lan argitaratua. Noiz hasi zen istorio hau zure baitan garatzen?
2022an, duela hiru urte. Diabolo Kiwirekin diskoa atera berri genuen, baina gogoan nuen denbora bat dedikatzea idazketari. Eta hor atera zitzaidan liburuan agertzen den ipuin labur bat: Urak handi dire. Eta pixka bat berantago irakurri nuen Paul Austerren liburu bat, ez dena euskaraz itzulia baina Orukuluaren gaua gisa itzul daitekeena, eta bizi nuen momentuarekin aski asmatzen zuela iruditu zitzaidan. Udan, bakantzetara joan nintzenean, hasi nintzen liburu hartako zati batzuk itzultzen; pertsonaia sistema horretatik abiatu eta, New Yorken beharrean, Baionara edo beste leku batera ekartzen ahalegindu nintzen. Hori izan zen abiapuntua.

Tomas da liburuko protagonista, eta bera ere zeure ariketa bertsua ari da egiten: literatura beltza ekarri nahi du Euskal Herrira. 
Tomasek hori du bere kezka nagusia: literatur beka bat irabazi du, eta momentu batez behar du zerbait ekoitzi. Eta hara, bai, paralelismoa egin daiteke. Tomasek asmatu nahi du nola ekarri amerikar literatura beltza Europara edo Euskal Herrira. Eta nik egin dudan ariketa da Austerren lan edo tankera hori Baionara nola ekarri.

Haize beltza ez da, ordea, literatura beltzaz soilik ari. 
Literatura beltzaren inguruko liburu bat da, literatura beltza izan gabe. Banekien literaturaz aritu nahi nuela liburu honetan, eta sartuko nintzela hizkuntzaren terrenora. Liburuaren kezka nagusia izan da ea, gure hizkuntzak duen egoera honetan, literaturak zer aporta diezaiokeen euskal hiztunari. Eta zer garrantzia duen literaturak gizartean. Liburuan bada genealogia baten bilaketa bat: nola emango dion hatsa ene hizkerari Jean Etxepare batek, Jon Mirande, Itxaro Borda edo Antton Luku batek… Literatura beltza bilakatzen da estakurua hats horren bilaketa horretan. Ez zait segidan inposatu gai hau, baina ohartu naiz ezinbestekoa zitzaidala, eta kezka handia nuela horretan. Ni pertsonalki animatzen nauen borroka nagusia hizkuntzarena da.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Idazle bati buruz idazten duen idazle bat da protagonista, Tomas, eta halaxe dio, sortu duen pertsonaiaz ari dela: “Amilotx nihaurrek asmatu nuen, eta Amilotx ni nintzen”.  
Kasu honetan, nihaur ari banaiz idazten duen idazle bati buruz idazten, paralelismoa berehala egiten da, baina ez da ene abiapuntu izan. Bistan denez, Tomasek izango ditu Amaiurren gogoeta batzuk eta gauza anitz parekatzen eta atxemaiten ahal dira, baina ez zen ene abiapuntua. Erabili ditut nire ezagutzak eta bizipenak pertsonaia hauek elikatzeko, eta ez alderantziz. Jolasa ere bada, dudarik gabe. Ni Epher naiz, eta txori izena edo ezizena du sortu dudan pertsonaiak, baita Tomasek sortzen duen pertsonaiak ere.

Tomasek ez du etengabe liburu bera idatzi nahi. Kezka hori presente izan duzu zuk ere?
Bai, total. Hori helburu bat izan da eta testua berrirakurtzerakoan hor izan dut kezka. Lehenago irakurtzeko aukera izan dutenei ere galdetu diet. Baina uste dut anitz idazleri gertatzen zaiena dela: gauza batzuk berriz etortzen dira edozein abiapuntu izanda ere, eta nire kasuan ere horrela izan da.

Asko aldatu da zure buruari eskatzen diozuna Profeten iruzurra idatzi zenuenetik hona? 
Profeten iruzurra banekien ez zela borobila, eta ez zen anbizio horrekin sortua izan. Oraingoan nahi nuen zerbait forma aldetik borobilagoa, istorio bat zuena. Lehen liburuan pertsonaia zen oso zentrala, eta haren gorabeherak jasotzen zituen, baina norabidea oso lausoa zen. Orain ere saiatu naiz irakurlea despistatzen, baina jakinda nora eraman nahi nuen. Bada trama bat, bide bat…

Erreferentziaz jositako liburua da, eta ez dira literatur erreferentziak soilik: abestiak, margolanak…
Lehen liburuan ere kultur erreferentzia asko agertzen ziren, eta oraingoan ere bai. Baina entseatu naiz finkiago agerrarazten. Batzuk ez dira zehazki aipatzen, badira begi-klixka gehiago: musikalak, kantu batetik ebatsi esaldiak, azpimarratu gabeko erreferentziak…. Eta gero bada gogoeta batzuk liburu jakin batzuek dituztela piztu, eta banuen zorra kitatzeko behar bat ere. Idazketari buruzko gogoeta horretan, beste idazle batzuek ere elikatzen baitute gogoeta hori, eta beharrezkoa zen, zintzotasun intelektualez, aipamena egitea.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Itziar Ugarteren Gu gabe ere liburua asko aipatzen da behin baino gehiagotan. Eta tartean, poema baten zati batzuk: noraino ote den dena ke, idazteaz hitz egiten dugunean, idatzi beharrean.
Idazten ari nintzelarik, esaldi hori ezarria nuen bulegoan, kolatua, autodiziplinatzeko mantra gisa. Etxez aldatu dut, baina papera, horitua, hiru urtez izan da ene paretan lotua. Egia da hau ez dela ene ofizioa, eta beraz, denbora librea behar dela kudeatu. Nik idazteko behar dut bi oren gutxienez, eta egun osoa bada, hobe. Liburuak badu horretaz, literaturaz mintzo da eta mintzo da, eta zeinetan den ke, zeinetan den ilusio bat… joko hori bada. Itziar Ugarte ez dut pertsonalki ezagutzen baina hau eskertu behar diot noizbait.

Idazlearen galdera handietako bat zera da: zergatik idatzi? Nori axola zaio nik kontatu nahi dudan hori?
Pentsatzen dut denek galdera hau dutela, baina uste dut galdera hau dela liburuaren galdera zentraletako bat. Ni ez naiz sekula New Yorkera joan. Nola lortzen du Paul Austerrek, adibidez, bere istorio burges horrekin identifika nadin, eta orriak itzul ditzadan. Eta nola egin dezaket nik gauza bera gurera ekarrita? Nola bilakarazi sexy idazten ari den idazle bati buruzko istorio bat? Tomas idazten ere agertu behar zen batzuetan, eta hor sartu ditut beste ipuin edo testu zati batzuk. Baina gogoan izan dut galdera: zer joko egin behar dut irakurleak haria ez dezan gal, idazlearen testuak irakurri eta narrazio orokorraren tartean nabigatzen dugularik?

Tonu ironiko bat antzematen da nobela osoan zehar. Tomasen ahotsetik bertatik hasita… 
Lehen liburuan biziki argi zen alde ironiko hori, eta honetan uste nuen ez zela hainbeste ironiarik… Baina ohartu naiz baietz, hastetik buru badu. Tomas bere antipatia horrek du humano egiten, bere akats horiek dute gertukoago edo sinesgarriago egiten. Ironiak arinago egiten du egoera, eta gauzak lasaitasunarekin hartzen lagun dezake. Min horiek eztitzen ahal ditu, eta gure gehiegizko negarrak erlatibizatzen laguntzen du. Liburu honetan ironiarik nabaritzen ez duenak ez du ironia ezagutzen. Uste dut ironiarena-eta lotzen ahal dela nire genelogia horri ere. Ama halakoa dut, osaba ere bai. Arraileria deitzen diogu guk: trufa bat baina ez baitezpada gaiztoa. Humanizatzen duen trufa bat…

Tomasek badu mentore bat, idazle lanetan itsasargi zaiona. Zuk izan duzu halakorik?
Idazketara etorri aitzin, irakurketara etorri nintzen, batez ere, antzerkiaren bitartez. Eta hori Antton Lukuren bitartez izan zen. Harreman oso estua dut harekin, eta bai, lagundu izan nau idazle, irakurle, irakasle moduan. Zor ainitz badut kitatzeko, eta zordun segitzen dut, bistan dena.

“Pertsonaiak salbatu behar dituk”, esaten dio Trastuk Tomasi. Zuk salbatzeko tentazioa izan duzu?
Hori Antton Lukuri zor diot, egia esan. Antzerkian pertsonaiak salbatu behar direla erraten zuen, eta nik ulertzen dut bere humanitatea mantendu behar dutela, lerratu gabe: hauek gaiztoak, hauek zintzoak. Pertsonaiak salbatzea ez da haien bizia salbatzea, baizik eta beren humanitatea atxikitzea. Uste dut ene liburuan nahiko duinki bukatzen dutela pertsonaia guztiek, humanitatea galdu gabe. 

"Euskalkiak baztertu ditugu, eta orain, sartuko ditugu erdarakadak, ustezko batasun baten izenean"

Bazkaltzen ari ginela esan didazu lehen: “Liburu hau batuan dago idatzia, baina ez estandarrean”.
Koldo Zuazok dioen moduan, batuak lexikoan dena onartzen du eta sintaxian ere forma franko. Baina batuan bada nagusitzen den hizkera edo idazkera bat, eta horri deitzen diogu estandarra. Beraz, enea batuan idatzia da, baina ez estandar horretan.

Gogoa nuen editore batekin elkarlan luze batean sartzea. Beharbada idealizatzen nuen, edo ez nekien sobera ondo zer zen, baina erronka bat bezala banuen: ikastea joan-etorri horiek nola kudeatzen diren. Gure kasuan, Garazi Arrula editorea eta bion artean aski fite heldu zen hizkuntzaren afera. Aski fite inposatu da gai bezala, eta horretan ere interesgarria izan da elkarlana. Agertzen dira ipuin batzuk ekialdeko euskaran edo Garaziko euskaran, eta erabaki genuen elkarrizketa batzuetan ere euskalkia markatuagoa izatea, baina narratzailearen ahots nagusia batuan gelditzea, baina beti ere lexikoan eta sintaxian ere ekialdeko ukitu batekin.

Badu nolabaiteko aldarrikapen bat hautu horrek atzean? Edo hautu literario bat gehiago da?
Esango nuke idaztean naturalki hala ateratzen zaidala. Estandarrean idazteko nire burua bortxatu beharko nuke, eta ez nuke testuan nire burua ezagutuko. Bestalde, uste dut, ikusiz gure egoera soziolinguistikoa, zein diglosia egoeran bizi garen, bai iparraldean baina baita orokorki ere, muga hori edo distantzia hori areagotzen doala… Estandarrean gaztelaniazko kalkoak badira, eta gero eta zailagoa egiten zaigu guri hori irakurtzea. Bi erderen influentziak distantzia areagotzen du, dudarik gabe. Euskalkiak baztertu ditugu, eta orain, sartuko ditugu erdarakadak, ustezko batasun baten izenean. Baina ez da batasunik erdarakadak integratuz. Batasun bat izango da alde bietan, baina bi batasun bereizi dira. Eta beraz, iruditzen zait beharrezkoa dela, bereziki hizkuntza hau bizi dugunok, ahal bezain gureak eta berezkoak ditugun baliabide gehienak baliatzea, gure hizkuntza ez pobretzeko, eta ez dezagun kalkora pasatzeko beharrik izan.

Elkarlan horretan, editorearen eta bien artean, ezusteko zerbaitekin egin duzue topo?
Batzuetan uste dugu hizkuntzari lotuak direla ulermen arazoak, lexikoari, sintaxiari… Baina uste dut ezetz. Erreferentzia kulturalak ezberdinak ditugu, eta horrek ere urruntzen gaitu. Hegoaldeko idazle batek pintxopote bateko giro bat kontatzen badu, ez du pentsatuko pintxopotea zer den esplikatu behar duenik. Hegoaldean egiten dena, gai gara gu ere ongi ulertzeko, baina kontrakoak nau ni beldurtzen. Halako ez ulertzeak ere izan zitezkeela ikusi dut prozesuan. Banekien mundu ezberdinetan bizi ginela, baina horrek konfirmatu dit. Ez da arazo bat gure munduak ezberdinak izatea, arazoa da ezezagutza. Baina aski interesgarria izan da prozesua.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Aurrekoa Maiatz argitaletxearekin atera zenuen, eta oraingoa Txalapartarekin. Badago hor nolabaiteko anbizio bat, beste irakurle batzuengana heltzekoa?
Argitaletxe nazionala da, eta horrek hedadura zabalagoa ahalbidetzen du, bai. Bulegoa dute Iruñean, eta joan-etorriak Iruñean edo Garazin egin ditugu. Iruñean egiteak ere garrantzia du niretzat, ni lotua naiz afektiboki Iruñeari ere. Gure hiriburua da. Txikitandik, enetzat eta gurasoentzat, gure hiria ez da Baiona izan, Iruñea baizik. Hori ere bazen gibelean. 

"Oso gizarte atomizatua gara, eta gure sorkuntzak ere atomoak baldin badira, atxeman beharko ditugu atomo horiek lotzen dituzten zubiak ere"

Liburua amaituta: plaza, aurkezpenak, hedabideak. Eta hor, nolabaiteko isiltasuna edo hutsunea topatu duzula aipatu didazu lehen.
Bai, hori esan dut baina justu elkarrizketa hau hasi aurretik jaso dut beste dei bat elkarrizketa bat egiteko (barrez). Egia da liburu anitz publikatzen dela eta uste dugula heldu den hilabeteko liburuek ezagutuko dutela aurreko guztia. Baina, azkenean, denbora pixka bat ere utzi behar zaio. Liburu bat ez da disko bat bezala berrogeita bost minutuan entzuten. Nik espero dut Euskal Herri osoan zehar aritzea hau aurkezten, leku ezberdinetako irakurketa klubetan eta abar. Eta ikustea editoreak eta biok izan ditugun kezka horietan, zeinetan asmatu dugun eta zeinetan ez, noiz sentitu den idenfitikatua irakurlea…

Influencerren garaiotan, badirudi inoiz baino gehiago sortzaile edo protagonista izan nahi dugula orain, eta gero eta gutxiago hartzaile. Gehiegi begiratzen diogu nork bere zilborrari?
Nik epailearen begirada kanpo uzten dut. Badakit denok sortzaile potentzialak garela, are sortzaile, sareko edukiengatik. Baina idazketak badu zerbait oso anakronikotik: eskatzen du kadera batean jartzea, orenak hor pasatzea, eta hori aski anakronikoa da. Andy Warholek zioen denok izango dugula gure bost minutuko famaldia, eta akaso bai, baina niri gehiago interesatzen zait epe luzean iraungo duen zerbait sortzea. Gizarte oso atomizatua gara, eta gure sorkuntzak ere atomoak baldin badira, momentu batez atxeman beharko ditugu atomo horiek lotzen dituzten zubiak ere. Nork bere bost minutuak baldin baditu, kolektiboki zer ekartzen digu horrek? Ez dut erran nahi nik proposatzen dudan lanak beste lan batek baino zilegitasun handiagoa duenik. Baina galdera da noiz lan batek balio digun, ez geuk distira egiteko, baizik eta kolektibo gisa. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


Trapu gorria, Arestiren omenez

Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


Haur irakurzaleek ere beren topaketa eguna izango dute

Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]


Miren Amurizaren ‘Pleibak’, 111 Akademiako irabazle

Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.


2025-05-13 | ARGIA
Aurelia Arkotxa omenduko du aurtengoan Ziburuko Azokak

Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]


2025-05-07 | Iñigo Satrustegi
Jon Miranderekin dantzan I
Nor zen Jon Mirande?

Miresmen adina gaitzespen sortzen duen pertsonaia da, oraindik ere, Jon Mirande, hura hil eta 50 urte pasatxora. Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak (IHEO) Jon Miranderekin dantzan izeneko jardunaldiak antolatu dituzte idazlearen jaiotzaren 100... [+]


2025-05-07 | Iñigo Satrustegi
Jon Miranderekin dantzan II
Zer egin Jon Miranderekin?

Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]


Arnaut Oihernart
‘O.ten gaztaroa neurtitzetan’: nehor ere hura bezi

Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Amaia Alvarez Uria
“Euskal literaturaren sisteman eztabaida piztu nahi du ‘Zuzi iraxegia’-k”

Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


“Badaude diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak, gutxienez eskatzen dutenak Debako liburutegian ikerketa bat aurrera eramatea”

Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]


Eguneraketa berriak daude