Baztango euskal nobela beltzaren astearen 5. edizioa aurkeztu dute, ekimenaren izaera parte-hartzailea aldarrikatuz

  • Bosgarren ediziora iritsi da (H)ilbeltza, Baztango euskal nobela beltzaren astea. Urtarrilaren 14tik 20ra bitartean egingo da aurten, asteazken honetan aurkeztu dute aurtengo egitaraua eta urtetik urtera sona handiagoa hartzen ari den ekimenaren filosofian sakontzeko ere balio izan du.


2019ko urtarrilaren 10an - 12:14
(H)ilbeltzaren antolatzaileak asteazkenean Iruñeko Karrikirin egindako aurkezpenean.

Anekdota batekin abiatu zen Iruñeko Karrikirin egindako aurkezpena: “Lehengoan bi lagun elkartu ziren karrikan, eta batak zera galdetu zion bertzeari: ‘(H)ilbeltzako bideoa ailegatu zait, ikusi duzu? Bikaina da. Aurten ere joan behar duzu (H)ilbeltza ikustera?’. Bigarren lagunak, filosofatzeko aurpegiera paratuta, ondokoa erantzun zion: ‘Bai, joanen naiz, baina ez (H)ilbeltza ikustera, (H)ilbeltza egitera baizik’”.

Euskal nobela beltzaren astea antolatzen duen kolektiboaren ustez, anekdota horrek ongi laburbiltzen du Baztango ekimenaren errealitatea: “Esperientziak erakutsi digu (H)ilbeltzara heldu dena ez dela publikoari maiz paratzen zaion rol pasiboa jokatzera mugatzen. (H)ilbeltzara heldu dena, nahita edo nahi gabe, (H)ilbeltzaren parte bilakatzen da”.

Irakurle talde batetik abiatu zen egitasmoa, baina aurtengo edizioa antolatzeko, adibidez, 30 lagun baino gehiago ari dira zuzenean parte hartzen, solasaldiak ematen, antzerkia jokatzen, musika jotzen… “Elkarlanean oinarritzen da gure ekinbidea, euskaraz pentsatua eta egina, eta, inportanteena, gozatzeko gauzatua”.

Hammett, Gereño eta Hemingway asteari ekiteko

Aurtengo egitarauari dagokionez, datorren astelehenean abiatuko da Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxearen sortzaileak emango duen hitzaldiarekin. Ongi ezagutzen duen gaia izango du esku artean: Dashiell Hammetten Uzta gorria nobela, Igelaren sail beltzean argitaratutako generoaren harribitxietako bat, Olarrak berak itzulia eta André Gide idazleak William Faulknerren eta Joseph Conraden mailakotzat zeukana. Nobela beltzaren erreferentea beraz, baina baita zerbait gehiago ere, Olarrak Arizkuneko medikuaren etxean 19:30ean hasita esplikatuko duenez.

Ilbeltzaren 16an da hurrengo zita, oraingoan Koldo Izagirreren eskutik. Urtero euskal nobela beltzaren klasiko bati buruz jarduten dute Baztanen eta aurtengo ediziorako Xabier Gereño aukeratu dute: Bilboko idazleak euskara ikasteko metodoetan txertatu zituen nobelak, “irakurleak sortzeko idatzi zuen” antolatzaileen esanetan, eta nobela horietarako Jurgi Kapitaina sortu zuen, hainbat eleberriren protagonista bihurtu zuena. Mendiarte elkartean ikasi ahalko da hari buruzko gehiago 19:00etatik aurrerago.

Nobela beltzik idatzi ez zuen idazle batekin iritsiko da (H)ilbeltza ostiralera: Ernest Hemingwayri buruz hitz egingo du Gontzal Agotek edo, zehatzagoak izateko, Hemingwayren obretan oinarrituta egin diren genero beltzeko filmez. Elizondoko Arizkunenean jardungo du gai horretaz zinema-kritikariak, 19:00etatik aurrera.

Landa-eremua, krimen perfekturako lekua?

Itxaro Bordak eta Edorta Jimenezek irekiko dute larunbateko egitaraua, (H)ilbeltza egiten den testuinguruan garrantzia daukan gai batekin: zertan aldatzen da istorio beltz bat hirian edo landa-eremuan girotzen bada? “Zer rol du espazioak eta paisaiak nobela beltzean? Bereizten ote ditugu gaur egun bi eremuak edo hibridoak bilakatu ditugu?”, galdetu dute antolatzaileek. Ana Galarragak moderatuta, bi idazleak galdera horiei erantzuten saiatuko dira ezagutzen dituzten landa-eremu eta hirietatik. 11:00etan izango da solasaldia Elizondoko Arizkunenea kultur etxean eta ondoren Erratzun bazkaria egingo dute.

Otordu hori zita berezia izaten da (H)ilbeltzan, nobela beltzaren alorrean nobedaderen bat argitaratu duten euskal idazleek bazkalostean euren liburua aurkezteko probesten baitute. Aurten Miel Anjel Elustondok Kezko bola batek itoak birikak (Txalaparta) aurkeztuko du, Baztango ekimenaren baitan martxan jarritako bekari esker idatzitako eleberria. Gainera, Edorta Jimenezek Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua aurkeztuko du eta Xabier Etxeberriak, berriz, Berriro itzuliko balitz.

“Susmagarrien gaua”-rekin amaituko da larunbata, “eguna tertulia literario eta liburu artean igaro ondoren, elkar hobeki ezagutu eta jolasean aritzeko”.

Igande goizean Arraiozen antolatu dituzte ekimenak, hango inauteriekin bat eginez: “Itzuli beltza” izena eman diote han 11:00etatik aurrera antolatu duten ekitaldiari, zeinean kontalari baten eskutik istorio bat ezagutzeko aukera izango baituten inguratuko direnek. Ipuina, istorioa eta antzerkia beren-beregi egun horretarako sortu dutela azaldu dute antolatzaileek, ilbeltzaren 20koa izango dela hura ikusteko aukera bakarra.

Astea bukatzeko, Jon Alonsok idatzitako Chandlerren alde… edo kontra irakurketa girotua egingo dute Mairu antzerki taldeak eta (H)ilbeltzako kideek, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Elizondoko Arizkunenean.

(H)ilbeltza bekaren deialdi berria

Egitarauaz gain, euskarazko nobela beltzak sustatzeko asmoa daukan (H)ilbeltza bekak ere martxan jarraitzen du. Miel Anjel Elustondo izan zen lehenbizikoaren irabazlea 2017an eta aurtengo edizioan aurkeztuko du emaitza, aurrerago esan den moduan. 2018koa berriz, Josu Baranbonesek irabazi zuen eta Patricia Highsmith idazle estatubatuarraren The Blunderer itzultzen ari da –heldu den urtean aurkeztuko dute–.

Aurtengo deialdia ez dute oraindik aurkeztuko, antolatzaileek aurreratu dutenez, normalean (H)ilbeltza pasa eta gero egiten baitute. Hala ere, idazleak animatu dituzte beren sormen-lanak aurkeztu ditzaten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal nobela beltza
Nobela beltzaz solasteko enegarren zita (H)ilbeltzaren eskutik

Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Garazi Arrula, Garazi Ugalde eta Ruper Ordorika izango dira besteak beste gonbidatu, urtarrilaren 23an hasi eta 29ra bitarte ospatuko den euskal nobela beltzaren astean, Baztanen.


2022-01-12 | ARGIA
(H)ilbeltza hemen da: ezagutu aurtengo egitaraua plano-sekuentzia bakarrean

Hilaren 24tik 30era bitartean egingo dute aurtengo (H)ilbeltza, Baztango nobela beltzaren astea. Aurtengo programazioa aurkezteko spota argitaratu dute asteazken honetan.


2021-12-22 | ARGIA
Astebeteko egitaraua dakar (H)ilbeltza jaialdiaren VIII. edizioak

Aurten ez dute nobela beltzaren asterik izan Baztanen, (H)ilbeltzaren antolatzaileek urtean zehar sakabanatu baitituzte jarduerak. Asteartean jakinarazi dutenez, baina, 2022an berriz egingo dute astebeteko (H)ilbeltza jaialdia.


Itxaro Borda
“Hizkuntza da, justuki, Amaia Ezpeldoik ikertzen duen kasurik potoloena”

Erretiroa hartzeko prest da Amaia Ezpeldoi landaguneko detektibea, emakume baten desagerpena ikertzeko eskatu diote baina. Itxaro Bordarekin bildu gara Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberriaz hitz egiteko. 


Aste honetan egingo dute Lanbro Beltza topaketaren IX. edizioa

Beste urte batez, Plentziako Udalak eta Calibre 38 aldizkari digitalak Lanbro Beltza topaketak antolatu dituzte Plentzian. Eleberri beltzaren inguruko IX. jardunaldi hauetan hainbat idazle eta adituk parte hartuko dute eguenetik zapatura, urriaren 14tik 16ra, egingo dituzte... [+]


Eguneraketa berriak daude