"Ez dugu gure sexualitatea ikusarazi behar, egiturazko indarkeriak baizik"

  • Cristina Morales Donostiara etorri zen orain dela bi aste, Literatura Mutanteak izeneko udako ikastaroan hitzaldia ematera. Ondo baino hobeto egokitzen zitzaion ekitaldiaren lema, haren azken eleberrian presentzia handia baitute tradizioz literaturarekin lotzen ez diren elementuek, hala nola fanzineek eta dantzak. Argi eta bizi mintzatu zaigu, bere liburuetan egin ohi duen bezalaxe.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Cristina Morales (Granada, 1985)

Zientzia politikoak eta Zuzenbidea ikasi zituen, baina idazketari emana bizi da. Lau eleberri eta ipuin-liburu bat idatzi ditu, eta hainbat sari eta beka jaso. Dioenez, nahiago du dantzan egin, idatzi baino, eta Iniciativa Sexual Femenina dantza taldeko kidea da.

Lectura fácil eleberriari esker ezagutu zaitut. Arrakasta handia izan du: Anagrama argitaletxeak ematen duen Herralde Saria jaso duzu, eta bost edizio argitaratu dira zortzi hilabetetan. Argitaratzeko prozesua, ordea, ez omen da erraza izan.

Seix Barral argitaletxeak eskaintza ekonomiko bat egin zidan, eta horregatik hasi nintzen liburua idazten. Nobelaren bihotzean fanzine bat dago, Yo, también quiero ser un macho, eta fanzineen estiloan idatzita dagoenez, collageak erabili ditut: zenbait testu zuzenean atera ditut komunikabideetatik, eta izen-abizenez aipatu ditut hainbat egiazko pertsona, hala nola Juan Soto Ivars, Carolin Emcke eta Pablo Pineda. Argitaletxeak eskatu zidan izenak aldatzeko, Pinedaren aurkako kritika oso gogorra zelako, eta beldur zirelako ez ote ziguten salaketa ipiniko, eta eleberria bahituko. Onartu nuen eta izena aldatu nion.

Baina ez zen hor amaitu.

Ez. Liburua inprimategian sartzear zegoela, argitaletxekoek esan zidaten beldurrak zeharo jota zeudela, eta fanzinea kendu edo osorik berridatzi behar nuela, eta instituzio kapazitisten aurka egiten nuen kritika gordina leundu. Esan zidaten eleberria babestu nahi zutela, ahalik eta ondoen atera zedin, baina nik ez nituen haien argudioak onartu. Orduan, esan zidaten azken batean fanzineak ez zirela literatura ona, eta horren aurrean planto egin nuenean, argi eta garbi esan zidaten eleberria ez zela aterako non eta ez banuen fanzinea kentzen. Zentsura horretatik ateratzeko bide bakarra neukan, eta, beraz, alde egin nuen argitaletxetik.

Azkenean, baina, atera zen liburua.

Bai, niretzat oso gogorra izan zen, baina nire agenteak eta biok aurrera egin genuen eta Herralde Sarira aurkeztu ginen. Irabazi egin nuen, eta nobela bere horretan atera zen, fanzine eta guzti. Egia da fanzinea apur bat laburtu nuela, baina ez arrazoi ideologikoengatik, baizik eta osoa sartuz gero 600 orrialdeko nobela izango zelako, eta hala izanez gero 30 eurotan saldu beharko genuelako. Eta nik ez nuen nahi hain liburu garestirik.

Hasierara etorrita, zein izan zen eleberriaren abiapuntua? Zer kontatu nahi zenuen?

Orain dela urte batzuk, Bartzelonako espazio askatu batean nengoen, Can Batllón. Bertan industria-nabe asko zeuden, nahieran erabiltzeko, eta hantxe dantzan nenbilela inprobisatzen, askatasun izugarria sentitu nuen. Askatasun hori kontatzeko gogoa piztu zitzaidan.

"Ezgai fisikotzat jotzen direnen eta ezgai intelektualtzat jotzen direnen artean lehenengoak bigarrenen gainetik jar daitezke, kode sozialaren arabera ekiteko gai baitira”

Dantzak garrantzi handia du liburuan, eta bereziki, dantza integratua delakoak.

Bartzelonan ezagutu nuen dantza integratua, gizarte-etxeetako ikastaro batzuen bidez. Hasieratik asko interesatu zitzaidan buru eta gorputz ez-normatiboekin dantza egitea –baldin eta burua eta gorputza ezberdintzeak ezertarako balio badu–, iruditzen baitzait aukera ederra eskaintzen digula dantzariei eskatzen zaigun hirutasunari ihes egiteko: edertasuna, segurtasuna eta fluidotasuna. Beraz, hala hasi nintzen askotariko jendearekin dantza egiten: garun-paralisia zeukan jendearekin, iktus bat jasandako jendearekin, gurpil-aulkian doazen pertsonekin… Ondoren, eskoletan parte hartu ez ezik, hainbat ikuskizunetan parte hartzen hasi nintzen, eta hala iritsi nintzen dantza komunitariora. Hor ez dago ezgaitzat jotako jendea bakarrik–edo, azken eufemismoa erabilita, aniztasun funtzionala duen jendea bakarrik–; aitzitik, dantza komunitarioan denetatik dago, adibidez, haurrak eta zaharrak, dantzan inoiz egin gabeko jendea…

Itxura batean behintzat, proiektu ederra dirudi, baina kritika gogorra egin diozu liburuan.

Bai, ikusi bainuen eremu horretan, non komunitatea eta gizarte kohesionatua aldarrikatzen baitziren, bada eremu horretan ere berdin gertatzen zirela espazio instituzional eta kapitalistetako indarkeriak. Bi hanken gainean gabiltzan dantzariei eta dantzari gazteei eskatzen ziguten dantzari zaharrak edo anitzak gidatzeko, haien eredu izan gintezen, halako gorputzen mugimendua ez baita dantza-mugimendu normatiboa bezalakoa. Logika horretan, muturreko egoerak sortzen ziren: adibidez, ikuskizunak iraun bitartean, kamerinoetan giltzapetzen zituzten ezgai intelektual gisa sailkatutako pertsonak, traba egiten zutelako, eta, adibidez, tokatzen ez zitzaienean sartzen zirelako oholtzara. Ezgai intelektualtzat jotakoekin gertatzen zen hori, eta azpimarratu beharra dago, zeren ezgaitasun fisikoa daukatela esaten den pertsonen kasuan, haiek gai baitira diziplinaren kodean sartzeko. Izan ere, koreografiak gauza diziplinatuak dira, batek agindu eta besteok obeditu egiten dugu. Halako gauzak ikustean, izututa geratu nintzen eta berehala egin nuen alde, eta horregatik kritikatu dut liburuan. Argi geratu zitzaidan halako proiektuen helburua ez zela denok batera dantza egitea; aitzitik, ezgaitzat jotako jendea erabiltzen zen, norbaitek integrazioaren domina jantzi zezan.

Argazkia: Dani Blanco.

Ezgai intelektual gisa sailkatutako lau emakume dira zure liburuko protagonistak: Nati, Marga, Patri eta Ángels. Lehengusuak dira eta elkarrekin bizi dira tutoretzapeko pisu batean. Nork bere kontatzeko estiloa du. Nola erabaki zenuen eleberria hala antolatzea?

Nobela Natirekin jaio zen, eta beste hiru ahotsak Natiri lagun egiteko sortu nituen hasiera batean, Natiren diskurtsoa hobeto sar dadin, zeren Natiren ahotsa oso erradikala da, garrasi betean ari da beti, eta hori asko interesatzen zitzaidan arren, ondotxo nekien harekin bakarrik ez nuela lortuko nobela izeneko produktu kultural bat, zeina burgesa baita eta oso muga argiak baititu –irakurgarria izan behar du, besteak beste–.

Eleberrian, pertsonaietako bat –Marga– antzutzeko prozesu bat abiatzen da. Horixe da liburua zeharkatzen duten beste gaietako bat.

Nik Zuzenbidea eta Zientzia politikoak ikasi nituen, eta karrerako zenbait gauza berreskuratzen aritu nintzen eleberria idaztean, adibidez, ezgaiaren figura berreskuratu nuen, zeina apenas erakutsi ziguten, eta derrigorrezko antzutzeen gaia berdin: egiturazko indarkeria da, eta ondorioz, guztiz ikusezina da! Kuriosoa da, zeren Marga da antzutu nahi dutena, eta hain justu ere, pertsonaia horrek bere desirari jarraitzen dio beti, hemen eta orain bizi da eta plazera bilatzen du, ez gatazka. Xorro-xorro ibiltzen da, nahi duena lortu baina liskarrei ihes egiteko. Eta momentu batean, Natirekin hizketan ari dela, zera esaten dio: agian antzutzearen kontu hori ez dela hain txarra, agian horrela nahi adina jo ahal izango duela larrua, eta agian zapalkuntza hori bere mesedetan erabil dezakeela.

Hori islatu nuen ez bainuen inongo moralik ezarri nahi. Eleberrian garbi agertzen da hainbat pertsonari ebakuntzak egiten zaizkiela beren baimenik gabe, eta ezin garela horrekin ados agertu, baina ez nuen inondik ere adierazi nahi antzutzea gauza txarra denik, berez. Ez nuen antzutzea deabrutu nahi, borondatezko antzutzea, jakina; leku hori aldarrikatzeko modukoa iruditzen baitzait, borondatezko amatasuna bezalaxe. Baina inor baimenik gabe antzutzea? Naziek egiten zuten hori, eta kolonizatzaileek ere bai.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen sexu-askatasuna ere bada gai arantzatsu bat, eta liburuan lantzen duzu. Gogora ekarri zidan Antonio Centenok eta Raúl de la Morenak horren inguruan egin duten dokumentala: Yes we fuck. Ikusi al duzu? Zer iruditu zaizu?

Ikusi dut, bai, eta balio handiko lana iruditzen zait, baina “baina” batzuk jarriko nizkioke. Aniztasunaren munduan, aniztasun intelektuala dago piramide sozialaren oinarrian, eta talde batean bietakoak badaude, ezgai fisikotzat jotzen direnak eta ezgai intelektualtzat jotzen direnak, bada lehenengoak bigarrenen gainetik jar daitezke, kode sozialaren arabera ekiteko gai baitira. Eta dokumentalean ere halaxe gertatzen da, ezgai intelektualtzat jotzen direnek askoz toki gutxiago daukate, eta batzuetan, haiek beren sexualitateaz hitz egiten dutenean, ikus-entzuleek barre egiten dute, ez baikara gai diskurtso hori asimilatzeko, ez dagoelako gure ohiko hizkuntza-kodearen barruan.

Dokumentalean, aniztasun funtzionala duten pertsonen sexualitate-eskubidea aldarrikatzen da, eta, horretarako, adibidez, sexu-laguntzaileen bidea aipatzen da, alegia, halako pertsonentzako sexu-zerbitzu bat egon dadila.  

Bai, eta “baina” bat jarri nahi nioke horri ere. Dokumentalean bide hori aldarrikatzen da, eta uste dut dokumentalaren zuzendariek ere sutsuki babesten dutela. Sexu-langileen antolakundeek “sexu aseptikoa” deitzen diote horri, eta aukera horrek ezberdintasun bat gehiago ezartzen du puta onaren eta puta txarraren artean, ez baitira berdinak halako lanak egiten dituena edo Camp Nou [Barcelona futbol taldearen estadioa] inguruan egoten dena. Mailak sortzen dira prostituzioaren barruan, eta are, batzuk putatzat hartzen dira eta beste batzuk ez.

Nolanahi ere, dokumentala oso erabilgarria iruditzen zait, egiturazko hainbat indarkeria ikusarazten dituelako eta orain arte mahai gainean ez zeuden eztabaidak mahai gainean ipini dituelako. Askotan esaten da, ikuspuntu positibo batetik esan ere, gure jarduna ikusarazi behar dugula, gure sexualitatea ikusarazi behar dugula… Ni kokoteraino nago horrekin; egiturazko indarkeriak ikusarazi behar dira benetan, ez daitezen gehiago egiturazko izan.

Argazkia: Dani Blanco.

Eleberrian, pertsonaien plazerean eta sexualitatean ez dago bitartekaririk.  

Ez, nahita gainera. Bi anitzek egiten dute elkarrekin txortan: Natik eta Ibrak, eta gainera, hori egiteko, zapaltzailearen tresnak baliatzen dituzte, komun egokitua hain zuzen ere. Egokitzapen unibertsalak, egokitzeko eta integratzeko printzipio unibertsalak, azkenean, sexu ez normatiborako bidea ematen du. Interesatzen zitzaidan Natiren eta Ibraren arteko jarduna ezkutuan gera zedila, hots, haientzat ez da harrotzeko zerbait, txortan egin dute eta listo.

Zure eleberriko pertsonaiek aniztasun funtzionala dute, eta zuk ez. Halako kasuen inguruan eztabaida handia ibili da azkenaldian. Zein da zure ikuspegia?

Nik ez daukat ezgaitasunik, pertsona normalizatu bat naiz, eta nik idatzi dudan nobelako pertsonaiak ez dira normatiboak. Horrek esan nahi al du nik inori ahotsa eman nahi diodanik? Jakina ezetz, ez naiz inoren bozeramaile, eta hori argi uzteko, ez dut errealitatea antzeratu, hau da, Natiren sindromea ez da benetan existitzen, eta protagonisten diskurtsoa ere guztiz eraikia da, ez dauka errealitatearen antzik. Bestalde, inoren diskurtsoaz jabetuko banintz ere, ez dut uste txarra denik berez: adibidez, gizarte-langileen diskurtsoaz jabetu naiz liburuan, nahita egin ere, agerian utzi nahi nuelako zer-nolako barrabaskeriak egiten dituzten gizarte-langileek beren presoekin; eta CUPeko militanteen diskurtsoarekin berdin, horretaz jabetu naiz dinbi-danba emateko. Baina hori ez du inork zalantzan jartzen.

Nolanahi ere, kontua AEBetatik dator. Han, idazle zuri batek pertsonaia beltzak edo marikak sortzen baditu, mugimendu oso potentea dago horren kontra, esaten duena idazle zuri hori ahotsa kentzen ari zaiola beltzei eta marikei.

Eta mugimendu hori zer iruditzen zaizu?

Guztiz perbertsoa. Hasteko, ikuspegi horren arabera, literatura pikutara doa kolpetik. Hori ez zait gaizki iruditzen, lasai asko bidal dezakegu literatura pikutara, baina beste hau bai iruditzen zait izugarria: ikuspegi horren arabera, marikek edo beltzek idatzitako literaturaren interes bakarra da beren posizio identitarioa, hau da, mundua beren esperientzia subalternotik kontatzea. Hala, ikuspegi horrek subalternoaren posizio subalternoa betikotzen du. Beltzak, agian, Napoleonen gerrei edo Sofoklesi buruz idatzi nahi du, zuk ba al dakizu!

Idaztea baino gehiago gustatzen omen zaizu dantzan egitea. Iniciativa Sexual Femenina taldeko kidea zara.

Hiru dantzarik osatzen dugu taldea, dantzari normalizatuak gara, baina desnormalizazioa bilatzen dugu. Talde berri samarra da, eta pieza bakarra egin dugu: Catalina. Egia esan, oso loturik dago Lectura fácil eleberriarekin. Eszena batean, Marga badoa mahaia jartzera, eta horretan ari dela mahaiaren ertza aluan sartu eta masturbatzen hasten da. Orduan, taldeko hiru kideok hori lantzen hasi ginen. Ezgaitasun intelektuala daukaten pertsonez uste da bereziki lizunak direla, bereziki sexualak, are, gizonen kasuan uste da bortxatzaileak direla, ez direla gai beren sexu-grina kontrolatzeko; guk, orduan, super sexualizatutako subjektu hori normalizatu beharrean, erabaki genuen gu ere igarotzea halako super sexualizatze prozesu batetik, piezan balioa izan dezala, ez dadila baliorik gabeko zerbait izan, eta hortaz, mahaiaren kontra igurzten gara.

Pieza hori erakusten al zabiltzate?

Bai, itzela litzateke Euskal Herrira etorri ahal izatea. Hurrengo ekitaldia Terrassan egingo dugu, irailaren 28an, TNT jaialdian. Gonbidatuta zaudete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (II)
Zer diosku kilkerrak belarrira?

Uxue Alberdiren ibilbide literarioa aztertu genuen aurreko artikuluan. Helduen prosazko literaturaz aritu ginen orduan, eta gaurkoan, liburu hibridoez arituko gara, album ilustratuez, bertso ilustratuez eta komikiez. Sarritan, helduak aurreiritziei emanda bizi gara eta, material... [+]


Gure ardura

Emazteen eskubideen aldeko egunaren bezperan idazten ari naizenez zutabe hau, zenbait gogoeta heldu zaizkit burura. Aitzinamendurik izan dela ez da dudarik (azkenetarik izan daiteke Frantziako Gobernuak abortua konstituzioan sarrarazteko erabakia), baina kezkatzekoa ere badugu,... [+]


Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


Beldurra gogoko

Beldurrak airean
Aitor Arana
Ibaizabal, 2023

--------------------------------------------------

Zazpi ipuinek osatzen dute Aitor Aranak gazteentzako idatzi duen liburu hau. Ugaria eta ezaguna da Aranaren produkzioa; 125 liburutik gora idatzi ditu, horietako zenbait... [+]


2024-03-17 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


Eguneraketa berriak daude