“Ezin dugu prekaritateaz hitz egin metafora ulertezinekin”

  • Ane Zubeldiak (Hondarribia, 1994) eta Eider Adeletxek (Pasaia, 1995) osatzen dute Mejillon Tigre kolektiboa. 2016tik 2019ra Autobiographikal saioa egin zuten, hainbat emakume poeten lanak biltzen zituen zuzenekoa; eta ordutik beste hainbat proiektu ere egin dituzte bakarka. Azken bi urte eta erdian Hitz Esana emanaldia eskaini dute herriz herri, eta azken saioa egin zuten maiatzaren 31n, Hendaiako Borderline Fabrikan. Euskarara ekarri dute ingelesezko spoken word terminoa, eta zuzenekoetarako eta oholtzarako idatzitako poesia landu dute elkarrekin. Bidean ezaguturiko lagunak ere izan dituzte alboan.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jaialdi berezia egin zenuten amaitzeko: emanaldia, gonbidatuak, festa…
Ane Zubeldia:
Zortea dugu, lagunak gure lana ikustera eta txalotzera etortzea kulturalki onartua dagoelako. Ez gara joaten lagun irakasleen klaseetara esatera zeinen ondo egiten duten.

Eider Adeletx: Babestu gaituen jendeari eskerrak eman nahi genizkion, askotan babes hori egintzat jotzen delako. Emanaldietara etorri direnei, ezagutu ditugunei... Beste poeta batzuk ere gonbidatu genituen: Aimar Uribesalgo, Pomada banda, Xomorrolerk, Iñigo Satrustegi, Eider Beobide eta Maria Oses. Sarea badago, eta omenaldi bat egin nahi genion diziplinari berari ere, hitz esanari, edo literatura biziari.

Sarea gero eta handiagoa da? Gero eta jende gehiago ari da hitz esana edo antzeko ereduak probatzen?
Zubeldia: Ez dakit orain gehiago dauden, edo orain gehiago ezagutzen ditugun; baina baietz esango nuke. Diziplina bezala identifikatu da, eta bereizi da poesia eredu klasikotik. Giroan ikusten da: errezitaldi klasikoetatik urruntzen diren ereduak ari dira nagusitzen. Programatzaileek ere interesa erakutsi dute.

Adeletx: Monologoek ere hartu dute indarra azkenaldian. Hitz esanarekin, eta oro har, gorputza gehiago agertzearekin beste espazio bat sortu da. Poesiaren munduan hor nonbait bazegoen errezitatzeko edo komunikatzeko molde bat, eta hori erabili dugu gure erara, ahotsa eta gorputzari garrantzia handia emanda.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Ez zarete agian lehenak euskaraz hitz esana egiten, baina izen hori zeuek jarri diozue. Zer da?
Zubeldia: Batzuetan sentitzen genuen poesia emanaldiak ez zitzaizkigula nahi beste iristen, gu oso poesia zale izanda ere. Horrekin ez dugu esan nahi besteek egindakoa gaizki zegoenik, baina bai iruditzen zitzaigun komunikatzeko gaitasuna falta zela. Eta hitz esanak hori du. Jatorriz spoken word da; esana izateko egina den poesia molde bat, zuzenekorako. Deklamazioak, esateko moduek, errimak eta gorputzak hartzen dute garrantzia handiagoa.

Adeletx: Baita gaiek ere. Soziopolitikoak dira normalean. Aurretik poesia egiten genuen, bere esanahirik ohikoenean, eta errezeloa genuen zerbait ez ginela guztiz kokatzen ari. Proesia hitza erabiltzen genuen, prosatik zuelako… Gure buruari galdetzen hasi ginen zer egin nahi genuen, agian ez zelako liburuetan gertatzen egin nahi genuen poesia moldea. Ikertzen hasi ginen eta spoken word-a ezagutu genuen. Eta hori zen: horrela errezitatu nahi genuen, eredu horrek eskaintzen dituen baliabideekin. Hitza euskarara ekarri genuen eta eroso sentitzen ginen hori egiten genuela esaten. Emanaldi honekin lortu dugun gure lekua topatzea gure sortzeko moduetan.

Testu edo hitz idatzietatik abiatzen zarete poemak sortzeko, edo ahozkotik?
Adeletx: Sortzen dugunean, hitzean baino gehiago, ahozkotasunean pentsatzen dugu. Gidoigintzara eta bakarrizketara jotzen dudala esango nuke. Jende aurrean foku bat izango banu, esan nahi dudana nola esango nukeen pentsatzen dut.

Zubeldia: Hainbat diziplinatan ari gara, eta ikasi dugu identifikatzen zer gai joan behar den hitz esanean eta zer izan behar den beste mota bateko zerbait, poema edo ipuin bat. Hitz esanak bitartekari lana egiteko aukera ematen dizu.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zer dauka eszenikotik? Zer garrantzia dute hitzek, eta zer gorputzak?
Zubeldia: Garrantzi handia daukana da nork hitz egiten duen. Guk argi izan dugu, adibidez, ez genuela hitz egingo lehenengo pertsonan potentzialki gure gorputzei gertatu ezin zitzaizkien gauzez. Hau da, ez genuela gorpuztuko, adibidez, pertsona migratzaile bat. Halakoei buruzkoak egin nahi izan ditugunean, jaialdiren batean eskatu digutelako, beste poeta batzuen testuak itzuli ditugu, eta hala egiten ari garela azaldu. Hori ere bada gorpuztea. Poesia errezitaldi ohikoagoetan ere gorputz bat dago errezitatzen, baina nire sentsazioa da askotan ahaztu egiten dela gorputza hor dagoela eta gorputz hori ari dela gauzak esaten, ez beste bat.

Adeletx: Errezitatzaileak gidari lana egiten du: ahotsa erabili, bolumena igo, jaitsi, pertsona bati zuzenean begiratu, gorputz oldarkorra edo zaurgarria jarri... Hori hitzaren osagarria da; oso potentea den zerbait gehitzen dio. Ironia paperean ez da agertzen, adibidez, ez bada oso esplizitua. Ahotsak eta gorputzak poesia gorpuzten dute, eta guztiz transformatu dezakete. 

"Gure buruari galdetzen hasi ginen zer egin nahi genuen, agian ez zelako liburuetan gertatzen egin nahi genuen poesia moldea"

Zubeldia: Are gehiago, testuak eraldatzen joan dira, eta egunaren arabera edo gure aldartearen arabera testu bera ezberdin bihurtu daiteke. Gorputza ez dago egunero berdin, eta hori horrela da, guk nahi gabe ere.

Zuzenekoaz gain, bat-batekoa ere bada orduan, neurri batean.
Zubeldia: Bai. Testuak moldatzen ditugu lekuaren arabera, edo pertsona batek ez dakit zer egin duelako, edo telefono batek jo…

Adeletx: Espazioak ere eragiten du. Jai giroak, adibidez, ez dira erosoak normalean, poesiak arreta behar duelako. Ez gara animatzaile soziokulturalak. Gure hitzek grazia edo negargura eragin arren, kontzentrazioa eskatzen du. Baina jai batzuetan oso giro berezia sortu da. Sortzen denaren parte bat bat-batekoa da, efimeroa.

Autobiographikal-etik Hitz Esan-era, soiltasunera jo duzue, entzuleen arreta zuenganatzeko elementu gutxiago erabiltzera. Ikasketa prozesuaren parte izan da?
Adeletx: Ez dugu inoren arreta geureganatu behar. Hitza nahikoa da, hitz soila. Eta gero gorputza, noski. Errebelazio bat izan zen. Gaur egun su artifizial etengabeak sustatzen dira, eta testuinguru horretan aldarrikapena ere bada “entzun” esatea. Entzun eta ikusi hasieratik bukaerara. Eta listo, hori da dena. Horren sinplea dirudi, horren zaila da batzuetan.

Zubeldia: Hor ere bilatu dugu oreka. Ez dugu egin nahi ulertuko ez den poemarik, baina entzuleak adi egon behar du ulertzeko. Ezin da dena etengabe murtxikatua eman, ezin da etengabe pop kanta bat egin. Soiltzera ere egin dugu. Hasieran klake zapatak, gitarra, antzerkia… Gero konturatu ginen poemek ez zutela hori behar, eta ikusleak eskertu egiten du adi egoteko ahalegina egin izana. Ezin dugu saiatu ikus-entzunezkoek bezala arreta geureganatzen, beste zerbait delako. Oholtza gaineko literaturak edo eszenikoek orokorrean, gaur egun, eskaini dezaketena denbora tarte bat da ikus-entzunezkoetatik urrun.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Spoken word-ean gai sozial eta politikoak erabili ohi direla esan duzue. Zuentzako gai mota hori jorratzea hautua dela esango zenukete?
Adeletx: Ezinegonak aurretik zeuden, eta hortik abiatuta gai zerrenda egin genuen.

Zubeldia: Gai batzuek asko sutzen gaituzte, baina ez zuten balio idatzizko poema formal baterako. Astunegi geratzen zen, edo panfletoegi. Ez gaude panfletarismoaren kontra, baina momentu jakin batzuetarako dira; desberdinak dira manifestazio baten bukaerako testua, edo iritzi zutabe batekoa, album ilustratu, poema liburu batekoa… Bakoitzak bere estiloa eta funtzioa ditu. Guk gai horiei buruz hitz egin nahi genuen jendeari iristeko modu batean, konektatzeko. Etxebizitzari buruzko poeman, adibidez, akumulazio hitza erabili dugu, eta funtzionatzen du beste era batera esateko nazkatuta gaudela etxebizitzaren prezioarekin eta egoerarekin. Esplizituki nazkatuta gaudela esateak baino hobeto funtzionatzen du, hori horrela beste toki batzuetan esaten delako, eta esan behar delako. Baina horrelako emanaldi batean beste era batera esan behar da, helburu berdinarekin.

Poemek komunikatzeko gaitasuna izan behar dutela esan duzue. Nola hitz egin gai politikoez eta konplexuez modu zuzenean, literaturatik?
Zubeldia: Umorea izan da tresna nagusia. Elementu arruntak, komunak, edo jende gehienak bizi dituenak hartu ditugu askotan. Adibidez, Ikeako mahai bat. Nork ez du Ikeako mahai bat etxean? Eta nork ez luke nahiago gereziondozkoa, baina ezin du erosi? Gure artean edo lagunekin izandako elkarrizketetatik ere atera dira poema asko, informaltasunetik eta ahozkotik. Zerbait idatzi dugunerako, askotan, gure arteko bromak izan dira lehenago. Eta beste plano batean, ikusleak ematen die konplexutasuna bere bizipenetatik gauza sinpleei. Onena da jendea etorri denean emanaldi ostean esatera hitzak jarri dizkiogula aspalditik izan duen sentsazio bati, edo nola esan ez zekien zerbaiti.

Adeletx: Emanaldiko testuak, zehazki, landuta daude gaiei zeharka edo ezohiko bideetatik heltzeko. Nola esan zerbait umeen sexu abusuez, heteronormaz, turismoaz edo etorkizunaz, eta entzulearengan eragin ukigarria izan? Guretzako beste nonbaitetik iristen asmatzea da magia, jolasa eta efektua sortzea dira gure helburua, eta ez horrenbeste panfletoa edo diskurtsoa. Sentsazioak, uneak, irudiak eta katarsiak bilatzen ditugu. Hala ere, zuzenak ere bagara hizketan. Ezin dugu prekarietateaz hitz egin metafora ulertezinekin, prekarietatea salatu nahi badugu. Mezu edo sentsazio irisgarriak bilatzen ditugu, eta ondorioz hizkuntza ere bai, ahozkotasunetik eta entzulearen ulermenetik gertu kokatzen dugu. Eta gorputzak eta espresio molde horrek asko laguntzen du edukia edo emozioa irisgarri egiten. Edonola ere, ahozkotasuna aipatu dugula, kasu guztietan hizkuntzarekiko arduraz egin behar dela uste dut. Ez gaude, adibidez, euskañola arduragabekeriaz erabiltzearen alde. Sinisten dugu malgutasunean, ahozkotasunera hurbildu behar garela, hitz ulertezinetan gelditu gabe. Baina hizkuntza zabaldu nahi badugu idazketan, errespetua zor diogu. 

"Hizkuntza hedatzen dugun heinean, bete-betean dagokigu posizio bat hartzea"

Arduraz jokatu behar dela uste duzue? Hizkuntza komunikagarria egin eta ahozkotasunera hurbildu nahi izateak, badirudi, gure egoera soziolinguistikoan gaztelaniaz egiteko joera dakarrela.
Adeletx: Zaila egin zait muga horretan ibiltzea, eta sufritu ere egin dut horrekin momentu batzuetan. Badakit nire erreferenteek, eta ez soilik erreferente kulturalek, nola transmititu diguten hizkuntza, nola ireki dituzten bide berriak eta nolako ahalegina egin duten irisgarri egiteko. Gaur eguneko idazle edo abeslari askok ere bai. Guk ere nahi dugu hizkuntza modu apurtzailean erabili, eta ahozkotasunera hurbiltzen, termino berrietan igeri egiten, gaztelaniara jotzeko arriskua hor daukagu. Gure emanaldietan ere egin ditugu halako gauzak: gaztelania erabiltzea grazia egin nahi izateko, adibidez. Gero, kanpotik ikusita… Horrek ez gaitu konbentzitzen. Saiakerak egin ditugu hizkuntzarekin, hizkeren laborategi bizi bat da ahozkotasunetik idaztearena. Batzuetan gustura gaude atera denarekin, beste batzuetan ez, eta horrela ikasi dugu. Hanka sartu daiteke bidean, baina kontua da egiten ditugun saiakeretan euskararekiko ardura dagoen edo ez. Auzi hau oso garrantzitsua da, zeren joera ez dago oso argi gaur egungo proposamen kulturaletan, eta kultura gizartearen isla da. Ni, pertsonalki, oso arduratuta nago eta atera beharreko gaia iruditzen zait. Hizkuntza hedatzen dugun heinean bete-betean dagokigu posizio bat hartzea. Kontua da “horrela hitz egiten dut” esatea ez dela nahikoa; kontua da zer egingo duzun “horrela hitz egiten dut” eta “zer eta nola esan edo eman nahi dut” horien artean.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Irratira ere egin duzue salto, eta horren bitartez, agian espero gabe, sare sozialetan ere bazaudete. Eragin dizue sareen dinamikak? Baldintzatu ditu poemak?
Zubeldia:
Bai, eta irratiko bidea ere bukatutzat eman dugu orain, Hitz Esana bukatzearekin batera. Oso eskertuta gaude, asko zaindu gaituzte. Baina aho biko labana ere izan da nahi izatea, alde batetik, poemek eragina izatea –eta eragina kasu honetan zenbakietan neurtzen da, like eta bisualizazioetan–, eta, aldi berean, norbere buruaren esposizioa, eta jakitea gai batzuek egurra eman diezazuketela bueltan. Esaten dena hor gelditzen da eta ez duzu kontrolatzen nora iritsiko den, edo nola jasoko. Presioa ere eragin digu, uneoro dakizkigu poema bakoitzaren estatistikak. Gainera, oso argi identifikatu dugu sareetan zerk funtzionatzen duen eta zerk ez.

Nolako poesiak funtzionatzen du sare sozialetan?
Zubeldia: Errazkeriek, eguneroko bizitzak eta gai oso emozionalek.

Adeletx: Jendeak entzun nahi duena esateak. Deserosoa ez denak. Ni-tik gu-ra idazten dugu normalean, esperientzia pertsonaletik gu-ra zuzenduta. Baina gu asko daude. Gauza batzuk sinpleki jende gehiagok bizi izan ditu; adibidez, aitona-amonei buruz hitz egiten baduzu jende gehiagori iritsiko zaio. Irratira horrelako gaiekin joan behar duzu. Beste gauza bat: lehen 30 segundoetan esaten duzun horretan clickbait-a ez badago, jendeak ez du ikusten. Ez dugu clickbait-ik egin nahi, baina konturatu gara hasieran deklamazio modukorik ez badago, gantxorik ez badago, bideoa pasa egiten dela. Batzuetan gure politikaren aurkako gauzak egiten ikusi dugu gure burua. 

"Ezin da dena etengabe murtxikatua eman, ezin da etengabe pop kanta bat egin"

Zubeldia: Argi ikusi dut poema batzuek, nire gustukoagoak, bigarren edo hirugarren kapa bat zutenak, ez dutela sareetan horren ondo funtzionatu. Konplexutasun maila igotzeak zuzenekoan funtzionatzen du, baina sareetan ematen du ezetz. Iritzia emateari dagokionez, sare sozialetan zaila egiten zaigu polarizazio sinpleak ekiditea eta konplexutasuna ematea gaiei.

Adeletx: Egon daitezkeen esperientzia eta iritzien artean bat da gurea, bizipen propio bat. Ez dugu ezer absoluturik esan nahi. Poesiak hori biltzeko balio du. Bideoek badute alde on bat: jende askori iritsi zaizkio batzuk, baita inoiz poesia iritsi ez zaion jende bati ere; esaterako, erdaraz egiten duten herriko gazteek bidali dizkidate. Baina, bestalde, konturatu gara beti ez dugula zerbait esateko. Irratiaren erritmoan, astero edo bi astean behin ezin da esateko zerbait izan, eta gainera modu honetan landua. Eta esateagatik esateko, agian hobeto atsedena hartu. Jakin behar da isiltzen. 

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Eta hemendik aurrera zer? Zer asmo dituzue?
Zubeldia:
Atseden hartu pixka batean, eta gero beste zerbait egin. Ez dakigu zuzenekoa izango den edo ez. Mejillon Tigre plataforma bat da guretzako nahi duguna egiteko. Askatasun handia eman digu; emakume gazte bezala sentitu izan dugu gure ahotsa gogortu beharra, serio hartu gaitzaten. Honekin askatu egin gara nolabait eta beste gauza batzuk egiteko lasaitasuna ere eman digu.

Adeletx: Sentitu dugu inork ezin zigula esan “horrela ez”, zeren, hain justu, guk nahi genuena egin dugu eta funtzionatu du. Izena jartzean jada ez gara Ane eta Eider, Mejillon Tigre gara, eta gu atera eta sartu egin gaitezke Mejillon Tigretik. Espazio bat sortu dugu eta horren barruan nahi duguna egin dezakegu orain.

/// IKUSI ///

Duela urtebete, Amillubiren festa egun batean, ARGIAk Mejillon Tigre kolektiboaren saioa filmatu zuen. Egileek hala eskatuta, artxiboa gordeta eduki du ARGIAk, eta orain, berriz ere haiekin hitz eginda, printzipioz emanaldi gehiago egingo ez dituztelako, bideo hura argitaratzea erabaki da. 

Jarraitu esteka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2025-08-04 | Behe Banda
Kale estuak dituzten hiriak

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]


Miren Agur Meabe
“Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera”

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


2025-08-01 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Gu, jende berria, jende zaharra

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022

-----------------------------------------------------

Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Kontalaritza eskola
Ofizio bat, transmititu eta eraberritzeko

2024an sortu zuten Kontalaritza Eskolari buruz hitz egiteko elkartu gara Ane Gebara, Ane Arrugaeta eta Itziar Rekalde ipuin kontalariekin. Kontalaritzaren izaera artistikoaz, bat-batekotasunaz, formakuntzaz, emanaldiez eta abarrez mintzatu dira. Besteak beste, eskolak eman dien... [+]


Negu gorrirako ipuina

Carmilla
J. T. Sheridan Le Fanu
Itzulpena: maialen berasategi
Erein, 2025

------------------------------------------------------------------------

Literatura unibertsala bilduman argitaratu berri dute J. T. Sheridan Le Fanu irlandarraren 1872ko Carmilla. Maialen... [+]


2025-07-21 | Behe Banda
barra warroak
Berritu ala hil

Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.

Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean... [+]


Bizitzaz eta beste

Agur Karibu
Marian Porcel
Elkar, 2025

---------------------------------------------------------------------
 
Zaila da nobela hau definitzea, abenturazkoa da, iniziatikoa, filosofikoa, ekologista; baina horiek baino gehiago, edo horien guztien ondorioz, nobela... [+]

Atera daitezela herriko plazara

Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


Agustin Kardaberaz
‘Euskararen berri onak’: dagoenean dale, ez dagoenean bale

Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]


Eguneraketa berriak daude