Azoka-eguna da Errenterian, eta bizi-bizi dago zumardia. Ingurua ondo ezagutzen du Uzuri Aboitizek, herri horretan 2008ko krisiak zer-nolako eragina izan zuen aztertu baitzuen bere tesian. Antropologoa da, eta antropologo-begiradaz erreparatzen dio ekonomiari: behetik, egunerokotik.
Gizarte-antropologian doktorea da, eta ekonomia aztertzen du, behetik gora eta ikuspegi feministatik. Elkarrizketan aipatutakoez aparte, Ordiziako azoka aztertu du, eta gaur egun Eusko Jaurlaritzako doktoretza-osteko ikerlaria da Mexikon, kreditu-merkatuen eta genero-desberdinkerien arteko elkar loturak aztertzen. Bertan dabil zorpetutako emakumeekin landa-lana egiten.
2017-2018an Errenterian bizi izan zinen, 2008ko finantza-krisiak eta osteko austeritate politikek jende arruntarengan izan zuten eragina aztertu nahian. Nolatan?
Garai horretan, 2017aren bueltan, austeritate-politikak, teorian behintzat, amaitzen ari ziren, eta horiek izan zuten inpaktua ikertu nahi nuen tesian. Garai horretako erretorika nagusia zen “gure aukeren gainetik bizi izan ginela”. Jakin nahi nuen ea krisiak eta austeritate-politikek eraginik al zuten bizitzaz espero dugun horretan. Bizitza proiektatzeko moduak aldatu dira? Bizitza onaren ulerkera –bizitza ontzat zer hartzen den– aldatu da? Eta hala bada, belaunaldi desberdinetako talde domestikoek zer egin dute austeritatearen testuinguruan bizia aurrera ateratzeko eta beraien ustez ona edo duina den bizitza bat izateko?
Zergatik herri hau?
Bere garaian, Errenteria eta haren antzeko gotorleku industrialak epe luzerako koiuntura baten arabera egituratu ziren (1950-1980): horren barruan, gizonek lan egonkorra zuten, eta diru-sarrerak eta pentsio kontributiboa izateko eskubidea jasotzen zuten. Koiuntura horrek familia-egitura jakin batzuk bultzatu zituen, genero-ardura guztiz ezberdinduekin –emakumeak haurren, senarren, eta gurasoen zaintzaile, lan-merkatuan zuten parte-hartzea edozein izanik ere, eta gizonak, berriz, familiaren buru–. Hala, familia gazteak autonomoak izan ziren beren aurreko belaunaldiarekiko, goranzko kontsumo materiala izan zuten, eta etorkizunaren eta bizitza-zikloen gaineko ikuspegi neurri batean seguru bat. Horrek guztiak aurrerapen ekonomiko geraezinaren esperientzia tenporala ekarri zuen.
Krisiaren ostean, baina, argi ikusi zen bizi-proiektu fordista horiek jada ezin zirela erreproduzitu, bereziki belaunaldi berrien kasuan, ozta-ozta iristen dira-eta hilaren amaierara. Hala, desberdinkeria ekonomikoak belaunaldi-talken moduan adierazten dira. Eta hori oso argi ikusten da Errenterian.
"Antropologiatik ekonomia aztertzen dugunean, prozesu ekonomiko arruntak interesatzen zaizkigu, zer egiten duen jendeak bizitzeko, ondo bizitzeko eta hobeto bizitzeko"
Ekonomia aztertzen duzu, eta antropologoa zara.
Antropologiatik ekonomia aztertzen dugunean, prozesu ekonomiko arruntak interesatzen zaizkigu, zer egiten duen jendeak bizitzeko, ondo bizitzeko eta hobeto bizitzeko. Eta hori behatzen duzunean behetik, konturatzen zara jendeak normalean ez duela pentsatzen modelo ekonomikoak esaten digun moduko kontzeptuekin –adibidez, erabilera marjinalaren arabera–, baizik eta bestelako termino batzuen arabera: etxebizitza bat eduki, ezustekoetarako aurreztu eta haurrak eskolara bidali. Azken batean, hauxe da helburua: bizibidea ateratzea eta merezi duen bizitza bat izatea bai guk bai maite ditugunek.
Alde horretatik, bizitzak aurrera ateratzeko estrategiek beti daukate zerikusia bizitza onari buruz dugun ulerkerarekin. Eta antropologiak esaten duena da horiek ez direla balio ekonomikoak, baizik eta sozialak. Jendeak, unibertsitatera doanean edo etxe bat erosten duenean, kontsiderazio sozial batzuk hartzen ditu kontuan: zerk bihurtzen duen pertsona bat materialki eta sinbolikoki baliotsu kontestu batean. Ekonomia hori dela ulertzen dugu antropologiatik, eta begiratzen badugu zer dagoen praktika ekonomikoen atzean, askotan ikusten dugu obligazio moralak baino ez daudela: jendea saiatzen da senideei ongizatea ematen, seme-alabei aukerak ematen…
Etxeek, hala ere, merkatu-balioa ere badute.
Etxea erostearen balio sozialak sistema kapitalista baten iruditegiaren barruan hartzen du zentzua, noski. Egile batzuen arabera, etorkizun hobe bat eraiki nahi izatea gizateriaren ezaugarri bat da, baina gero hori edukiz zelan betetzen den aldatu egiten da kulturalki eta ekonomikoki. Gure gizartean, bizitza hobe hori ulertu da gorabide sozial eta aurrerabide material gisa. Orduan gure bizitza-estrategiak ere horrekin lotuta doaz.
Gure eguneroko praktikek etorkizun bat eraikitzea daukate helburu, baina, aldi berean, etorkizunaren inguruko ideiek gure eguneroko praktiketan eragiten dute, halako joan-etorri batean, eta horretan krisiak desdoitze bat dakar, momentuko baldintza materialek ez dutelako ahalbidetzen zure bizi-proiektua gidatzen duten zeruertzak gauzatzerik. Haustura bat gertatzen da asmoetan, espektatibetan eta esanahietan. Horregatik nahi nuen ikertu Errenteriako krisia. Desdoitze bat ematen zelako eta jendeak derrepente ez zuelako ulertzen, ez zekielako zer egin.
Zer esan zizuten hona heldu zinenean?
Jendeak esaten zidan benetako krisia 1980ko hamarkadakoa izan zela. Momentu batez pentsatu nuen agian 2008ko krisia ez zela hainbesterako izan, agian egia zela euskal oasiarena. Gero konturatu nintzen ezetz, beste zerbait esaten ari zitzaizkidala: betidanik zeudela krisian, edo hobeto esanda, 1980ko hamarkadatik zeudela krisian.
Errenteriako herritarrek 1980ko hamarkadako krisiaren memoria berraktibatu zuten, eta horren baitan ulertu zuten 2008ko krisia modu kritiko batean. Zalantzan jarri zuten krisiaren gaineko irakurketa hegemonikoa, hots, krisia salbuespen bat dela, porrot moralaren emaitza, austeritatea dela horren sendagaia, eta zera adierazten zuten: 2008ko krisia 1980ko krisiaren jarraipena zela, egiturazko kausak zituela eta austeritatea tranpa bat zela. Are gehiago, 1980ko hamarkadako birmoldaketa politikak eta austeritate politikak marko berdinean ulertzera heldu ziren. Birmoldaketa politikak Europan sartzeko prezioa izan ziren, eta horrek ekarri zuen industria guztiaren plantillen suntsiketa. Eta esaten zuten: austeritate politikak ere horixe dira. Ez dira ekonomia hobetzeko; beste desmantelamendu bat dira, kapitalaren ziklo berri bati ekiteko.
Nola bideratu zen 1980koa?
Herri honetan krisi sakon-sakon bat gertatu zen 1980ko hamarkadatik 2000ko hamarkadara arte, % 30eko langabeziarekin-eta. Borroka askoren ondoren, garaian eman zitzaion soluzio bat izan zen Europako funts pila bat jasotzea, jende pila bat aurrejubilatzea eta horrela zona baketzea. Lan-aukerarik eza orokortu egin zen, harik eta, pixkana-pixkana, zerbitzu eta logistikako enpresa berriak emakume eta gazteentzako lan aukerak eskaintzen hasi ziren arte. Hala ere, enplegu prekario eta ezegonkorrak ziren gehienbat.
"Testuinguru horretan familiak eutsi dio krisiari eta gazteen lan-aukera prekarizatuei, familiarengatik ez da jende gehiago erori eta familiarengatik sortu da krisirik egon ez delako sentsazio hori"
Eta gero?
2000ko hamarkadako higiezinen burbuilarekin eta kreditu errazaren zabalkundearekin, 30 urteko ingurukoen etxebizitza-unitateak, bi soldata bazituzten, hipoteka-maileguak eta kontsumo-kredituak hartzera bultzatu zituzten. Horrek itxurazko autonomia-sentipen bat eragin zien: ematen zuen beren bizi-proiektuak gara zitzaketela, soldata baxuak izan arren, baina, aldi berean, belaunaldi guztiz zorpetu bat sortu zen. Eta 2008ko eztandarekin ispilukeria hautsi zen.
Austeritate-politikekin.
Austeritate-politiken ezarpenak erakusten du amaitu dela paktu fordista-keynesiarra –garai batean zin egin zuena belaunalditik belaunaldira bizitza hobetzea ahalbidetuko zuela–. Tesian esaten dudan gauza bat da bizitza aurrera ateratzeko beharrezko bitartekoen krisia 1980ko hamarkadatik hasten dela, baina 2008tik aurrera bizi-espektatiben krisi bat sortzen dela, gero eta agerikoagoa, eta jendea ohartzen dela ez dela belaunaldien arteko hobekuntza hori gertatuko; are gehiago, atzeraldi-dinamika bat gertatuko dela: “Gurasoak baino okerrago biziko gara”.
Belaunaldi horretakoak gara biok.
Ni 2008. urtean hasi nintzen antropologia ikasten Bartzelonan, eta gogoratzen naiz zelan aldatu ziren familiako konbertsazioak. Horren aurretik esaten ziguten pribilegiatuak ginela –bidaiatu, lanez aldatu nahieran, ez dakit zer–, eta, bat-batean, bazkalostean etxean entzuten nuen: “Etorkizun gogorragoa izango duzue”. Aldaketa bat gertatu zen hor, eta desengainu bat. Gure gurasoen belaunaldiarentzat oso garrantzitsua izan zen lanaren etika, hau da, enpleguan zein etxean egindako esfortzu eta sakrifizioek sari bat ekarriko zutela etorkizunean. Baina lanaren etikak jada ez du bizitza hobeagorik bermatzen, eta horrek noraeza dakar.
Oraingo belaunaldiak segurtasun gabezia ontologiko bat bizi du, ez dauzka ziurtatuta bizitza bat proiektatzeko medioak. Hori kuriosoa da termino historikoetan eta kulturaletan pentsatzen badugu, zeren “ziurtasunik ez” hori izan da nagusi leku gehienetan eta denbora historikoaren gehiengoan. Baina gure aurreko hiru belaunaldietan ez. Orduan, guretzat, haustura bat bezalakoa da.
Zein izan ziren Errenteriako jendearen estrategiak, austeritate-politiken aurrean?
Hiru estrategia nagusi topatu nituen. Bat, elkartasun familiarra: familiara buelta handi bat, eta belaunaldien arteko laguntza eta mendekotasuna familian bertan; bi, laguntza sozialekiko mendekotasuna; eta hiru, estrategia finantzarioak, pentsio pribatuetatik hasi eta zorpetzera.
"Ekoizpenean oinarritutako ekonomia desagertzeak eta finantzak agintzeak esan nahi du lana garrantzitsua ez den gizarte baterantz goazela, eta, beraz, pertsonak garrantzitsuak ez diren gizarte baterantz goazela"
Familiaren horretan sakonduko zenuke?
Hiri industrial hauetan familiara jotzea nahiko egingarria izan zen: aurreko belaunaldiko asko eta asko, batez ere industrian lan egin zuten gizonak, aurrejubilatuta zeuden, kalte-ordainak jaso zituzten, pentsio erdi-altuak zituzten, eta askok hipotekarik gabe zeukaten etxea. Testuinguru horretan familiak eutsi dio krisiari eta gazteen lan-aukera prekarizatuei, familiarengatik ez da jende gehiago erori eta familiarengatik sortu da krisirik egon ez delako sentsazio hori. Asko eta asko dira, lana izan arren, emantzipatu ezin diren gazteak, edo helduaroan gurasoen etxera bueltatu direnak ezin direlako hil amaierara heldu, haien bigarren etxeetan bizi direnak edo gradu batean edo bestean gurasoen pentsioen eta bizitzan emandako herentziaren mendeko direnak. Aldi berean, familia oso erabilgarria izan da prekarizazio-prozesuak eramateko. Enpresek ahal izan dituzte soldatak jaitsi, familiaren errekurtsoarekin konpentsatzen zirelako.
Familiaren laguntza, finean, faktore guztiz garrantzitsua izan da honetan guztian.
Tentsio sozialaren gorakada eta kolapso ekonomiko zein politikoa baretzeko balio luke. Harritzekoa da gai hori, familia-sareen eta krisiaren testuinguruaren arteko loturena, modu esplizituan gehiago landu ez izana. Funtsezko erakunde ekonomikoa da familia, eta desberdinkeria- eta bazterketa-iturri nagusietako bat ere bai, baliabideetara heltzeko modu pribilegiatuak sortzen ditu eta. Oso problematikoa da hori, aldaketa sakon bat gertatu da-eta langile-klaseen artean bizitza aurrera ateratzeko borrokei dagokienez: lehen, lanaren eta eskubideen aldeko borrokak ziren; orain, berriz, familiaren “mikro-errentekin” lotuta daude. Gainera, lehen esan dudan moduan, desberdinkeriak nolabaiteko belaunaldi talka baten itxura hartu du, baina pixka bat tranpatia da hori, hor dagoelako familia, eta beraz belaunaldi berdinaren barruan ere desberdinkeria handiak daude, baldin eta familiaren aberastasunerako sarbide pribilegiatua badaukazu.
"Gero eta belaunaldi edo langile-klase debaluatuagoa badaukagu, belaunaldi debaluatu batek sozialki eta pertsonalki eraldatu ahal ditu esplotazio-egiturak?"
Ez da konponbide kolektibo bat.
Familiara jotze hau politikoki kuestionagarria izateaz gain, ez da oso bideragarria luzera begira: orain ari gara salbatzen belaunaldi bat edo bi elkartasun familiar horrekin, eta ez guztiok hala ere, baina pentsioak okertzen badoaz eta prekarizazio-prozesuek aurrera jarraitzen badute, askok ezin izango diote horri eutsi, eta beste krisi bat bistaratuko da.
Horren guztiaren harira, azpimarratu dezakezu ondorioren bat?
Kontestu horrretan lan egonkorrak identitate bat ematen zuen, balio bat, eta, hortaz, ekoizpenean oinarritutako ekonomia desagertzeak eta finantzak agintzeak esan nahi du lana garrantzitsua ez den gizarte baterantz goazela, eta, beraz, pertsonak garrantzitsuak ez diren gizarte baterantz goazela; horretaz aparte, sortu den mendekotasun ekonomikoa kontuan hartuta, bai familiarekiko, bai finantzarekiko, bai subsidioarekiko, niri irudipena ematen zidan debaluazio-prozesu bat bizi duela belaunaldi gazteak batez ere. Belaunaldi berriei ezinezkoa gertatzen zaie lehen helduaroak zekartzan betebehar gehienei aurre egitea, eta horrek ondorio nabarmenak ditu egunerokoan. Alderdi sozialean, ez dute jendearen miresmenik jasotzen, are gehiago, alferrak garelako estereotipoa zabaltzen da, eta norbere buruarekiko ere bai, baliotsu ez izatearen sentimendua pizten da.
Eta horrek zer dakar?
Nik galdera batzuk botatzen nituen tesian: gero eta belaunaldi edo langile-klase debaluatuagoa badaukagu, belaunaldi debaluatu batek sozialki eta pertsonalki eraldatu ahal ditu esplotazio-egiturak? Gero, lehen aipatu dudan moduan, atzerapen-dinamika bat sortzen ari da: pertsonek sentitzen dute inboluzio bat egon dela, eskubide batzuk galdu ditugula, eta ez bakarrik galdu ditugula, galtzera goazela. Jendea, orduan, oso kezkatuta dago bere etorkizunaz. Jendeak badaki gure gizartearen arduraren egitura politikoa eraldatzen ari dela, eta familiaren baliabideen araberakoa izango dela gero eta gehiago.
Panorama latza dago.
Ni saiatzen naiz fatalista ez izaten. Hor aztertzekoa da hasieran esaten nuena, zelan eragiten duten etorkizunari buruzko ikuspegi batzuek orainaldian, eta zein puntura arte alda dezakegun desesperantza hau. Nori egiten dio mesede desesperantza honek? Guri ez behintzat.
Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]
Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek asteazken honetan aurkeztu du EAErako gutxieneko soldataren inguruan egindako azterketa, eta 1.385 eurorainoko kopurua jarri du erreferentzia moduan, "aurreikuspen baikorrenean". ELA eta LAB... [+]
Carrefour, CAF, Crédit Agricole, BlackRock... Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore bereziak enpresa sare handi bat egin du Israel burutzen ari den Gazako genozidioaren konplize bere azken txostenean, eta horien arduradunak ikertzeko eskatu du... [+]
ESK-k azpimarratu du zuzendaritzak soldatak igo dituela, langileen prestazioak murrizten ari diren bitartean. Berez, 2020tik abiatzen duten seigarren espedientea da honakoa.
Haritzalde eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkarte ekologistek salaketa aurkeztu dute Gipuzkoako Fiskaltzan. "Prebarikazioa" eta "Ondasun publikoen usurpazioa" leporatzen dizkiete txaleta eraiki zuen Tavaro XXI enpresari eta Donostiako Udalari, etxearen... [+]
Zerbitzu minimoek eragin handia izan dute Iruñerrian jaietan. Negoziazioan aritu dira, baina ez dute akordiorik erdietsi. Normaltasunez jardungo dute udan, eta irailean berrartuko dituzte lanuzteak.
Espainiako Gobernuaren estrategia politikoaren barruan mugitu du fitxa PSOEk: protagonista handirik gabeko irudi batekin jakinarazi dute akordioa, baina detaile gutxi emanda eta datarik ipini gabe.
Eskarmentu ikaragarria –hitzaren adiera etimologikoan, besteak beste– dugu europarrok arma-lehiaketetan. Eta, paradigmatzat hartu ohi denetik, XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hastapeneko hartatik, mende eta laurden igaro denean arma-lehiaketa kartsuenera itzuli... [+]
Etxeko langileek jasaten duten "prekaritateari" aurre egiteko, "neurri zehatzak" biltzen dituen dekalogo bat aurkeztu du sindikatuak, Bilbon. Auzia lehenbizi Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuela jakinarazi du LABek, baina auzitegi horrek ez diola... [+]
BiziLagunEkin plataformak desazkunde turistikoaren aldeko Euskal Herriko topaketak iragarri ditu, Donostian, elkar ezagutzea, esperientziak partekatzea eta gogoeta kolektiboa egitea helburu. Egitarauaren xehetasunak datozen asteetan jakinaraziko dituzte.
Azken urteotan Donostian gero eta ozenago entzuten ari gara bizilagunen ahotsa: turistifikazioa gure hiria itotzen ari da. Joan den ekainaren 15ean, ehunka donostiar atera ginen berriro kalera gure bizi-baldintzak eta bizimoduak defendatzera. Jendartearen eta auzoen beharrak... [+]
"Kalte nabarmena" eragingo luke proiektuak, alkatearen esanetan. Abantoko EAJ, ""eragin txikiagoko" alternatiben alde kokatu da, "nahiz eta aukera horien kostu ekonomikoa handiagoa izan".
ELA, LAB eta ESKk Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren proposamena errefusatu dute, nahikoa ez dela arrazoituta. 100 egun baino gehiago daramate lorezainek greban.
Lurraldeko erresidentzietan eta eguneko zentroetan 5.000 langile daude, eta horietako %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte. Aldundiari dagokion ardura hartzeko eskatu dio ELA sindikatuak.