Lan egin, bizi eta kontsumitu datuen eta pantailen aroan

  • Eredu produktibo bat da. Historiaren une honetan kapitalismoak jantzi duen azken maskara. Ideologia bat ere bai, etenik gabe errepikatzen dena negozioak nola egin erakusten duten unibertsitateetan, enpresei aholku ematen aritzen diren bulegoetan, ekintzailetza eta enpresa-sorkuntzari buruz nonahi antolatzen diren jardunaldietan. Eta, batez ere, leku guztietako agintariek besarkatu duten masta da, azken hamarkadako ekonomiaren itsaso zakarrak zeharkatu ostean India berriak agertuko direlakoan. “Iraultza digitala” deitu izan diote. Baita Laugarren Industria Iraultza ere. Eta bitxia da zeren, iraultza bat izateko, inor gutxi sentitzen da askatuta ekartzen ari denarekin. Bakardadea eta indibidualismo erradikala. Eta estresa –alegia, estres gehiago–, denbora falta, etengabe konektatuta egon beharra, emozioen polarizazioa, paradigma kultural berriak. Gehiago kontsumitzea. Gehiagotan kontsumitua izatea. Ez da iraultza, beste izen bat merezi du: neurokapitalismoa da.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Ez zara zu, zure lan-indarra da

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Politika sozialetarako sailburua ari da hizketan. Bilbo, 2019ko maiatzaren 8a: “Iraultza digitalarekin eta produkzio-formen aldaketarekin aukerak sortuko dira ekiten duten eta tendentzia berriak sumatzen dakiten gazteentzat”. Agerraldi aspergarri samarra da Laboral Kutxaren Gaztenpresa fundazioaren iazko emaitzak ezagutarazteko antolatu duten hau. Betiko lexiko entrepreneur hori. Beste buelta bat zartaginean dirua irabazteko esparru digitalak eskaintzen dituen aukerei, alegia, bussiness-aren tendentziez aritzen diren traje guzti-guzti-guztiek azken urteotan errepikatzen dutena, kasu honetan kargu publiko baten ahotan.

Behintzat badirudi sailburuak ikasi duela lezioa: 2017an Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean esan zuen hilean 600 euro kobratzeak bizimodu duina ziurtatzen duela. Eta sareak sutan jarri ziren –iraultza digitalak hori ere ekarri baitu–. Ez da harritzekoa, kontuan izanda Hego Euskal Herrian pobreziaren muga hilabeteko 1.059,30 euroan dagoela Elkartzenen arabera. Ez da harritzekoa, batez ere, gero jakin zelako sailburuaren urteko soldata 87.000 eurokoa dela. Baina ikasi du: geroztik ez du egin titular bakar bat merezi izan duen adierazpenik. Kontua ez baita arreta deitzea, ideiak hobeto inokulatzen baitira mantra monotonoen bidez. Errepikatzen dituen enpresagintza eskolako topikoen artean, esaldi hau: “Gazte batek garatzen duen ekintzailetza-lan horrek ez du balio bakarrik bere kabuz lan egiteko; balio du garapen pertsonalerako aukera gisa ere”. Enplegua sortzeaz bakarrik ez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteen “garapen pertsonalaz” ere arduratzen da orain Eusko Jaurlaritza?

Indarrean
sartzen ari den eredu ekonomikoak erabat lausotzen du pertsonen lan-esparrua eta haien bizitza pribatua bereizten zituen marra

Esaldiak ez du eskandalurik eragiten, lanaren kultura jakin batek pisu handia baitu herri honetan, horrelako baieztapenak bateragarri egiten dituena enplegua orain arte ulertu izan dugun moduarekin. Baina sarera konektatutako telefonoen aroan, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko gurutzaketan egosten ari den transformazioari gertuagotik erreparatu behar zaio. Eta lupa pixka batekin, Artolazabalek dioena lotuago agertzen da teknologia digitalen eskutik nagusitzen ari den eredu-produktiboaren berrantolaketarekin, baita hura justifikatzeko zabaldu diren diskurtsoekin ere. Izan ere, badirudi gaur egun indarrean sartzen ari den eredu ekonomikoarentzat ez dela aski langileek lan egitea. Beste eremu batzuetan ere maila eman behar dute. Lars Distelhorst-ek Bonbilla eta mudantzatan lan egiten duen mutila artikuluan esplikatzen duen moduan langileari “pertsona hobe” bihurtzea ere eskatzen zaio, orain arte gainditzen ez zen marra gorriaren gainetik salto eginez: pertsona baten eremu pribatua eta haren lan-esparrua desberdintzen zituen lerroa.

Pertsonen bizitzak oso-osorik ekoizpenerako mobilizatu nahi dituen prozesua bizitzen ari gara, aurreko eredu-produktiboetan ezagutu ez dugun exigentzia-maila batekin, azken bi mendeetako industriek tarte handiagoa uzten baitzuten pertsona eta haren lan indarra desberdintzeko.

Zertan datza desberdintasun hori? Karl Marxek esplikatzen duen moduan, inork ezin du bere lana saldu, saltzen duena bere lan egiteko gaitasuna da. Gaitasun hori da merkantzia bihurtzen dena, salerosi daitekeen beste edozein gauza bezala –alde batekin: plusbalioa ekoizteko gaitasuna daukala–, eta hortaz, posible da hari prezio bat jartzea; baita ere, hitz egin nahi dugun gaira etorriz, argi eta garbi zedarritzea zer den merkaturatutako lan-indarra eta zer ez. Baina herrialde garatuetan konplikatzen ari da bereiztea pertsona baten ze gaitasun diren aproposak lan-merkatuan saltzeko eta zein diren, kontrara, eremu pribatuari dagozkionak, pertsona horren ingurune sozialarekin eta etekin ekonomikorik bilatzen ez duten harremanekin lotutakoak. Inplementatzen ari den ekoizpen-sistema digitalarentzat dena baita baliagarri, guztia esplotatu daiteke. Eta horren ondorioz, pertsona, bere osotasunean, lan-indarra besterik ez bihurtzeko arriskua dago.

1999ko The Matrix film distopikoak horrelako zerbait aurreikusten zuen: makinek gobernatutako mundu bat, zeinean gizakiak energia-iturri hutsa ziren, bateriak. Wachowski ahizpen pelikulak bizitza guztiz birtualetan murgildutako gizateria baten amesgaiztoa aurreikusi zuen, artean internet gehienontzat gauza berri samarra zenean. Filmaren profezia iluna erabat bete ez den arren –oraingoz–, XVIII. mende amaierako lehen ehungailu mekanikotik 2007an merkaturatu zen aurreneko iPhone-ra aldaketa teknologikoek langileen esplotazio-baldintzak asko aldatu dituzte, unean uneko gizarteei forma emanez. XIX. mendean nagusitu zen ekoizpen eredu mekanizatuak, adibidez, posible egin zuen izaki bizidunen indar hutsarekin ezinezkoak ziren produkzio-kopuruetara iristea. Baina horrek ez zuen mundu guztiarentzako oparotasun-aro baten hasiera ekarri, jendearen gehiengoaren zapalkuntza forma berri bat baizik: kapitalismo industriala, zeinean pertsonak derrigortuta zeuden jardunaldi amaigabeetan makinen erritmo errepikakorrari jarraituz lan egitera, trukean jornal murritz bat jasotzeko –beharbada Charles Chaplinen Modern Times filmak (1936) islatu zuen ekoizpen-eredu taylorista-fordista horren espiritua beste inork baino hobeto; eta kasu hartan ez zen etorkizun ilun baten iragarpena, gertatzen ari zen zerbaiten errepresentazioa baizik–.

Ford automobilak muntatzeko katea 1913an. XX. mendeko ekoizpen ereduan langileak zeregin errepikakor eta mekanikoak egitera behartuta zeuden. Eredu produktibo horrek, autoez gain, gizarte mota jakin bat ere ekoiztu zuen (argazkia: Wikimedia Commons).

Bi mundu gerrak eta historian ordura arte ezagututako krisi ekonomikorik latzenak –gehi hainbat herrialdetan eredu sozialistak garatzeak– karta banaketa berria ekarriko dute XX. mendeak aurrera egin ahala eta eredu kapitalista aurreratuen dagoen herrialdeetan, langile-masak kontsumitzaile-masa bihurtuko dira. Gizarte industrial zaharretik kontsumo-gizarte berrira pasatzean, produktuen ekoizpen prozesuan ere aldaketa fundamental bat gertatzen hasiko da. Enpresei euren langileen beste alderdi bat interesatzen hasiko zaie: ordutik aurrera, ekoizpen bitartekoen jabe direnek langileari ez diote bakarrik eskatuko bere lan-indar fisikoa sal dezala; haren buruan gertatzen denarengatik geroz eta jakin-min handiagoa erakutsiko dute: zer erosi nahi duen, zer premia asetzeko, zergatik. Aldaketa hori funtsezkoa da gaur erabat hedatzen ari den neurokapitalismoa ulertzeko.

Produzitu ezazu zure kontsumitzaile perfila

Giorgio Griziotti ikerlariak 2016ko Neurocapitalismo. Mediazioni tecnologiche e linee di fuga liburuan esplikatzen duen moduan 1960ko hamarkadatik 1980koaren hasierara bitartean, eredu fordista krisira eraman zuten aldi berean langilea eta masa-kontsumitzailea zen subjektu historikoaren borrokek. Kapitalismoak Japonian aurkituko du bere burua berrasmatzeko formula: toyotismoa. Muntaia-kate automatizatuagoak; eskariaren neurrira egokitutako ekoizpena, biltegi-gastuak ia zeroraino murrizten dituena just in time sistemaren bidez; produktu oso desberdinak kopuru txikietan fabrikatzea, merkatu zatikatu bati begira –eredu fordistak bultzatutako produktu bakarraren ekoizpen masiboaren kontrakoa, alegia–; eta, langileen zereginari dagokionez, aurretik ezagutu gabeko mugikortasuna –eredu honen ezarpenarekin batera bihurtuko da “malgutasuna” hitz fetitxea enpresa-jabeentzat–.

Funtzio desberdin ugari bete ditzakeen langilea eskatzen du fabrika berriak, gaur hau eta bihar hura egiteko gai dena; eta langile mota hori banaka-banaka kontratatzen da, ez masan, lan-indarraren konposizioa lehen baino heterogeneoagoa bihurtuz batetik; eta langileen arteko harremanetan kolektibotasunaren faktorea ahulduz, bestetik.

Gainera, bukatu dira Chaplinen “garai modernoak”. Oraindik makinak daude fabriketan, baina XX. mendearen amaierarantz aurrera egin ahala, langileak tresna mekanikoen ordez pasatzen dira informazioa prozesatzen dutenekin lan egitera. Griziottik nabarmentzen duen moduan, aldaketa ez da nolanahikoa, softwareak derrigorrez eskatzen baitu beharginaren interakzioa. Interakzio behartua, batzuetan kitzikagarria izan daitekeena, baina bestetan guztiz haserregarria. Langileak aurreko makinekin zeukana baino harreman konplexuagoa da.

Ekoizpen kognitiboaren aroa iritsi da eta aurreko eredu produktiboekin duen diferentzia ulertzeko, 180 graduko perspektiba aldaketa egin behar da

Beharginak tresna horietara ohitzen doazen bitartean, bulegoetan Entreprise Resource Planning (ERP) edo Enpresa Baliabideen Plangintzen aroa iritsi da: dena integratzen eta planifikatzen du enpresaren burmuinak, bai ekoizpen automatizatuko mekanikak, baina baita langileek fabrikazio-prozesuan egiten duten lan kognitiboa ere, orain, tresna informatikoei esker, erregistratu daitekeena, ondoren aztertzeko, ekoizpen-prozesu osoa etengabeko kontrol eta optimizazioan murgilduz. Enpresak nerbio-sistema bat garatzen du, gogotik ustiatzen duena bere esanetara dauden pertsonen buru-lana ere, ahalik eta irabazi handienak lortzeko bidean.

Eta behin enpresa barruko lan kognitiboari etekina ateratzen hasita, denbora kontua baino ez da izango lantokiak ez diren tokietan ere antzeko zerbait egiteko tentaldia agertzea. Azken finean, ehunka edo milaka langilek sortzen dituzten datuekin ekoizpena doitu eta irabaziak ugaritzen badira, mundu guztia datuak produzitzen jarriz gero, korporazioek historian inoiz baino zehatzago jakin ahalko dute zer saldu, noiz saldu eta nori saldu. 

Bidean, masa-kontsumitzailearen figura pikutara doa. Eta pikutara doa, era berean, ekoizlea eta kontsumitzailea bereizten dituen harresia ere: ekoizpen kognitiboaren aroa iritsi da eta aurreko fasearekin konparatzen badugu, 180 graduko perspektiba aldaketa egin beharra dago jokoaren arau berriak ulertuko badira. Orain helburua kontsumitzailea aktibatzea da eta horretarako erreminta digitalak funtsezko tresnak dira. Ustez doakoak diren zerbitzuen bidez, pertsona bakoitza bihurtzen da, kontzienteki ala inkontzienteki, bere kontsumitzaile-subjektibitatearen ekoizle. Eta arrastoak uzten ditu nonahi: zer egiten duen, non dabilen, zer interesatzen zaion, zer ez, zerk mugitzen dituen bere emozioak… Kontsumitzailea da, bai; baina produzitzen dituen datuen bidez etengabe itxura-aldatzen den kontsumitzaile bat. Indar produktiboa ere baden kontsumitzaile bat. “Prosumitzaile” bat, etengabe mugitzen dena eramateko kafeak estimulatuta, behin eta berriro harremanez, gustuz eta enpleguz aldatuz.

Subjektu horren posizio bereziak esplika dezake, akaso, zergatik jarraitzen dugun edukitzen sarera konektatutako telefono mugikor bat, 2013tik Edward Snowden CIAko eta NSAko lankide ohiak zabaldutako informazioei esker mundu osoan egindako espioitza-lanen berri dugun arren. Zergatik konektatzen garen etengabe internetera pribatutasun-neurri berezirik hartu gabe, AEBetako inteligentzia zerbitzuez gain enpresa teknologiko erraldoiei ere gure bizitzak aztertzeko aukera emanez. Gizarte hiper-indibidualizatuetan bizi gara eta kolektiboki eragin ahal izateko beharko genituzkeen ehundura sozialak geroz eta higatuago daude; geroz eta tarte gutxiago daukagu funtsezko gaietan erabaki libreak hartzeko –non bizi, etxebizitza-eskubiderik bermatzen ez bada? Zertan lan egin, gehiengoarentzat langabezia edo prekarietatea besterik eskaintzen ez duen eredu ekonomikoan?–; galtzen ari garen askatasun guztien aurrean, kontsumitzeko posibilitateak dira ugaritze-fasean dauden bakarrak. Eta ez diegu aukera horiei muzin egin nahi, gure indibidualtasun hauskorrak itxuratzeko dauzkagun bitartekoak direlako.

Gorputzak eta gailu digitalak konektatuta, etengabe datuak ekoizten: lagunekin hitz egitean, kirola egitean, musika entzutean... ongi etorri biohipermediara (argazkia: Dani Blanco).
Pantailak eta merkatu “librea” integratuta dauzkagu

Beste arrazoi batzuk ere badaude pantailekin berehala mundu guztiak sentitu duen atxikimendua esplikatzeko. Telefono mugikor adimendunak, tablet-ak eta antzeko beste trepeta guztiak pentsatuta daude eredu ekonomiko berriak gizakiari eskatzen dion etengabeko mugimenduan egoki txertatzeko. Ordenagailua ez bezala –hau ere geroz eta arin eta eramangarriagoa bada ere–, telefonoa beti eduki dezakezu eskura, gorputzetik gertu, zure izate fisikoaren hedapen digital bihurturik. Ordenagailuan, oraindik, gure identitate digitalaren alde arrazionala da nagusi. Telefonoan emozioek leku handiagoa dute, bizitzako edozein unetan, etxean bezainbeste –edo gehiago– kanpoan, erabilgarri dagoelako. Sare globalera uneoro konektatuta egoteko aukerak transformazio antropologiko sakona eragin du jada, segur aski atzera bueltarik ez duena. Eraldaketa unibertsala da, telefonia mugikorra munduko ia leku guztietara iritsi baita batera. Eta arretaren bestelako kontzeptu bat eragin du, estimulu kognitiboen gainprodukzioaren aroan ondasun eskasa bihurtu delako zerbaiti kasu egiteko denbora. Espazio soziala ere erabat konprimitu da pantailen munduan: edozein tokitan dagoen edonorekin bat-bateko komunikazioa normaldu denez, orain arteko gertutasunaren kontzeptua beste betaurreko batzuekin begiratu behar da, des-lurraldetze prozesu bat bizitzen ari ote garen galdetuz; baita zerk iraun dezakeen aurretik geneuzkan harreman eta ekoizpen-ereduetatik ere.

Pantailez inguratuta gaudela esan ohi dugu. Agian, bizi duguna esplikatzeko, zehatzagoa da esatea pantailak gorputzetan integratuta dauzkagula. Alegia, teknologia jada ez dela bitarteko bat bakarrik, kanpoan dagoen zerbait; ukiezintzat genituen harresiak puskatu dituela, materia bizi izatera pasa dela. “Biohipermedia” deitzen dio horri Griziottik: gorputzak hipertestuekin eta beste medio digitalekin bat eginda osatzen duten egunerokotasun berria.

Paradigma aldaketa hori ez da hutsaren gainean eraiki, kapitalismo neoliberalak ezarritako zoru gainean baizik. Horrek esplika dezake zergatik diren diren bezalakoak azken hamarkadetan hedapen betean dauden zenbait enpresa. Merkatu librearen fundamentalismoak gidatuta pentsatu dira industria digital berriak, erregulazio falta ia erabatekoan oinarrituta eta aurreko eredu produktiboak langileei ematen zizkien zenbait berme –kontratu egonkorrak, lan-ordutegi zehaztuak…– zaharkitutako postal gisa ulertuz. Horien ordez “hierarkiarik gabe” lan egiteko askatasuna nabarmentzen zaio lan-indar berria jartzen duenari. Eta amets bat saltzen zaio: noizbait arrakasta izango duen startup baten sortzaile izango dela, aberastuko dela eta bere karreraren gailurretik kontatu ahal izango duela, Bill Gatesek edo Steve Jobsek kontatu zuten moduan, dena etxeko garajean hasi zela, ideia jenial batetik abiatuta.

Gehiengoaren patua, ordea, esplotazio-baldintzen biderkatzea da. Hierarkia baten menpe ez egotea askatasun gisa uler daiteke, bakarrik kontuan hartzen ez badira beste exigentzia batzuk: bankuenak, bezeroenak eta zergak kobratzen dituzten administrazio publikoenak, adibidez. Baliteke fabrika fordistan enpresako nagusiak ezartzen zuen kontrola gaur egun nagusitzen ari den ereduan desagertu edo apaldu izana –antolakuntza bertikala duten enpresetan ere, garaiaren espirituak kudeatzaile “lagunkoiak” eskatzen ditu, langileak motibatzen dituzten ekintzaile energiko eta osasuntsuak–; horrek ez du esan nahi, ordea, ekoizpen-harremanak aldatu direnik, langileen kooperazioa lortzeko bideak orain diferenteak direla baizik. 

Hierarkiarik gabeko lan “malguak” maite ditu eredu berriak. Baina gainetik nagusirik ez egoteak ez du esan nahi libre garenik, zuzenean merkatuaren presiopean gaudela baizik

Gainontzean, denak berdin jarraitzen du. Edo okerrago: ez dago lan-orduentzat mugarik eta emaitza oso soldata baxua da. Noiz garen enplegatuak, noiz kontsumitzaileak eta noiz herritarrak desberdintzen ez dugunez, funtsean dena egiten dugu lanean ariko bagina bezala, etekina erdigunean jarriz. Pantailak bakarrik ez, merkatu librea ere integratu dugu gure subjektibitatean eta haren arabera ezartzen dira harreman sozialak, politikoak eta ekonomikoak, baita portaera indibidualak ere. Logika hori nagusi den unetik, fabrikako nagusiaren mehatxua desagertu daiteke, dagoeneko ez baita beharrezkoa. Felix Klopotek-ek lehenago aipatu dugun La sociedad del rendimiento (Errendimenduaren gizartea, Katakrak, 2018) liburuan dioen moduan, enpresa hierarkikoan langileak oraindik askatasun-espazioak sortzeko aukera dauka, trikimailuen bidez lan gutxiago egin eta berdina kobratuz hilaren amaierara iristeko. “Askatasun espazio horiek desagertu egiten dira mugak lausotzen diren lekuetan eta hierarkiarik ez dagoenez, norbera zuzenean jainkoaren aurrean aurkitzen da –alegia, irabazien bortxaren aurrean–”.

Lana eta bizitza bereizten ez direnez, dena egiten dugu lanean ariko bagina bezala.
Neurokapitalismoak postal zaharkitu gisa ikusten ditu ordutegi eta kontratu egonkorrak (argazkia: Dani Blanco).

Ereduak dituen inplikazioak kezkagarriak dira: kanpoko aginte zuzenik ez dagoenez, ekoizpen-sistema digitalak “giroan” dagoen merkatu-presioaren bidez bultzatzen ditu langileak produktiboak izatera eta, horrenbestez, oso zaila da lan-indarra saltzera derrigortuta daudenen autonomia-espazioak sortzea. Zer den autonomoa eta zer heteronomoa bereiztea bezain zaila. Geroz eta gutxiago entzuten dira goitik datozen aginduak, produkzio planifikazioak, lan-jardunaldi zehatzak. Norberak antolatu behar du. Nork bere buruari helburuak jarri. Eta zehazgabetasun horretan murgilduta, karga morala ere agertzen da: “Ez dut nahikoa egiten”. Zama psikologiko hori belaunaldi prekario berriaren ezaugarrietako bat da, denbora faltaren eta bizi-ibilbide fragmentatuen osagarri.

Mundua interfaze bihurtuta

Lan mundutik harago ere sumatzen dira neurokapitalismoaren efektuak. Horietako batzuk aztertu ditu Ingrid Guardiolak L’ull i la navalla saiakeran (Begia eta labana, Arcàdia, 2018). Besteak beste, gaur egungo munduan irudiek, espazioek eta denborek jasan dituzten transformazioak aztertu ditu berriki Serra d’Or saria irabazi duen liburuan. Guardiolaren arabera, denbora biologiko eta kronologiko batetik denbora kronoskopikora pasa gara: pantailen aurrean pasatzen ditugun orduek markatutako denbora eta mundu batera, non interfaze, birtualtasun edo tele-errealitate bezalako kontzeptuak pantailetatik mundu fisikora salto egin duten.

Dagoeneko ez dugu munduarekin lan egiten, haren kopia birtual batekin baizik, dio Gironako ikerlariak liburuko pasarte batean. Dena bihurtu baita interfaze, gure gorputzetatik hasita: edozein gazte kirolarik Instagramen edo Tinderren bere abdominal landuak erakusten ditu eta plataforma horien bidez ikus dezakeen jende kopurua askoz handiagoa da fisikoki berarekin erlazionatu daitekeena baino. Eskala berri batean gertatzen dira harremanak. Eta nolakotasun diferente batean: bai/ez dikotomian laburbiltzen da pertsona bati pantailen bidez esan diezaiokeguna: atsegin dut / ez dut atsegin; argazkia begiratzen geratzen naiz / beherantz scroll egiten dut. Eta bakoitzak bere gailuan egiten duen azken keinu horrek, pantailan ikusten ditugun gu bezalako pertsonenganako destaina adierazten du.

Destaina, indiferentzia, interes falta… telefonoan ikusten ditugun gauza gehienen aurrean scroll egitea da keinu ohikoena. Ehiztari-biltzaile berriak bagina bezala, elikagai kognitibo pizgarrien bila gabiltza, zer xerkatzen dugun oso ondo ez dakigun arren –izan ere, esfortzua gaur egun ez da desiatzen duguna lortzeko bakarrik egiten; zer desiatzen dugun jakiteko ere ahalegin handia egin behar da, hiper-eskaintzaren erruz–. Bilaketa horretan, gehiegikeriak deitzen du gure arreta: politikari baten tonutik kanpoko adierazpenak, inpaktua eragiten duten irudiek, haserretzen gaituzten gauzek. Egoera emozional konkretu batzuk probokatzeko tresnak ere badira sareak, izan ere, haietan ikusitako zerbaiten aurrean erreakzionatzen dugun bakoitzean, kapitalismo psikikoaren makineria aktibatzen da. Eta frogatuta dago sentimendu negatiboek klik gehiago eragiten dituztela eta, beraz, datu gehiago. “Dagoeneko posthumanismo batean murgilduta al gaude, zeinean algoritmoak, desioak eta afektuak erabat konektatuta dauden?”, galdetzen du Griziottik lehenago aipatu dugun liburuan. “Eta hala bada, ze etika sortzen da hortik?”.

Kalearen birtualizazioa. Hiriak interfaze nabigagarri bihurtzen ari dira. Eskaintza turistiko masiboan identifikagarri bihurtzeko lasterketa da (argazkia: Zarateman).

Ez da eredu produktiboa bakarrik. Ez dira birtualizatutako giza-harremanak edo datuak sortzera bultzatzen gaituzten tresnak eta aplikazioak soilik: neurokapitalismoak bizi garen lekuak ere eraldatu ditu dagoeneko. Hiriak interfaze dinamiko bihurtzen ari dira, turismoa praktikatzen dutenek errazago nabigatu ditzaten. Horren erakusgarrietako bat izan daiteke Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan dagoen hiriaren izen begetala: “Gasteiz marka” ikusgarri egiteko interbentzio hori nekez ulertzen da irudien hiper-produkzioaren garaiotan identifikagarri bihurtzeko ahalegin desesperatu gisa ez bada –Donostiak eta Bilbok korrika imitatu zuten asmakizuna, hiriaren izena landareekin osatu gabe, hori bai–.

Espazioen birtualizazioak beste inplikazio batzuk ere baditu: AirBnb bezalako plataformen eraginez, etxebizitzak ondasun materialak izan ordez, esperientziak bizitzeko lekuak balira bezala agertzen dira. Iritsi, erabili, utzi. Eta horrela ezin da leku horri buruzko narratiba sendorik eraiki, maizter egonkor samarrak dauzkaten etxeekin bezala. Habitatzen ditugun tokiak ere bide beretik doaz, Guardiolak oso modu finean nabarmentzen duenez: norberaren gela ere, duela gutxi arte babesleku pertsonala zena, ni-aren ehizarako eremu bihurtu baita: “Kamera geldirik dago, kliskatzeko ere harrituegi legokeen begia bezala, subjektuak bere gela eta bere intimitatea erakusten duen bitartean, kamerari esaten dizkion monologoen erretorikarekin. Gelak eta subjektuak, espazioak eta ni-ak, kontakizun birtual bat partekatzen dute. Intimitatea eszenaratze bihurtzen da, fake bat”. Eta horrenbestez, apenas geratzen den bakoitza bere buruarekin egoteko espaziorik ere.

Zer egin gure bizitzaren azken iskinaraino sartzen den eredu teknoekonomiko honen aurrean? Lehen urratsa egoeraren kontzientzia hartzea da: jakin behar genuke zer arrisku dauzkagun pertsonak izateari uzten diogunean, “prosumitzaile” edo voyeur bihurtzeko.  Konturatu behar genuke pantailen aurrean pasatzen dugun denbora guztia kentzen ari garela pentsatzeari, elkarrekin egoteari eta proiektu amankomunak martxan jartzeari. Eta jabetu behar genuke tresna digitalek gaur egungo ekoizpen harremanen baitan erakusten dituzten mugak zenbaterainokoak diren: FAANG enpresak nagusi diren sarean, ia denok doan lan egiten dugu haientzat, kontzienteki edo ez; eta hori egitean, gure bizitza antolatzeko boterea ematen diegu enpresa pribatu horiei, izan ere, ematen dizkiegun datu guztiak aztertuz eta sailkatuz, munduko populazioa inoiz baino administragarriagoa bihurtu da.

Deskonektatzea da aukera bakarra? Edo erabiltzen ditugun teknologiekin jarrera kritikoagoa edukiz gero gauzak beste era batera egingo genituzke? Beharbada interneten hastapenetako espiritua berreskuratu behar dugu: mundu guztiari oparotasuna eskaintzen zion kontinente digital hartara itzuli, non elkatruke librea eta norberaren jakintzak besteekin partekatzeko aukera berriak eskaintzen ziren, multinazionalen ustiapen-logika hainbeste hedatu baino lehen. Komunitateen internet hura, diruan eta fama biralean baino, kolaborazioan oinarritutako mundu bat nolakoa izango zen irudikatzeko aukera eman ziguna.

Neurokapitalismoaren eskutik etorri diren zenbait gailu, kontsumo eta ohitura

Smartphone-a

Dudarik gabe, neurokapitalismoaren hedapenean gehien lagundu duen tresna da. 2000. hamarkadaren amaieran sarera konektatutako telefono mugikorren erabilera ugaritzen hasi zenetik, ordura arte ezagutzen zen mundua goitik behera aldatzen hasi zen. Distiratsuak, edonora eramateko modukoak, edozein unetan erabiltzeko prest: tresna izugarri adiktiboak dira. Mundu guztian, klase, arraza, sexu, hizkuntza edo nazionalitateen gainetik telefono adimendunak bere legea inposatu du. Ia mundu guztiak dauka bat. Ia edozertarako erabiltzen da. Ia inork ez du gaur egungo bizimodua irudikatzen hura gabe.

Eramateko kafea

Kapitalismo psikikoak etengabe mugitzen diren langileak eskatzen ditu. Lan-jardunaldi amaiezinei bizirauteko gaitasuna daukaten langileak, uneoro esna, bizi eta sortzaile. Kafea da bizi-estilo horretan falta ezin den oinarrizko droga. Baina ez fin de siècle-ko tertulia paristarretan patxadaz hartzen zen kikarako kafe hori, langileak berarekin batera garraiatu dezakeena baizik. Kartoizko edalontzi batean edatea beste erremediorik ez dagoen kafe bat, hasieran beti beroegi dagoena, plastiko baten zulotxotik edan behar dena. Mendetan gizateriak garatu duen kafearen kultura pikutara bidaltzen duen kafea. Zer inporta du: cool da.

Selfie-a

Begira, ni naiz. Hemen. Eta hor. Eta han ere bai. Ni, nerau, neroni. Pozik nago, aurpegi arraroa jartzen dut. Hemen oporretan. Hemen lagunekin. Hemen betaurreko berriekin –ez dut jarriko zein markakoak diren zeren, oraindik ez didate horregatik pagatzen; pazientzia, etorriko da–. 2010eko hamarkadatik aurrera bihurtu ziren ohikoak auto-argazkiak egiteko aukera ematen zuten kamerak telefono mugikorretan. Eta sare sozialekin konbinatuta, irudiaren kultura aldatu dute. Adin batetik gorakoentzat exhibizionismo-ariketa hutsala da. Gazte asko eta askorentzat, munduan presentzia edukitzeko oinarrizko irudi-mota.

Gorputz birtualizatua

Tatuajeak. Ile tindatuak. Gimnasio-ordu askoren ondoren markatutako giharrak. Piercing berria. Gorputzak norberaren borondatez jasan duen edozein aldaketa eskaparate digitaletan erakusten da. Etekina atera behar zaiolako: ehunka bihotz Instagramen, zoramena Tinderreko harmailetan. Baina gorputza, organismo bizidun hori, zerbait birtuala bihurtzen da argazkien filtroetatik pasatzean eta fisikoki inoiz ezagutzera iritsiko ez garen pertsonen begietan. Ezarritako kanonen antza eduki behar duen avatar bat. Gorputza, organismo bizidun hori, zahartzen eta kanon horietatik urruntzen tematzen da. Eta gaitzerdi.

Telebistako plato bat logelan

Atzean agertuko dena dekoratzen lan handirik hartu gabe, youtuberra kameraren aurrean jarri da bere milioika jarraitzaileen aurrean hitz egiteko. Lehen ezinezkoa zen hau: publiko hain masiboetara iristeko ikus-entzunezko produkzio oso garestiak behar ziren, ikusgarria izango zen programa batek artifizio asko eskatzen zuen. Orain ez: webcam bat eta gain-antzezpen pila bat aski dira telebista konbentzionalak baino ikusle gehiago harrapatzeko. Ez dago gaizki: telezaborrak alfer-alferrik zenbat diru irensten duen frogatzen du enpirikoki. Baina, bestetik, edozein etxetako logela bihurtu da orain telezaborra ekoizteko plato bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia berriak
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Influencer bihurtutako umeak: familia negozio gisa ulertzen denean

Sare sozialetan etxe barruko egunerokoa erakusten duten familiak eta Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira dagoeneko. Adin txikikoak babestuko dituen legedia eskatzen du batek... [+]


Eguneraketa berriak daude