Haurrak Interneten babesteaz mintzatzeko Google gonbidatu dute Eusko Legebiltzarrera

  • Haurrak eta nerabeak ingurune digitalean babestea ardatz duten jardunaldiak antolatu dituzte Euskaltel Fundazioak eta Eusko Legebiltzarrak legebiltzarrean bertan. Ekitaldia kritikatu du hainbat elkartek, jardunaldiko parte-hartzaileak eta haien diskurtsoak aintzat hartuta. “Korporazio teknologiko handien jarduera zuritzen laguntzea” leporatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean . Irekia.eus

2025eko azaroaren 18an - 16:00
Azken eguneraketa: 2025-11-19 07:17
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Euskaltel Fundazioaren proposamena onartuta Eusko Legebiltzarrean asteazken honetan egingo dituzten jardunaldiekin kezkatuta daude HezkuntzArtea, Hezkuntzan Librezale, Altxa Burua eta Agora elkarteak. Elkarrekin kaleraturiko idatzian adierazi dutenez, “bereziki mingarria” da Google ikustea mahai-inguruetako batean parte hartzen, zer eta haur eta nerabeak Interneten babesteaz hitz egiten. Zehazki, mahai-inguruaren helburua da eztabaidatzea telekomunikazio enpresek zein zeregin duten ingurune digitalean adingabeak zaintzen, eta hiru dira parte-hartzaileak: Euskaltel-MasOrange, Google eta AEVI Bideojokoen Espainiako Elkarteko ordezkariak, África Baeta kazetariak moderatuta.

“Ezagunak dira Google konpainiaren praktika estraktibistak eta pribatutasunaren urraketak”, dio idatziak, “nola gonbidatu dezake administrazio publikoak gure herrian 400.000 ikasle eta irakasleren datu-urraketa burutu duen konpainia bat, horrelako ekintzengatik sarri eta hainbat eremutan zigortua izan dena, ‘haurren babesari’ buruzko foro batean parte hartzera? Onartezina eta lotsagarria da”. Are, Legebiltzarra “ezin da bihurtu gure haurren pribatutasuna eta eskubide digitalak lotsagabe urratzen gehien lagundu duten korporazioen erakusleiho, gutxiago sustatzaile”, diote.

Besteak beste, Googlek 170 milioi dolar ordaindu behar izan zituen 2019an, haurren datu pribatutasuna larriki urratzeagatik. Iaz, datuen babeserako Danimarkako agentziak legez kanpokotzat jo zuen Googlek ikasleen datu pertsonalei ematen dien erabilera; urte berean, datuak babesteko Espainiako agentziak ere gomendatu zuen Google Workspace for Education hezkuntza zentroetan txertatzeko hitzarmenak ez onartzea; eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ildo berean ohartarazi zuen Eusko Jaurlaritza, baina Hezkuntza Sailak Googlerekin duen hitzarmena indarrean da oraindik.

"Kezkagarria da egiaztatzea jardunaldi honetako gonbidatu eta protagonistak zein diren, eta zein agenda bultzatzen duten"

EAEn 2023an onarturiko Hezkuntza Legeak berak digitalizazio etikoa eta arduratsua hartzen du printzipiotzat, pribatutasunerako eskubidea eta teknologia libre eta gardenen erabilera espresuki aipatuta. “Behin eta berriz ikusi ditugu legean jasotako printzipioen aurkako erabaki instituzionalak, bereziki teknologia hezkuntza-arloan erabiltzearekin lotuak”, diote idatzian.

EU Kids Online, Bideojokoen Elkartea, Susi Profe…

“Ingurune digital segurua, osasungarria eta errespetuzkoa sustatuko duten konponbideak” eztabaidatzea dute helburu jardunaldiek. Horretarako, dagoeneko aipaturikoez gain, parte-hartzaileen artean izango dira Unicef, EU Kids Online Spain, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Ortzadar ikastetxeko ikasleak, Pantallas Amigas, eta moderatzaile gisa "Susi Profe" hezkuntza dibulgatzailea.

Idatziaren sustatzaileen hitzetan, "kezkagarria da egiaztatzea jardunaldi honetako gonbidatu eta protagonistak zein diren, eta zein agenda bultzatzen duten". Halako ekitaldietan, "hezkuntza-komunitate osoak izan behar du ahotsa eta protagonismoa, baita hezkuntza- zein osasun-arloko adituek ere", gaineratu dute.

Unicefen diskurtsoarekin, adibidez, kritiko agertu dira idatzian: Unicefek haurren aurkako ingurune digitalen eragin larriak etengabe azpimarratzen dituela diote, “baina aldi berean, haurren ‘konektatzeko eskubidea’ aldarrikatzen du. Nola defenda daiteke kaltea eragiten duela onartzen den espazio berean egoteko ustezko eskubide bat?”. Atzean Unicef Espainiak Orange telekomunikazioarekin duen akordioa dagoela diote idatziaren sustatzaileek, ahaztu gabe jardunaldien antolatzaile Euskaltel eskuratu duela Orangek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Google
2025eko maiatzaren 21
Teknologia
Adimen kolektiboa

Eguneraketa berriak daude