Askotan pentsatu eta hitz egin dut kolonialismo digitalaren inguruan. Alegia, herri gehienek duten eredu digitala ez dela eratorri duten mundu ikuskeraren bilakaeratik. Baina aurreko astean, Euskarabildua topaketetara gerturatu nintzen, eta Cristina Caffarra Eurostack proiektuko bultzatzaile eta lehiakortasun ekonomikoan adituak adierazi zuenean kolonia digitala garela, nire buruan eztanda txikia izan nuen. Zertan nenbilen ni, kolonialismo digitala prozesu bezala pentsatzen, jada kolonia digitala garen garaian? Bat-batean, kolonia izateagatik ustiaketa eta zapalkuntza pairatu duten herri asko etorri zitzaizkidan burura. Historian zehar zapalkuntzari loturiko azpiegituren eraldaketak sekuentzia azkar gisa ikusi nituen Cristina Caffarra entzuten nuen bitartean, baita gaur egungo azpiegiturak ere: kolonizatzaileetara konektatzen gaituzten ozeano azpiko kableak etorri zitzaizkidan burura, sateliteak, zerbitzariak...
Gizakion gizarteetan bestearen zapalkuntza ez den garapen eta bizimodu onerako biderik ez gara sortzeko gai izango inoiz? Modu eta teknologia ezberdinekin, baina beti berdina errepikatzera kondenaturik bizi behar ote dugu? Familia dut Mexikon, eta hemen askok ospatzen eta goraipatzen duten kolonialismoak suminez betetzen du hango askoren arima. Gauzak beste modu batera egiteko gai ez ginen izan... Gaur ere ez gara izango?
Munduan ezagutza partekatzea baliatuko duen azpiegitura izatea ideia ederra iruditzen zait, gure mundu ikuskerak modu naturalean “kutsatuko” direla ere ulertzen dut, eta bilakaera interesgarriak ekar ditzakeela. Baina gauza bat da besteengatik ikastea, eta bestea, agentzia gabeko kolonia bilakatzea. Agentzia gabeko kolonia bat garen honetan, gure ahotsak gure gizartearen bilakaeran izango duen pisua txikitzen doa. Teknologiak bolumena igotzen laguntzen dien ahots ozenengatik estalia.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.