Teknologia burujabetza hizpide, zubiak eraiki dituzte Euskarabilduan


  • Azaroaren 4an Donostiako San Telmo museoan egin dute aurtengo Euskarabildua jardunaldia. Hamalaugarren edizio honek interneten gobernantza eta euskal komunitatearen papera sare globalean izan ditu hizpide. Adituen ahotsak entzun eta tokiko proiektu berriak ezagutzeaz gain, harremanetan jartzeko eta zubiak eraikitzeko espazioa izan da.

     

San Telmo museoko aretoa lepo Euskarabilduaren 14. edizioan @euskarabildua@mastodon.eus

2025eko azaroaren 06an - 12:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Asteartean San Telmo museoko aretoa bete zuten Euskarabildua jardunaldira gerturatutakoek, are, aretoa moldatu eta aulki gehiago bilatu behar izan zituzten inor kanpoan gera ez zedin. Iametzak, Ametzagaiñak eta ARGIAk antolatzen duten jardunaldian hizpide izan dituzte interneten gobernantza eta euskal komunitatearen papera sare globalean. Hainbat adituk hartu dute hitza, eta Euskal Herrian garatzen ari diren proiektuak ere aurkeztu dituzte. Jardunaldiak, teknologia gaietan han-hemenka dabiltzanen artean “zubiak eraikitzeko espazioa” bilakatu dela esan digu Eli Pombo antolatzaileak. “Pozik eta gustura” daude aurtengo edizioarekin, eta Euskarabildua proiektua “kontsolidatzen” ari dela ikusten dute antolatzaileek.

Aurtengoan, galdera handi bat erantzun asmoz jardun dira hizlariak: "Nork gobernatzen du Internet? Euskal komunitate digitala erronka globalaren aurrean".


Negozioaren agintea 

Adituen artean, Manuela Battaglinik –datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatuak– garbi hitz egin du: “Egun, Big Tech-ak dira negozio-ereduak definitzen eta gizarteari forma ematen diotenak, besteak beste, legedia moldatuz”. Entzunleei ohartarazi die algoritmoek ez dutela “beren kabuz” jarduten, aldiz, zerbaiti erantzuten diotela, eta hori “negozio ereduak” direla. Hala ere, egungo egoera iluna argitzen ere ahalegindu da. Iragan astean emandako elkarrizketan jada aurreratu zuen "herritarrentzat onuragarria den eta erabilera demokratikoa izango duen" Adimen Artifiziala lortzea posible dela.

"Egun, Big Tech-ak dira negozio-ereduak definitzen eta gizarteari forma ematen diotenak, besteak beste, legedia moldatuz"

(Manuela Battaglini, abokatua)

Haritik tiraka, Amadeu Abril abokatu eta .cat domeinuen sustatzaileak eta Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak, gogorarazi dute internet ez dela gobernurik edo araurik gabeko eremua. Interneteko erabaki gune nagusietan erabakitzen denak “zuzeneko eragina” du gure hizkuntzan, kulturan eta komunitate digitalean. Beraz, etorkizun digitalaren parte aktibo izan nahi badugu, euskal komunitateak foro horietan bere "ahotsa eta ikuspegia" txertatu behar dituela adierazi du Waliñok. ICANNen –Interneteko autogobernantza foroa, bertan, enpresa handiek dute ordezkaritza handiena–  egoteaz gain, beste bi erakundetan ere egon behar dela ohartarazi dute: IGF Internet Governance Forumen eta Internet Societyn. Lehena, interneteko politikei buruz eztabaidatzeko; eta bigarrena, interneteko erabiltzaileak biltzeko gune bat da.


Hankak lurrean 

Cristina Caffarrak, Eurostack proiektuko bultzatzaile eta lehiakortasun ekonomikoan adituak, oinak lurrean jarri eta “gure erronkak” identifikatu ditu: "Egungo auzia ez da monopolioen aurka egitea edo Google Search menperatzea. Benetan zerbait egin behar dugu Europaren ekonomiarekin. Zentzu makro batean gure sistema ekonomikoa zaharkitua dago. Teknologian oinarritu behar gara egoera iraultzeko".

“Hezkuntzak funtzio soziala badu, digitalizazio eredua funtzio sozial horrekin lerrokatuta egon behar da”

(Iratxe Esnaola, irakaslea)

Teknologian egin behar dugun lanak ezin du edonolakoa izan; “saretuta” lan egin behar dugula adierazi du Elixabete Garcia Eusko Jaurlaritzako eraldaketa digitaleko zuzendariak: "Gakoa baliabideak partekatzean dago. Irletan lanik ez egitea, sarean lan egin, federatu eta egiten ari den AA inbertsioa eta lorpenak partekatzea”. Horretarako, “euskal sektorearen tokiko estrategia ikerkuntzan oinarritu behar da eta sortutako modeloak libre jarri behar dira" esan du Aitor Soroa EHUko AA eta Hizkuntza Teknologietako HiTz katedrako zuzendariak.

Hezkuntzak ere izan du tokia Euskarabilduako jardunaldian. Hezkuntzaren digitalizazio burujabearen inguruan jardun da Iratxe Esnaola irakasle eta ikerlaria. Nabarmendu du, hezkuntza digitalizatzea ez dela enpresa bat digitalizatzea bezala. “Hezkuntzak funtzio soziala badu, digitalizazio eredua funtzio sozial horrekin lerrokatuta egon behar da”.

Jardunaldiei amaiera emateko, "Erakusleihoa" izeneko atal berriari bide eman diote. Bertan, Euskal Herriko hiru esperientzia aurkeztu dituzte, horien artean, Ni.eus zerbitzu berria., Asier Etxeberriak eta Lorea Arakistainek aurkeztua. Proiektu honen helburua, euskal komunitate digitalak dituen beharrei erantzutea da: urrutiko sarbidea eta eskuragarritasuna, hodeiko biltegiratzea eta babeskopiak, zerbitzu desberdinak ekosistema berean, segurtasun eta pribatutasun handiagoa, eta pertsonalizatzeko eta mailakatzeko gaitasuna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarabildua
Eguneraketa berriak daude