Hogei urte bete dira ICANN Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporazioak .cat domeinua onartu zuenetik. Gertakari horren erantzule nagusienetakoa Amadeu Abril (Bartzelona, 1961) abokatua izan zen. Adimen artifiziala eta teknologia berriak nazioartean hartzen ari diren garrantziaren aurrean, Interneten gobernantzari buruzko Euskarabildua jardunaldia egin dute Donostian azaroan, Iametzak, Ametzagaiñak eta Argiak antolatuta. Han izan da Abril, ICANNen funtzionamenduaz mintzatzeko. ARGIAk bera elkarrizketatzeko aukera izan du.
Geroz eta nazioarteko testuinguru ezegonkorrago batean, zer garrantzi hartzen dute Interneten gobernantzak eta sare globalaren gaineko kontrolak?
Interneten gobernantza garrantzitsua da Internet bera garrantzitsua delako. Duela 30 urte, Internet internautek soilik erabiltzen zuten; egun, ordea, gardena da, eta gizarte osoan eragina du hezkuntzan, politikan nahiz maila sozialean. Hortaz, Internetek nola funtzionatzen duen eta azken urteetan nola ari den garatzen aztertzea bereziki garrantzitsua da.
Internetek oso ezaugarri garrantzitsua du: bereziki zaila dela han agintzea. Hau da, Interneten egiten dena erabiltzaileen eta enpresen esku dago, baina bertan dagoen teknologia zerbitzu berriak sortzen dituzten ingeniarien araberakoa da. Beraz, aldakorra da: esaterako, 1990eko hamarkadan guk uste genuen Internet bidez ezin zela irratirik zuzenean egin. Internetek hazteko gaitasun handia duela agerian utzi du, eta horregatik garrantzitsua da datozen urteetan nola garatuko den ikustea.
Interneten badago zati bat autorregulatzen dena –batez ere, zati teknikoak– eta badaude edukiaren beste hainbat zati erregulatzeko zailak direnak. Hala ere, Internet ez da hazi multilateralismoan: hau da, estatu guztiak auzi baten inguruan ados jarri eta erantzun bateratua emateko. Kontrara, aldebakartasuna hazi da. Esaterako, Donald Trump [AEBetako presidentea] jaikitzen da eta erabakitzen du Tik Tok debekatzea, ez zaiolako gustatzen. Arazo handi bat dugu gobernuek indibidualki hartutako erabakiekin, oraindik presentzia handia baitute. Hortaz, Internet sortu eta 30 urtera ez ditugu konponbide bateratuak sare globalaren gobernantzari dagokionez.
Horren aurrean, zein helbururekin sortu zen ICANN fundazioa 1998an? Zein funtzio bete ditu geroztik?
ICANNek hainbat helburu zituen bere sorreran. Alde batetik, bazuen helburu argi bat: unibertsalak eta koordinatuak izan behar diren funtzio batzuez arduratzea. Hau da, Facebook edo Gmail bidez mezu bat bidali nahi badut, Interneteko helbideen kontua da –IP helbideena eta izenena, zehazki–. Hori koordinatuta egon behar da, ezin baita izen edo zenbaki bera eduki bi lekutan, kasu horretan sistemak funtzionatzeari utziko liokeelako.
Bigarren helburua garai horretan zegoenarekiko ezberdina zen eredu bat eraikitzea zen: sarearen autogobernantzaren eredu bat, hain zuzen, zeinetan industriak soilik ez duen agintzen; baita Interneten parte hartzen duten gizarte zibilak eta gobernuek ere. Honen bidez, erabakiak denen artean hartzen dira: ordea, eredu hau zailtzen joan da urteak igaro ahala. Izan ere, erabakietan parte hartu nahi duten ahotsak ozendu egin dira. Eredu horrek funtzionatzen du baina egiturazko arazo bat du: ez dagoenez erabakiak koordinatzeko beharrik, ez dago edukien, egileen eskubideen… inguruan aginduko duen inor egoteko adostasunik.
Beraz, ICANNek esperimentu funtzioa du, eta ez du zenbaitek esleitzen dioten boterea: esaterako, duela gutxi Trumpen administrazioak gustuko ez zituen adimen artifizialaren inguruko zenbait arau salatu zituen, eta horren errua ICANNi leporatu zion, nahiz eta ez duen gaitasunik auzi horietan eskua sartzeko. ICANN existitzen denez, zenbaitetan benetan ez dituen funtzioak eta erantzukizunak esleitzen dizkie.
ICANNek oraindik ez duena eta agian inoiz izango ez duena zera da: gai horiei buruzko erabakiak nazioarteko erakundeetan hartzeko tresna globalak. Hortaz, amankomuneko gobernu bat edukitzeko, “gu” bat egon behar da; ordea, Trumpen administrazioaren gisakoekin Interneteko multilateralismoa ez dago bere gorenean.
Interneteko gobernantzaren zein eredurekin funtzionatzen du ICANNek?
ICANNek multistakeholder izeneko ereduarekin funtzionatzen du, gobernuez gain, industriako eragileek nahiz erabiltzaileek ere parte hartzen baitute. Hau da, hiru adarrek osatzen dute: pribatuak, publikoak eta zibilak. Modu grafiko batean azalduz gero, ICANNek demokrazia organikoa gogoratzen du: Mendebaldeko egungo demokrazietan pertsona bat, boto bat” leloarekin funtzionatzen dute, baina elizek, erakunde publikoek, enpresek eta lobby taldeek ez dute bozkatzen. Eragiten dute, baina kanpotik hartzen dute parte, eragiteko ahalmenetik edo lobbying-etik, eta egungo sistema politikoan boterea bozkatzen duten herritarrengan dago.
ICANNen denek bozkatzen dute, horregatik eskatzen du adostasun bat. Ordea, norbaitek AEBetako Gobernu gisa edo Google gisa bozkatzen duela esatea oso arraroa da, ez duelako gobernu bat edo enpresa erraldoi bat ordezkatzen. Horregatik, bakoitzak norberaren interesen arabera bozkatzen du. Historikoki, demokrazia organikoaren ereduak ez du ondo funtzionatu: ez da makinarik eraginkorrena, erabakietan parte hartzen duten eragile guztiak adostasun batera iritsi behar baitira, eta horrek auzi askotan erabakiak hartzea nabarmen zailtzen du. Interes ugarik elkarrekin talka egiten dutenez, eredu korapilatsua da, baina adostasunetara iristen denean erabakiak finkoagoak dira.
Zure kasuan, nola hasi zinen harremantzen sare globalaren eta domeinuen munduarekin?
Adin bat dudanez, niri tokatu zitzaidan ohartzea Internet existitzen zela. Garai horietan teknikari baten laguntza behar izaten nuen datu baseetan informazioa bilatzeko. 1993an hasi ziren agertzen lehen nabigatzaileak, eta bi urte geroago dena lehertu zen: Interneten jada ohiko erabiltzaileak ez ziren soilik telekomunikazioetako ingeniariak.
Mirari horrekiko –datu base batera konektatu eta sortu duzun webgunea mundu osoak ikustea– interesa piztu zitzaidan, eta hainbat taldetan izena eman nuen. 1995eko uztailera arte domeinu guztiak doakoak eta irekiak ziren, baina une horretatik aurrera bi urtean behin 100€ kobratzen hasi ziren. Horrek sekulako iskanbila eragin zuen, eta horren inguruan gehiago jakiteko mundu horretara gerturatzen hasi nintzen.
Une horretan egin nahi nuena zera zen: katalanez “auzo” bat sortzea, hizkuntza horretan komunikatzen garenontzat. Ordura arte “auzo” guztiak ingelesez zeuden eta Internetek, azken finean, komunikatzeko balio du, eta nire hizkuntza bera hitz egiten duen jendearekin harremandu nahi nuen.
Zergatik egin zenuen .cat domeinua sustatzeko apustua?
XIX. mendean euren gramatikaren modernizazioa edo armonizazioa lortu ez zuten hizkuntzak, hau da, hizkuntza normalizatzea lortu ez zutenak, gehienak desagertu egin dira edo desagertzear daude. XX. mendearen hasieran eskoletara sarbidea lortu ez zuten hizkuntzak desagertuta edo desagertzear daude. XX. mendearen bigarren erdian irratira –eta ondoren telebistara– sarbidea lortu ez zuten hizkuntzak egoera oso txarrean daude edo desagertuta. Ondorioz, une bakoitzean garrantzia duena edo aldaketa suposatzen duena bilatu behar da: duela 25 urte Internet zen hori, eta horregatik XXI. mendearen hasieran lortu behar zen katalanez dena egin ahal izatea.
Horrez gain, kanpoko ikusgarritasuna garrantzitsua da: zure burua erakutsi behar duzu uneoro, eta hori oso bultzada handia da hiztunentzat. Izan ere, hizkuntza baten biziraupenerako ezinbestekoa da hiztunek ikustea hizkuntza horrek prestigio soziala duela. Ez bada horrela, desagertzera kondenatuta dago. Estaturik gabeko hizkuntzen kasuan, sinbolo edo ikur bat gehiago edukitzeak autoestimua ematen diete hiztunei, eta hori garrantzitsua da prestigio sozialari dagokionez.
Sare globalari dagokionez, zein da hizkuntza gutxituetako komunitateek egungo mundu globalizatuan bete beharreko papera?
Sinplea da: estatuak ikusten dira, baina ez estatu horien barnean dagoena. Espainiako Estatuaren kasuan, Interneten askotan gaztelania eta dialektoa existitzen direla agertzen da, dialektoa hizkuntza bakarra izango balitz bezala. Hortaz, gure lehen zeregina tematiak izatea eta existitzen garela agerian uztea da. Tematiak izan behar gara, hein batean, Interneten hizkuntzen inguruan erabakiak hartzen ari direnean bileretan, isilik ez dauden euskaldunez eta katalanez gogoratzeko.