ELA

"EH Bilduk EAJren bidetik segitzen badu, oker gabiltza"

  • Apirilaren 5ean ELAko idazkari nagusi hautatu zuten Mitxel Lakuntza (Iruñea, 1976). Hamalau urte daramatza ELAko zuzendaritzan eta orain arte sindikatuko Nafarroako koordinatzailea izan da. Ordezkatu duen Txiki Muñoz bezala, ahoan bilorik gabe mintzo da.

Argazkia: Dani BlancoArgazkia: Dani Blanco

Botoen %95arekin hautatu zaituzte, “bulgariar erara” ere esaten zaio horri. Hain berdintsuak zarete ELAn? Aldez aurretik sukalde lan handia egiten duzue? Zein da hain adostasun handien azalpena?
Luzaroan landu dugun kultura propio baten ondorio da. “Bulgariar eran” botoa eskua altxatuta ematen da, hemen botoa sekretua da. Kohesioa lantzen den gauza bat da. Emaitza oso handia da eta horrek adierazten du zein unetan den sindikatua. Hauteskunde sindikaletan inoizko emaitzarik onenak lortzen ari gara, azken urteetako afiliazio datuak onak dira. Autonomiaren eta kontraboterearen bideak hor dira, militanteak pozik daude egiten ari garen lanarekin eta hauek dira emaitzak. Gaur egun ez dago ezer iraultzaileagorik jendea antolatzea baino. Gizartea aldatuko da antolatzen den heinean.

Eremu sozialean, konfrontazioa da zuen marka nagusia: non, norekin eta noraino?
Bide baketsu eta demokratikoetatik egiten bada, ahal deneraino. Grebak noraino? Patronalak erabakitzen du, ez guk. Greba gure hiztegitik ezabatu nahi izan dute eta sindikatu bat grebarik gabe ez da ezer, hori da gure tresna. Gizartea ere ez da berdina grebarik gabe; demokraziaren osagai bat da greba. Azken urteetan neoliberalismoak hizkuntzan ere irabazi egin du gizartean. Postmodernismoaren aro honetan esaten da gizartea gero eta likidoagoa dela, horregatik guk betiko tresnak aldarrikatzen ditugu.

Gero esaten dute maximalistak garela. Ikusi Tabakalerako greba: 800 euro kobratzen dituzte Estatuko hitzarmenarekin, eta guk eskatzen dugu Gipuzkoakoa kobratzea: 1.200 euro inguru. Bilbon bi hoteletan greba indartsuak egin ditugu eta 800 eurotik 1.400 euro kobratzera pasatu dira. Jakina, borroka partzialak dira, ez gara denera iristen, baina greba bat irabazten denean, besteentzat gonbidapena da. Orain greba asko administrazioak azpikontratatutako eremuetan izaten ari dira: itunpeko irakaskuntza EAEn, Gipuzkoako erresidentziak, Tabakalera, komisaldegi eta epaitegietako garbiketak, etxez etxeko langileak, haur eskolak, eskoletako sukaldeak… Gobernuak ez du garaipen sindikalik nahi eta grebak luzatzea erabaki du.
Kongresuaren lehen helburua prekarietateari aurre egitea da. Langabeen mundua da guztietan prekarioena, seguruenik.

Sindikalgintza ez al dabil oso motz esparru hori jorratzean?
Langabeak egoera trantsitorioan diren langileak dira. Langabeak lanean hasi nahi du eta eremu horretan ez ditugu beste arlo batzuetan dauzkagun tresnak. Sindikatuak bere gain hartzen ditu baina oso zaila da kolektibo bezala antolatzea. Ez da egia langabetuen alde ez dugula ezer egiten:  hor dira pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako HLE formakuntzako baliabideak, planteatzen ditugun enplegu politikak edo lan orduen murrizketak...

Argazkia: Dani Blanco

Pasa dira zazpi urte lan erreforma onartu zenetik. Oso orokorrean esanda, zer eragin izan du lan hitzarmenetan eta lan baldintzetan?
Bi erreforma nagusi izan dira, lan erreforma eta negoziazio kolektiboarena. Enplegu-erregulazio espedienteen bidez, langileak kaleratzeko erraztasunak eta soldatak jaisteko aukerak askoz handiagoak dira gaur egun. Iritzi publikoari begira, negoziazio kolektiboarena ez da hain ikusgarria izan, baina sindikatuentzat oso kaltegarria izan da. Lehentasuna enpresako hitzarmenari eman diote, soldata gutxieneko interprofesionalera jaitsi dezaketelako.

ELA sindikatu indartsuena da Euskal Herrian, baina berak bakarrik ezin du prekarietatearen aurka egin. Non bilatuko ditu aliantzak?
LABen, jakina, baina gauzak ez daude ongi. Bi sindikatuak abertzaleak gara, politika publikoetan ez dugu alde handirik, neoliberalismoaren aurkakoak gara, zerga-sistemaren eta aurrekontuen inguruan ez dugu alderik, prekarietatearen aurka gaude… Jardueran sortzen zaizkigu arazoak. Lan zentroetan ez gatoz bat, batez ere grebaren inguruko hausnarketan. Negoziazio kolektiboa bideratzeko gutxieneko akordio batzuk josi beharko genituzke eta oraindik ez da halakorik gertatu.

Bai, elkarlana nahi duzue baina gero Txiki Muñozek zera dio Berria-n: “LABek, eguneroko jardunean antz handiagoa dauka CCOOrekin eta UGTrekin, gurekin baino”. Tori torpedoa.
Guretzat garrantzitsua da azaltzea gauzak zergatik ez dauden ongi. Zenbait sektoretan LABek egiten dituen gauzak ikusita, ulertzen dugu gugandik baino bi sindikatu horiengandik dagoela gertuago eta horrek kezkatzen gaitu. Greba tresna gisa erabiltzen ez baduzu, CCOOren eta UGTren ondoan zaude eta horrela jarraituta, greba ez egitea helburu bat izan daiteke.

Ezkerreko jende askok ez ditu ongi ulertzen LABen eta ELAren arteko ika-mikak.
Uste dut ulertu egiten duela, hau da, “ulertzen dut zer gertatzen den, baina ez nago ados”, pentsa dezake askok. Guk uste dugu sekulako aukerak galtzen ari garela elkarlan hori ez gauzatzeagatik. Baina errealitatea ere hor dago eta kontatu behar da den bezala, fikzioan erori gabe.

Azaldu daitezke erraz ulertzeko moduan grebaren inguruan dituzuen desberdintasunak?
Adibide zehatzak ikusita oso erraz ikusten da. Gipuzkoako erresidentzietan guk 44 greba egun egitera deitu dugu eta LABek lau bakarrik. Bizkaiko erresidentzietan LABek ez zuen grebarik egin. Baina grebez gain, LAB mugimendu baten parte da eta horrek distortsioak sortzen ditu. EH Bildu non dagoen kontuan hartuta, Nafarroan eta EAEn tentsioak izan ditugu LABekin. Guk politika aztertzen dugu mamiaren arabera eta ez nork egiten duenaren arabera. Badakigu LAB non dagoen, baina gutxieneko autonomia eskatzen dugu.

ELAko bati baino gehiagori entzun izan diot, “ez pentsa ELAko oinarria zuzendaritza bezain ezkertiarra denik”. Ba al dago jauzi hori?
ELAn 100.000 afiliatu gara eta Euskal Herria askotarikoa den heinean gure oinarria ere anitza izango da. Erriberako 2.000 afiliatuak ez dira Goierrikoak bezalakoak izango, baina osagai bateratua dute: ELAn afiliatu dira eta badakite ELA zer den. Muskizen, Legazpin edo Cascanten guk gauza bera esaten dugu. Toki horietan guztietan jartzen du: Euskal sindikatua. Jendeak badaki sindikatu borrokalari eta abertzalean afiliatzen dela. Hori horrela izanda, inori ez zaio galdetzen botoa nori ematen dion.

Sortuko lau pertsona ezagunek joan den azaroan salaketa oso gogorrak egin zizkizueten prentsa artikulu batean: zuen ezkerreko izaera itxuraz bakarrik da gogorra [“izquierdismo de cartón-piedra”]; ezker testimoniala egiten duzue eta honek neoliberalismoari egiten dio mesede. Gainera, burujabetzaren borrokari ihes egiten diozue.
Erabaki genuen ez erantzutea, ez da hori gure estiloa eta orain ere ez dut erantzungo. EH Bilduk EAJren bidetik segitzen badu oker gabiltza. ELAk lau gauza plantetzen ditu: egungo politikei oposizioa egitea,  alternatibak planteatzea, pedagogia egitea eta mobilizazioa antolatzea. Ezkerrak esparru propioa markatu behar du. Oraingo estrategia, antza, zentralitatea lehiatzea da, eta horren ondorioz, egiten den politika EAJk egiten duenaren gero eta antzekoagoa da. EH Bildu erronka oso instituzionalean dago eta instituzioak garrantzitsuak dira, baina gizartea oinarrietatik aldatzen da. Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen eztabaidan eta estatus berriaren inguruko negoziazioetan argi ikusi da hori.

Argazkia: Dani Blanco

Zuen akusazioak ere oso gogorrak dira: “EH Bildu hartzen ari da EAJren antza” edo “EAJk ez du oposiziorik”.
Ikusten duguna esan behar dugu. Hainbat egiaren aurrean guk ez dugu erantzunik, baina esan behar dira, egiak kontzientzia eraikitzen duelako. EAJren egoera oso bitxia da: duela urte eta erdi PPren aurrekontuak onartzen zituzten Madrilen; hemen PSErekin gobernatzen zuen. Beraz, kendu dituzu bi oposiziotik, eta hirugarrenak egunero eskatzen dizkizu hainbat akordio zenbait alorretan: estatusa, aurrekontuak… Tarte handia dugu politika sozialetan politika erradikalagoak egiteko, baina EH Bildu ez doa norabide horretan.

Goazen adibide zehatz bat aztertzera. Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan EH Bildu saiatu da 233 milioi lortzen pentsio baxuenak 858 eurotara igotzeko, geroago 1.080 izan daitezen. Beste 163 milioi ziren DSBE hobetzeko: 732 eurotik 858ra pasatzeko. Zergatik, ezinbestean, osoko zuzenketa izan behar zuen?
Erabakitzen baduzu EAJren esparru horretan jokatzea badakizu mugak non diren, eta konturatzerako beraiek egiten dutena egiten duzu. Ez da egia pentsioei buruz hitz egin zutenik, DSBEren osagarriez bakarrik hitz egin zezaketen, murrizketen maila zenbatekoa izango zen, eta hala egiten zuten. EAJren politikak enpresek markatzen dituzte: hemen enpresen gaineko zerga Europakoaren erdia da. Zerga-sisteman, langileak dira gero eta gehiago ordaintzen dutenak. Iruzurrez hitz egiten denean, bestelako iruzur txikiez hitz egiten da –langileak elkar joka aritu daitezen–, ez dirudunen zerga iruzur itzel horiez. Hori guztia normalizatzen ari da. Etxebizitzen alokairua batez beste 1.000 eurotik gorakoa da eta inork ez dio mugarik jartzen horri. Gauza horiek borrokatzeko garaiak dira eta horiez hitz egin nahi dugu.

Baina joko instituzionalak hori ere badu. Negoziazio kolektiboetan zuek ere antzera negoziatzen duzue, urratsez urrats, %6ko igoera orain, hiru urtetan 200 euro gehiago…
Desberdina da. Politikan ez dago gatazkarik, hori da aldea. Gatazka ekiditen saiatzen dira maiz. Guk lan esparruan gatazka planteatzen dugu, denetan ez dugu irabazten, indar korrelazioaren arabera izaten da, baina irabazten gaituztenean ez dugu esaten lortutakoa akordiorik onena dela, gure indarrek ahalbidetu dutena baino, eta pedagogia egiten saiatzen gara. Politikan ez. Nafarroan, esaterako, zerga politika txiki bat egin zen eta laukoa atera zen esanez sekulako erreforma egin zela. UPNk utzi zuen zerga egitura berbera geratu da Nafarroan, baina ez dute hori onartu nahi. Beste adibide bat: UPNk dio zerga politika dela eta, enpresak badoazela Nafarroatik, eta Mikel Aranburuk erantzuten dio esanez Nafarroan enpresek inon baino gutxiago ordaintzen dutela. Baina inork ez dio kontu hartzen horregatik, kontu horiek ez daudelako politikaren lehen lerroan.

Nafarroan funtsezko aldaketarik ez dela egon diozue, baina hainbat gaitan asko aldatu dira: corralitoa-rekikoak, euskaran, sinboloetan, biktimak, memoria, Hondakinen Legea…
Bai, eta guk txalotu ditugu, baina lana edo ekonomiaren eremuetan oso zaila da fundamentuzko aldaketak topatzea. Gaur egun Osasunbideara edo hezkuntzara bideratzen den ehunekoa ez da ezer handitu. Bi sektore horietan enpleguaren behin-behinekotasuna %30etik gorakoa da. Isildu egin behar dugu? Guk exijentzia eta aldarrikapenetik lagunduko dugu lauko gobernu hori. Oso gauza zatarrak ere ikusi ditugu: 2018an, esaterako, Nafarroako Gobernuak ukatu egin zigun Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak etxebizitza eta errenta bermatuari buruzko herritarren ekimen legegilea bideratzea.

Esparru nazionalean desmobilizazioan gaudela diozue. Zergatik?
Ez dago faktore bakarra, baina Eusko Jaurlaritzatik –bereziki– eta Nafarroako Gobernutik egiten diren politikek ikuspegi hori laguntzen dute. Egiazkoak ez diren errealitateak indartzen dituzte. Adibidez, EAJk Madrilekiko aldebikotasun harremana errepikatzen du behin eta berriro eta hori ez da egia: Madrilek erabakitzen du. Ez da nahikoa indar egiten ikuspegi subiranistatik. Adibidez, hemen era daiteke ezkerreko subiranismo sozial indartsua, baina ez da egiten; behar bada emaitzak ez lirateke epe laburrean ikusiko, baina gutxienez ez genuke fikziorik, gaur egun, agian, subiranistak ez garelako pentsatzen dugun beste.

Jose Elorrietak zera zioen ARGIAko elkarrizketa batean: “Fase politiko honetan burujabetza metaketa EAJrik gabe egin behar da”. Baina zuek uste duzue EH Bildu zuekin baino EAJrekin ari dela egiten metaketa hori.
Hori da, bai. Hala ikusten da estatus berriaren eztabaidan, baina egungo EAJ ez da Lizarra-Garaziko EAJ, ikusi besterik ez dago lehendakari honek zer dioen eta bere kezkak non dauden.

Goazen gai zehatzetara berriz. Nola egin behar zaio aurre Madrilek 2010etik inposatzen duen “gastu sabaia”-ren politikari?
Lehenik eta behin horren kontrako posizioa adieraziz. Ez dugu uste hori gaur egungo Hegoaldeko gobernuentzat sabai hori arazo denik. Hau da, Mikel Aranburu Madrilera doanean eta gastu sabai batekin datorrenean, akordio batekin dator, ez inposaketa batekin. Berdin Eusko Jaurlaritza.

Baina ados ez egonda ere legea bete behar duzu, bestela desobedientzian erortzen zara.
Hori ez da horrela. Hemen badira hainbat aukera, baina ez dira esploratu nahi ere. Madrilgo Udalean gatazka izan zen [Cristóbal] Montororekin eta lege horrekin, baina bilatu zituzten beste bide batzuk. Hemen ez da ezer egiten. Beraz, politika zer da? Obeditzeko artea? Bilatu beharko dira zirrikituak edo gutxieneko konfrontazioa, ezta? Baina zein da gure ustea? Hemengo gobernuek partekatzen dituztela aurrekontuen murrizketa politika horiek.

Feminista zarela diozu. Nola?
Ez ote zaie feminismoa emakumeei utzi behar?
Feminista izaten saiatzen naiz, asmo bat da. Sindikatuko kideen borondatea da norabide batean aurrera egitea. Guretzat feminismoa da diskriminazioaren kontrako eta berdintasunaren aldeko filosofia eta ideologia. Ez da bide erraza, konturatzen zarelako orain arte ikusten ez zenituen gauzez. Aurrerantzean sindikatu hau tresna eraginkorragoa izango da antolatu nahi duten emakumeentzat. Gaur egun emakumeen afiliazioa %45ekoa da, eta emakumeak gero eta gehiago afiliatzen dira. Zergatik? Begia prekarietatean jarri dugulako eta sektore horietan batez ere emakumeak ari direlako. 1997an hautatutako zuzendaritza guztia gizonez osatuta zegoen, gaur egungoan emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago dira. ELAn feminismoa eraikitzen ari gara: ez gaude feminismo liberalean, ezta gizonen aurkako feminismoan. Feminismoa guretzat sindikatu hobe bat egiteko tresna da.

Autoritarismoa, eskuin muturra, hedatzen ari dira Europan. Hemen ere bai, baina haien balore asko dagoeneko txertatuta daude gizarte esparru zabaletan. Nola egin aurre?
Sindikatuak aterpe eta tresna izan behar du. Sindikatu batean bazaude eskuin muturreko atzaparretan erortzeko aukera gutxiago duzu. Baina hemen ere badago euskal autoritarismoa, eta [Iñigo] Urkulluk oso ondo daki hori zer den. Astelehenean jaso nituen Uxue Barkosen zorionak, Urkulluk ez dit ezer adierazi oraindik, eta ez dakit egingo duen, baina Txiki Muñoz hautatu zutenean ere ez ziguten ezer bidali. Guk beti zoriontzen ditugu hautatzen dituztenean. Formalitatea besterik ez da, baina asko adierazten du. Urkullu lehendakariak ez du lehenbiziko sindikatuarekin bildu nahi. Bere gobernuak lege bat egin du UGTk eta CCOOk Jaurlaritzaren hitzarmenak gutxiengoan sinatu ahal izateko.

Eta grebarekin zerikusia duen guztian pauso bat gehiago ematen dute. Esate baterako, Gipuzkoako Diputazioa erresidentziekin egiten ari dena itzela da. ELAk kritika politikoa egiten du ohikoan, baina oraingoan beste akusazio bat egin diogu diputazioari: Markel Olano eta Maite Peña gezurretan ari dira eta dokumentu bat faltsifikatu dute. Hemen akordio bat lortu genuen Adegik, Matiak eta ELAk. Joan ginen Aldundira akordio horrekin eta faltsutu egin zuten dokumentua, akordiorik ez zegoela esateko. Hori oso larria da. Hori autoritarismoa da. Diputazioak hautu bat egin du, greba luzatu nahi du, eta hemen greba luze bat egongo da, baina Aldundiak hala nahi duelako.

Beste adibide bat: komisaldegietako eta epaitegietako garbitzaileen esparruan diputazioak dio komisaldegiak oso zikin daudela eta garbitu egin behar direla. Zer egin du? Ehuneko ehuneko gutxieneko zerbitzuak jarri eta kito. Beste bat, Tabakalerako auzian Eneko Goia Donostiako alkateak zera esan die langileei: “Zuekin bilduko naiz, baina sindikatuarekin ez”. Hau da, ondorioa zein da? EAJk baduela jarrera autoritarioa, grebaren aurkakoa eta antisoziala. Gure hautua ere irmoa da: aurre egingo diogu honi guztiari. Baina hori ez diot nik, langileek diote; Bizkaian gertatutakoa oso presente dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ELA
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Asier Guerra Herrero, Cecosako langilea
"Eroskin higadura fisiko handia jasaten dugun langileontzat gutxieneko baldintzak lortu ditugu"

Elorrioko Eroskiren produktu ez-galkorren biltegiko Cecosa azpikontratako langileek oso baldintza kaskarretan dihardute: biltegiaren azken katebegian egiten dute lan zama handiekin, eta Espainiako estatuko hitzarmena aplikatzen zaie. Abenduaren 11tik 16ra grebara jo zuten eta... [+]


2024-01-04 | Jon Torner Zabala
Jende gutxiago dago langabezian, baina prekarietatea "pandemia" bilakatzen ari da

Hego Euskal Herrian, 2023ko abenduan urtebete lehenago baino 4.641 langabe gutxiago zegoela jakinarazi berri du Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Sindikatuek, dena den, datu horren itzalean dagoen errealitateaz ohartarazi dute. ELAk, adibidez, gogorarazi du lau lan... [+]


2023-12-07 | Gedar
Aste honetan greba egingo dute Gipuzkoako Lidleko langileek

Ostegunean eta larunbatean izango dira lanuzteak, Lidl supermerkatuetako beharginen lan-baldintzak hobetzearen alde.


Eguneraketa berriak daude