Marisa Barrena. Batailak galdu bai, borrokan etsi ez

"Irakasleok motibatuta ez bagaude, nola motibatuko dugu parekoa?"

  • Lan politikoaren errepresentazioaz ari ginela, hauxe esan zidan Petra Bauer zinema zuzendariak: Kaleko irudi sutsuekin lotu ohi dela iraultza, gizon-saldoekin, baina, benetan, atzeko lan guztian dagoela gakoa, eguneroko lan ikusezinetan. Sukaldeko lana esan ohi diote. Halakoxe militantea dugu Marisa Barrena. Orain, adibidez, euskal emakumeei buruzko sarrerak idazten ari da Wikipedian, eta Bidelagun onenaren saria eman berri dio Mintzanet atariak.

Danele Sarriugarte Mochales @daneleSM
2018ko abenduaren 02a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Marisa Barrena Larruzea (Zornotza, 1951)

Bokazioa argi zuen umetatik: maistrie! Nagusiagotan ikasi zuen lanbidea: lehenik, Magisteritza, eta ondoren, Psikopedagogia. Militantzia politikoan ere jardun zen frankismo garaian: lehenik, HASIn, eta ondoren, EKIA taldea sortuta, Euskadiko Ezkerran. Alderditik bota zituzten, eta orduz geroztik ez da berriro inon afiliatu. Argi esan omen zioten, ez zuela politikarako balio, sentimenduek eragiten ziotelako. 2005ean sortu zuen, hainbat kiderekin batera, Andereak taldea. Urte hartan, Durangon, Ofelia Hernández erail zuen haren bikotekideak. Halakoak salatzeko premiaz sortu zuten elkartea.

Erretiroa hartuta zaude, ez ordea geldirik. Zer moduz?

Ondo, erretiro garaia niretzat oso polita da, egiteko gogoa neukan gauza asko egiteko aukera ematen dit.

Sortzez ez zara Durangokoa.

Zornotzan jaio nintzen 1951n, eta gero, 8 urte nituela etxetik bota gintuzten. Orduan ez zegoen Kaleratzeak Stop eta halako mugimendurik. Bota ostean, hara-hona ibili ginen, eta orain dela 36 urte etorri nintzen Durangora, familiarekin.

Baserrian jaio zinen, ezta?

Bai, eta Euban ginen garaian ere baserrian bizi izan ginen. Aitak asko maite zituen lurra eta abereak, eta nahiz eta fabrikan lan egin, beti nahi izan zuen baserrian bizi, eta hala egin zuen azken urteak arte. Ni kalera ezkondu nintzen.

Ez zeneukan aitak bezalako grinarik baserriarekin?

Baserriak badauka kaletarrentzat halako lilura bat; baserrian jaio garenontzat, ordea, lotura izan da, batez ere gazte garaian. Kaleko lagunak hondartzara-eta joaten zirenean, gu belarra biltzen aritzen ginen. Gaztetan, egia esan, ez nuen baserria maite izan; nagusiagotan bai, baina ez zen nire bokazioa. Eta kontuan eduki behar da maizterrak ginela; ezberdina da. Etxean ere bilatu zuten lanbide bat izan nezan, eta orain pentsatzen dut izan daitekeela horregatik, maizterrak ginelako.

Gazterik hasi zinen lanean.

15 urterekin. Orain administrari laguntzaile esaten zaion horretan. Nire bokazioa beti izan zen irakasle aritzea, txikitatik. Baina, garaiko batxiler elementala amaitu nuen 14 urterekin, eta aukera gutxi geneukan Magisteritza egiteko, beraz, egin nituen komertzio izeneko ikasketa batzuk, herrian bertan. Handik urtebetera lanpostuak irten ziren, eta aurkeztu nintzen. Hamar urtez jardun nintzen han: lehenik, administrari laguntzaile, urtebetez, eta ondoren, soldatak-eta kudeatzen, baina lanak ez ninduen asebetetzen.

Zer fabrika zen?

Kooperatiba bat, Ekin. Kooperatiba zenez, gizon langile guztiak bazkide ziren. 80 bat gizonek lan egiten zuten han, eta hiru neska ginen bulegoan. Baina bulegoko neskok ez geneukan bazkide izateko aukerarik. Gaur egun bai, baina orduan ez zegoen aukerarik. Bigarren mailakoak ginen guztiz. Ez geneukan izenik ere. Soldaten paperetan, adibidez, “andereñoen soldatak” jartzen zuen, eta horrek azkenean halako galdera bat uzten dizu barruan: zer gara gu? Zenbateraino gara bigarren mailakoak?

Lankideekin, hala ere, oso giro ona zegoen. Euskararen aldeko mugimendua zegoen, batez ere garai batean eduki genuen gerentea oso euskaltzalea zelako, eta ez daukat oroitzapen txarrik, baina ez zen nire gustuko lana, eta Ikastolen Elkartean lan egiteko aukera sortu zitzaidanean…

Hartu egin zenuen.

Bai. Gerenteak, gainera, esan zidan joateko lasai, gordeko zidatela postua, eta gorde zidaten, baina ez nintzen itzuli. Ikastolen Elkartean lan egin nuen bost urtez, eta hor hasi zen berriro nire irakasle gogoa pizten.

Zertan jardun zinen Ikastolen Elkartean?

Ikastolen Elkartea kooperatiba zen Bizkaian, eta hango idazkaria nintzen. Beste lurraldeetako idazkariak gizonezkoak ziren, eta behin bilera batean gertatu zen gauza bitxi bat. Galdetu zuten: “Bizkaiko idazkaria ez al da etorri?” Nik esan nuen: “bai, ni naiz”. Eta haiek: “ez, baina idazkaria…”. Idazkaria maiuskulaz esan nahi zuten, ez bulegaria. Horrelako kontuak. Lan interesgarria izan zen.

Gero, ikastola publiko eta pribatuen arteko zera hori sortu zen. Ni publikoaren alde nengoen. Ordurako nahiko borroka zegoen barruan, eta giroa ere gaiztotzen hasi zen, eta pentsatu nuen agian beste bide bat bilatu behar nuela. Irakasle izateko gogo horrekin jarraitzen nuenez, bada heldu nion.

Magisteritza ikasi zenuen.

Bai, eta HABEko oposaketak egin nituen. Bertan egin nuen lan urtetan, baina Joseba Arregik, Kultura eta Euskara sailburua zela, itxi egin zituen euskaltegi batzuk, euskaltegi pilotuak, eta hortik aurrera beste lan batzuetan ibili naiz. Nire lanik gustukoena, hala ere, irakaskuntza izan da beti.

Zergatik itxi zituzten euskaltegi pilotuak?

HABEk zeuzkan euskaltegi mota bi: batetik, pilotuak, eredu-edo zirenak, zelanbait esatearren, erkidegoko hiru hiriburuetan, eta barnetegi bat Hondarribian. Eta gero zeuzkan udal euskaltegiak. Pilotuetako langileok Jaurlaritzako langile ginen zuzenean; beste euskaltegiak, berriz, udalek kudeatzen zituzten. Eta pilotuetako langileok greba egin genuen, ordutegiengatik batez ere. Mehatxuak jaso genituen, itxi egingo zituztela zentroak, baina ez genuen inoiz sinetsi. Sindikatuek ere esan ziguten Jaurlaritzak ezin izango zuela halakorik egin, baina egin zuen. Ez ginen kanpoan geratu, noski, ordurako funtzionario ginelako, eta beste toki batzuetara bideratu gintuzten.

HABE barruan formazio ona eman ziguten. Txarrena izan zen, nire ustez, gure onena emateko garaian geundenean itxi zituztela, hala sentitzen dut nik behintzat. Gero IRALEn lan egiteko aukera izan nuen zenbait urtez, irakasleen irakasle, baina, azkenean, administrazio barruko hariak hain konplikatuak direnez, ezin izan nuen jarraitu, eta lastima handiz utzi nuen irakaskuntza.

Hala ere, Psikopedagogia ikasketak egin zenituen, eta Durangaldeko euskaltegietako ikasleen motibazioak aztertu.

Nik motibazioan sinesten dut. Igual erratuta egon naiteke, baina nik hor ikusten dut gakoa, eta lan egin dudan urteetan askotan aipatu didate ikasleen motibazioa, baina nik beti heldu nahi nion beste muturrari: irakasleok zer motibazio daukagu? Gu motibatuta ez bagaude, nola motibatuko dugu parekoa? Lau euskaltegitako ikasleekin bildu nintzen, eta ondorioztatu nuen irakasleen motibazioak eragin handi-handia duela, zalantza barik. Lan egin dudan urteetan ikusi ditut lankide batzuk oso motibatuta, eta beste batzuk, ordea, beste edozein lanetan ari balira bezala, bulegariak balira bezala. Nire ustez, ez da gauza bera.

Argazkia: Dani Blanco.

Ez dugu orain arte aipatu, baina, ezer baino lehen, militantziaz aritu zinen euskara eskolak ematen.

Bai, euskara irakasle 18 urterekin hasi nintzen. AEK sortu aurretik hasi ginen Durangon alfabetatze kanpainarekin, Rikardo Arregirekin, Josebaren anaiarekin. Hori, baina, afizioz egiten genuen, bulegotik irten ondoren. Horra zetozen ikasle guztiak sekulako gogoarekin etortzen ziren, eta horiekin pasatzen genituen klase orduak, gero tabernan zerbait hartu, asteburuetan ere txangoak antolatzen genituen… Familia bat zen, sare bat.

Nolako giroa zegoen garai hartan?

Kaleko giroa diozu? Ea, bada oso ezberdina zen, klandestinitatea bizi ez duenak agian ez du imajinatzen zer den… Dena zen klandestinoa, baina bazeukan halako morbo bat ere, niretzat behintzat. Gainera, gaztea nintzen, 17-18 urterekin badaukazu indarra eta gogoa. Jesuitek uzten zizkiguten euren gelak, eta, ikastetxearen aurrean, han egoten ziren hiru tipo, guardia zibil sekretak. Hori bagenekien denok, ezizenak ere jarri genizkien. Gu ikastetxera sartzen ginen, eskola ematen genuen, eta gero joan egiten ginen. Esan behar da batzuetan aprobetxatzen genuela bestelako bilerak egiteko.

Eta guardia zibilak ez ziren inoiz sartu?

Ez, baina behin egonda nago kuartelean; klaseak eman ostean etorri ziren nire bila.

Zergatik atxilotu zintuzten?

Propaganda ilegal deitzen zenaren ale batzuk neuzkan, eta horregatik.

Eta gero?

Gero torturak etorri ziren. Ohikoa izaten zen orduan eta orain ere uste dut. Propaganda ilegala egozteko panfleto beraren hiru ale eduki behar zenituen, baina nik hiru ale ezberdin neuzkan. Banekien kartzelarik ez nuela izango, haiek ere esan zidaten, baina salbuespen-egoeran geundenez, han aguantatu behar nuen. Jo eta ke aritu ziren, aleak nork eman zizkidan esan arte.

Zenbat denbora egon zinen?

Hiru egun… edo hobe esan, hiru gau. Gauak ziren benetan beldurgarriak. Markarik ez uzteko, trapu bustiak ipintzen zizkidaten, eta gainean jo: hankapetan, ukondoetan, belaunetan…Tortura izugarria da, ezin da deskribatu.

Orain pare bat aste hitz egin dute Donostian torturak jasan dituzten hiru emakumek.

Bai... Izugarria da. Eta haiek jasan dutenak, nirearekin konparatuz, ez dauka zerikusirik. Emakume horiek entzun nituenean, dardarka nengoen, negar-anpuluak ateratzen zitzaizkidan.

Eta inpunitatea da nagusi.

Orain Pacok-eta [Etxeberria] lan itzela egin dute, baina hor ez gaude denok, adibidez nik neuk ez dut egin. Lau mila kasu inguru bildu dituzte, eta oso ondo dago, baina askoz gehiago izan ginen.
Egun gutxiago egon ginenon kasuan, malmenor esaten zen orduan, baina jasan duenak ezin du ahaztu. [Isilunea]. Bueno.

Gaiz beste egingo dugu?

Bai.

Dantzarekin ere baduzu loturarik, Durangoko Kriskitin taldean ibili zara.

Dantza taldea ahul zegoen, eta laguntza eskatu zidaten. Orain dela 32 bat urte izango zen.

Zer lan egin duzu bertan?

Zabalkundea ematen aritu naiz. Bi helburu nagusi izan ditut: kulturartekotasuna eta parekidetasuna bultzatzea. Bata, batez ere gazteei begira, ikus zezatela munduko beste tokietan ere egiten dela dantza, tradizionala eta bestelakoa, eta antzekotasunak daudela, ez dela gurea bakarrik, Burgosen ere egiten dituztela antzeko dantzak, edo Polonian.

Eta parekidetasuna?

Durangaldean, Dantzari dantza da gure marka, zazpi edo zortzi dantzaren multzoa da. Hori mantentzeko eta hori bultzatzeko, Gerediaga elkarteak 50 urtez antolatu du Ezpata dantzari eguna. Egun hori antolatzeko bilera batera joan nintzen, eta planteatu nuen emakumeek ere egitea dantzan, eta ezetz esan zidaten: inondik inora! Gero, Kriskitinen, talde mistoa ginenez, asanbladan erabaki genuen ez genuela parterik hartuko jaialdi horretan, neskak eta mutilak joan arte. Eta, horrela, urteak joan dira.

Eta gero?

2015ean, Durangoko jai nagusian, talde mistoa atera zuen Kriskitinek Dantzari dantzara, eta normaltasun osoz hartu zuen jendeak. 2016an, berriz, Gerediagako Ezpata dantzari egunean hiru neska ausartu ziren dantza egitera gizon guztien artean, eta 2017an, ordea, gure lau neskak egin zuten dantza Iurretako plazan lehenengo aldiz. Egun gogoangarria izan zen benetan, zere bazeuden 84 gizon eta lau andre. Haientzat izan zen erronka itzela eta niretzat satisfakzio izugarria. Gainera, esan behar da oso ondo egin zutela.

Ofizialki erabaki zen emakumeek ere parte har zezaketela ala sartu egin zineten?

Ez, gu sartu ginen. Tira, lehenik gogoeta egin genuen barruan, aholkularitza jaso genuen –Oier Araolazak asko lagundu zigun–, hitzaldiak antolatu genituen, lehenik barrura begira eta ondoren herri mailan. Sartu aurretik, gaia landu dugu. Kontua da, baina, 2017an izan zela Ezpata dantzari egunaren 50. urteurrena, eta harrezkero ez dela berriro egin.

Aurten ez da egin?

Aurten ez da egin. Ez dut uste gure eraginez denik, baina horrela erabaki da.

Aurten egin duzu(e)n zerbait: María Francisca Escolástica de la Fuente Bolangero dantzari durangarra argitara ekarri.

Kasualitatez aurkitu nuen, eta oso pozik nago aurkikuntza horrekin. Betaurreko moreei esker aurkitu nuen. Hemen, oso famatuak dira Plateruak [Zilarginak]: De la Fuente Bolangero familia. Izatez, neba-arreba ugari ziren, baina bi aipatu dira beti: batak dantza egiten zuen, eta besteak, berriz, soinua jo eta poemak eta bertsoak idatzi. Halaxe sinatzen zituzten beren lanak: Durangoko Plateruak. Tira, beste gauza baten bila nenbilela, Lino Akesoloren testu batean topatu nuen arrastoa: orain berrehun urte Parisen argitaraturiko liburu batean, [Juan Antonio] Zamakolak idatzi zuen Plateru dantzariak arrebarekin egiten zuela dantza, eta pentsatu nuen: bada orduan dantzaria izango zen arreba ere! Elizako paperetan hasi nintzen haren bila, bataio-agirietan, eta seme-alaben artean bera zenez neska bakarra, erraz aurkitu nuen gure Maria Escolástica. Inguruko zenbait dantzarirekin komentatu nuen, eta Plateru ikuskizuna prestatu zuten, hura argitara emateko eta bizia emateko. San Simon eta San Juda egunean estreinatu zen, Plateruena antzokiaren 14. urteurrenean, eta oso emozionantea izan zen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskara  |  Dantza  |  Tortura  |  Generoa

Euskara kanaletik interesatuko zaizu...
2019-02-19 | Zabalik elkartea
Xamarren 'Etxera bidean' liburua
MULTIMEDIA - elkarrizketa

2019ko otsailaren 14an, Xamarrek Donapaleun aurkeztu zuen bere belaunaldiaren ibilbidea biltzen duen liburua: Etxera bidean. Nola belaunaldi akulturatuak, bere buruaz 'beste' egitera dedikatu dutenak, nerabe garaian deskubritu zuen bere muineko izatea gorderik eta estalirik atxiki zaion euskara eta euskal kultura dela. Aitzinera so den itzulera bidai bat.


2019-02-17 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Bikoizketaz haratago

"Hizkuntz eskubideak bermatzen ez dizkiguten artean talka egongo da"

Arkaitz Zarraga eta Eneka Alvarez. Beren burua zurrunbilo mediatiko biren erdian aurkitu duten bi euskaldun ditugu. Biei administrazio publikoak hizkuntza eskubideak urratu dizkie, eta biek amaitu dute isun banarekin, gaztelania dotorean idatzita. Izebergaren punta dira, arreta deitzea lortu duten bi kasu, egunerokoan salatu gabe eta modu ikusezinean gertatzen diren euskaldunon aurkako erasoen multzo zabalean.


2019-02-14 | dantzan.eus
Iruinkokoak Iru˝eko karrikak hartuko ditu martxoaren 3an

Heldu den martxoaren 3an Iruinkokoa, hiri buruzagiko inauteri euskalduna herri-antzezpena eginen dugu hiri buruzagiko Alde Zaharreko karriketan barna. Guztira 70 lagunen elkarlanari esker sortutako ikusgarri honek dantza, musika, antzerkia eta bertsolaritza uztartzen ditu, eta euskara du ardatz nagusi.


Txillardegiren Klika
MULTIMEDIA - dokumentala

21. Korrikarako egindako dokumentala da. 14. Korrikak Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho Txillardegiren Klika filma osatzeko. Hori oinarri hartuta josi ditu ondoren irudietan Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren zein Joxe Azurmendiren hitzak, besteak beste. Baita bestelako dokumentuak ere: «ETBko zintetatik Euskadiko Filmategiko apaletara, artxibo pribatuetan barrena ere ibili gara Txillardegiren bila», dio egileak... [+]


2019-02-12 | Hala Bedi | Hizpidea
Miel A. Elustondo
"Arabako Ikastoletan lehen eragileak bertakoak izan ziren, Araba ez da zazpigarren alaba"

Izaskun Arrueren urratsen atzetik” liburua idatzi du Miel Anjel Elustondok. Azken hamarkadetan Gasteizen eta Araban euskararen bilakaera eta Ikastolen sorrera nolakoa izan zen aztertu du. Izaskun Arrue Arabako Ikastoletako “lehen andereñoa” izan omen zela eta, bera elkarrizketatu zuen Elustondok 2004an. Arruek emandako urratsei jarraiki, Arabako euskararen bidea marraztu nahi izan du liburuan.


"Mendebaldeko euskararen berrikuntza gunea izan da Arraia"

Mendialdean euskarararen zabalpena aztertu du Joseba Abaitua linguistikako doktoreak; muga  oso garbia aurkitu du, euskararen eta erromantzearen artean.


Hizkuntz eskubideen urraketen aurkako kontzentrazioa
MULTIMEDIA - erreportajea

Hizkuntz eskubideen urraketen aurkako kontzentrazioa egin genuen pasa den ostiralean Donostian eta Arkaitz Zarraga eta Eneka Alvarezen testigantzak entzun genituen bertan. Hemen duzue laburpen bideo bat.


2019-02-11 | ARGIA
Arkaitz Zarraga eta Eneka Alvarezek haien hizkuntza eskubide urraketak kontatu zituzten Donostiako Ertzain-Etxe atarian

Ernaik eta Euskal Herrian Euskarazek egin zuten elkarretaratze deialdia, otsailaren 8rako, Ernaiko kide Eneka Alvarezek salatu baitzuen Ertzaintzak hizkuntza eskubideak urratu zizkiola maiatzaren 21ean eta Mozal Legeaz zigortu.


2019-02-10 | Mikel Asurmendi
Dylan Inglis
"Euskara ikasita, atzerritar euskaldunok leku berezia daukagu euskal gizartean"

Dylan Denny-Stearn Inglis, Ingalaterrako Devon probintzian jaioa da, 1998an. Duela bi urte, Durham unibertsitatean giza zientziak ikasten ari zela, urte sabatikoa hartu zuen Euskal Herrira etorrita euskara ikasteko. Iazko abenduan EGA titulua erdietsi zuen. Bost mintzaira daki: ingelesa, mandarinera, gaztelania, frantsesa eta euskara. Zubereraz mintzo da, baita bizkaieraz ere. Urtarrilean itzuli zen Ingalaterrara. Durham hiritik erantzun digu, idatziz. Xarmanki mintzatu ez ezik ederto idazten... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude