Berriki, Axut kolektibo bikainak antolatzen zuen mahai inguru batean parte hartzeko aukera izan dut. Larrialdiaren diagnostikoa: eta orain zer? zuen izenburua. Bi orduko solasaldi irekia. Xumea. Goxoa. Lagunartekoa. Hortik ateratzean, bere artikulua fintzeko, kazetari batek galdera batzuk luzatu zizkigun banan-banan hizlarioi. Ximuni [Fuchs] lehena. Idurre [Eskisabel] ondotik. Amagoia [Gurrutxaga] segitzeko. Eta niri bukatzeko (ez zidan eskapatzeko denborarik utzi).
Grabagailua piztu, nire aurpegira hurbildu eta galdera luzatu: “Beraz, Eneko, zu optimista zara. Zein ideia ateratzen duzu gaurko mahai-ingurutik?”. Optimista ni? Azken hilabeteetako eztabaidetan, dikotomia batzuek akitzen naute. Optimista vs pesimista. Idealista vs errealista. Kartsua vs zinikoa. Fidakorra vs fidagaitza. Eraikitzailea vs suntsitzailea. Positiboa vs negatiboa. Eskerduna vs frustratua. Sortzailea vs konformista. Baikorra vs ezkorra. Bata ala bestea. Tokirik ez konplexutasunarentzat.
Bakoitzak identifika dezala mugimenduan emateko beharrezkoa duen erregaia: eta aitzina! Etorkizuna ilun dator; etiketa gutiago eta mundua aldatzeko ilusio handiagoa behar ditugu
Ez naiz optimista. Bi alaba gazteren aita naiz eta ikusten dut ze indartsu dirauen patriarkatuak eta nola modan jartzen diren eduki maskulinistak. Kostaldean bizi naiz eta egunero ikusten dut lurren artifizializazioaren, turistifikazioaren eta merkataritzaren espantsioa. Internazionalista naiz eta Palestinatik Venezuelara, inperialismoak eta kolonialismoak indartsu dirautela ikusten dut. Euskalduna naiz eta euskaldun bat irabazten dugun aldiro 90 erdaldun gehitzen direla ikusten dut. Eta abar luze-luze-luzea.
Egunkari bat irekitzeak edo irratiko albisteak entzuteak tripakiak bihurdikatzen dizkit. Palestinaren aldeko manifa batzuetan, negar egiteko gogoa igotzen zait. Gure agintarien hautu politikoek (edo hauturik ezak) asaldatzen naute. Eta etorkizunari begira emateak etsitzen nau. Beraz ez, ez naiz optimista!
Baina hortik aitzina, zer? Urtean bi aldiz mundua zein gaizki doan errepikatzeko iritzi-artikulu bat idaztearekin eta noizean behin sare sozialetan like batzuk uztearekin aski? Lanean, katzakan, batailan eta mugimenduan segitzeko, bakoitzak badu bere erregaia. Nirea da iluntasun orokortu horretan pizten den argi izpia jomugan hartu, bidean topatzen diren laguntzei heldu eta irria ezpainetan aitzinatzea. Ez dakit hori den optimista izatea, baina niri horrek nau aitzinarazten. Beste batzuentzat tunelaren puntan argirik ez ikustea da aitzinatzeko motibo hoberena. Eta horrek aitzina egitera badaramatza, bikain. Berriro diot, bakoitzak identifika dezala mugimenduan emateko beharrezkoa duen erregaia: eta aitzina! Etorkizuna ilun dator; etiketa gutiago eta mundua aldatzeko ilusio handiagoa behar ditugu. Jo!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.