Pertsonala politiko baita

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lau hilabete joan dira UEMAk manaturik Siadecok egin duen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa azterlana argitaratu denetik. Bazuen gure munduan hautsak harrotzeko behar bezainbat mami. Ez dut, ordea, hainbertze ikara nabari bazterretan.

Demografiaren arazoa erdigunera ekarri digu Siadecok. Ez da gustuko gaia gure artean. Deserosotasuna pizten digu Euskal Herria azken mende laurden honetan bizitzen ari den aldaketa demografikoaz mintzatzeak.

Ulertzekoa. Ez dugu hauspotu nahi korronte xenofobo eta arrazista baten bertsio euskaltzalea, Katalunian bezala. Derragun garbi, euskal herritar berriak ez dira gure arazoen oinarria. Aldi berean, aitor dezagun, etorkin oldeak  malkarrago bilakatzen digu bide berez pikoa. Siadecoren txostenetik garbi ondorioztatzen denez, hemengo betiko erdaldunen seme-alabak euskaldun aktibo edo, gutienez ere, hiztun konpetente bihurtzeko ezinean dabilen gure irakaskuntza sistema nekez gertatuko da arrakastatsuago etorri berriekin. Hain guti Nafarroan, non euskararen ikaskuntza unibertsala bermaturik ez dagoen. EAEko geldialdia gabe, beherakada iragartzen zaigu kopuruetan nahiz euskaldunen kalitatean.

Siadecoren lan berriaren gaineko iruzkinetan, bakar batean ere ez dut aipaturik ikusi demografiaren auziaren ifrentzua

Afera, noski, ez litzateke hain latza euskal komunitateak demografia bizkorragoa balu. Bertze tabu bat. Siadecoren lan berriaren gaineko iruzkinetan, nire eskuetara ailegatu direnetan, bederen, bakar batean ere ez dut aipaturik ikusi demografiaren auziaren ifrentzu hori. Egia erran, 65 urte ditut eta ez dakit inoiz inon ikusi izan dudan, jendaurrean, bederen, horren aipamenik, ahapeka, erdi txantxetan eta lagun-lagunen artean ez bada.

Gaur egun, gure artean, amatasuna –eta aitatasuna– ez da obligazioa, hautua baizik. Arrunt kontu pertsonala izateaz gain, mingarria ere gerta daiteke. Ama (aita) ez izan nahi, baina (bikotekideak, familiak, gizarteak) beharturik sentitzea. Ama (aita) izan nahi eta ezina. Alor horretan ere, ez gara gure bizilagun erdaldunak edo bertze europar peto-petoak ez bezalakoak. Haien kasuan bezala, geure-geure sentitzen ditugun balio, bizimodu eta gizarte-harreman jadanik ez hain berriek ekarri gaituzte hona.

Guztiarekin ere, niri bederen harrigarria egiten zait nola, gure egoeran, ez gabiltzan “emankorrago” alde horretatik. Harrigarria, berriki arte “dena ematen zutenak” goraipatu izan dituen jendarte honek nola ez duen ageriago balioesten hiztun berriak eta segur aski hobeak munduratzeko isuri naturala. Zeren alferrik baita transmisioaren onurak aldarrikatzea nori transmititurik ez bada. Ez ote zen pertsonala politiko? Halaxe irakurri dut nonbait; aldizkari honetan, beharbada.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2025eko azaroaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude