“Oso garrantzitsua da administrazioak onartzea euskara zientzia hizkuntza bat dela”

  • Inguma datu-basearen bilakaeraz mintzatu dira Iñaki Alegria Loinaz eta Amaia Torrealday Galarreta ikerlariak. Unibertsitate mailan ekoitzitako zientzia lanak jasotzen ditu proiektuak.


2025eko azaroaren 14an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Komunitate zientifiko-intelektualaren euskarazko ekoizpena bildu, aztertu eta zabaltzea da Inguma datu-basearen helburuetako bat. Duela hogeita bost urte sortu zuen UEU Udako Euskal Unibertsitateak, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dauka. Ordutik, 14.160 egile, 48.354 dokumentu eta 220 erakunde katalogatu dituzte. Iñaki Alegria Loinaz UEUko zuzendaria ohia eta datu-basearen sortzaileetako bat da. Amaia Torrealday Galarreta Huheziko ikertzaileak datu-basearen bilakaeraren inguruko analisia egin du. Azaldu dute euskal ekoizpenak behera egin duela azken hamarkadetan, eta euskarazko edukia sustatzeko estrategiak aipatu dituzte.

Hogeita bost urte bete ditu Ingumak.

Iñaki Alegria: Irauteko espirituarekin duela hogeita bost urte sortu zen proiektu bat da. Iraun du, eta urte hauetan guztietan identifikatu dugu zein den komunitate zientifiko euskalduna. Hori zen lehenengo helburua. Bigarrena zen komunitate hori harremanetan eta lankidetzan jartzea edo sarea trinkotzea. Hor aurrerapausoak egin dira, baina igual oraindik gauza gehiago egin daitezke. Hirugarren helburua litzateke hedapen zientifikoa sustatzea, baina sumatzen dugu ez dela ezagutzen beharko litzatekeen bezala.

Amaia, zuk egindako ikerketaren arabera, lankidetza hori ez da horrenbeste ematen. Euskal komunitatean ere lehia presente dago?

Amaia Torrealday: Unibertsitate sistemak eta ikerketa sistemak lehia horretara eramaten gaituzte. Datuek argi erakusten dute lankidetza txikia dela. Gutxi argitaratzen dugu besteekin, eta normalean gure erakunde berekoak direnekin egiten dugu.

Alegria: "Hedapen edo dibulgazio mailan munduan gehien publikatzen den arloak osasuna eta medikuntza dira. Euskaraz ez da ia ezer argitaratzen horren inguruan"

Baita ere ondorioztatu duzue nazioarte mailan kosta egiten dela euskal ikerketak zabaltzea. Zer dago horren atzean?

Torrealday: Orain arte ikerketarako beti erreferentziatzat erabili diren datu-base batzuk daude; Orcid eta Scopus deitzen dira. Orain Espainian eta Latinoamerikan Dialnet dago. Errioxako Unibertsitateak sortutako proiektu bat da. Horietan oso zaila da euskarak ikusgarritasuna izatea. Bilduma irekiak ere daude, adibidez, Europar Batasunaren Zenodo. Ingumaren ekoizpen guztia bilduma jakin batean sartzea estrategia bat izan daiteke.

Alegria: Kontuan hartu behar dugu ikerketa sistemak zer saritzen duen eta zer ez. Momentu honetan saritzen ditu Orcid eta Scopus eta jendea horretara jartzen da. Horretara jarriz gero, ingelesez jartzen da. Datuak oso kezkagarriak dira. 1990eko hamarkadan euskarazko ekoizpena altua zen, eta azken bi hamarkadetan beheraka doa. Eta hori aintzat hartuta inoiz baino euskaldun gehiago gaudela zientzia sisteman.

Landutako gaien %78k gizarte gaiekin dute zerikusia. Zeren adierazle da?

Torrealday: Oso lotuta dago euskaraz lurraldetasunaren, identitatearen eta hizkuntzaren inguruan asko ikertu izanarekin.

Gai asko izanen dira jorratzeke, baina zertan ez du horrenbeste arreta jartzen euskal komunitateak?

Alegria: Hedapen edo dibulgazio mailan munduan gehien publikatzen den arloak osasuna eta medikuntza dira. Euskaraz ez da ia ezer argitaratzen horren inguruan. Adibidez, hizkuntza normalizatuetan jendea oso kezkatuta dago zahartze prozesuekin, eta gurean uste dut berandu goazela.

Torrealday: "Estrategia posible bat da ikertzaile gazteei euskaraz egiteko baldintzak eta euskarriak jartzea"

Emaitzak ikusita zertan jarri beharko litzateke indarra euskarazko produkzioa sustatzeko?

Torrealday: Hainbat puntutan; estrategia asko daude. Uste dut oso garrantzitsua dela administrazioak euskara zientzia hizkuntza bat dela onartzea eta bere irizpideetan txertatzea. Unibertsitateko irakasle doktore batek akreditatu nahi badu, euskarazko tesia jasota dago eta nazioartekoen mailan dago. Ikerketarekin lotutako beste akreditazio askotan aldiz, ez da hizkuntzaren irizpidea kontuan hartzen. Adibidez, bost argitalpen egin behar badira, horietako bat behintzat euskaraz izan beharko litzateke. Halere, testuinguru berriak sortzen ari dira; esate baterako, CoARA mugimendua. Europako mugimendu bat da, ez da ofiziala, baina erakundeek bat egin dute horrekin. Helburua da ebaluazio irizpideak aldatzea.

Euskal komunitatetik ere bada zer egin?

Alegria: Bai, komunitatetik ere etxeko-lanak ditugu. Beste aukera bat izan daiteke euskaraz argitaratzen diren aldizkariak gehiago bultzatzea. Administrazioetatik finantzazioa indartu daiteke, aldizkari horiek behar duten finantzazioa baino txikiagoa daukatelako. Denon artean prestigioa eman behar diegu eta artikulurik interesgarrienak bidali. Batzuek interesgarrienak direnak ingelesez bidaltzen dituzte, eta ikasle batekin egindakoak euskaraz.

Torrealday: Ikerketa taldeek aldizkari horiek erabiltzeko, elikatzeko eta hauspotzeko konpromisoa hartu beharko lukete. Beste estrategia posible bat da ikertzaile gazteei euskaraz egiteko baldintzak eta euskarriak jartzea. Hasierako ibilbidean euskaraz egitera bultzatu behar ditugu, eta gero ingelesez egin behar badute, egingo dute. Horrez gain, beti espero da goitik beherako neurriak hartzea, baina ikertzaileok ere behetik gorako neurriak hartzea oso garrantzitsua da. Adibidez, hitz gakoak eta laburpena euskaraz jarrita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Eguneraketa berriak daude