Euskalgintzak euskararen aldeko “pizkunde berri baterako” deia egin du Arantzazun

  • Euskalgintzaren Kontseiluak Euskaltzaleon garaia da adierazpena aurkeztu du Arantzazuko Santutegian. Euskararen etorkizuna jokoan dagoela, eta euskaltzaletasuna berriro ere lehen lerrora ekarri behar dela adierazi du. Euskarari “pizkunde berri bat” emateko unea dela aldarrikatu du. Arantzazun euskalgintzako eragile nagusien ordezkariak eta euskaltzale ezagunak bildu dira. Kontseiluak abenduaren 27an Bilbao Arena “euskaltzalez betetzeko” deia egin du.

Arantzazuko Santutegian egin dute agerraldia Kontseiluak eta hainbat euskaltzale erreferentek. Euskalgintzaren Kontseilua

2025eko azaroaren 07an - 11:03
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Azaroaren 6an egin du agerraldia, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Santutegia aukeratu dute “euskara mundu garaikidera lotu zuen pizkunde haren aterpe nagusi” izan zelako, “euskaltzaletasunaren barreiatzaile” eta “itxaropenaren hedatzaile” izan delako. Agerraldian euskalgintzako eragile nagusiez gain, erreferentziazko euskaltzaleek hartu dute parte hala nola, Kontxita Beitia, Miren Azkarate, Mertxe Mujika, Kike Amonarriz, Lorea Agirre eta Paul Bilbaok. Arantzazun izan ez badira ere, atxikimendua eman dute Mari Karmen Garmendia, Anjeles Iztueta, Xabier Euzkitze, Paulo Agirrebaltzategi, Sagrario Aleman, Martxelo Otamendi eta beste hainbatek.

Kontseiluak, duela urtebete, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela adierazi zuen. Biziberritze prozesuan atzera egiteko “arrisku handiaz” ohartarazi zuen, duela mende erdi pasa hasitako pizkunde zikloa agortuta dagoenaren zantzuak “gero eta nabariagoak” direla adierazi zuen. Larrialdiaz ohartarazita, “itxaropenez eta ekimenez” euskararen aldeko pizkunde berri bat abiatzeko garaia dela aldarrikatu du.

XIX. mendetik XX.erako aldaketan euskarak euskaltzaleen eskutik bizi izan zuen pizkundea gogorarazi du Kontseiluak. Pizkunde hura Frankismoak eten zuen Hego Euskal Herrian, eta bigarren pizkunde bat abiatu zen erregimen totalitario hari aurre eginez. Azken hamarkadetako goraldia geldotuta, euskararen “etorkizuna jokoan” dela, euskaltzaleei eskatu die pizkunde berri bat abiatzea. Euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzea aldarrikatu dute, euskaltzaletasuna ulertuta “hizkuntza supremazismoaren kontrako jarrera bat dela, hizkuntza berdintasunaren aldekoa, eta beraz, herri, kultura, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin engaiatua”. Euskaltzaleei ekitea eskatu dien moduan, instituzioei erabaki politikoak hartzea exijitu die hala nola, ofizialtasuna Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian eta oldarraldi judizialari aurre egitea EAEn. Hizkuntza politika “anbiziotsu eta sendoak” behar direla aldarrikatu du Kontseiluak.

Agerraldiaren bideoa hemen:

Adierazpenari atxikimendua eman dioten euskaltzale ezagunak

-Kontxita Beitia (andereñoen mugimenduko aitzindaria)

-Miren Azkarate (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia

-Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari ohia)

-Mertxe Mujika (AEKko koordinatzaile ohia)

-Lorea Agirre (Jakin aldizkariko zuzendaria)

-Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia)

-Baionako Etxepare lizeoko ikasleak eta Azterketak Euskaraz! Mugimendua

-Mari Karmen Garmendia (Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburu izana)

-Paulo Agirrebaltzategi (Jakin-en sortzaileetako bat)

-Sagrario Aleman (euskaltzain osoa eta helduen euskalduntze-alfabetatze eremuko aitzindaria)

-Xabier Euzkitze (kazetari ezaguna)

-Anjeles Iztueta (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia)

-Martxelo Otamendi (Berria-ko zuzendari ohia)

-Edurne Brouard (helduen euskalduntze-alfabetatzeko erreferentea

-Jakes Bortairu (Iparraldean euskararen aldeko milaka borroketan engaiatua)

-Juan Kruz Lakasta (Iruñerriko Euskalerria Irratiko koordinatzailea)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontseilua
2024-10-11
Ongi etorri Euskararen Mundura jardunaldiak
"Ederra litzateke euskaraz kalean ikastea"

2024-03-13
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

2024-02-20
Kontseiluaren balorazioa EAE-ko administrazio publikoa euskalduntzeko dekretu berriaz
“Dekretuak ez die erantzuten euskararen normalizazioak dituen erronkei eta egiazko posibilitateei”

Eguneraketa berriak daude