Segurtasun kulturala: osasungintzan ekitatez artatzeko proposamena

  • Garbiñe Elizegi lekaroztarrak (Nafarroa) hogeitik gora urte egin ditu erizain lanetan. Ikusi du paziente emakumezkoak eta euskaldunak diskriminatuak direla bi ezaugarri horiengatik. Bere komunitateari ekarpen bat egin nahi izan dio eta Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan izan dituzten esperientziak aztertzen tesia ondu du. Osasunbidean (Nafarroako osasun sistema) artatuak diren emakume euskaldunak izan dira protagonistak. Elizegik mendeetako zapalkuntza ikusezina bistaratzea izan du helburu, eta osasun sistema eraldatzeko neurriak proposatu ditu.

Ilustrazioa: Paula Estevez
Ilustrazioa: Paula Estevez
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zapalkuntza erakutsi eta botere harreman desorekatuak orekatzeko tresnaren bila ibili da Garbiñe Elizegi, Euskal Herriko osasungintzarako balioko lukeen erreminta. Zeelanda Berrian erizain maoriek asmatutako 'segurtasun kulturala' kontzeptuarekin egin du topo, eta uste du gurean aplikatzeko ideia baliagarria izan daitekeela. Kontzeptu horrek azpimarratzen du ekitatezko osasun arreta izateko kontuan hartu behar direla faktore ekonomikoak, politikoak, sozialak eta botere harremanak. Kulturalki seguruak ez diren praktikek diskriminazioa eragiten dute jatorrizko herrietako pazienteengan, eta mendeetan pairatutako traumak berpizten dira edo berpiztu daitezke. Segurtasun kulturalak osasun langileei hausnarketa kritikoa eskatzen die. Era berean, osasun sistema interpelatzen du, botere egitura. Langileak txapel horren pean ari dira lanean. Egiturak (kasu honetan Osasunbideak) pazienteengan zer eragiten duen aztertzen du segurtasun kulturalak. Zapalkuntzari eta diskriminazioari aurre egin, eta kulturalki seguruak diren praktikak zein diren komunitateak berak erabakiko du, ez beste inork. Elizegik kontzeptu hori txertatzearen garrantzia zehatzago azaldu dio ARGIAri: "Langileek ulertu behar dute genero zapalkuntza dagoela patriarkatua dagoelako. Langileok zapalkuntzaren inguruko formaziorik ez badugu jasotzen, erreproduzituko dugu. Euskarari eta euskal kulturari dagokionez, langileari ez bazaio azaltzen mendetako zapalkuntza eta horrek ekarri duen supremazismo linguistiko eta kulturala, nola ulertuko du paziente batek euskaraz artatua izatea nahi duela edo bere amonak emandako belarrak erabili nahi dituela?". Segurtasun kulturala kontzeptua osasungintzan txertatzeak erabateko paradigma aldaketa eta pentsamendu koloniala haustea eskatzen du.

Garbiñe Elizegi, tesiaren egilea: “ Langileari ez bazaio azaltzen supremazismo linguistiko eta kulturala dagoela, nola ulertuko du paziente batek euskaraz artatua izatea nahi duela edo bere amonak emandako belarrak erabili nahi dituela?”

Nola sentitzen dira pazienteak kontsultan?
Elizegik bere tesirako 37 elkarrizketa eta lau mahai-inguru egin ditu. Osasunbideako pazienteen esperientziak jasotzeaz gain, lekaroztarrak 36 orduko behaketa egin du sei osasun gunetan. Egoitza horietako sarrera eta itxaron geletan kultura-, hizkuntza- eta genero-adierazleak eta harremanak behatu ditu. Hala, osasun langileen eta pazienteen arteko harremanak, zentroetako kultur adierazleak –musika, dekorazioa, irakurgaiak, osasun aholkuen esku-orriak–  eta eraikinetan erabiltzen den hizkuntza aztertu ditu.

Euskal nortasunari begiratuz gero, pazienteek kulturalki segurua izango litzatekeen arreta jasotzeko oztopo nagusia euskalfobia dela ondorioztatu du. Kontzeptu horren barruan hiru gai azpimarratu ditu. Lehenik, euskarafobia. Hizkuntzagatiko arbuioa izan da pazienteek intentsitate handienez bizi izan duten gaitzespena. Bigarrenik, euskara eta euskal kultura ikusezin bihurtzea. Hirugarrenik, mendez mende Euskal Herrian transmititu diren zaintza- eta sendatze-ezagutzak eta praktikak gutxiestea. Elizegiren ustez, Euskal Herrian hizkuntzari eusteko nahia gailendu zaio aurreko belaunaldiek zaintzari eta sendatzeari buruz transmititutako jakinduria gordetzeari. Dena dela, belaunaldiz belaunaldi jasotako ezagutza gutxiestea ere euskalfobia dela dio: "Adibidez, San Juan ukendua erabili duzula esan eta medikuak erantzutea: 'egin nahi duzuna, horrek ez du balio ezertarako', edo ez aipatzea zer ari zaren hartzen barre egingo dizulakoan". Hizkuntzaren zapalkuntza asko aipatzea espero zuen Elizegik, baina aitortu du ez  zuela uste hainbesteko protagonismoa hartuko zuenik sendatze- eta zaintza-ezagutzen arbuioak.

Euskalfobiak ondorioak ditu, jakina. Pazienteek adierazi dute ezintasuna, mesfidantza eta beldurra sentitzen dituztela. Urduri eta estu jartzen dira osasun-etxera joan aurretik, baita osasun langileekin daudenean ere. Elizegik dio komunikazioa funtsezkoa dela osasun arretan, baina horrelako egoeretan ez dagoela bermatuta bi aldeen arteko komunikazio egokirik.

Pazienteek esperientzia positiboak ere nabarmendu dituzte. Osasun langilearekin hizkuntza eta kultura elkarbanatzen direnean, hartu-emana nola aldatzen den kontatu dute: asebetetze eta konfiantza mailek gora egiten dute.

Laienek beti galdetzen dio osasun langileari euskaraz ba al dakien; eta hurrengo pentsakizuna hauxe da: "Ez da euskalduna. Orain ikus dezadan nola tratatzen nauen emakume gisa"

Eta langileen jarrerak nolakoak dira?
Denetariko langileak ezagutu ditu Elizegik. Dena den, fokua botere egituran jarri du: emakumeen, genero ez-normatiboen eta euskaldunen aurkako zapalkuntza eta bazterketa egiturazkoak dira, osasun sisteman txertatuta daude. Hala, langile batzuek zapalkuntzak kontzienteki erreproduzitzen dituzte eta beste batzuek inkontzienteki. Badira beraien kabuz zapalkuntzei aurre egiten saiatzen diren langileak ere. Elizegik nabarmendu nahi izan du gai honen inguruko ezezagutza handia dagoela eta beharrezkoa dela mediku, erizain eta gainerako osasun langileekin lanketa bat egitea: "Azpimarratu nahi dut Euskal Herrian hori gertatzen ari dela eta osasun langile askorentzat hori ez dela gertatzen ari. Ez badiogu gaiari modu kritikoan heltzen, langileok zapalkuntza errepikatzen jarraituko dugu". Elizegiren iritziz, langilea emakumea edo euskalduna izateak egoeraz jabetzen laguntzen du, baina ez da inondik ere berme bat pazientea kulturalki segurtasunez artatzeko. Bi datu eman ditu horren adierazle, biak ere generoari lotutakoak: Osasunbideako medikuen %65 eta erizainen %92 emakumeak dira. Ondoren, profesionalengan dagoen ezezagutzaren bi adibide jarri ditu. Osasun-etxe bateko goi-kargu bati egin nahi zuen ikerketa aurkeztu zion, eta erantzun zion ez zuela halako azterketaren beharrik ikusten, alegia, Nafarroan euskaldunenganako zapalkuntzarik ez zegoela uste zuen. Beste batean, gizonezko mediku euskaldun batek pazienteak euskaragatik gutxietsiak direla onartu zuen, baina genero diskriminaziorik zegoenik ez. Elizegiren iritziz, profesionalek erantzun horiek ematen dituzte egiaz horrela pentsatzen dutelako, eta ohikoa da nork bere burua defendatzea. Horregatik, "oso beharrezkoa da horrelako ikerketak egitea. Osasun sisteman ardura handia daukagu langileok, jendearen bizitza eta osasuna baldintzatu ditzakegu. Ez dut lan hau egin esateko langileek pazienteengan ez dutela inongo begirunerik. Hobetzeko asko dagoela esateko egin dut, beharrezkoa da herritarren ikuspegia kontuan hartzea".

Genero diskriminazioaren ondorioak
Parte-hartzaileek kontatutakoetatik hiru ondorio nagusi atera ditu Elizegik: ezagutza-transmisioan hutsuneak daudela emakumeen osasun gaietan; sexu eta genero nortasunagatik diskriminazioa pairatu dutela; eta indarkeria obstetrikoa eta ginekologikoa bizi izan dituztela. 

Lehenengoari dagokionez, emakumeek adierazi dute batez ere emakumeei lotutako osasunari buruzko ezagutza ez zaiela iritsi aurreko belaunaldiengandik. Hutsune hori betetzeko beren burua trebatu dute, komunitateko kideekin informazioa elkarbanatuz eta komunitatean antolatutako ekitaldietan parte hartuz; Internet ere erabiltzen dute. Ezagutza galeraren ondorioz, frustrazioa eta segurtasun eza adierazi dute. Transmisioa eten egin dela uste izateaz gain, partaideek azpimarratu dute osasun langileak uzkur direla gaixoaren osasun egoeraz informazioa elkarbanatzeko. Horrez gain, partaide batzuek adierazi dute osasun sistemak ez duela emakumeen osasuna lehenesten, eta ondorioz, ikerketa eta ezagutza gabezia dagoela.

Bigarrenik, sexu edo genero nortasunagatik izan dituzten esperientziak ere kontatu dituzte. Elizegik Iholdi ezizenez aurkeztu duen pazienteak bizipen horietako bat azaldu du tesian. Bera emakume izanda, langile gizonezkoekin edukitako botere harremanak honela deskribatu ditu: "Uste du kexatu egingo naizela, edo ez naizela isilik geratuko, edo pentsatzen dudana esango dudala, eta halakorik ez zaie gustatzen. Gizon askok emakume otzanak eta esanekoak dauzkate ondoan. Horrela errazagoa da, zeren egoera horietan beraiek daukate boterea: 'Zu egon isilik, zu gaixoa zara, eta nik emango ditut aginduak'. Iruditzen zait, emakumeekin daudenean, defentsa-eraso egoeran kokatzen direla eta gure hitzak ez duela bereak bezainbat balio". Iholdik ez du betetzen emakume otzan eta esanekoaren profila, medikuaren autoritatea kolokan jartzen du. Iholdik esperientzia horri diskriminazio kulturala gehitu dio: bera euskalduna izanda, harremana desberdina da profesionala hizkuntza komunitate berekoa izan ala ez. 

Garbiñe Elizegi, tesiaren egilea: “Ez dut lan hau egin esateko langileek pazienteengan ez dutela inongo begirunerik. Hobetzeko asko dagoela esateko egin dut, beharrezkoa da herritarren ikuspegia kontuan hartzea"

Beste partaide batzuek diagnosi kaskarrak edo okerrekoak aipatu dituzte. Arazo fisikoak edo estres adierazleak afera psikologikotzat jo eta antsietatea eta depresioa diagnostikatu dizkiote bati baino gehiagori. Amalur ezizenez agertzen den partaidea medikuarengana joan zen sabeleko mina jartzen zitzaiolako. Antsietatea zuela esan zion sendagileak. Ez zituen agindutako pilulak hartu. Osteopatarengana joan zen eta mihilua hartuta probatu zuen. Minak alde egin zion.

Sexu praktikengandik epaituak sentitu direnak ere badira. Elizegiren irakurketaren arabera, osasun langileek irudikatzen dute emakumeak monogamoak direla eta koitoan oinarritutako harreman heterosexualak dituztela. Sexu heziketa oro uste horren araberakoa da, eta bestelako sexu praktikak dituztenak diskriminatuak eta epaituak dira. Laiene ezizeneko pazientea hala sentitu da: "Nire sexu harremanengatik epaitua sentitu naiz. Ez badaukazu bikotekide egonkor bat... Bai, epaitua sentitu naiz zeren heterosexualentzako praktikak dituzte buruan". Sexu eta genero diskriminazioa aipatu ditu Laienek, baina beste partaide batzuek egin duten moduan, oso argi adierazi du euskaldun gisa ere baztertua sentitu dela. Laienek beti galdetzen dio langileari euskaraz ba al dakien; eta hurrengo pentsakizuna hauxe da: "Ez da euskalduna. Orain ikus dezadan nola tratatzen nauen emakume gisa". Laieneren adibideak balio du Elizegik bere tesian azpimarratu nahi duen ideia hona ekartzeko: Emakume orok pairatu dezake zapalkuntza eta gutxiespena emakume den heinean; emakume euskaldunak, berriz, kolonizatua izan den jatorrizko herriko kide gisa diskriminazioa jasan dezake. Bi zapalkuntzak gurutzatzen dira gorputz berean.  

Zer egin pazienteak ekitatez artatu ahal izateko
Osasun sisteman paradigma aldaketa emateko, lehenik eta behin, segurtasun kulturala kontzeptua unibertsitatean eta osasun sisteman txertatzea proposatu du Elizegik. Euskal Herriko unibertsitateetan ez dago halakorik osasun langileen ikasketa-curriculumetan. Aldiz, Europan badira adibide bakan batzuk. Esate baterako, Norvegiako unibertsitateetan samien komunitatea kontuan hartzen dute eta erizaintzako curriculumean segurtasun kulturala txertatuta daukate. Ez da ikasgai solte bat, zeharlerro moduan ikasten dute. Euskal Herriko unibertsitateetan pausoa emango balitz, mediku eta erizainek euskaldunek pairatu duten zapalkuntza historikoa landuko lukete, eta hala, osasungintzan dituen ondorioez gogoetatu ahal izango lukete.

Elizegik proposatu du osasun zentroetan, langileek eta pazienteek hizkuntza eta balio kulturalak elkarbanatzea: "Langileei eskatzen die norberaren balioez hausnarketa indibidual eta kolektiboak egitea, eta botere harremanak aztertzea. Izan ere, botere sistema eta egiturak daude, baina kontsultan ere badaude botere harremanak; baita langileen artean ere, eta horren kontzientzia hartu behar dugu. Bestela, generoan bezala gertatzen da: Euskaldunak ze esajeratuak zareten! Ze delikatuak!".

Genero zapalkuntzari aurre egiteko neurriak ere jaso ditu Elizegik tesian: pazienteen autonomia sustatzea, profesionalen formakuntzan genero sentsibilitateko esku-hartzeak egitea, egiturazko zapalkuntzaren azterketa, eta genero eta orientazio sexualaren inguruko kontzeptuak eguneratzea. Elizegik gogorarazi du ohikoak direla osasun langileentzako formakuntzak, baina gai batzuetan erresistentziak sortzen direla.

Lekaroztarrak badaki bere ikerketan emakume eta genero ez-normatibo euskaldunek kontatu dituzten esperientziak ez direla kontu berriak. Bere helburua izan da, ordea, ikusten ez dena agerian uztea eta segurtasun kulturalean oinarrituko litzatekeen osasun arta bat lortzeko lehen harria jartzea. Euskal Herrian ildo honetako ikerketa gehiago egitea nahiko luke, bateko eta besteko zapalkuntzei aurre egiteko tresna baliagarriak eskura izateko. 
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Eguneraketa berriak daude