“Gure hiria kultur grabitate gune bihurtzea du helburu Iruñaldia jaialdiak”

  • Azaroaren 9tik 15era zortzi diziplinetako hamaika ikuskizun gozatuko ditugu Iruñeko hainbat txokotan.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko azaroaren 7an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iruñaldia, euskarazko sormen garaikideko jaialdia bueltan da. Igandean hasi eta azaroaren 15era bitartean zortzi diziplinetako hamaika ikuskizun gozatuko ditugu: musika, dantza, literatura, antzerkiaz, zirkua, ikusi-entzunezkoak, performanceak, gastronomia edota esperientzia digitala uztartuko dira. 'Geroa gaur' lelopean euskarazko kultur programazioan erreferentziazko hitzordu gisa finkatu da jaialdia. Iruñea kultur grabitate gune bihurtzeko asmoarekin sortu zuten Iruñaldia, sorkuntza garaikidea erakartzeko, euskararen eta haren kultur adierazpenen tradizioa eta abangoardia modu naturalean uztartuz.

Bigarren edizioa izango da aurtengoa eta estreinaldi bat izango du ardatz: 'Ikimilikiliklik' ikuskizuna, Loraldiaren ekoizpen berriena, primizian estreinatuko dute azaroaren 14an Baluarten. Ekoizpen honetan Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain eta Itziar Garalucek parte hartzen dute, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean.

Gainerako proposamenen artean lagun askok parte hartuko dute: Olaia Inziarte, Mursego, Joseba Irazoki, Uxue Rey, Eduardo Valencia, Zirkozaurre, Josu Goikoetxea, Jon Lopez, Martxel Rodriguez, Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain, Itziar Garaluce, Edurne Azkarate, Markos Goikolea, Ugaitz Alegria, Getari Etxegarai, Geltoki, Aukeran, Edu Muruamendiaraz, Piszifaktoria ideien laborategia, eta Fikzio fabrika. Irrintzi Plazan, Iñigo Gomez, Iruñeko Udaleko Kultura zuzendaria izan dugu gonbidatu.

Iruñaldia jaialdiko lehenengo geldialdia azaroaren 9an izango da Gayarre Antzokian, Zirkozaurre konpainiaren ‘Harreman’ ikuskizunarekin. Harremanen edertasuna eta konplexutasuna aztertzen dituen zirku garaikideko pieza da. Akrobaziak, malabarrak eta orekak zuzeneko euskal musika eta dantza tradizionalaren indarrarekin uztartzen ditu. Imanol Suso, Zirkozaurre konpainiako kidea gonbidatu dugu Irrintzi Plazara xehetasun guztiak ezagutzeko.

Iruñaldia jaialdiko bigarren edizioaren inguruko informazio guztia, egitaraua eta sarrerak erosteko argibideak irunaldia.eus webgunean topatuko dituzue.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.