Euskararen pizkunderako arnasguneei lehentasuna ematea proposatu dute

  • Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzia antolatu zuten UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, UEUk eta Coppieters erakundeek urriaren 16an eta 17an, Azpeitian. Erreportaje honetan urriaren 17ko hainbat hitzaldiren laburpenak jaso ditugu. Duela hamarkada batzuk haurretan inbertitzea adostu zen moduan, Iñaki Iurrebaso soziolinguistak orain arnasguneak lehen lerroan jartzea proposatu du. Mikel Artola, Haritz Garmendia eta Alaitz Aizpuruk “euskararen periferiaren diskurtsoa” kritikatu zuten. Gazte gales hiztunak bertako lantokietan kontratatzeko egiten duten lana kontatu zuten galestarrek. Serbiako adituak, berriz, hogei hizkuntza-komunitate kudeatzen dituen Voivodina eskualdea aurkeztu zuen. 

'Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzia' urriaren 16an eta 17an egin zen Azpeitian. Argazkia: Jon Urbe / Foku.
'Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzia' urriaren 16an eta 17an egin zen Azpeitian. Argazkia: Jon Urbe / Foku.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Iñaki Iurrebaso

“Ez gaude xahuketetarako, arnasguneei lehentasuna ematea proposatzen dut”

 

Gogoeta batzuk euskararen indarberritzerako lurralde-estrategia bati begira hitzaldia eskaini zuen Iurrebasok. Lerro hauetan daukazue hitz-hartzearen laburpen luzea, bere hitzetan jarrita: 

“Euskalduntzean efizientzia eta inpaktua lortzeko ardatz bat aukeratu eta gizartean adostea ez da kontzeptu berria. Duela hamarkada batzuk lehentasuna eman zitzaien belaunaldi berriei, umeetan inbertitzea erabaki zen, efizienteena izango zelakoan. Adina erabili zen orduan irizpide moduan. Estrategia horrek emaitzak eman ditu, asko aurreratu dugu, nahiz eta ez izan nahi beste. Lorpen hori badaukagu.

Proposatzen dut hurrengo jauzirako, pizkunderako, beste ardatz bat adostea, eta ardatz hori zonalde euskaldunagoei lehentasuna ematea da. Nahiko nuke pare bat urtetan, alor guztietan, barneratutako irizpide adostu bat izatea.

Hori azalduko dut bi zatitan. Batetik, euskalduntzearen inpaktua lurraldean neurtzen duen ikerketa azalduko dut, hau da, zein inpaktu eduki duten euskaldun berriek lurraldeetan. Hegoaldez arituko naiz, Ipar Euskal Herriko daturik ez dagoelako. Hego Euskal Herrian 285.000 euskaldun berri daude, euskaldunen %38. Bestetik, lurralde desberdintasunak agerian jarriko ditut, alegia, euskara edo gaztelania nagusi direnaren araberako bost eremuak erakutsiko ditut. Helburua da bi errealitate horiek batera aztertzea. Beraz, euskaldun berriak euskalduntasunaren araberako bost nagusitasun eremuetan kokatu ditugu, eta hiztun horiek, haien euskara erabilera aztertuta, eremu bakoitzean zein inpaktu izan duten neurtu dugu. 1996-2021 urte arteko datuak hartu ditugu. Lagina 7.062 hiztunekoa da.

Iñaki Iurrebaso. Argazkia: Jon Urbe / Foku.oina

Euskaldun berriek eremu euskaldunenetan hitz egiten dute gehien euskaraz
[Iurrebasok euskalduntasunaren araberako bost eremuak erakusten dituen infografia baliatu du. Hiru paragrafo beherago dago]. Nagusiki gaztelaniaz egiten den eremuan daude Iruñea, Gasteiz, Bilbo…, hau da, populazioaren bostetik lau hor bizi da. Eremu horretan, euskaldun berrien %7,1ak egiten du gehiago euskaraz gaztelaniaz baino. Beste muturrera bagoaz, nagusiki euskaraz bizi diren eremura, euskaldun berrien %47,6ak egiten du gehiago euskaraz gaztelaniaz baino. Bi eremuen arteko aldea nabarmena da, euskaldun berriek ia zazpi aldiz gehiago hitz egiten dute euskaraz azkena aipatu dugun eremuan. Beste modu bateko neurketa ere egin dezakegu: euskaldun berriek beti ez dute euskaraz gaztelaniaz baino gehiago hitz egiten, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Hartu dezagun erabilera maila guztien batez bestekoa. Bada, nagusiki erdaraz ari diren eremuan euskaldun berriek %13,5 erabiltzen dute euskara, eta nagusiki euskaraz ari diren eremuan %59,8: 4,4 aldiz gehiago eremu batetik bestera. Bi neurketak kontuan hartuta, nagusiki euskaraz ari diren euskaldun berriena eta batez bestekoa, eremu batetik besterako aldea 5-6 puntukoa da.

Efizienteagoa da eremu euskaldunenean euskaldun berriak euskalduntzea
Zergatik egiten dute euskaldun berriek euskara gehiago eremu batzuetan eta gutxiago besteetan? Ez da arraroa horrela gertatzea, faktoreak hainbat dira: hizkuntza erabiltzeko aukera gehiago daukate; presio bat, bultzada bat dute hizkuntza baten alde; Bilbon gizarte arauak dio gaztelaniaz egiteko, baina Azpeitian euskaraz egiteko. Faktore gehiago: Bilbon [Bilbo eta Azpeitia herriak azalpenak sinplifikatzeko erabili ditu. Bilbok eremu nagusiki erdalduna adierazten du eta Azpeitiak nagusiki euskalduna den eremua] euskaldunek hobeto egiten dute erdaraz, eta Azpeitian hobeto egiten dute euskaraz. Eremu soziolinguistiko bateko eta besteko euskaldun berrien hizkuntza esperientziak ez dira berdinak, alde nabarmenak daude.

Ondorioztatzen dugu Azpeitian euskaldundutako euskaldun berri baten eragina Bilbon euskaldundutako batena baino bost aldiz handiagoa dela. Emaitza emankorragoa da eremu batzuetan, fruitu gehiago ematen du. Bestalde, zenbat kostatzen da pertsona bat eremu batean euskalduntzea eta zenbat bestean? Erabilera asko aldatzen da eremu batetik bestera, 5-6 puntuko  koska dago, hau da, baliabide gutxiago behar dira Azpeitian euskalduntzeko. Efizienteagoa da eremu batean euskalduntzea. Eta galdera bat: joera bera errepikatuko litzateke beste hizkuntza gutxituetan? Ipar Euskal Herrian gauza bera gertatzen da? Nik uste dut baietz.

Ereiteko lursaila aukeratzeko tenorean
Eremu soziolinguistiko batean eragina 5-6 aldiz handiagoa baldin bada, hizkuntza politiketan jaramon egin behar zaio horri? Datu hori kontuan hartu behar da?

Ipuin bat kontatuko dizuet. Lurralde batean gosetea dago. Ezaugarri desberdinetako lurrak dituzte, lur batzuk lantzeko errazagoak, beste batzuk zailagoak. Haziak lursail guztietan berdin botatzen dituzte. Azken bi-hiru uztetan jabetu dira lursail batek fruitu gehiago ematen duela, 5-6 aldiz emankorragoa da, beste lursail batzuekin alderatuta. Batzarrean bildu dira eta erabaki behar dute hurrengo uzta nola antolatu. Gogoratu gosetea dagoela. Zein lursail landu erabaki behar dute.

Gu ez gaude xahutzeko, efizientzia behar dugu, fruitu emankorrak lortu behar ditugu. Lan bera eginda, emaitza hobeak lortuko ditugu, eta hori komeni zaigu. Horretarako lurralde estrategia baten beharra daukagu. Proposatu dudan estrategia garatzeko hiru argudio daude. Lehenik, arnasguneak funtsezkoak dira euskararen biziberritzean eta gaur egun kinkan daude. Beraz, lehentasuna eman behar diegu. Bigarrenik, ikusi dugu eragina aldakorra dela eremu soziolinguistiko batetik bestera. Efizientziari begiratu behar diogu. Hirugarrenik, eremu bakoitzak rol desberdin bat duela jabetu behar dugu eta rol horien araberako ahaleginak egin. Eremu euskaldunenak motorrak dira, aitzindariak, eta horiek irradiatzaileak dira, gainerako eremuek horien irradiazioa jasoko dute. Hizkuntza politikak eremuen ezaugarrien arabera ere egin behar dira.

Eremu erdaldunetan ere eragin behar da
Lurralde estrategia bat garatzeko bost irizpide zerrendatuko ditut segidan: 

1. Lurralde-eremu guztietan eragin behar da, badaezpada ere. Arnasguneei lehentasuna eman behar zaiela diodanean, ez naiz ari esaten lurralde erdaldunetan ez dela eragin behar.

2. Esku-hartze molde ezberdinduak eta egokituak egin behar dira eremu bakoitzean.

3. Ingurune euskaldunagoei lidergo papera aitortu. Esaten da hiriburuek bete beharko luketela paper hori, baina gure hiriburuek ezin dute lidergoa jokatu. Herrialdeak berak baino erdaldunagoak dira batzuk, Gipuzkoa adibidez.

 4. Oinarrizko printzipioa hau litzateke: zenbat eta lurralde euskaldunagoa orduan eta arreta bereziagoa. Adibide bat jarriko dut: euskara doan ikasteko pausoak ikas-mailaka ari dira ematen. Igual astakeria bat esango dut, baina udalerri euskaldunenetatik hasiko bagina? Errezilen gutxienez sei laguneko taldea osatu behar da euskara-eskolak emateko; bada aurten lau lagun zeuden hasteko prest. Ezin dira kopuruok aldatu? Lau horiek, euskalduntzean, eragin handia daukate.

5. Eremu euskaldunagoak gainerako eremuen euskalduntzerako baliabide eraginkorrago bihurtu. Adibidez, estrategia bat izan daiteke Bilboko familiak oporretan gune euskaldunetara joatea? Ezin dugu horrelakorik egin? Turismoa gure erara antolatuko bagenu, ingurune erdaldunetakoak euskaldunetara joan daitezen? Erasmus dagoen moduan, Euskasmus bat asmatu?

Eta bukatzeko, estrategia honek, agian, lurraldea zonifikatzea eskatuko luke, ez eskubideak murrizteko, noski. Mapa bat sortu, zonaldeak banatu, eremu euskaldunagoei legezko babes handiagoa eman eta politika aurreratuagoak egin.

[Hitzaldiaren bukaerara iritsi da Iñaki Iurrebaso. Adostasun batera heltzeko deia egin du]: Lehen oinarrizko ardatza argi izan genuen, adina. Abantaila handia izan zen ardatz hura aukeratu izana, eta emaitzak eman ditu. Uste dugu badaudela nahikoa arrazoi arnasguneak ardatz hartzeko. Saiatu gaitezen adostasun batera iristen”. 

 

Nola erakarri kanpora joan diren gazte gales hiztunak bertako lanpostuetara

Rhian Hodges. Argazkia: Jon Urbe / Foku.

Cynog Prys eta Rhian Hodges Bangor Unibertsitateko irakaslea eta gizarte politikan aditua dira, hurrenez hurren. Bien artean Galesko Gobernuak galesa bultzatzeko sortutako Arfor proiektua aurkeztu zuten. Egitasmoaren bidez, galesa eta eremu sozioekonomikoa harremanetan jarri dituzte. Fokua gales hiztunen dentsitate handiko eremuetan jarri dute, Gales mendebaldean, eta helburua da gales hiztunen arnasgune horiek mantentzea. Horretarako, gazteekin eta enplegatzaileekin eskuz esku egin dute lan. Izan ere, Prysek eta Hodgesek kontraesanak mahai gainean jarri dituzte: Galesko Administrazio Publikoan lan egiteko galesa jakin behar da, sektore pribatuan hainbat enplegatzailek gales hiztun langileak nahi dituzte kontratatu... baina zailtasunak dauzkate langile elebidunak aurkitzeko. 

Egitasmo honen bidez, gazteak eta enplegatzaileak gerturatu dituzte, eta sektore publikoko, pribatuko eta zerbitzu enpresetako enplegatzaileentzat praktika onen gida bat eta gales hiztunen tipologiaren eredu bat sortu dute. Enplegatzaileek bertako gazteak hobeto ezagutzea da asmoetako bat, jakitea zergatik jarraitzen duten bizitzen jaioterrian edo zergatik egiten duten alde atzerrira. Gazteen tipologia ezagututa, errazagoa izango dute eskaintzeko dituzten lanpostuetarako kanpaina zehatzak egitea eta erakartzea. Gazteen tipologia aztertuta, 24 kategoriatan banatu zituzten, eta ondoren, sinplifikatzearren hiru multzotan murriztu: batzuk militanteak dira. Beraien komunitatean gelditu dira hala nahi dutelako, komunitateari zor diotela uste dutelako. Komunitatearekiko erantzukizuna sentitzen dute. Egitasmoaren egitekoa da enplegatzaileei gazte horiengana iristeko moduetan laguntzea, gales hiztun gazteak biltzen diren tokietara gerturatzea, enplegatzaileei erakustea pentsatu behar dutela haien lanpostuak nola egin erakargarri militante horientzat, adibidez, adieraziz lantoki edo lanpostu horretan hizkuntzari eta komunitateari ekarpena egin diezaieketela. 

Bigarrenik, beste batzuk arnasgunetik alde egin dute ibilbide laboralak atzerrian garatzeko. Proiektua saiatzen da gazteokin harremana mantentzen, itzuleraren abantailak azaltzen, jaioterrian ere erronka laboralak garatu daitezkeela azpimarratzen. 

Hirugarrenik, itzuli diren gazteak ere badira. Enplegatzaileei eskatzen zaie erne egoteko, gazte asko komunitatearekin duten atxikimenduagatik itzultzen direlako, eta hain zuzen, langile elebidunak nahi dituzten enplegatzaileentzat profil interesgarria dira.

Lanpostu deialdiak Erresuma Batuko hedabideetan ez
Praktika onen gidan, hainbat aholku ematen zaie enplegatzaileei langile elebidunak haien lanpostuetara erakartzeko. Gomendio horietako bat da hizkuntza eskakizunak ondo komunikatzea. Hizlariek diote begien bistakoa dirudiela, baina “lanpostuen deskripzioak askotan ez dira oso argiak”. Adibidez, uste dute ondo argitu behar dela galesez ahoz ondo arituko den langilea den beharrezkoa, idatziz maila onekoa behar den, bietarakoa eskatzen duten... Proiektuak laguntzen die enplegatzaileei lanpostu deialdiak egiteko modu klasikoetatik harago jotzen. Adibidez, Erresuma Batuko hedabideetara jo beharrean gales hiztun gazteek irakurtzen dituzten hedabideetan saiatzea hobesten dute. 

 Prys eta Hodges hizlariek gogorarazi dute hiztun dentsitate handiko eremuak dituztela jomugan, horiek arnasgune direla, baina azpimarratu dute askoz maila txikiagoko arnasguneetan eragiten ari direla hein berean, hau da, enpresetan eta lanpostuetan, beti ere gales hiztun kopuruak ez murrizteko edo gehitzeko. 
 

Euskarak badu periferiarik eta zentrorik?

Ezkerretik eskuinera: Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia eta Mikel Artola. Argazkia: Jon Urbe / Foku.

Mikel Artola, Haritz Garmendia eta Alaitz Aizpuru ikerlariek Euskarak ez du periferiarik hitzaldia eskaini zuten. Hiru hizlarien arabera, azken 8-9 urteetan "euskararen periferien diskurtsoa" ari da eraikitzen eta zabaltzen. Ikerlarien ustez, diskurtso horrek euskarak periferiak dituela baieztatzen du, eta beraz, zentro bat ere badagoela. Hizlariek kritikatu zuten arnasguneak zentrotzat hartzea, alegia, arnasguneen zentraltasuna auzitan jarri zuten. 

Galdetu zuten euskarak ba al daukan zentrorik eta periferiarik, eta periferiak baldin badaude, zein den zentroa eta nolakoa. Helburua zein den galdetu zuten: Zentroa eraistea? Berdintasuneko harreman eredu bat? Periferia erdigune bihurtu? Hizlarien ustez, diskurtso hori euskararentzat, euskaldunentzat eta euskalduntasunarentzat etxekalte da. Haien iritziz, diskurtso horrek euskaran oinarritutako ikuspegiak ez ditu kontuan hartzen eta erresonantzia kaxarena egiten ari da.

Hizlariek galdetu zuten ea euskararen periferien diskurtsoaren helburua zein den, arnasguneak indartzea ala eraistea. Lehenak euskara biziberritzea lekarke, baina galdetu zuten zer elikatuko lukeen arnasgunerik gabeko Euskal Herria aldarrikatzeak. Haien ustez, diskurtso honek ez du erakusten euskararen periferia, espainolarena eta frantsesarena baizik. “Nahita ala nahi gabe, euskalgintzaren helburuekiko atzera egitea dakar”.

Euskararen periferien diskurtsoa zeri deitzen dioten adierazteko lau ezaugarri nagusi aipatu zituzten:

1: Askotarikoa eta nahasia da. Zapalkuntzak nahasten ditu eta horrek arriskuak dakartza.

2: Hizkuntzaren bueltan ari da, baina hizkuntzan ardaztu gabeko diskurtsoa da. Ez du kontuan hartzen bilakaera historikoa (atzerakada), ezta ere estatu gabeko nazioa dela, ez dago zapalkuntzaren memoriaren transmisiorik, ez du aipatzen erdara dela nagusi zentro politiko eta administratiboetan. Euskal komunitatearen ikuspuntua galdu du. 

3: Arnasguneak jo puntuan hartu dituzte. Euskararen zentroak arnasguneak dira. Hizlariek diote gauza bat dela zentralitatea eta beste bat zentroa izatea, alegia, ez dute uste arnasguneak eremu hegemonikoak eta boteredunak direnik. Euskara ez da inoiz botere hizkuntza izan eta “arnasguneetan ere, diglosia linguistiko eta kultural gogorra bizi da”. Arnasguneak ez dira gune pribilegiatuak. Gune trinkoak beharrezkoak dira, hizkuntzak iraungo badu.

4: Aurreiritzi linguistiko-kultural kolonialak indartzen ditu, hala nola arnasguneetatik kanpo dagoela euskararen aldeko benetako erresistentzia eta borroka; arnasguneetako euskaldunak pribilegiatuak direla; eta arnasguneetako euskaldunak berdinak direla eta periferiakoak askotarikoak.

Hiru ikerlarien hitzaldiak aldeko eta aurkako erreakzioak izan ditu. Aretoan txalo zaparrada jaso zuen hirukoteak. Era berean, besteak beste, sare sozialetan, zalantza asko sortu ditu hitz-hartzeak. Batzuen ustez, hizlariek deskribatu duten moduko diskurtso egituraturik ez dago. 


Serbiako Voivodina eskualdea: hizkuntza eskubideak udalerrika bermatzen dira

Adrian Borka. Argazkia: Jon Urbe / Foku.

Voivodinak bi milioi biztanle inguru ditu eta Serbiako eskualderik eleanitzena da. Hogei komunitate etniko daude, eta serbieraz gain, errumaniera, ruteniera, eslovakiera, kroaziera eta hungariera hizkuntza ofizialak dira. Beste hizkuntza batzuk ere ofizialak dira, baina ez eskualde osoan, udalerrietan baizik. Alegia, herritarren hizkuntza eskubideak udalerrika bermatzen dira. Voivodinan 45 udalerri daude, eta 41ek serbieraz harago bi-hiru hizkuntza ofizial dituzte, udalerriren batek lau ere bai. Eskubide praktikoak hauek dira: herriaren eta kaleen izenak hizkuntza horietan daude; erakunde publikoen webguneak, seinalizazioa eta agiri publikoak ere bai.

Udalerri batean hizkuntza batek ofizialtasuna lortzeko %15eko erabilera frogatu behar du. Ehuneko horretatik behera, hainbat hizkuntza eskubide bermatu daitezke, baldin eta hizkuntza hori Voivodinako beste udalerri batzuetan ere erabiltzen bada. Behin eskubideak irabazitakoan, galtzea zaila da. Adrian Borka Voivodinako Gobernuko legelaria da eta eskubideak bete daitezen egiten du lan. Hark kontatu du udalerri batean erabilera %18tik %10era jaitsi zela eta hizkuntzari ofizialtasuna kendu nahi izan ziotela. Alabaina, konstituzio epaitegiak ebatzi zuen eskuratutako eskubideak ezin direla bertan behera gelditu. Hizkuntzen erabilera portzentajeak oso aldakorrak dira Voivodinako udalerrietan. Borkak aipatu du udalerri batzuetan, adibidez, errumaniera hiztunak %98 direla eta medikuarenean serbieraz egiteko zailtasunak dituztela. Legelariak ontzat eman du hizkuntza guztietarako Serbiak duen estatu politika, baina ez du uste eraginkorrena denik hizkuntza guztiak gisa berean tratatzea, bakoitzaren beharrak desberdinak direlako. Azaldu du hizkuntzak indar handia duen udalerri eta eskualdeetan hiztunak haien eskubideez jabetuta daudela eta baliatzen dituztela egunerokoan. Aldiz, haien bizitokian nagusitasunik ez badu hizkuntzak, nahiz eta eskubideak izan, kosta egiten zaie eskubideok baliatzea. Adibide moduan jarri du udaletxera joan den errumaniarrak tramiteak serbieraz egitea hobestea, badakielako errazagoa izango dela udal langileentzat. Borkak uste du hizkuntza bakoitzaren egoera kontuan hartu behar dela eta komunitate denak elkarrekin aurrera egitea dela erronka, "bestela arazoak izan ditzakegu, ghettoak sortu daitezke". 

“Sistema garestia”
Erronkak zerrendatzerakoan zailtasun ekonomikoak aipatu ditu Borkak. Voivodinan, 41 udalerrik serbieraz gain, bi edo hiru hizkuntza ofizial dauzkate. Herritar horiei guztiei beraien hizkuntzan zerbitzuak eskaintzeko langileak behar dira, baita itzultzaileak ere. "Sistema garestia da bai udalerrientzat, baita probintzientzat ere", dio legelariak. Oztopo politikoak ere aipatu ditu, hau da, udal batzuek ez dituzte eskubideak bermatu nahi, eta neurriak hartu behar izaten dituzte hiztunen eskubideak bete daitezen. Borkak isun ekonomikoak eta epaitegietara jotzea aipatu ditu neurri moduan. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025eko abenduaren 30
Basque washing

Eguneraketa berriak daude