"Ziegarik gabeko espetxean bizi naiz"

  • Kataluniako “CDRetako koordinatzaile izateagatik” Espainiako Fiskaltzak terrorismo, matxinada eta sedizio delituak egotzita, apirilaren 10ean atxilotu zuten Tamara Carrasco (Sant Vicençs dels Horts, Herrialde Katalanak, 1983). Bi egun Madrilgo kalabozoetan igaro ondoren, Diego de Egea epailearen aurrean deklaratu eta aske utzi zuten, kautelazko neurriekin: bere herritik ez ateratzea eta astelehenero Gavàko epailearen aurrean aurkeztea. Espainiako Auzitegi Nazionalak Carrasco ikertzeari uztea erabaki ondoren mintzatu da ARGIArekin, apirilaz geroztik giltzapetuta duen Viladecans herrian.

Argazkia: Jordi Borrás
Argazkia: Jordi Borrás

Auzitegi Nazionalak bertan behera utziko ditu zu eta Adrià Carrascoren kontrako auziak. Nola hartu duzue albistea?
Sentimendu kontrajarriak ditut. Zoriontsu nago, baina amorratuta. Oso gogorrak izan dira azken zazpi hilabeteak. Konparazio bat egitearren, sentsazioa dut edanda dagoen pertsona baten erruz auto istripu bat izan eta, bizirik atera naizelako, pozik egon behar dudala.

Duela hilabete inguru eskatu zenuten kautelazko neurriak murriztea. Nola uler daiteke oraingo erabakia?
Orduan fiskaltzak eta epaileak esan zidaten kautelazko neurriak murriztea ezinezkoa zela, CDRak bizirik zeudelako. Are gehiago, nire amak istripu bat izan zuenean ez zidaten baimen judizialik eman bera ikustera joateko. Espainiako justizia aleatorioa da.

“Madrilgo ziegako sarjentuarekin liskartuta nintzenean, bonbarik jarri ez nuela esan eta lasaitasun osoz erantzun zidan, gaur egun, terrorista izateko ez zela odolik behar”

Orain auzia Bartzelonako epaileak hartuko du. Zein dira hurrengo urratsak?
Bartzelonako epaileak bi erabaki hartu beharko ditu. Lehena, kautelazko neurriak eten ala ez, eta, bigarrena, auzia artxibatu ala desordena publikoak egotzita prozesu judiziala abiatzea.

Nola heltzen diozu fase berri honi?
Indartuta. Errugabea naizen uste osoa dut, ez baitut ezer egin. Espainiako justiziak zail jartzen duen arren, ezin dugu ahaztu adierazpen askatasunaren eta disidentzia politikoaren eskubidea gurea dela.

Poliziaren zaintzarik nabaritu duzu? Nolakoa da kautelazko neurrien gogortasunarekin elkarbizitza?
Beldurra menperatu daiteke. Baina, noski, arduratuta nago nire familia eta lagunak ere errepresioa sufritzen ari direlako. Espainiako justiziak denbora bere alde erabiltzen du: telefonoak zulatuta ditugu, kaletik goaz eta itxura arraroa eta belarrian pinganilloa duten batzuek, alegia, guardia zibilek, jarraitzen gaituzte. Babesgabetasuna ikaragarria izan da.

Argazkia: Jordi Borràs

Goazen hastapenera. Apirilaren 10ean Guardia Zibilak esnarazi zintuen etxean.
Sekulako shocka izan zen. Lo nintzela, tinbrea entzun, atea ireki eta terrorismo delitua egozten zidatela oihuka ari ziren 10 gizon topatu nituen, aurpegia estalita eta metraileta eskutan zutela.

2017ko apirilean iragarri zuen ETAk bere jardueraren amaiera. Urtebetera egotzi zizuten zuri terrorismo delitua.
Etxea miatu eta Madrilera deklaratzera eraman ondoren, galdera hori egiten nion nire buruari. Sekulako beharra nuen zer gertatzen zen ulertzeko. Gero, David Fernándezen ‘Crónicas del 6’ liburuarekin ulertu nuen, gure auzia ez zihoala Adri edo Tamararen kontra, baizik eta ordezkatzen genuen mugimenduaren kontra. Espainiako justiziak beharra du noizean behin, Espainiako batasunaren alde, terrorismoaren delitua mahai gainean jarri eta hiritarren artean beldurra sustatzeko. Etsairik ez dutenean, sortzen dute.

Bada CDRak ETArekin alderatu dituenik. Zer deritzozu?
Mingarria da. Ezin hobeto gogoratzen dut atxilotu eta Madrilgo ziegako sarjentuarekin liskartuta nintzenean, bonbarik jarri ez nuela esan eta lasaitasun osoz erantzun zidala, gaur egun, terrorista izateko ez zela odolik behar. Okerrena da arrazoia zuela! Tira, duela bi hilabete aukera izan nuen Bartzelonako atentatuetan hil zuten Javier umearen aita ezagutzeko. Berak aitortu zidan nire atxiloketa telebistatik jarraitu zuenean amorrua sentitu zuela, bere semea eta koinatua hil zituztenak zirelako terrorista, eta ez ni.

CDRetan hasi zinenean egun bizi duzuna imajinatzen al zenuen?
Inolaz ere ez. Banekien CDRetan egoteagatik arazoak izan ahal nituela, noski. Baina, terrorismo delituagatik auzipetzea, sekula ez nuen imajinatu. Desordena publikoa, gehienez ere… Edozein modutan uste dut buenismoan erori garela, gehiegi. Azken hilabeteetan aukera izan dut Espainiako errepresioaren kontra aspalditik borrokatzen ari diren aktibista batzuk ezagutzeko, Euskal Herrian, Madrilen… Eta konturatu naiz guk inuzenteki jokatu dugula. Ez ginen Espainiako errepresioaren gogortasunerako prestatu. Halere, jokaldia gaizki atera zaie, zazpi hilabete hauetan indartsuago egin naute, errepresioaren kontrako mobilizazioetara gerturatuz. Pertsona gisa sekulako eboluzioa egin dut.

Bada uste duenik Kataluniak azken urtean bizitu duen errepresioaren ondotik, orain arte ezjakintasuna egon dela, adibidez, Euskal Herrian gertatutakoaren inguruan. Ados zaude?
Erabat. Gu orain bizitzen ari gara Euskal Herrian aspalditik sufritu duzuena. Katalunian, zoritxarrez, orain zabaldu ditugu begiak. Egia da orain sare sozialen abantaila dugula, eta errazagoa dela gertatzen dena gehiago zabaltzea. Baina, Euskal Herrian errepresioa estaltzen zuten dena ETA zela esanez. Eta handik kanpo hori da zabaldu eta iritsi zitzaigun mezua.

“Nork daki, ni atxilotzera etorri zirenean, ama han egon izan balitz eta Guardia Zibila atean zela esan… agian nik ere leihotik ihes egingo nukeen”

Adrià Carrasco ere delitu berarengatik auzipetu zuten. Berak Katalunia uztea erabaki zuen. Zuk ere egingo zenuke?
Ez dut pistarik emango [irriz]. Edozein modutan, nik uste dut Adrirena ez zela erabaki bat izan. Segundo gutxiren buruan, beroan bide bat edo beste hartu behar duzu. Nork daki, ni atxilotzera etorri zirenean, ama han egon izan balitz eta Guardia Zibila atean zela esan… agian nik ere leihotik ihes egingo nukeen.

Kontakturik baduzu Adrirekin?
Noski. Kontaktua etengabea izan da. Biok errepresioaren bortizkeria sufritu dugu, baina bakoitzak bide desberdin batetik bideratu du. Sekulako indarra du Adrik, bizitza eraiki behar izan du, zerotik hasita, eta salaketa politiko irmoa egiten ari da berea ez den herrialde batetik. Elkar babesten ari gara.

Zu ere preso politikoa zarela erran izan duzu. Zergatik?
Askatasuna urratu didatelako. Ez dut barroterik, baina giltzapetuta egon naiz nire herrian. Zango bat Viladecansetik kanpo jarriko banu, atxilotuko ninduten. Ziegarik gabeko espetxean bizi naiz. 

Viladecansen PSCk du agindua. Nola erantzun du herriak zure auziaren aurrean?
Lagun indepeak eta ez indepeak ditut. Eta denekin noa garagardo bat edatera. Ciutadansek Kataluniaz iruditeria bat sortu du han eta hemen, errealitatearekin bat egiten ez duena. Hemen denok ezagutzen dugu elkar eta babestuta sentitu naiz, beste arrazoi batzuen artean, nire kontrako auzia ez dagoelako nondik heldu.

Eta Kataluniatik kanpo?
Bai, ikaragarria izan da erantzuna. Babesa jaso dut Katalunian baina baita Madrilen, Euskal Herrian eta sekula pentsatuko ez nukeen txokoetan ere: Granadan, Murtzian, Galizian… Hori, noski, ez da telebistan agertzen. Babes horrek ahalbidetu dit irakurketa positiboagoa egitea negatiboa baino.

Argazkia: Jordi Borrás

Errepresioak isilaraziko ez zaituela erakutsi duzu Prou Repressió Política elkartea sortuta.
Noski, zer gehiago egin ahal didate? Izorratuta eta beldurtuta nahi banaute, ez dute lortuko. Eta lan asko egiten ari naiz errepresioak berezkoa duen beldurraren kulturak ez eragiteko. Beldurra menperatzea ezinbestekoa da, beldurrarekin elkarbizi baina etekinen bat ateratzeko. Horregatik sortu genuen elkartea.  Babes psikologikoa eta legala eskaintzen ditugu eta, testuinguru beretik pasatako kide askok deitu digute dagoeneko.

Zein irakurketa egiten duzu alderdi independentisten gaur egungo jarreraz?
Oso gaizki daramat. Adrirekin maiz mintzatu naiz honetaz. Gure larrua jokoan jartzen ari garen bitartean, eurak ez dira ados jartzeko gai ere. Patetikoa da. Politikariak dira eta euren egiteko bakarra da herritarren mesederako ados jartzea. Eta, noski, ez badute lortzen arazo larri baten aurrean gaude.

Zein uste duzu dela Kataluniaren zerumuga?
Ez dakit. Ez naiz neutrala oraintxe bertan: Viladecansen itxita nago eta jarraipena Twitter bitartez edo TV3ko 324 katearen bitartez egiten dut bakarrik eta sentsazioa dut informazioa falta zaidala. Hala ere, uste dut alderdi independentisten arrakala begi-bistakoa dela eta, ondorioz, hauteskunde berriak izango direla. Espero dut, interes alderdikoien gainetik herriari lehentasuna emateko gai izatea eta aurrera jarraitzea, baina gaur gaurkoz, ez dut argi ikusten.

Alderdien ordezkariak ere espetxean edo erbestean egoteak eraginik al du horretan?
Ez, gu ezin gara ordainsaria izan. Herriaren mandatua errespetatzeagatik ados jarri behar dira, besterik gabe. Eta herritarrok erronka bat dugu: kalera itzultzea. Mobilizazioa berreskuratu beharra dago eta, metaforikoki, mahai gainean kolpe bat eman, gobernuari zera argi uzteko: esna zaitezte, bestela gainetik pasako gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: CDRak
Espainiako Auzitegi Nazionalera jo du Alerta Solidàriak, Ezker Independentistari eta CDRei egindako zelata zertan den jakiteko

La Directak argitara emandako Ezker Independentistako eta CDRetako 38 militanteren espioitza masiboa zertan den argitu asmoz, errepresioaren aurkako Alerta Solidària antolakundeak Espainiako Auzitegi Nazionalera jo du. Pertsonatze idazkia aurkeztu du, espioitza... [+]


Hainbat militanteri ateratako argazkiak jaso ditu Ezker Independentistari eta CDRei egindako zelatari buruzko dokumentazioak

Espainiako Barne Ministerioak Ezker Independentistako eta CDRetako 38 militante zelatatu dituela jakinarazi zuen urriaren 10ean Directak. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, "terrorismoaren aurkako borroka" argudiatuz, 50 telefono mugikor kontrolpean hartu ditu,... [+]


Ezker Independentista eta CDRak masiboki zelatatu ditu Espainiako Barne Ministerioak

Directa hedabideak eman du argitara espioitza masiboa: Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, "terrorismoaren aurkako borroka" argudiatuz, 50 telefono mugikor kontrolpean hartu ditu, eta besteak beste kaleko jarraipena ere egin die hainbat militanteri. 2017ko... [+]


2021-08-20 | ARGIA
2019an atxilotutako CDRetako kideei erakunde terroristako kide izatea egotzi die Espainiko fiskaltzak

El Confidencial egunkariak argitaratu ditu akusazioaren idatziko edukiak. Erakunde terroristako kide izateaz gain lehergaiak egitea eta gordetzea ere egozten diete 2019ko irailean atxilotutako CDRetako bederatzi kideei.


2021-01-31 | Saioa Baleztena
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]


Eguneraketa berriak daude