Eliza aldatu erregimena suntsitzeko

  • 1968ko azaroan 60 abade inguruk Derioko seminarioa okupatu eta ia hilabeteko itxialdia egin zuten, hierarkia katolikoak frankismoarekin zuen konplizitatea salatu eta Eliza errotik aldatzea eskatzeko. Errepresioaren aurrean geldirik egoteaz asperturik zegoen jende eta mugimendu askoren katalizatzaile bihurtu ziren abade horiek 60ko hamarkadan, eta gogorrago erantzun behar zela jabeturik, “Gogor” taldea sortu zuten. Pulpituek oraindik botere itzela zuten garaian, haien erabateko aktibismoa oso garrantzitsua izan zen erregimena suntsitzen hasteko. Baina garesti ordaindu zuten.

Eraikin erraldoi hartako sekretu guztiak ederto ezagutzen zituen Josu Barandikak (Bermeo, 1939), han egin baitzituen 13 urte ikasten. Horregatik, azaroaren 5 hartan arazo barik sartu zen bigarren eskuko cuatro latas bat gidatzen Derioko seminariora, ordurako inguru guztiak poliziak hartuta egon arren.

Donibane Lohizunetik zetozen zuzenean, bezperan abadeek hasitako itxialdia lau haizetara zabaltzen lagundu zuen prentsaurrekoa ematetik, Juan Mari Arregi eta Angel Zelaietarekin. Telesforo Monzonen bidez Piarres Xarritonen Angeluko abadetxean bildu zituzten The Times, Le Monde, Reuters eta nazioarteko beste medio askotako kazetariak: “Gaia oso larria zen, seminario oso bat okupatu genuen, eta prentsaurreko hura izan zen gure bozgorailu indartsuena”, oldoztu du Barandikak 50 urte eta gero.

1968ko azaroaren 4an hasi eta hogeitabost egunez Derioko seminarioan iraun zuen Bizkaiko dozenaka abaderen itxialdia ez zen gertaera isolatua izan, Euskal Herriko eliza barruan abade eta apaizgai gazteen artean zegoen ezinegonaren beste kate begi bat baizik. Frankismoaren zapalkuntza ikusi eta bizi zuten gazteok, hierarkia eklesiastikoak erregimenarekin zuen lotura estua salatu ez ezik, “kapitalismoaren asmo eta bizieraren menpe” ez zegoen beste Eliza bat aldarrikatzen zuten, Euskal Herri Langilea deiturikoaren aldekoa.

Josu Barandika, 1968ko itxialdian parte hartu zuen. 50 urte geroago Vatikanoari bidali zioten txostena dauka eskuetan. (arg: Urko Apaolaza)

Oker dabil uste duenak urruneko historia bat dela honakoa, orain bezala lehen ere, sistema aldatzeaz ari baitziren erlijio eta fedeaz baino, egun indarrean dirauen sistema bera aldatzeaz hain zuzen.

Derioko ekintzarekin Vatikanoaren eskuartzea lortu nahi izan zuten, eta halakorik izan ez bazuten ere, Jose María Cirarda gotzain euskalduna Bizkaiko administratzaile apostoliko izendatzeak aldaketaren bat ekarriko zuelakoan amaitu zuten itxialdia. Itxaropen apurrak berehala zapuztu ziren ordea: kartzela, erbestea, torturak, isunak... eguneroko ogi izaten segitu zuten.

Parrokiak frankismoaren kontrako aterpe

1936an “gurutzada” frankista abiatu zen une beretik topatu zituen espainiar Eliza Katolikoak disidenteak bere baitan. Ez ahaztu kolpistek fusilatutako euskal apaizak, haietako batzuk, Jose Aristimuño Olaso Aitzol kasu, Ondarretako kartzelan aurpegia desitxuratzeraino torturatuak izan ondoren. Mateo Mugika Gasteizko gotzaina, berriz, zokoratuta eta itsu hil zen Zarauzko deserrian, bere kontzientziak altxamendua ez babestea agindu ziolako.     

Josu Barandika:
“Epe luzerako zerbait izango bazen ezin genuen katedral batean sartu, halako eraikina behar genuen: oheak zituen, salak... eta ondo ezagutzen genuen. Baina batez ere, erresonantzia kaxa handi bat izan zen seminarioa

339 euskal abadek 1960an sinaturiko gutunak, euskal disidentzia berriz azalerazi zuen. ETA bi urte lehenago jaio zen, eta abadetxeak nahiz komentuak borroka klandestinoaren aterpe bilakatu ziren. Herri Gaztedi eta antzeko taldeen bidez kultur ekintzak bultzatu zituzten herrietan. Orozkon esaterako, Barandikaren parrokian, aurre-ikastaro sozial batzuk antolatu zituzten.

Zergatik sartu ziren halakoetan? Galderak erantzun erraza du abade ohiarentzat: “Geure kanpandorreak erabili genituen”. Elizak herritarren artean indar handia zuen, baina aldi berean diktaduraren menpeko zen, eta kontraesan hori aprobetxatu zuten jendea batzeko: pertsegitutakoak, bizirauteko zailtasunak zituztenak, langileak… “Geure sermoietan eskubideez berba egiten genuen”.

Sermoi horietako baten ondorioz, hain zuzen, isuna jaso zuen Juan Mari Arregik (Durango, 1941), torturen eta atxiloketen kontra predikatzeagatik. 25 urterekin ordenatua, Ortuellako meatze guneetan hasi zuen abadetza eta hango langileen egoeraren eta errepresio politikoaren lekuko izan zen: “Lehenengo erreakzioa izan zen sermoien eta idatzien bidez salatzea, baina eliz hierarkiak erregimenaren konplize izaten jarraitzen zuen”.

1966ko sasi-erreferendumaren ostean, abade eta fraide talde batek Francori gutun irekia bidali zion, gazteleraz eta euskaraz, Bizkaian lehen aldiz ezarri zen salbuespen egoeraren aurrean:

“Zuk eta zure Gobernuak erabaki ori hartzeko zeuen baitako arrazoiak izango dozuez nunbait (…) Baña aitatutako gertaerak eta gure erriko situazio lotsagarri ta norabako au ikustean, gure samin-deadarra ta uko-garraxia zuganaño jaurti barik ezin geratu”.

“Hitzak ez ziren nahikoa ordea –dio Arregik–, ekintzetara pasatzeko ordua zen”.

Juan Mari Arregi Derioko seminarioko atarian, 'gogor' diskoa eskuetan duela. Bera izan zen talde hartako bozeramaileetako bat (arg: Urko Apaolaza)

 

Gogor taldea

Apaizen artean bazeuden iritzi ezberdinak, gogorrago jokatu behar zela ziotenen eta hori garbi ikusten ez zutenen artean. Begoñako Gogo-Jardunetako Etxea eztabaiden eta egitamuen epizentro bilakatu zen. Ardura eklesiastiko goragokoetan zeudenek “politika” egitea egozten zieten abade engaiatuenei, hain zuzen gerraz geroztik inposaturiko antolaketa politikoa baliatzen zuten berek.

Abadeen Koordinakundean bildu ziren ekintzak prestatzen hasteko –“Gogor” izena Derioko itxialdia baina pixka bat lehenago hasi ziren erabiltzen, Gogorkeriaren aurka gogortasuna lelopean–. 1967an jo zuten lehenengo efektu kolpea: Bilboko Gran Vía sotanadun manifestariz bete zen, greba luzea zeramaten Etxebarriko Laminaciones de Bandas fabrikako langileekin bat eginez.

1967an abadeek Bilbon egindako manifestazioaren irudi bakanetako batzuk Venezuelako ‘Gudari’ aldizkaritik hartuak.

Halaxe iritsi zen 1968 urtea. Marthing Luther King hil zuten urtea. Eta Txabi Etxebarrieta. Paris. Praga. Vietnam. Arantzazuko batzarra eta Zamorako kartzela. Meliton Manzanas. Itziarren semea. Bosgarren asanbladaren ondorioak. ETAren barruan fronte ezberdinen sorrerak ekarriko du erakundea “herriko gaietan sartzea”, Barandikaren hitzetan, eta horrek eragin handia izango du hurrengo urteetan.  

1968ko uztailean eta abuztuan abade talde batek itxialdi bi egingo ditu Bilboko gotzaindegiaren bulegoetan, besteak beste Etxebarrietaren aldeko hileta-mezak debekatzen Gobernadore Zibilak kaleratutako agindua arbuiatzea eskatzeko. Erantzuna betikoa da eta Lazkaoko Beneditarren artxiboan gordetzen den gutun batean leitu dezakegu: “Sirve de escándalo a los fieles, y de ofensa a la Iglesia y a la Patria”.

1968ko udan Bilboko gotzaindegian itxi zirenen aldeko abadeen sinadurak.

 

Derio: “Lau, lau, mila”

Azaroaren 4an, arratsaldeko lauretan, eta mantenu gastuetarako mila pezeta poltsikoan. Lau, lau, mila. Horixe zen Derioko seminarioko atarira joateko kontsigna. Betiko erantzunez aspertuta, zerbait indartsuagoa egiteko asmoz planeatu zuten ekintza hura abadeek. Baina zergatik Derio? “Epe luzerako zerbait izango bazen ezin genuen katedral batean sartu –dio Barandikak–, halako eraikin bat behar genuen: oheak zituen, salak... eta ondo ezagutzen genuen tokia zen, hori inportantea zen. Baina batez ere, erresonantzia kutxa handi bat izango zen seminarioa”.

1968ko azaroan Derioko seminarioko okupazioa hasi aurretik txosten mardula idatzi zioten Paulo VI.a Aita Santuari, Euskal Herriaren egoera azaldu eta abadeen eskariak laburbilduz –besteak beste Euskal Herri osorako gotzain batzordea sortzea–. Luis Mari Laibarra Orozkoko Urigoiti auzoko abadea izan zen testu hura egituratu zuena, eta Josu Barandikaren ustez Askapenaren Teologiaren aitzindaria izan liteke, 70eko hamarkadatik Hego Amerikan arrakasta handia izan zuen kristau-korrontea. Funtsean, euskal abadeen testuak Eliza Pobrea, Askea, Bizia eta Bertokoa aldarrikatzen zuen: “‘Bertoko’ hitza ‘indigena’ bezala ere itzuli genuen apropos –dio Barandikak–, Hego Amerikako mugimendu indigenistei begira, gurea ere umiliatutako herria baitzen”. 

Itxialdia ez zuten egunetik biharamunera pentsatu. Aurretik euren mezua ondo landu zuten txosten zabal batean. Idatzi horren hezurdura Luis Mari Laibarrak egin zuen, Orozkoko Urigoiti auzoko abadeak. Barandikaren etxe berean bizi zen Laibarra: “Berak armatu zuen dokumentua, idazten zuen eta gero gauean komentatzen genuen”.

Azkeneko ukituak Periko Berrioategortuaren Zornotzako etxean egin zizkioten, eta itxialdiaren bezperako egun euritsu batez tren geltokian utzi zuten txostena, Martin Olazarrek eta Juan Mari Arregik Erromara eraman zezaten: “Euskal Herriarekin lotura zuten goi arduradun erlijiosoen bidez saiatu ginen Paulo VI.a Aita Santuari helarazten, baina ez zen erantzun ofizialik izan”, dio Arregik.

Hortik denbora gutxira gauza bera egiten saiatu zen, alferrik, Martin Orbe abadea. Eta urtebetera poliziek Bilboko Artekaleko operazioaren harira atxilotu zutenean, larrutik ordainarazi zizkioten halako atrebentziak [ikusi 25. orrialdeko artikulua]. “Ezin zara torturaren zamapean egon bizi guztian” aitortu du berriki ARGIArekin (2.613 zk.) izandako elkarrizketan.

Derioko seminarioko atea gurutzatu orduko, agertoki politiko gogor baten parte bihurtu ziren abadeak. Poliziaren zortzi Seat 1500, hiru jeep eta bi autobus. Agenteak barrura sartu nahian. Seminarista eta irakasleak haien parean. A divinis zigorra eta meza gabeko igandeak herri askotan. Abade katalanen elkartasuna: “Amb la situació en que es troba tot el Poble Basc”.

Espainiako Estatuko prentsan curas rebeldes edo curas problemáticos deitzen zieten bitartean, nazioarteko prentsan ekintzaren arrazoiak zehatz plazaratu zituzten.

Oker dabil uste duenak urruneko historia bat dela honakoa, orain bezala lehen ere, sistema aldatzeaz ari baitziren, erlijio eta fedeaz baino

Itxialdiaren zabalpena egiteko talde bat sortu zen abadeen artean, hala nola seminarioko erretoreekin hitz egiteko eta jatorduak antolatzeko beste talde bana. Bilboko Cantábrico tabernan prestatzen zituen hango jabeak –gero Iñakiren Taberna ireki zuenak– seminarioko okupentzako otorduak: “Nik uste Iñakik gehiena dohainik egin zuela”, dio Barandikak eskerroneko irribarrea ahoan. Ekintza hura diruz lagundu zuen jende anonimo asko izan zen.

Iluntzen zuenean, gauaren babesean, herrietara joaten ziren seminarioko itxialdian zeudenak, euren arrazoiak azaltzera. Lepo betetzen ziren aretoak. Hura ez zen greba bat, Elizaren kontra zuzenean sartzea baizik: euren eginkizuna bideratu nahi zuten “azpiratuta” zegoen herri baten alde.

Gaixo zegoen Pablo Gurpide gotzaina hil eta Cirarda Bilboko gotzaindegiaren kargu egin ostean, handik egun batzuetara irten ziren abadeak seminariotik. Zergatik? Aste horietan idatzi zituzten buletin informatiboen azkeneko zenbakian azaldu zuten:

“Eskatutakotik eztauskue emon baina urtetzea erabagi dogu. (…) Kanpoan aurrera egiteko asmoa daukagu, gure elburuak lortu arte gure Erriagaz batera ta geure Erriaren onerako”.

Derioko “seminario txikiko” sotoa eta lehen pisua –hor egin zituzten abadeek batzarrak okupazioak iraun bitartean– eta eraikin barruan garai hartako eserlekua hautsak janda.

 

“Elizak aldatu gintuen gu”

Herri mugimenduei laguntzea hitzemanda amaitu zuten okupazioa abadeek. Askok uko egin zioten Estatuaren soldatari, lan zibilak bilatu zituzten, eta erakunde sindikal edo politikoetan hartu zuten parte; protestekin ere jarraitu zuten, 1969ko maiatzean abade talde batek egindako gose-greba kasu. “Eliza aldatu nahi izan genuen eta berak aldatu gintuen gu”, dio Juan Mari Arregik.

Atxiloketak, torturak, urte askotako zigorra Zamorako apaiz-kartzela berezian, erbestea... Hartutako konpromisoak errepresioaren jomugan jarri zituen abade asko eta Gogor taldea praktikan desmantelaturik geratu zen. Baina Gogor diskoa utzi zuten oroimenerako.

Cirarda gotzainak ez zituen torturaren arrastoak ikusi nahi izan

Jose María Cirarda gotzaina (Bakio 1917, Bilbo 2008) pertsonalki ezagutu nuen Derioko seminarioko okupazioan. Gotzain horrek okupazioan izan zuen papera nabarmendu nahi nuke, itxialdian zeuden abadeen bi bozeramaileetako bat izanik –bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz– berarekin jardun bainintzen.

Geroztik ez nintzen inoiz gehiago berarekin egon, baina pentsatzen dut ez zituela sekula nire hitzak ahaztu, are gehiago irakurrita askoz geroago, 1996ko azaroan, bere “azken konfesio pertsonala”. Erbestean nintzenean, hilzorian zegoen gure aita bisitatzera joan zen 1971n Basurtoko ospitalera, eta hori ere bada beste arrazoi bat lehen esan dudana pentsatzeko.

Gogoan dut Derioko seminarioko okupazioaren azken egunetako batean Cirardari esan niona. Itxialdiari amaiera emateko asmotan etorri zen, Pablo Gurpide otsagabitarra gaixotasunak jota hil zenean administradore apostoliko izendatu baitzuten.

ose María Cirarda (betaurrekoekin) Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako apezpikua. 1968ko azaroan Bilboko gotzaindegiko administratzaile apostoliko izendatu zuten.

Seminarioko areto batean geunden bilduta abade guztiak  Cirarda monsinorea agertu zenean. Saiatu zen okupazioa utz genezala konbentzitzen, eta orduan hitza eskatu nuen. Isiltasun handi bat egin zen eta zera esan nion: “Gotzain jauna, gure herriak jasaten duen errepresioa, atxiloketak eta tortura salatzeagatik Jesukristo bezala gurutzera igotzeko prest bazaude, euskal herritarren eta pertsona gizatiarraren eskubideak defendatzeko prest, ziur egon gu guztiok zure atzetik joango garela, zurekin. Baina Elizaren ohiko isiltasun konplizea mantentzen baduzu, borrokan eta salatzen jarraituko zaitugu”.

Agian nire lotsagabekeria eta ahotsaren indarrak harrituta, Cirarda begira jarri zitzaidan adi entzunez. Baina ez zuen ezer esan. Hilabete gutxi batzuk geroago bai, etorri zen erantzuna. Ez zegoen prest gurutzera igotzeko, ez baitzen ausartu 1969ko maiatza arte atxilotutako ehunka pertsona laikok jasandako torturak salatzera, ezta bere abadeek jasandakoak ere. 1969ko apirilean errepresio gogorra izan zen, batez ere Bizkaian eta abadeok ere kolpatu gintuen. Batzuk atxilotuak izan ziren eta haietako gehienak Zamorako konkordatu-kartzelan giltzapetu zituzten. Beste batzuk, nire kasuan bezala, Frantziako Estaturantz egin ahal izan genuen, erbestera.

Abade horietako bat, Martin Orbe, modu basatian torturatu zuten. “Beldarra”, “paseilloa”, “kirofanoa”… Denetarik egin zioten. Cirarda espetxera joan zen Orbe ikustera. Honek torturaren arrastoak erakutsi nahi izan zizkion eta prakak jaisten hasi zen, baina gotzainak esan zion ez halakorik egiteko, berak esandakoa sinesten zuela. “Nola ez dut nire abade bat sinetsiko?”, esan zion.

Agian nire lotsagabekeria eta ahotsaren indarraz harrituta, Cirarda begira jarri zitzaidan adi entzunez. Baina ez zuen ezer esan. Hilabete batzuk geroago bai, etorri zen erantzuna: ez zegoen prest gurutzera igotzeko

Hilabetea igaro ondoren, Cirardak eta Jacinto Argaya Donostiako gotzainak –honek ere Jon Etxabe bere abadeetako batek jasandako torturen lekukotza bazuen– pastoral bateratua zabaldu zuten: “Datua [torturarena] objektiboa balitz, autoritate agente batzuen partetik biolazio injustuak egin direla esan nahiko luke. Asmaturiko edo nahita puztutako datua balitz, ordea, autoritatearen kontrako propagandan biolentzia injustu bat egongo litzateke. Ez da erraza egia zehatza jakitea, batzuek baieztatu eta besteek ukatu egiten baitute, eta gertakari horien izaeraren ondorioz ere sekretuak indar handia baitauka…”.

Bere memorietan, Cirarda jauna saiatzen da idatzi hori justifikatzen: “Ez zen koldarkeria izan. Tortura horien frogak ez izateak geldiarazi gintuen”.

Ez, Cirarda monsinorea, ez zenituen arrasto edo froga horiek ikusi nahi izan, ezta konpromisorik hartu ere, ez zinelako inoiz gurutzera igotzeko prest egon!

Juan Mari Arregi

'Kili-kili'-tik 'Argia'-ra: 'Gogor' diskoaren 50 urteak

Melaminazko mahaien egur iluna hautsak hartuta dago Kili-kili aldizkariaren Bilboko Goienkaleko erredakzio zaharrean. Armairu baten barruan, alanbre oxidatuz itxitako 40x40 cm inguruko kaxatan sartuta aurkitu dugu altxorra: Gogor diskoak.

Duela 50 urte Derioko seminarioko itxialdia egin zuten abadeek grabatu zuten diskoa, borroka luze hark iraun bitartean abesten zituzten doinuekin. Baionako Agorila zigiluak argitaratua –2012 CDan berrargitaratu zuen–, frankismoaren kontrako erresistentziaren ikur bilakatu zen berehala.

Baina zer egiten zuten diskoaren binilozko 700 ale baino gehiagok Kili-kili-ren egoitzako armairuan gordeta? Aldizkariaren sortzaileaz pare bat berba egin behar historia hau ulertzeko.

‘‘Kili-kili’ haurrentzako aldizkaria zenaren egoitzan, Bilboko Goienkale edo Somera kalean, ‘Gogor’ diskoaren 700 ale inguru topatu dituzte Jose Antonio Retolazaren senideek, lehenago Basauriko zulo batetik erreskatatuak. Horri eskerrak, klandestinitatearen eta jazarpenaren ondorioz banatu gabe geratu ziren binilozko diskoak eskuragai jarriko ditu berriz ARGIAk bere komunitateko kideen artean, 50 urte geroago.

Jose Antonio Retolazaren magnetofoia

Jose Antonio Retolazak (Bilbo, 1929-2014) txikitan galdu zuen euskara, baina bere kabuz berreskuratu zuen, Gasteizko seminarioan. “Eliza eta euskara izan ziren beti bere bidea”, dio Etxahun Galparsoro haren suhi eta Lazkaoko Beneditarren artxiboko teknikariak. Hala, 1959an Arrazolan abade zebilela, berak antolatu zuen lehen aldiz meza euskaraz, eta 60ko hamarkadan Kili-kili pertsonaia sortu zuen Bilboko San Anton elizako katekesiaren babespean, haurrak euskaraz alfabetizatzeko, gerora komiki aldizkari ezagun bihurtuko zena.

Retolazak elizaren hierarkiaren kontra joatea hautatu zuen, eta 1960an Francoren kontrako 339 abadeen gutuna sinatu zuen. Hala “hondatu” zuen eliz karrera, bere lagun kutun Juan Uriartek ez bezala: “Firmatu izan baleust gaur ez zan gotzain izango”, dio autobiografia liburuan oraindik Donostiako gotzain emeritu denaz.

1968an Derioko okupazioa gertatu zenean, on Klaudio Gallastegi San Antongo abade ezaguna seminarioraino eraman ohi zuen Retolazak autoan, itxialdian zeudenei meza emateko. Eta berekin batera Grundig magnetofoi handi bat ere bai. Dirudienez, makina horretan jaso zituen abade errebeldeen lehen abestiak.

“Baina diskoa ez zen seminarioan grabatu”, argitu digu ziur Xabier Amurizak (Etxano, 1941). Derioko borrokaren inguruan testigantza bat uzteko helburuz sortu zen diskoaren ideia, behin itxialdia amaituta: “Pentsatu genuen bildu behar zela talde bat kantatzeko esperientzia genuenon artean, 20 edo 25 izango ginen, eta grabazioa Zornotzako karmeldarren komentuan egin zen”.

Camarade-curé

Atzean mezu politikoa zuten euskarazko kanta liturgikoak jaso zituzten, baita bertso sorta ezagunak –edo Amurizak itxialdiaz egindakoak– eta bogan zeuden abestiak ere, Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi ospetsua adibidez.

[Bilduma osoa hemen entzun daiteke]

Hain justu, azkeneko doinu honen gainean ahotsa jarri zuen Colette Magny kantari ezkertiar frantziarrak, handik bi urtera diskoa bere eskuetara iritsi zenean. “Apez laguna, zigortu zaituzte / Baina zure zigorra herriak beregain hartu du eta jujatu / Izendatua den apez berriak ez du nehor izanen mezan”, dio Camarade-curé abestiak frantsesez. Orain, kanta horren genealogia eta euskal abadeen historia oinarri hartuta, dokumentala estreinatuko du Pierre Prouveze zinegileak.

Itzul gaitezen 1968ra. Behin grabazioa eginda, haren masterra Ipar Euskal Herrira eraman zuten Amuriza eta Retolazak, azkeneko honen mini-morrisean, eta haiekin on Klaudio: “Errespetua sor zezakeen norbait behar genuen muga pasatzeko eta abade hura, bere 150 kilo eta sotanarekin, pertsona egokiena zen”, gogoratzen du Amurizak. Jendarmeek alto emanagatik lortu zuten kopia hura Telesforo Monzonen eskuetan uztea.

Xabier Amuriza:
“Pentsatu genuen bildu behar zela talde bat kantatzeko esperientzia genuenon artean, 20 edo 25 izango ginen, eta grabazioa Zornotzako karmeldarren komentuan egin zen”

Amuriza eta Derioko beste abade asko jadanik Zamorako kartzelan zirela ikusi zuen argia Gogor diskoak 1969ko maiatza inguruan. Erabat klandestinoki zabaldua eta guztiz jazarria izan arren –poliziak haren atzetik ibili ziren etxe partikularrak eta baita Euskaltzaindiako egoitza miatuz ere– oihartzun handia izan zuen. Ez zen meza soil bat, zapalduta zegoen herri baten garrasia baizik.

ARGIAk zabalduko ditu

Urte askoren ondoren, Julian Goikoetxea izeneko lagun bat hurbildu zitzaion Iñaki Egurrolari kalean. Egurrola Euskerazaleak elkartekoa izanik –Kili-kili hasieratik babestu zuena–, esan zion bazuela beraiena zen gauza bat. Burdina lantzeko Basauriko tailer batean, pisu handia zuen mahaia ezkutuko palanka batez mugitu zitekeela deskubritu zuten eta haren atzean zulo bat: han zeuden 12 hatz-beteko LP biniloak. Halaxe eraman zituzten Kili-kili-ren egoitzara.

Berrogeita hamar urteren ondoren, frankismoaren errepresioaren ondorioz egiteke geratu zen lana amaituko du ARGIAk, eta disko horiek zabalduko ditugu gure komunitateko kideen artean. Durangoko Azokako standean izango dira eskuragai, baita gure webgunean ere (azoka.argia.eus).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du,... [+]


Eneko Etxeberria
“Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama.


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


2024-04-26 | Xuban Zubiria
Memoria berreskuratzeko usurbildarrak lehen lerrora

Andatza mendia memoria leku bihurtu zuen Usurbil 1936 elkarteak apirilaren 13ko birsortze historikoan. Herritarren lan boluntarioarekin berreskuraturiko lubakiak antzezleku bihurtu ziren egun batez. Gerraren eraginez Usurbilen jazotakoak elkarbanatzeko enegarren ekimena izan da.


Eguneraketa berriak daude