Ostegun arratsaldean Ernaik manifestazioa deitua du Espainiako erregearen bisitaren aurka. Ostiralerako beste bi deialdi egin dituzte: batetik, Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier eta Espainiako errege Felipe VI.ak ostiralean Gernikara egingo duten bisita "aurpegi zuriketa" direla dio Bustirialdeko GKSk, eta horren aurrean mobilizatzeko deia luzatu du 11:00etan; eta bestetik, EH Bilduk 13:00etan deitu du elkarretaratzea Merkurio plazan.
Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier Gernikan egotea begi onez ikusten badute ere, EH Bilduk kritikatu egin du Espainiako errege Felipe Borboikoaren bisita Gernikara. "Francok berrezarritako estatu baten buruzagia" gisa definitu dute eta jakinarazi dute koalizioa ez dela Gernikan aurreikusita dauden ekitaldi instituzionaletara joango.
"EH Bilduk berretsi nahi du Espainiako monarkia ez dela ongi etorria Gernikan, gure askatasun nazionalen, munduko bakearen eta borroka antifaxistaren nazioarteko erreferentzia baita".
Gauzak horrela, kontzentrazioa deitu dute Merkurio plazan 13:00etan.
1937ko bonbardaketaren biktimak omentzeko ekitaldia egingo dute goi-mailako agintariek ostiral honetan Gernikan. Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier eta Espainiako errege Felipe VI.a izango dira bertan, Imanol Pradales EAEko lehendakariak lagunduta.
Busturialdeko GKSk ohar bidez azaldu du bi herrialdeen arteko "protokolozko diplomazia ariketa bat" dela eta Europaren "agenda gerrazalea" babestu baino ez dela egiten: "Aurpegi zuriketa baino ez da ostiraleko bisita".
Erakunde horren arabera, Borboi familiak "sektore erreakzionarioen erreferentzia eta sinbolo izaten jarraitzen du", eta Alemaniako presidenteak "NATOren eta Israelgo estatu inperialista eta sionistaren babesle fidela da".
Salatu dute, memoria historikoaren izenean, iraganeko krimenak gaurko gerrak "estaltzeko" erabiltzen dituztela. Hori dela eta, dei egin dute ostiralean, 11:00etan, Gernikako Merkatu Plazan mobilizatzeko.