Emakumeak borrokan
Comète

Korapiloak memoriaren sarean

  • Mugaldeko jendea, halabeharrez, mugalari lanetan aritzen da maiz. Jendearekin batera igarotzen dira, batetik bestera, ondasunak eta kontakizunak. Bidasoaren alde bietan, oraindik ere, historia hurbilaren hainbat istorio dabiltza harat-honat: ahozkoak, idatzizkoak, ikus-entzunezkoak. Esaterako, Comète sarearena. Irailaren 14tik16ra, Bigarren Mundu Gerrako ihes-lerroan barrena ibili dira hemeretzigarrenez, eta emakume eta gizon haiek duela 75 urte inguru egindakoa oroitu dute. 

Ion Olano
2018ko urriaren 07a
San Telmo Museoan 2015ean Comète sareari buruz antolatutako erakusketaren sustapen bideotik sorturiko irudia.
San Telmo Museoan 2015ean Comète sareari buruz antolatutako erakusketaren sustapen bideotik sorturiko irudia.

Testu hau sare izateko asmoz sortua da, irakurlea harrapatzeko gogoz, nahiago duen bidetik jarrai dezan ihes-lerroaren arrastoa. Izan ere, mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan, poetak zioen eran, etengabekoa da mugaren ariketa. Egun, igarotze bidean diren migratzaile ugari harrapatuta geratzen dira hesi fisiko eta administratiboetan. Askotariko sare klandestinoen bidez mugitzen dira erbesteratu ekonomiko eta politikoak –ez ote dira, nolabait, gauza bera?–, izan Sahara azpiko herrialdeetatik Mediterraneo itsasoaren bestaldera, izan Herrialde Katalanetatik Belgikara...

Hain zuzen, Belgikako hiriburuan kokatu du kazetariak testu-sare honetako lehen korapiloa, 1940ko Bruselan. Nazien okupazioaren aurka antolatzen hasi ziren hainbat herritar, tartean Arnold Deppé eta Andrée De Jongh gazteak. Azken hori “Dédée” goitizenez ezagutzen zuten, eta gerora “Comète” izango zen sarearen buru izan zen, atxilotu zuten arte. Honela adierazi zuen De Jongh berak: “Ez ginen gu izan Comète izena eman ziotenak ‘Dédée lerroa’ izenez ezaguna zenari. Geroago, 1943ko urtarrilean atxilotu nindutelarik, [kideek] pentsatu zuten hobe zela izena aldatzea (...), esan zutenez: ‘Zuek kometak bezalakoak zarete, bat atxilotzen dutelarik, beste bat dator atzetik’. Horregatik eman ziguten izen hori”.

Neurri handi batean, emakume gazte zibilek osatutako sarea zen Comète. Okupatutako lurraldean erortzen ziren pilotu aliatuak babestu, elikatu, eta Bruselatik Parisera laguntzea zen beren lehen egitekoa. Zeregin horretan aritu zen, besteren artean, Andrée Dumon, “Nadine” ezizenez ezaguna. Je ne vous ai pas oubliés (Ez zaituztet ahaztu) da haren autobiografia argitaragabearen izenburua –Donostiako San Telmo museoko liburutegian badute ale bat, sareko kide baten alaba Martine Le Grellek eramana–. Liburuaren pasarte batean, honela dio Nadinek Dédéeri buruz: “Berehala harrapatu ninduen haren irribarreak, haren bizipozak eta barrenetik gainezka egiten zion energia jarioak”.

Dozenaka lagunek arriskatu zuen bizitza laguntza emanez mugaren alde bietan. Iurre Telleria eta Enara Goikoetxearen ‘Azken bidaia’ dokumentaleko fotograma.

Parisetik hegoaldera jarraitzen zuen Comète sarearen ibilbideak, trenez, Lapurdiraino. Hain justu, Angelun bizi zen Elvire de Greef errefuxiatu belgiarra, “Tante Go” izenez ezaguna zena erresistentzian. Honako hau esan zuen Nadinek andre hartaz: “Ez gara sekula aski mintzatuko hari buruz. Aparteko norbait zen. Buruzagi izateko jaioa hura ere. Comète sarearen Hegoaldeko lurralde osoa martxan mantendu zuen hiru urtez”. Preseski, De Greef anderea eta haren senarra 1941ean sartu ziren sarean, eta seme-alabekin batera kolaboratzen jarraitu zuten erresistentziarekin, nazien okupazioa amaitu arte.

Dozenaka lagunek arriskatzen zuten bizitza, ihes-lerroei laguntza emanez, mugaren alde bietan. Maritxu Anatol irundarrak, esate baterako, hegazkinlariak elikatzeko janariz hornitzen zuen Comète sarea, baita oinetakoz eta informazioz ere. Kattalin Agirre saratarra, bestalde, Donibane Lohizuneko Euskalduna hoteleko langilea zen. Erresistentziaren alde lanean aritu zen gogotik, hainbat sarerekin kolaboratuz: “Comète”, “Margot”, “Nana”, “Mecano” eta “Perroquet”. Lan arriskatu horietan, gainera, Josephine “Fifine” alabaren laguntza ere izan zuen –alabak 14 urte zituen 1942an–.

Hariak, korapiloak, hutsarteak

Euskal mugalari ugari aritu ziren erresistentziaren aldeko sareetan. Esate baterako, Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean (Alberdania, 2011) liburuan, Rosa Arburua egileak honela dio: “Asko dira aipatzen diren izenak: Rufino Jauregi, Ezpeletako Jean Baptiste Zugarramurdi eta bere lehengusua Jean Pierre, Bernard Elissalde, Juan Pares, Don Jose Alcoz, Jean Baptiste Laporte, Maritxu Anatol, Hernaniko Florentino Goikoetxea, Manuel Iturrioz… Azken hiru hauek, Comète sareko laguntzaileak”.

 Florentino Goikotxea, Kattalin Agirre, ‘Dédée’ (bizkarrez) eta ‘Tante Go’ (bizikletan), telebista britainiarrarentzat erreportaje bat grabatzen. (Argazkia: JC. Jz. de Aberasturi)

Ildo horretan, Manuel Iturrioz, borrokalari baten bizipenak (Alberdania, 2011) liburuan, honako pasarte hau ageri da: “Lezok [Urreiztieta] esan zidan taldeak antolatzen ari zirela, sare bat, eremu okupatuan erortzen ziren hegazkinlariak Gibraltar aldera eramateko eta guk mendiz Espainia aldera pasatzeko ardura hartu behar genuela. Eta esan zidan: ‘Zuk mugako pasabidea antolatu behar duzu’. (...) Handik pixka batera andereño batekin azaldu zen [Dédée]. (...) Erresistentzia taldeak antolatzen zituen belgikar bat zen neska hura eta esan zidaten handik aurrera bidaia guztietan lagunduko zigula sareko arduradun gisa”.

Juan Carlos jimenez de Aberasturi (ikerlaria):
“Comète mugaz gaindiko fenomenoa zen, nazioarteko izaera zuena; alegia, mundu mailako gertakari historikoa lurralde txiki batean,
eta herriko jendeak
hartu zuen parte”

Sareari buruzko ikerketa mardulenetako bat da Philippe Le Blanc egileak 2015ean argitaratu zuena: Comète: le réseau derrière la ligne (Comète: lerroaren atzeko sarea). Haren esanetan, Manuel Iturrioz eta Tomas Anabitarte izan ziren Comète sareak izan zituen lehenengo gidak: “Hala ere, Florentino Goikoetxea da ofizialki onartu eta ohoratu duten euskal gida bakarra”.

Egile batzuen arabera, 800 pertsona inguru lagundu zituen Comète sareak mugaren bestaldera. Le Blancek, bere aldetik, zalantzan jartzen du kopuru hori: “2006an eginiko ikerketa batek dioenez, 288 izan ziren”. Egilearen arabera, ehundik gora pilotu lagundu zituen Florentino Goikoetxea mugalariak. Hala ere, “orain badakigu 280 iheslarietatik 170 inguru bestelako ibilbideetatik pasatu zirela, beste euskal gida batzuekin, [Comète] ihes-lerroaren gidaritzarik gabe”.

Hitzak, irudiak, martxak

Hainbat urteko ikerketa lana egina du Juan Carlos Jiménez de Aberasturi historialariak Comète sarearen Euskal Herriko ibilbideari buruz. Txertoa argitaletxearekin plazaratu zuen 1996an Vascos en la Segunda Guerra Mundial. La red Comète en el País Vasco (Euskaldunak Bigarren Mundu Gerran. Comète sarea Euskal Herrian) liburua, eta datorren abenduan aterako du liburuaren berridazketa, material berri ugari gehituta. “Niretzat, Comète ikertzen hasi nintzelarik, interes handikoa zen mugaz gaindiko fenomenoa zela, Euskal Herriko mugaren alde bietan gertatzen zena eta nazioarteko izaera zuena; alegia, mundu mailako gertakari historiko handi bat nola gertatzen zen lurralde txiki batean, eta nola hartu zuen parte herriko jendeak”.

2018ko irailaren erdialdean Comète Sarearen Lagunek ibilaldia egin zuten. Irudian, sarearen laguntzari esker ihes egin zuen pilotu britainiarraren semeak bere Royal Air Force-n (RAF) plaka erakusten du. ((Argazkia: Gianluca Urdiroz)

Hain zuzen ere, herritarrek mantentzen dute bizirik sarearen memoria, besteak beste, Comète Sarearen Lagunak elkarteak irailero antolatzen dituen martxa eta ekitaldien bitartez. Aurten izan da hemeretzigarren martxa, eta parte hartzaileek Lapurditik Nafarroara igaro dute muga, ihes-lerroaren ibilbide horren 75. urteurrena bete den honetan. Diario de Noticias egunkarian Mikel Urabaien kazetariak idatzi zuenez, 40 lagun inguru bildu ziren Jaurikoborda baserrian, iragan irailaren 16an. Han elkartu ziren, besteak beste, Inaxio Mihura mugalariaren eta Ian Covington pilotuaren semeak, José Ignacio eta Tom, hurrenez hurren.

Parte hartzaileen artean egon da aurten ere Iurre Telleria zinegile hernaniarra, Enara Goikoetxearekin batera Azken bidaia dokumentala filmatu zuena, Comète sareari buruz. “2005ean hasi ginen ikertzen, eta 2011n estreinatu genuen, Donostiako Zinemaldian. Ondoren, San Telmo museoan erakusketa ederra antolatu zuten 2015ean, eta gure dokumentalean sartu ez zen material ugari erakutsi zuten bertan”. Dibulgazio lan moduan, Azken bidaia lanak badu balio berezia; batetik, ikus-entzunezko lana delako eta, bestetik, fikzio zinematografikoaren baliabideak erabili zituztelako testigantza batzuk ilustratzeko.

ibiltariak Jaurikobordan, Itsasu eta Urdazubi arteko mugan, Mihura-Maskotena sendiak iheslariei aterpe ematen zien tokian. (Argazkia: Gianluca Urdiroz)

Memoria biziberritzeko aitzakia ematen du martxak, baita harremanak eta loturak sortzeko ere. Telleriaren esanetan, “lagun batzuk egin ditugu bidean, eta urtero oso gustura betetzen dugun zita da Comète martxarena”. Jiménez de Aberasturik dioenez, “memoriaren betebeharra” lantzeko modua ere bada, erakundeek babestu edo ez, herritarren mesederako dena. Ondo bidean, Comète Sarearen Lagunek hogeigarren martxa egingo dute datorren urtean, Bidasoa aldean, mugaren alde bietan.

Izan ere, aski adierazgarria da Arburuak Gau lana liburuan biltzen duen aipua, Berako Balkezeneko etxeko-andreak errana: “Gure ardiak harat-hunatian ibiltzen dira. Alde hontan jan eta bertzaldian ere. Beraiek zer dakite toki bati Frantzia deitzen diotela eta bertziari Espainia?” [sic]. Hala, honela amaitzen du Arburuak paragrafoa, eta kazetariak erreportajea: “Berriro fronterak ‘handien’ interesen baitan daudela esatera bueltatzen gara. Eta hauen interesak aldatuz gero, mugak ere bai”. n

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: II. Mundu Gerra  |  Oroimen historikoa

II. Mundu Gerra kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude