"40 urte igaro genituen ezpainak lotuta, arrainak bezain mutu"

  • Zenbat dira lekuko biziak, 1936ko Espainiako Gerra Zibilean parte hartu eta bizirik irauten dutenak? Zenbat dira Gabriel Arestiren egia kontatzeko sasoian daudenak? Zenbat dira gerrako frontean ibili ostean beharginen batailoietan eduki zituztenak? Luis Ortiz Alfauk kasik bakarrik ikusten du bere burua, 100 urte betetzera doanean...

Gerraren gainean berbetan hasita zaude, baina ez zara aspaldi hasitakoa.

40 urtez isilik eta mutu egon behar izan nintzen, berbarik egiterik ez zegoelako. Francoren diktadura beltza izan zen hura. Orain, berriz, ehun urte ditut, eta zuen laguntzaz, gertatu zen hura jakinarazten saiatzea beste helbururik ez daukat. Hemeretzi urte neuzkan gerra hasi zenean. Izquierda Republicanako batailoi batean eman nuen izena.

Hemeretzi urte, eta gerrara.

Nik denbora hartan buruan ez neukan nire bizimodua baino: andregaia neukan, lanean ari nintzen, estudiatzen ere ari nintzen. Gura dut esan ez nuela afiliazio politikorik, baina aita errepublikarra zen, eta guk seme-alabok miresmen handia genion, berak bezala pentsatzen genuen, eta horrelaxe joan nintzen. Erriberako Muxikako eskoletan eman nuen gerrara joateko izena, Bilbon berton. Irrati-telebista eta morse ikasten ari nintzen Kaliforniako institutu batekin korrespondentzia bidez. Zer edo zer banekien, eta transmisioetan jarri ninduten. Ez geneukan telefonorik, ez banderarik, ez fusilik… baina hemeretzi-hogei urte geneuzkan, eta uste genuen mundua irentsiko genuela.

Gerrara joateko izena eman eta gero, zer izan zen?

Casero kapitaina zen batailoiaren izena, uste dut Casero Errepublika garaiko militarra izana zela, Primo de Riveraren diktadura denboran fusilatutakoa. Harexen omenez zeroan izena batailoiak. Arabako frontera eroan gintuzten, Otxandio, Legutio… horra. Hura zen lehenengo geratu behar zena, baina ez zegoen modurik batere. Sekulako txikizioa eragin ziguten, agintaririk ere ez geneukalako. Ikasketadunak ipini zituzten agintzen: gurea, Ondarroako maisu bat zen; maisu ona, seguruenera, baina gerraz tautik ere ulertzen ez zuena. Transmisio tenientea bera ere itsas-armadakoa zen, barku batean praktikak egiten ari zena. Harrapazak hori!

Arabako fronteak ez zuen iraun.

Ez zegoen irauteko modurik. Ez arma ez ezer. Handik Intxortara eroan gintuzten, Elgetara. Han bai, hiru hilabete iraun genuen. Hura galduz gero, Bilbora sartuko ziren, Santander eta, Espainia iparralde osoa. Zoritxarrez, horixe gertatu zen. Intxortan jende asko hil zen, bi aldeetakoak. Han egunero zen lubakietako borroka, egunero hilak eta zaurituak, eta astean behin txanda egiten ziguten. Gogoratzen naiz gure konpainia Gernikara jaitsi zela, atsedetera, Errenteriako auzora. Zubi bat zegoen han, bonba bat bota zuten inguruan, eta gure lana izan zen hilak eta zaurituak kamioi eta autoetara jasotzea. Batzuetan amets egiten dut, zer izan zen hura! Gernika bonbardatu eta gero, Durango, Zornotza, Galdakao… bonbardatu zituzten, eta Artxandaraino etorri ginen, atzerantz. Asua aldeko zelaietan genuen lubakia, San Roke ermita inguruan, eta goian kasinoa zegoen. Barruan zegoen gure jendea, leihoetatik tiroka. Baina matxinatuen hegazkinek bonbardatu egin zuten hura ere.

Eta zuek, orduan?

Soldaduok sakabanatu egiten ginen, eta ostera ere gure konpainiara itzultzen ginen. Horietako batean Bilboko alondegi aurreko etxe batean egon nintzen atsedeten. Hutsik utzi zuten, eta hantxe. Han lo egin, eta biharamunean irten egin genuen handik, errebeldeak hur zeuden eta. Bidean aurrera, Castro aldera abiatu ginen, jende ilara handiarekin batera: errepidea gizon-emakumez, umez eta soldaduz beteta zegoen. Castrora heldu eta jaten eman ziguten: arroza. Eta ostera ere batailoiak osatu ziren. Hainbeste atzera-aurrerarekin batailoiak desegin egiten ziren, eta berriak osatzen, euskal armadaren 84.a, 90.a edo dena delakoa. Ordurako ez zegoen batailoi abertzalerik, ez sozialistarik, ez ezer.

"Eta etxea eman ziguten. Albokoa, guardia zibila. Gure gainekoa, gau adoraziokoa. Hirugarrena, sindikatukoa. Laugarrena..."

Nora jo zenuten hurrena?

Miereseraino [Asturias] heldu ginen eta, ordurako, batailoietan denetarik zegoen: han-hemengo jendea. Mieresetik ostera Santander aldera gentozela, Escudo gainean. Komandanteak agindua eman eta lehen lerrora nindoala hura eroatera, kanoikada bat, eta bost-sei metro atzera bota ninduen. Hiru saihets hezur hautsi zizkidan eta Santanderreko ospitalera. Han hiru egun, eta italiarrak berton sartzeko zorian zeudela esan ziguten. Handik zelan edo halan irten eta arrainontzi batera jauzi egin nuen, andre, ume eta soldadu artera, jendez gainezka. La Rochellera eroan gintuzten, eta han ilara bi egin zituzten: batzuk alde batera, gu bestera, Bartzelonara joateko. Indalecio Prieto zen Armada ministroa, eta eskiatzaile batailoia egin zuen Benasquen [Huesca] euskaldunontzat: dena zen uniforme eder, eski eta abar.

Euskaldunen eskiatzaile batailoia?

Bai, bai. Eta uste genuen festa hutsa izango zela hura! Ez alferrik, hilabete baino lehen, dena harrika bota eta Huescako frontera joan behar izan ginen. Hara heldu, egun bi egin, eta atzerantz egin behar ostera, Bartzelonara. Berriro batailoiak osatu, eta La Seu d’ Urgellera. Hango konpainietan anarkistek eta komunistek agintzen zuten. Sarjentu administratibo izendatu ninduten.

Sarjentu administratibo? Zer gura du esan horrek?

Janariez, arropaz eta horrelakoez arduratzen nintzela. Aurrera baino lehen, zer gertatu zitzaidan kontatuko dizut. Batailoian janari-administratzaile ari nintzela, ikusten nuen ofizialek janari hartatik hartu eta erretagoardian saltzen zutela, edo bere kideei ematen zietela, edo truke egiteko erabiltzen. Batailoi osoarena zena euren probetxurako erabiltzen zuten. Eta protesta jo nuen, eta idatziz. Armadaren legea ezarri zidaten, pistola kendu eta ziegara sartu ninduten, masia bateko ogia egiteko labera. Gainera, erretagoardiako behargin batailoietara zigortu ninduten, preso frankistekin batera, errepide egitera. Komandanteak esan zidan eskolta batek eroango ninduela hara, baina delako eskoltak bere agindua zuela ni harako bidean libre uztea, eta zegokidan erregimentura joateko La Seu d’Urgellera. 1939ko otsailaren 10ean Frantziara igaro ginen, Argeles-sur-Mer herrira, hantxe amaitu zen Espainiako Gerra Zibila niretzat.

Beharginen batailoietan eduki zintuzten beharrean.

Bai. Argeles-sur-Merreko hondartzetan eduki gintuzten hilabetean, txarto. Ez zegoen teilaperik, ez komunik, ez ezer. Eusko Jaurlaritza segituan hasi zen beharrean, guri laguntzen. Petainek ez zuen gura izan gu han libre ibiltzea, eta kanpamenduak egiteko agindu zuen. Agirre lehendakaria guretzako kanpamenduak Euskal Herritik hur egiten ahalegindu zen, baina hango herrietako buruek ez zuten gura. Azkenean, Gursen egin zuten delako kanpamendua. Lehen Mundu Gerrako barrakoiak aprobetxatuz, frantziarrek gehiago egin zituzten guretzat.

Noiz heldu zineten Gursera?

1939ko ekainaren 14an. 176 euskaldun heldu ginen hara, lehenengo euskaldunak. Dena dela, ni sei hilabete baino ez nintzen egon Gursen. Hura Oloroetik hur dago, eta nafarrak etortzen ziren, alpargata kanpaina egitera. Eta igandean, bizikletan etortzen ziren nafar haiek ikusmiran eta bisitan: “Zer edo zer behar duzue?”, eta papertxo batean eskribitzen genuen: “Halako naiz, halako barrakoian nago, bizarra kentzeko xafla eta xaboia behar dut. Eta ontza bat txokolate ere hartuko nuke!”… Eta ondoko domekan han etortzen zen, gazte jendea gehiena, zer edo zer ekartzen zuena. Lagundu gura.

Sei hilabete egon zinela esan duzu.

Bai. Behin, bisitetako barrakoira deitu ninduten. Joan, eta han gizon handi bat, eta neska bat. Frantziarra zen gizona, ingeniaria, eta neska, berriz, errefuxiatua, donostiarra; Adela zeukan izena. Fermin Calbeton kalean bizi zen. “Bilboko bat ezagutu nuen, zure familiaren auzoa izandakoa, eta monsieur Morini –ondoan zeukan gizona, alegia– esan diot ea hemendik aterako zaituen, guri laguntzeko”. Frantziar hura sozialista zen, inondik ere, eta ondoko herrian, La Gerche-n, adreilu-fabrika zahar batean ehunka emakume eta neska jaso zituen; Espainiako errefuxiatuak, denak. Oheak egin zizkieten han, jaten ematen zieten… ederto zaintzen zituzten. Eta gura zuten nik haiei laguntzea, kontuak eroaten, janariak ondo banatzen. Eta monsieur Morinen etxera joan nintzen bizitzen. Baina Bigarren Mundu Gerra etorri zen, eta Morin hura mobilizatu egin zuten –ingeniaria zen eta erreserbako kapitaina–, baita haren seme biak ere, eta bakarrik geratu nintzen etxeko andrearekin. Hura ez zen itxura ordea, eta nire familiarekin kontaktatu nuen Bilbon, zelanbait.

Eta etorri zinen?

Bai. Dotore jantzita nentorren, trajea soinean, eta maleta larruzkoa eskuan. Frontera heldu nintzenean, Hendaia igaro, eta zubian, guardia zibil eta falangista mordoa. Maleta gustatu zitzaien, eta kendu egin zidaten. Eta Elgorriaga txokolate fabrikara eroan ninduten, pabilioi batera, gazte guztiak legez; ehunka izango ginen. Kontua da maleta kendu zidatela, eta berton sartuta neuzkala nik dokumentu guztiak. Sakelan neroan argazki txikerra baino ez zen salbatu. Han egun batzuk egin, eta bilbotar ginenok Deustuko unibertsitatera ekarri gintuzten, preso, dokumentu barik.

Deustuko unibertsitatea kartzela izan zen?

Kartzela, eta txarra, gainera. Ikusi ninduten –gaztea, agiririk ez…–, eta ez zuten askorik pentsatu behar izan. Hartu eta kamioira, beste hainbat gazterekin batera: Miranda Ebroko kanpamendura. Han beharginen batailoiak osatu ziren. Errenteria-Oiartzunen egon ginen beharrean: Gaintxurizketan, Babilonian, Aiako Harrietan… sei hilabetez. Gero, Mirandara berriz, handik Iruñera eta Iratiko trenera. Irunberrira eroan gintuzten, eta handik Bidankozera 38. beharginen batailoian: hiru sail zituen batailoi hark, lehena, gurea, Bidankozen zegoen; bigarrena, Igalen; hirugarrena, Erronkarin. Bidankozetik Igalera doan errepide berria egin genuen guk. Beste batzuek, Igaletik Erronkarira egin zuten. Oiartzunen, gutxi-asko jan egiten genuen. Nafarroakoa, berriz, ikaragarria izan zen. Felix Pardin gurekin batera ibili zen, eta momentu batean 38 kilo izan zen! Ni urte bi eta erdi egon nintzen beharginen batailoietan, eta gero soldadutza egin behar izan nuen, Ferrolen, urte bi baino gehiago. 1936tik 1943ra, etxetik kanpora ibili nintzen zortzi urtean.

Zertan dira aitzur eta palak, eta pikatxoia?

Pikatxoirik ez nuen nik sekula erabili, eta fusilik ere ez. Gerran ibili naiz, baina tirorik batere tiratu gabe. Pribilegiatua izan naiz, gero!

Itzultzeko garaian ere pribilegiatua?

"Gerra ostea gerra bera baino txarragoa izan zen guretzat"

Ez, orduan ez. Beldurgarria izan zen itzultzea. Deustuko unibertsitateko kartzelan, guardia zibilei nire fitxa ikusi nien: “Luis Ortiz de Alfau, desafecto”, eta zirrimarra bat gainean. “Errepublikanoen semea”. Legezko gobernuari leial izan nintzaiolako atxilotu ninduten, osterantzean ez zeukaten-eta nire gaineko batere berririk, Hendaian falangista hark niri maleta kendu, arropak berarentzat hartu eta paperak harrika bota zituelako. Han joan zen nire dokumentazioa.

Itzulera.

1943aren amaieran itzuli nintzen Bilbora. Eta behar bila hasi nintzen. Andreak pila fabrika batean egiten zuen behar, eta estu eta larri bizi ginen. Orduko denboran, gerra ostea zen, banketxe, udaletxe, diputazioek jenderik ez zeukaten, eta behargin eske hasi ziren. Baina Francoren alde behar egindakoak baino ez zituzten hartzen. Inon behar gura eginez gero, Vertical sindikatuaren halako zigilu bat eskatzen zuten. Nik ez neukan halakorik, jakina. Horretan, Uralita fabrikak beharginak eskatu zituen. Administratzaile azterketa egin zidaten, joan sindikatura zigilu eske, eta ezetz, desafecto nintzela eta ez zidatela zigilua joko.

Ezin beharrik egin.

Baina sindikatuan bertan, bulegoan ari zen neska batek aditu, nonbait, zelan ukatu zidaten agiria, eta etorri egin zitzaidan gero: “Begira, zuri zigilua jo behar dizun gizon honen aitak uniforme denda bat dauka Kolon Larreategi kalean, eta han izaten duzu arratsaldero, aitari laguntzen”. Alegia, hara joateko esaten ari zitzaidan, Casa Manzano zen. Eta joan nintzaion, dirua eskainiz. 5.000 pezeta eskatu zizkidan, zigilua jotze truke.

Dirua 5.000 pezeta 1943an.

Bai, bada! Eta dirua batu nuen, senide eta adiskideen artean, ederto kostata, gero! Urte bi behar izan nituen zor hura pagatzen. Enpresan sartu nintzen, eta astiro-astiro diru gehiago irabazten hasi nintzen. Ezkondu ostean, lehenengo besteren etxean bizi izan ginen, sukaldea erabiltzeko eskubidearekin. Sukaldean janaria egin eta geure logelara ekartzen genuen, eta han jaten, gelan sartuta. Etxearen obra sindikalak 20.000 etxebizitza egin zituen San Inazio auzoan.

Ez zuentzat, horratik!

Ez, jakina! Orduko beharrak Francorekin gerra egin zutenentzat izan ziren, eta etxebizitzak ere, eurentzat. Hala ere, “Saiatu egin behar dut!”, esan nion andreari. “Zu zara, zu, zozo ergela!”, esan zidan. Baina eskabidea egin nuen. Eta egun batean, andreari etxera etorri zitzaion gizonezko bat, eskabide hura zela eta. Andreak esan omen zion: “Ez ezazu denbora alferrik galdu. Nire gizonak Francoren kontrakoekin egin zuen borroka gerran”. “Hara, bestea, horixe da egia esan beharra. Ez zait askotan gertatzen. Ziria sartu guran ari zait beti jendea. Bada, oraingoan neuk sartu behar dut ziria, zuen aldeko txostena egingo dut, etxea izan dezazuen”. Eta etxea eman ziguten. Albokoa, guardia zibila. Gure gainekoa, gau adoraziokoa. Hirugarrena, sindikatukoa. Laugarrena… Eta hantxe bizi izan ginen erretiratu arte, gorabehera barik, gerraren gainean berbarik egin barik ibili ginelako. 40 urte igaro genituen ezpainak lotuta, arrainak bezain mutu, aditu eta isil.

Orain ez.

Ez, gehiago ez. Orain gerra kontatuz gura dut hil. Gerra gauza txarra izan zen, gerra guztiak dira txarrak, guztiok egin genituen okerrak, baina gerra ostea gerra bera baino txarragoa izan zen guretzat. 40 urtean gorriak eta beltzak ikusi genituen.

Anaiak

Anaiak izan zituen. Anjel –kazetaria, Bilboko udal zinegotzia, Bilbao agerkariaren sortzaile eta Gabriel Arestiren solaskidea–, Rafael –“Errioaren margolaria”, Espainiako akuarela sari nagusia, Salvador Daliren ikasle Cadaquesen (Girona)–, eta Gerardo, Radio Bilbaoko erredaktore 1936ko uztailaren 18an eta Excelsior kirol egunkariko kazetari.

Azken hitza: 100 urte

“Suerte handia izan dut, ez dut kirolik ez antzekorik egin, baina optimista izan naiz beti, botila erdi beteta dagoela ikusi dut beti. Bizitzak arazo asko eta bihurriak dakartza, arazoak bata bestearen atzetik, horixe da bizitza, behin ere amaitzen ez den katean, baina behin ere ez dut nik optimismoa galdu”.

 

Luis Ortiz Alfau (1916, Bilbo)

Portugaletekoa zuen ama, Zamorako Torokoa aita. Miliziano joan zen gerran, eta frontea ez ezik erbestea, espetxea eta beharginen batailoiak ezagutu zituen. Hangoak amaituta, soldadutzara behartu zuten. Gerra igaroa, gerra ostea bizi izan zuen, 40 urteko diktadura, ezpainak lotuta eduki beharra. Orain, 100 urte betetzera doanean, ez du hura kontatzea beste asmorik. Bizkaiko Elikagaien Bankuan ari da aspaldi, boluntario, administrazio lanetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude