"Nebaren gorpua azaldu izan balitz bakean nintzateke, baina horrela ezer ez"

  • Gerrara joan orduko hil zuten Felix Arbulu Bilbao, 1936ko irailean. Etxean utzi zuen familia. Tartean, Angela, arreba txikia. Haren aipamenak ditu laurogei urte igaro direnean ere. Aipamenak bai, Felixen gorpurik ez bizi guztian. (Angela Arbulu Bilbao elkarrizketa hau egin eta egun batzuetara hil zen).

Zaldi Ero

Angela Arbulu Bilbao…

Horixe dut izena, bai. Laurogeita hemezortzi urte ditut, eta beraz, zeuk esan noiz jaioa naizen, nik kontuak aspaldi galduak ditut eta… Santurtzin jaio nintzen, Balparda auzoan, baserrian. Baserria zen ni jaio nintzenean, behinik behin. Bost neba-arreba izan ginen etxean, hiru neska eta bi mutil, eta gurasoak eta amama, gure aitaren ama: Florentina Eguzkitza. Amama honek euskaraz zekien. Edo gurago baduzu, ez zekien gaztelaniaz, euskaraz baino! Arrazolakoa zen, Elorrio ondokoa, Anbotopekoa, eta han ez zen euskara baino! Santurtzira etorri zenean ikasi zuen apur bat gaztelaniaz. Gure amaren ama ere euskalduna zen, Josefa Landaluze, Gatikakoa. Ez batak ez besteak zekiten gaztelaniaz, eta euskaraz egiten zioten berba elkarri. Gure ama zenak ere bazekien euskaraz, aitak ez ordea, eta guk ere ez genuen ikasi.

Ez zenuten euskaraz ikasi…

Ez. Eskolara joan ginenean galarazita zeukaten. Jakina, bada! Han alferrik zen euskaraz jakitea!. Eskola normal bat zen gurea, ez ikastetxe eta ez kolegio. Ondo tratatzen gintuzten, beste barik. Maistra ere estu samarra zen, zorrotza, eta zuzen ibili beste erremediorik ez zegoen harekin. Berrogeiren bat ume ginen eskola hartan, bi departamendutan banatuta: gela batean, mutilak; bestean, neskak. Aparte. Batean, don Julian zen maisua, Julian Irigoien, Nafarroa partekoa. Bestean, gurean, doña Carmen Casan genuen, Asturias aldekoa. Hamalau urte arte izaten ginen eskolan. Gero, behiak zaintzen hasten ginen.

Olgeta ere izango zen.

Umeak olgetan baino ez du egin gura. Beti olgetan gura. Han ibiltzen ginen kaniketan, diaboloan… Badakizu, gora bota, eta behera datorrenean jaso: bota eta jaso, bota eta jaso, diaboloa. Baina dena ez zen olgeta. Baserrian behiak geneuzkan, eta haiek ere zaindu beharra zegoen. Ni etxeko txikiena izan, ordea, eta ez nuen ezer ere egin beharrik izaten. Beharrean ez, behintzat! Gurasoek bai, biek egiten zuten behar gure etxeko baserrian, behiak zaintzen eta baratzean eta egin behar zen guztietan.

Eta zuk?

Baserrian beharrik egin beharrik ez nuen izan nik hamalau urte arte. Eskola amaitu nuen arte. Ordu arte, errotara joan baino ez nuen egiten nik. Astoa hartuta joaten nintzen errotara, eta nirekin etortzen zen auzoko neska-mutil koadrila. Garia ehotzera errotara joan, etxera ekarri, morokila egin eta taloa jaten genuen. Gure amak irin biak nahastuta egiten zuen taloa, gariarena eta artoarena. Suaren gainean, txapan erreta jaten genuen talo gozoa.

Hamalau urte betetzean amaitzen zen eskola, eta hasten zen mundua.

Baliteke. Nik, hasteko, behiak zaindu behar izan nituen, eta josten ere ikasi nuen. Ahizpa zaharrenak, Trinik, jostun ikasi zuen, eta neska gazteak hartzen zituen etxean, haiei erakusteko. Eta nik ere berton ikasi nuen. Trini, Felix, Bitoria eta laurok ginen. Bosgarrena gaixorik hil zen, zortzi urte zituela.

Felix ere hil zen, gazterik…

Bai. Felix gerrara joan zen eta ez zen itzuli. Mitinetara eta leku guztietara eroaten ninduen Felixek. Ni txikia nintzen, eta ezin nintzen batera eta bestera bakarrik joan. Baina aitak Felix joaten zen toki guztietara joaten uzten zidan. Eta halaxe ibili nintzen Felixekin. Oso abertzalea zen nire neba. Lagun bat ere banuen nik, Tere, eta hura osabarekin joaten zen mitin eta jaietara. Neska biok txikiak ginen, oso txikiak, baina mitinetara eroaten gintuzten, eta bertora gu. Eta mitinean txistua jotzen zutenean, dantza egiten genuen guk, kalean berton txistularien atzetik joan eta ikasita. Orduan ere abertzalerik bazegoen Santurtzin. Mitinetan politika zen, noski. Agirre lehendakaria ere izan zen hemen. Jose Antonio Agirre. Zein den badakizu?

Baldin baita ere!

Haren hiletan ere izan ginen. Beste mitinlari bat bazen, Santurtzi bertokoa. Eta [Telesforo] Monzon, eta beste asko. Mitin guztietara joaten ginen.

Felix gerrara joan eta ez zela itzuli esan diguzu.

Bai. Santurtzin batailoi bat osatu zen, eta lehena izan zen joaten. Baina ez zen itzuli. Goiz batez, haren lagunak etorri zitzaizkigun baserrira. Felixik ez! Abelino Basagoiti, Lorenzo, Tomas… bost edo sei lagun ziren, eta Felix baino ez zen falta han. Felix ez beste guztiak itzuli ziren gerratik. Haiexek esan ziguten Felix hila zela. Elgoibarren. Beti jakin izan dugu han hil zela, Elgoibarko San Migelen, beste barik; toki zehatzik ez. Inoiz ez genuen Santurtzira ekarri ahal izan. Bitartean, gurasoak txarto. Amak oso txarto pasatu zuen tragoa. Aitak, apur bat hobeto eutsi zion. Nik ere txarto, harreman estua neukan-eta nire nebarekin. Toki guztietara eroaten ninduen.

Oraindik orain zer edo zer gehiago jakin duzue.

Elgoibarko San Migelen hil zutela esaten ziguten, han desagertu zela, baina besterik ez dugu jakin duela gutxi arte. Felixen batailoia nire nebaren mezatara etorri zen, gorputza falta zela. Bi ziren hildakoak, bata Felix, Santurtzikoa, eta beste bat Portugaletekoa. Akordatzen naiz Felixen batailoiak Garaizabal eduki zuela izena, Santurtzin Garaizabal izeneko mutil gazte bat hil zutelako. Dantzan ari ziren, neska eta mutil, eta zer izan zen ez badakit ere, sastakadaren bat jaso zuen Garaizabal gazte hark, eta berton hil zen. Eta haren izena jarri zioten Santurtziko batailoi hari. ANVkoa zen mutila.

Felix Elgoibarko San Migelen hil zutela esan diguzu, baina oraintsu arte ez duzue jakin non.

Orain zer edo zer gehiago jakin izan dugu, baina inoiz ez dute haren hezurrik Santurtzira ekarri. Felix ez da azaldu. Nik gustura hartuko nuke Felix Santurtzira ekartzea… [Angelaren seme Joseba Felixek hartu du hitza ondoren, zehaztasunak emanez] Elgoibarko Ziardamendin bada Agote deiturako familia bat, eta hango semeak esanda jakin dugu dakigun apurra. Agote honen aitak berari umetan kontatu zionez, gerra garai hartan herriko alkateak agindu omen zien inguruko baserritarrei han ageri ziren gorpu guztiak lurperatzeko, kiratsa zerielako. Mendi paraje bati ere Kalaberamendi deitzen omen zioten, kaskezurrez beteta zegoelako. Bada, Agote honen aitak hamar lagun non lurperatu zituzten jakin zuen. Haiek lurperatzen lagundu zuelako, inondik ere.

Hamar lagun…

Zulo batean, bat. Bestean, lau. Hirugarrenean, bost. [Jose Maria] Otsoa de Txintxertu gudaria berton izan zen borrokan, zauritu egin zuten eta bazekien gutxi gorabehera non erori ziren gudariak. Zer egin zuen? Halako batean Ziardamendira joan, sei gudariren gorpuak aurkitu, atera eta Derioko hilerrira eroan. Gauza alegala, nahi baduzu, baina egin zuten. Otsoa de Txintxertuk Agote zaharrarekin hitz egin zuen, eta hark esan zion gorpu gehiago ere bazirela han lurperatuta. Hurrena, Aranzadi elkartea lan honi buru-belarri lotu zitzaionean, delako Agote harekin hitz egin zuen Pako Etxeberriak, eta Agote zaharra hil zenean, haren semearekin. Honek ere bazekien non zeuden hiru hilobiak, eta bertara joan ginen.

Han azaldu zen zuen etxeko Felix?

Esango dizut. Batean, miliziano batena omen zen hilobian, kartutxoa besterik ez zen azaldu. Bestean, bost lagun lurperatuta omen zeuden zuloan, ez zen ezer ageri. Pako Etxeberriaren arabera, hainbat aukera zeuden: lekua pinudia zen, eta bazitekeen pinuak gorpuak jan izatea; pinudi bat, esaterako, aterata zegoen, eta birlandatua… Bizpahiru indusketa egin genituen, eta ezer ez. Baliteke bost gorpu haiek hamar metro honantzago edo harantzago egotea, edo hamar metro barrurago, nork daki!

Eta hirugarren hilobian saiatu zinetenean?

Bada, Etxeberriak ez zuen batere esperantzarik. “Zer eginik ez dago!”, zioen. Gurekin zen Agoteren semea, eta lurra zulatzen hasi aurretik esan nion: “Bitorio, zu lasai. Oso pozik gaude orain arte egin dugun lanarekin. Zuen aitak eta zuk zeuk egindako lanagatik heldu gara honaino, eta gorpu hauek azaldu, ez azaldu, urte guztiotan ondo baino hobeto zaindu dituzue, eta horixe da inportantea”. Eta zulatzen hasi eta halako pinu adar bat, iduriz. Eta Etxeberriak, puntuan: “Femurra!”. “Zer ari zara, femurra?”, guk, sinesgaitz, baina Etxeberriak, berriz: “Bai, bai, femurra!”. Eta zulatzen segi eta lau gorpu! Lau haietatik biren DNA baino ez da lortu ahal izan. Gure ama Angelari DNA lagina hartu zioten, baina ez du inorekin bat egiten. Hortaz, Felixen gorpua izan liteke ezagutu ezin izan den haietako batena, edo bigarren hilobian zeuden bost haietako batena. Edo, areago, Otsoa de Txintxertuk atera zituen sei haietako batena! DNA frogak egin behar, eta zain gaituzu. PNVk Madrilen duen parlamentari Aitor Estebanekin mintzatu ginen, eta baietz, frogak egingo direla agindu zigun. Zain.

Zure neba identifikatu zain, Angela.

Bai. Horretan gaude. Guk familiaren panteoia daukagu Santurtzin, Arbulu Bilbao, eta gure ilusioa da Felix gure panteoira ekartzea. Baina ekartzea lortzen ez badugu, ez dio ardura, urte asko pasatu dira eta. Guk orduan pasatu genuen txarto, Felix gudariekin borrokan gerran hil zela esan zigutenean, haren gorpua jaso ez genuenean. Orain urte asko pasatu dira.

Historia luzea da. 1936an hasi, eta 2015ean horretaz ari gara oraindik.

Bizi osoko historia. Zama bat ere izan da, agertuko den ez den, barrundatu guran beti. Haren gorpua azaldu izan balitz, etxeko panteoian lurperatu izan bagenu, kontua amaituta egongo zen, bakean nintzateke. Baina horrela, ezer ez.

Nortasun Agiria

Angela Arbulu Bilbao. (Santurtzi, 1917) Memoriaren zaindari da. Kasu honetan, Felix nebaren heriotzaren berriemaile zuzena. Haurra zelarik, neba zaharragoaren eskuari helduta ibili zen Santurtzin batera eta bestera. Adin handikoa delarik, gogoari josita darabil Felix gudariaren memoria. Ahaleginean eginahalak egin badituzte ere, ezin nebaren gorpurik berreskuratu. Horixe zama, bizi guztiko orratza bihotzean barneraino sartua. Eta behin eta berriz eta askotan, andrezkoa oroimenaren gordailu.

Azken hitza: 1936, irailak 25

“Gerrara joan baino lehen desfilatzen ikusi nuen neba bere batailoiarekin Areeta-Getxon. Eusko Jaurlaritzak berton zuen egoitza, eta haren aurrean paseatu ziren gudariak, dotore, harro, pozik. Gero, 1936ko irailaren 25eko goizean hil zuten nire neba. Felix Arbulu Bilbao zen”.

Gerra etorri zen

“Orduan ez zen orain bezala, dena erradio eta telebista. Orduan herrian jakiten zenituen gauza guztiak, eta gerra izan zenean herria aztoratuta egon zen, aztoratuta. Erreboluzioa zela esaten zuten: faxistak, monarkikoak, errepublikarrak… denak aztoratuta. Nahaste-borraste galanta Santurtzin egun haietan! Eta gerra etorri zen”.

Arbulu konpainia

“Gerra etorri zen garaian, Santurtziko Balparda auzoan hogeiren bat lagun biziko ziren. Haietako bat karlistekin joan zen; gainerako guztiek gudariekin bat egin zuten: hiruzpalau, gure etxekoak ziren, Arbulu; beste bi, behinik behin, Basagoiti ziren. Gure neba Felix hil eta gero, gudari konpainia bati, Gipuzkoakoa, nonbait, Arbulu izena jarri ziotela jakin dut. Nebaren oroimenez”.

Frontean hil zen

“Lehenengo gauean hil zituzten. Joan ziren kantuan, eta Ziardamendin, faxisten segada! Metrailatu egin zituzten: gudari batzuk hil zituzten, beste batzuk zauritu, eta beste batzuek atzera egin ahal izan zuten. Goizeko ordu txikiak omen ziren, goizeko hirurak, metrailatu zituztenean. Mendian behera jaitsi ziren, errekontua egitera, eta zenbait lagun falta, tartean Felix. Egunetara, gudari haietako batzuk baimenarekin etorri ziren Santurtzira. Gure baserrira joan eta amari esan zioten: ‘Gure sentimendua, Justa, Felix frontean

 


ASTEKARIA
2015eko irailaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude