Guztiaren %90 bi sosen truke itsasoz dakarten horiek

  • Munduan salerosten den guztiaren %90 itsasoz eramaten dute, legerik ezagutzen ez duten nazioarteko uretan barrena,  trafikoa kontrolatzen duten konpainia handiek. %90 da jaten dugun, janzten dugun, berotzen gaituen eta  kontsumitzen dugun ia oro. Zarata gutxi dagiten itsas konpainia erraldoiok elikatu dute globalizazioa.

Wikipedian Garitzko delakoak eskegitako argazkian, Maersk konpainiaren Kendal zamaontzia Alemaniako Bremerhaveneko kaian. Rose Georgek bost asteko bidaia egin zuen bertan, itsasoko garraioari buruzko
Wikipedian Garitzko delakoak eskegitako argazkian, Maersk konpainiaren Kendal zamaontzia Alemaniako Bremerhaveneko kaian. Rose Georgek bost asteko bidaia egin zuen bertan, itsasoko garraioari buruzko "90% of Everything" liburua girotzeko. Ataletako batean azaldu du trafiko izugarri honek eragindako kutsadura. Egia da bideko, eta zer esanik ez, airekoak baino gutxiago kutsatzen duela itsasoko garraioak, baina hala ere petroliorik merke eta lodienetik sekulako pilak erretzen ditu. Birfindegietako fuel-hondar horixe da baimentzen duena produktuak hain merke ibiltzea ekoizpen eta banaketa bidean munduan zehar batera eta bestera. Bestalde, kutsadura akustikoaz gero eta informazio gehiago dago. Makina erraldoiok beren zarata izugarriarekin interferitzen dituzte zetazeoen arteko komunikazioak. Urte gutxitan, esaterako, Atlantiko Iparrean %90ean murriztu diote bizilekua baleari.

Rose George kazetari ingelesa Somaliako piratez 2010ean ikertzen hasita harritu zen datu honekin: 544 marinel zeuzkatela han bahiturik.   “Zer ari da gertatzen itsas garraioan, pentsatu nuen. Beste industria batean gertatuko litzateke? Ikusiko genituzke 544 pilotu beren Jumbo hegazkinetan urte betez pista batean lehorreraturik? Autobusetako 544 txofer? Ez litzateke posible”.

Hari horri tiraka osatu du Georgek  XXI. mendeko itsasketaren erradiografia. Ikertuz eta bost astez Maersk konpainiaren Kendal bapore erraldoian biziturik. Aurkitu duenak izenburutzat darama “Edozeren ehuneko laurogeita hamar”, eta ondoren “Itsasketa: zure soinerako janzkiak, autorako gasolina eta platererako jakiak dakartzan industria ikusezina”. Gaztelaniaz argitaratu berria da itzulpena (“El 90% de todo”). Egileak TED talks famatuen sailean egindako aurkezpen laburra ikus daiteke Interneten.

Ikusi ezin daitekeena erakutsi nahi du Georgek liburuan. “Kalean edonori galdetzen diozu ea ezagutzen duen Microsoft eta seguru baietz, baita bere jabea ere. Aldiz, galdetu zer den Maersk eta inork ez dizu erantzungo, nahiz eta Microsoftek adina diru irabazten duen”.

Maersk (eskrituretan A.P. Moller – Maersk Group): 2.423 milioi euroko irabaziak, 43.200 milioiko negozioa, 117.000 langile munduan, 600 barku, Danimarkako Barne Produktu Gordinaren %20.

Ur gaineko garraioan dena da erraldoi. Mundu osoan 1970etik lau halakotu da itsas garraioa, eta handitzen segitzen du. AEBetako 360 portu komertzialek gaur mugitzen dituzten gaiek balio dute 1960an mugitutakoen halako 80. Planetako itsasoetan batera eta bestera 100.000 bapore dabiltza  mundutarrok kontsumitzen ditugun solido, likido eta gas guztien karretoan.

George eraman duen Kendalek 6.000 kontainer daramatza. Munduko ontzi handienak 15.000. “Bere barruan garraiatu ditzake 746 milioi banana, europar bakoitzarentzako bana”. Maersk 600 zamaontziren jabe da. Guztien artean daramatzaten kontainerrak bata bestearen ondoan jarrita 11.000 kilometroz goiti osatuko lukete, lurraren gerriaren erdia; bata bestearen gainean etzanda 7.530 Eiffel dorre. Kendaleko kontainerrez zamatutako kamioien ilara 100 kilometroz luzatuko litzateke.

Eta halaz eta guztiz ere mundu globalizatuaren motorra dena ezezaguna zaio herritarrari. Hasteko, eskifaiakoa ez den inor ezin da sartu barkuan. Ezta portuetan ere. Jendeak ez ditu ezagutzen kai harrigarriok, garabi erraldoiak, eraikin gotorrenak baino handiago diren kargaontziak. Jendearen eguneroko bizilekuetatik aparte dabiltza.

Duela berrogei urte egunkariek atal berezietan ematen zuten portu nagusietako trafikoaren berri, Euskal Herrian ere bai. Orain ordainpeko buletin eta webgune berezietan bilatu behar da informazioa.

Itsasoko ugazabek ere ez dute publizitaterik maite. “Horien ondoan Suitzako bankari bat berritsua da”, dio ironiaz Georgek. Greziako ontzi-jabeen patronalak ez du ematen ezta bazkideen kopurua ere.          

Mirarizko edukiontziak  

Kontainerra da trafiko honen arrakastaren gakoa, 6,1 metro luzeko TEU (Twenty-foot Equivalent Unit) edukiontzia. Horrelako 20 milioi kaxa dabiltza mundua zeharkatzen oraintxe. Kontainerrak zabaldu aurretik, itsasoz eramandako edozeren prezioaren %25 zen garraioa. Orain hutsaren hurrengoa da. 5.000 kilometroko txangoa egin duen jertsearen prezioan 20 xentimo, garagardo lata baten xentimoa. “Hain merkea izanik itsasoa, Eskoziako bakailaoa merkeena ateratzen da Txinan xerratuta”.

Nork jartzen du legea, ordea,  zirkulazioan? Inork ez... edo indartsuenak. 20 miliatik aurrera bazoaz, ur arreetan sartzen zara. Hasteko, trafikoan dabiltzan ontzi gehienak komenentziazko banderapekoak dira: daraman banderak ez du zerikusirik ez jabearen, ez merkantziaren, ez eskifaiaren eta ez ibilbidearekin. Batak Panamako oihala erakusten du, besteak Liberiakoa, edo Marshall uharteetakoa...

Ontziak aspaldi deslokalizatu zituzten, eta haiekin zergak eta marinelak. Britainia Handiak 1961ean 142.462 marinel zeuzkan eta AEBen bandera zeramaten 1.268 zamaontzi; gaur 24.000 marinel britainiar besterik ez da eta AEBen ikurra 100 ontzik baino gutxiagok erakusten dute. Konpainiek gure kontsumogai guztien joan-etorriei ateratzen dizkieten etekinak ere banderak bezain komenentziazkoak diren paradisu fiskaletan metatzen dituzte.

Kendal bezalako mastodontea 21 lagunek maneiatzen dute. Kontainerren informatizazioaren mirariak. Rose Georgek kontatu du ofizialak zituela Birmania, Errumania, Moldavia eta Indiakoak, eta langileak txinatar bat ez beste guztiak filipinarrak. Filipinetan jendeak ingelesez ondo daki eta merkea omen da.

Horiek guztiek itsas zabalean dauden bitartean ez dute edukiko kapitainarena ez den beste autoritaterik, ezkontzeko bezala haserreak konpontzeko edo hildakoan itsasora jaurtitzeko. Emakume gutxi dabil eskifaietan. Norengana jo bart urliak bortxatu zaituela eta?

Ba omen dira itsasoko legeak, nazioarteko itunak. “Itsasoak –dio Georgek– paperak urtzen ditu. Ozeanoa da gaur ere munduko lekurik salbaiena. (...) Zerbait txarra gertatzen bada nazioarteko uretan, hemen ez da laguntza eske joateko ez poliziarik, ez sindikatuko arduradunik. Pentsa arazo bat daukazula, norengana jo behar duzu zu kontratatu zaituenean Manilako agentzia batek jabe Amerikar batena izanik Panamako bandera eta Zipreko kapitaina dauzkan ontzi baterako, nazioarteko uretan zaudenean?”

George hunkitu dute marinelon bizi-baldintza gogorrek, aitorturik Kendalekoek beste askok baino zori hobea zutela [kazetaria  bornuan ez zuen Maerskek baimenduko dena txukun ez egotekotan] Agur telefono mugikor eta Internetak, edozein emigrante xumek eskuratu dezakeena munduko marinelen %12k baino ez daukate. Lanordu amaiezinak. Portuko egonaldi bereziki laburrak. Osasun zerbitzurik ez pakebot hiper-automatizatuotan.

Eta piratak. Zamaontziok babes sistemak dauzkate piraten erasoa gertatzen denerako. Munduko negoziorik onenetakoa omen da itsasoko lapurreta.

Bai itsaslapur zarpailek eta bai harrapakinak paradisu fiskaletan gordetzen dituzten ugazabek, ondo erabiltzen dute Britainia Handiko Armadako buruak deitu zuena sea blindness: itsasoko itsutasuna. Jendeek ez du ikusten kontsumitzen duten ia dena nork-nola-zenbatean ekarri dien urrundik eskuetaraino.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


2024-05-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


Egipto eta Libiak bat egin dute Hegoafrikaren genozidio salaketarekin

Egiptok Camp David-eko akordioa haustearekin mehatxatu du Israel, Rafah-ko operazioarekin aurrera egiten badu. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu dio agindu dezala Israel Rafah-tik ateratzeko.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


Eguneraketa berriak daude