NATOren aurkako manifestazio nazionalera deitu dute martxoaren 14rako, Iruñean

  • Hego Euskal Herrian erakundearen inguruko erreferenduma egin zenetik 40 urtera, zenbait eragilek bat egin dute manifestazio nazionala deitzeko, Euskal Herri internazionalista eta antiinperialistaren izenean.


2025eko abenduaren 19an - 12:36
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

NATO ez! Gora Euskal Herria internazionalista eta antiinperialista! lelopean, manifestazioa deitu dute zenbait eragilek martxoaren 14rako Iruñean. Eguna ez da kasualitatea, orduan beteko baitira 40 urte Hego Euskal Herrian erakundearen inguruko erreferenduma egin zela, eta deitzaileek gogorarazi dute orduko hartan “argi” egin ziola uko Hego Euskal Herriak “erakunde kriminalari”. Urteurrena aitzakiatzat hartuta, borroka antiinperialista mahai gainean jarri nahi dute, hain justu “inperialismoa bere hegemoniari eusteko eta hedatzeko” borrokan dagoen garaian, eta mundu mailako zein Euskal Herriko bere aliatuak seinalatu dituzte. Eta horren eraginak, ohiko legez, langile klaseak pairatzen dituela azaldu dute.

Askapena, Bardenas Ya, Bultza EHm-l, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herria Bizirik, Indar Nafarroa, Jardun, OTAN Ez Plataforma eta Zabaldi plataformek egin dute deialdia, elkarrekin. Kapitala transnazionalki antolatzen ari dela eta, euskal herri langilearen borrokak internazionalismotik artikulatzearen premia jarri dute mahai gainean; horixe aldarrikatuko dute martxoaren 14an.

Salatu dute NATO dela, hain zuzen ere, kapitalismoaren eta inperialismoaren “bermeetako” bat, eta kapitalismoak, indarra hartzeko bidean, “suntsitzea” behar duela, alegia, gerra behar duela. Hori horrela, gogora ekarri dituzte NATOk egindako kanpo interbentzioak: hala nola, “NATOren eraso inperialista Errusiaren aurka”, Txinaren aurkako “jazarpen ekonomiko eta militarra”, entitate sionistarekiko lankidetza, edota Venezuelako eta Kolonbiako esku hartze “mehatxuak”.

Gerra behar du, beraz, erakundeak. Eta horri eusteko zenbait aldaketa egin ditu, eragileek azaldu dutenez: industria militarrari hauspoa eman nahi dio, gero eta diru gehiago eskatzen die estatu kideei NATO finantzatzeko, mugak are gehiago militarizatu dituzte. Eta arlo materialetik harago ere, eremu ideologikoan eragina duela salatu dute plataformek, goraka doan joera autoritarioari keinu eginez.

Mundu mailako fenomenoa bada ere, Euskal Herrian ere bere aliatuak dituela salatu dute: “Euskal burgesia zuzenki lerrokatuta dago Estatu espainoleko, frantseseko eta Europar Batasuneko burgesien interesekin; industria militarra sustatzeko apustua egin dute, baita energia eta nekazaritza makroproiektuak egitekoa ere”. Gehitu dute "gerra inperialistan oinarritutako eredu eta garapen ekonomikoa" ari direla ezartzen. Adibide zehatzak eman dituzte: azaldu dute hirukoiztu egin direla armagintzari lotutako enpresak Hego Euskal Herrian, Sener, IRP eta SAPA adibidetzat jarrita, aktiboki hartzen baitute parte Europaren defentsarako proiektu estrategikoetarako programa militarretan. Horiez gain, genozidioaren konplize diren enpresak ere jarri dituzte mahai gainean: SIDENOR, CAF eta Dassault, esaterako, "herri palestinarraren okupazioan eta genozidioan zuzen-zuzeneko ekarpena" ari baitira egiten. 

Bien bitartean, kaltetua langile klasea da, horrela azaldu dute. Bizi baldintzak okertzen zaizkien bitartean, lan indarra “etengabe” debaluatzen ari baita, eta oinarrizko beharrak lortzea “gero eta zailagoa” dela diote, etxebizitzaren auzia kasu. Baldintza material eskasak soilik ez, errepresio “esplizitua” ere areagotzen ari dela salatu dute deitzaileek, “altxatzen den edonoren aurka” erabiltzen dutena, eta gehitu dute: “Eta lan horretan guztian rol garrantzitsua du sozialdemokraziak, materialki ezinezkoak diren promesak egiteaz arduratzen baitira otzan jarrai dezagun eta borrokak bare daitezen”. Hori horrela, Iruñeko kaleak betetzeko deia luzatu dute, “argi eta garbi”, euskal langileriak internazionalismotik eragin behar duela aldarrikatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: NATO
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!