AEBek Venezuelara bidean zihoan beste petrolio ontzi bat atzeman dute

  • AEBek astebetean Venezuelarekin lotutako itsasontzien aurka egindako hirugarren erasoa da. Trumpek argudiatu du Iranekin harremana duela ontziak, eta Madurok tripulazioaren "desagerpen behartua" salatu du. NBEko Segurtasun Kontseiluak egoera aztertuko du hilaren 23an.

     


2025eko abenduaren 22an - 12:15
Azken eguneraketa: 15:01
Petty Officer Chris Weissenborn
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Trumpek Venezuelan sartu eta irteten diren petrolio ontzien “erabateko blokeoa” iragarri zuen iragan astean, eta ez da mehatxu hutsa izan. Igandean, AEBek Venezuelara bidean zegoen hirugarren petrolio ontzi bat konfiskatu dute nazioarteko uretan, Pentagonoak Nicolas Maduroren aurkako presio kanpaina areagotu eta hamar egunera. Abenduaren 10ean Skipper ontzia abordatu zuten AEBek, larunbat goizaldean Centuries petrolio ontzi erraldoia, eta igandean gertatu da Bella 1 ontziaren inkautazioa. Eraso horiek guztiak, narkotrafikoaren aurkako gerrarekin justifikatzen zituen Trumpen administrazioak, orain, baina, zalantza gutxi dago Venezuelako petrolioan duen interesaren inguruan. Ustezko narkotrafikoaren aurkako borrokan hamarnaka eraso egin dituzte AEBek Ozeano Atlantikoan eta Karibe itsasoan, eta gutxienez 100 pertsona hil dituzte, epairik gabe.

Bella 1 2024ko ekainetik zegoen Estatu Batuetako Altxorraren Atzerriko Aktiboak Kontrolatzeko Bulegoaren (OFAC) zigorpean, Irani "laguntza, babesa edo laguntza materiala eta teknologikoa” emateagatik. Petrolio ontziak Panamako banderarekin nabigatzen du, eta AEBen ustez, Irango Guardia Iraultzailearekin harremana du. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bilera egingo du datorren asteartean, hilaren 23an, egoera aztertzeko.

Igandeko erasoaren aurretik, Madurok salatu zuen AEBek Venezuelako petrolio gordina zeraman "beste ontzi pribatu bat" lapurtu eta bahitu izana. Orain, ohar bidez, Venezuelako Gobernuak "pirateria" ekintzatzat jo du erasoa, eta tripulazioaren "desagerpen behartua" ere salatu du. Gaineratu du AEBetako Gobernuak horrelako praktikekin inposatu nahi duen “eredu kolonialista" garaitua izango dela. Antzeko argudioekin, Fuerza Patriotica Alex Vive antolakundeak salatu du “Venezuelaren kontra hedatzen ari den boterea, proiektu subirano, herrikoi eta sakonki gizatiar baten existentzia onartzeko gai ez den inperio baten adierazpen desesperatua” besterik ez dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
2025eko abenduaren 17
Venezuelaz

Eguneraketa berriak daude