Gerra Handiaren kausa handiak

  • Lehen Mundu Gerrak duela 100 urte egin zuen eztanda, Sarajevoko atentatuaren ondorioz. Eta Alemania izan zen errudun nagusia. Edo hori da azken mendean nagusitu den ideia. Baina gatazka konplexu horren atzean arrazoi askoz konplexuagoak daude eta mendeurrenaren aitzakian ugaltzen diren interpretazioak horren lekuko dira.

Alemaniar oinezko batailoia Mulhouseko guduzelaian (Alsazia), 1914ko abuztuaren 7an. Alemaniarrak izan ziren erasotzen lehenak eta gerraren errudun nagusitzat jo izan dira. Baina badirudi erantzukizuna banatzeko joera gero eta garbiagoa dagoela, baita iri
Alemaniar oinezko batailoia Mulhouseko guduzelaian (Alsazia), 1914ko abuztuaren 7an. Alemaniarrak izan ziren erasotzen lehenak eta gerraren errudun nagusitzat jo izan dira. Baina badirudi erantzukizuna banatzeko joera gero eta garbiagoa dagoela, baita iritzi publikoan ere. Muy interesante aldizkari espainiarra inkesta bat egiten ari da sarean eta une honetan soilik %24k uste dute Alemania izan zela errudun nagusia.

Odolezko eta iluntasunezko tunel luzea izan zen Lehen Mundu Gerra, André Gide idazle frantziarraren hitzetan. Gerra Handiak lau urte iraun zuen, baina badirudi historialariak oraindik ez direla tuneletik atera gatazka eragin zuten kausak argitzeko garaian. Azken mendean 25.000 lanetik gora argitaratu dira gatazkaren inguruan, eta mendeurrenaren tiraldi komertziala aprobetxatuz, interpretazio berriez –eta ez hain berriez– bete dira liburudendak. Baina egileak ez datoz bat gerra zerk eragin zuen azaltzerakoan.

1914ko ekainaren 28an Gavrilo Princip serbiar nazionalistak Austria-Hungariako Inperioko koroaren oinordeko Franz Ferdinand eta haren emaztea hil zituen Sarajevon. Vienak aitzakia baliatu zuen Balkanetako auzo deserosoak erasotzeko eta Alemaniako kaiserrak Serbiaren aukako erasoa babestu zuen. Tsarrak herrialde eslabo guztien babesletzat zuen bere burua eta Serbia defendatzeko erabakia hartu zuen. Frantziak eta Britainia Handiak Entente Hirukoitza osatzen zuten Errusiarekin. Italiak eta Turkiak, aldiz, Europa erdialdeko inperioekin egin zuten bat. Atentatua burutu eta aste gutxira bandoak garbi finkatuta zeuden eta gerra martxan zen.

Ukaezina da Balkanetako afera labainkorra zela orduan –eta hala izango zela gerora ere–. Baina txinparta hark ez zukeen gerra piztuko berez nahikoa erregairik ez balego. Eta beste txinparta batek, lehenago edo geroago, Balkanetatik hurbilago edo urrunago sutan jarriko zuela Europa.

Mendeurrenaren aitzakian argitaratutako lanik arrakastatsuenetakoa Margaret MacMillanen The War That Ended Peace (bakearekin amaitu zuen gerra) da. Bistakoa da Oxfordeko unibertsitateko historialariak txinpartak gustuko dituela. Liburuaren tituluak adierazten duenez, MacMillanen ustez, Europa kontinente baketsua zen 1914an, gerra ez zen inolaz ere saihestezina, askok dioten bezala, baina boterean zeuden norbanako gutxi batzuen erabakiek, xehetasunek eragin zuten gatazka. Adibidez, Austria-Hungariako armadako Estatu Nagusiko buru Franz Conrad von Hötzendorfek ospe militar pertsonala lortu nahi omen zuen aurrez dibortziatuta zegoen Gina von Reininghausekin ezkondu ahal izateko. Edward Grey Kanpo ministro britainiarra txoriei begira zebilen gerra piztu zenean, ornitologiarekiko interes handiagoa baitzuen jarduera diplomatikoarekiko baino. Eskola zaharreko historialari izaki, “historia, hein handi batean, gizabanakoen menpean” dagoela uste du. Xehetasun horiek gerraren jatorria laguntzen al dute? Ziurrenik ez, baina liburua entretenigarri egiten dute. Eta aitortu behar zaio ez dela ez lehena ez bakarra Gilen II.a kaiserraren osasun mentala zalantzan jartzen.

Alemania errudun

Mendeurreneko beste best sellerretako bat Max Hastingsen Catastrophe 1914 da. Txinpartak baino, erregaia du aztergai egileak eta erregai guztia Alemaniaren esku zegoela dio. Bigarren Mundu Gerran aditua da Hastings, eta bi gatazkak alderatzeko joera du. Bi mundu gerrak “moralki” berdinak direla dio; bietan errudun nagusia Alemania dela, alegia. Harentzat gerra saihestea ez zen erraza , eta gainera, gerrara joatea “beharrezkoa” izan zen nolabait, Alemaniari aurre ez egiteak, nahi zuena egiten uzteak, ondorio are kaltegarriagoak izango baitzituen.

Egia da 1871ko batasunetik Alemaniaren aferak protagonismo handia izan duela Europan eta munduan. Baina gerra saihestu izan balitz, edo Alemaniak galdu izan ez balu, ondorioak oso bestelakoak izango al ziren, Hastingsek dioen moduan? Gerra Handia piztu aurretik, Hugo Stinnes izeneko industriagizon alemaniarra kexu zen, haren inguruan militarrak etengabe Europa menderatzeaz ari zirelako. “Zain egonez gero, kontinentea berdin-berdin hartuko dugu mendean” zioen. Eta hori gertatu da, bi mundu gerren itzulingurua tarteko.

Alemaniaren aurkako obsesioa alde batera utzita, Hastingsen liburua gerraren lehen bost hilabetetako kontakizun bikaina da. Gainera protagonismoa guduzelaietatik harago zabaltzen du. “Gatazka ez zuten armadek guduzelaian erabaki, industriek etxean baizik”.

Sinplekeriarik ez

Gerra amaitu zen urte berean, 1918an, Txirritak hala esan zuen zortziko handian: “Aleman batek neri esana, /biyok geundela kafian: / “Kaiser agintzen ikusiko da / laister Paris’ko kortian”. / Zepelinakin airetik eta sumarinuak ur-pian, / disgusto asko eman digute / jun daneko lau urtian”. Bertsolariak sinpleki laburbildu zuen Gerra Handia. Baina ez zen bera izan gatazka modu horretan sinplifikatzen, erantzukina Kaiserrari eta, beraz, Alemaniari egozten lehena. Gerra amaitu baino lehen ere “konplexua zena sinplifikatzen ahalegindu” zirela dio Christopher Clarkek, eta horren ondorioz, erantzukizun guztia Alemaniari egotzi ziotela. Cambridgeko unibertsitateko historialari australiarrak The Sleepwalkers: How Europe Went to War in 1914 (Sonanbuloak: Europa nola joan zen gerrara 1914an) lana argitaratu du. Haren ustez, gerrako protagonistak sonanbulo modukoak ziren, ez ziren egiten ari zirenaz konturatzen. “Sonanbulismoa duena ez da errudun”, dio. Horregatik, bere lanean ez ditu errudunak seinalatzen.

1920ko hamarkadan, Berdanotte Everly Schmitt historialari estatubatuarrak gerran erabakiak hartu zituzten protagonista askorekin elkarrizketa luzeak egin zituen. Solasaldi horietan protagonistek ez zuten autokritikarik egin edo ziurtasunik eza agertu. Oraindik ere sinetsirik zeuden 1914an erabaki zuzena hartu zutela. Eta, zentzu horretan, alderik ez dago protagonistak alemaniarrak izan edo ez.
“Eskolan ikasi nuen europar potentziak Alemaniaren aurka batu zirela, Berlinek probokatu zielako”, dio Clarkek. “Baina denborak aurrera egin ahala historialarien ikuspuntua zabaldu egin da; Errusia Frantziarekin aliatu zen beldur zelako Britainia Handiak Alemaniarekin bat egingo zuela. 1914ko udaberrian britainiarrak Entente Hirukoitza hausteko eta Alemaniara hurbiltzeko zorian egon ziren. Potentzia nagusiek ez zuten etsai bakarra”. Lehen Mundu Gerra, beraz, ez zen Alemaniaren konspirazio baten ondorio izan. “Nire helburua ez da alemaniarrak errugabetzea, baina gertatutakoaren konplexutasunaz jabetu behar dugu. Guztia ‘zintzoen’ eta ‘gaiztoen’ arteko banaketara mugatzen badugu, ez du ezertarako balio”.

Inperioak behera, armagileak gora

Konplexutasun horren barruan faktore ekonomikoek eragina izan zuten. XX. mendeko bigarren erdialdeko historialariek, gerra azaltzeko, eragile ekonomikoen garrantzia azpimarratzeko joera izan zuten. Izan ere, Belle Époqueko oparoaldi ekonomikoak bazituen arrakalak. Inperioak ez zeuden garairik onenean. Afrika banatu berria egon arren, inperialismoaren pastelak ez zituen potentziak lehen bezala asetzen. Historiako inperiorik zabalenetakoa urte batzuk lehenago erori zen, 1898an, Espainiak itsasoaz bestaldeko azken lurraldeak galdu zituenean. Alemaniar Inperioa auzoko potentziena baino txikiagoa zen, eta azalera handitzeko edozein aukera baliatzeko prest zegoen, ahal zela Europatik irten gabe. Baina britainiarrek ere interesak zeuzkaten kontinentean; haien inperioa gainbehera zetorren eta ezinbestekoa zuten Europa barruan merkatuak zabaltzea. Horrek ez zuen mesfidantza soilik alemaniarrengan piztu; gerran aliatu izango zituzten frantziarrei ere ez zitzaien batere gustatu britainiarren jokabidea. Beraz, inperialismoaren gainbeheraren ondorio ekonomikoek ustezko egonkortasun politikoa ahuldu zuten. “Potentzien arteko merkataritza biziaren atzean kamuflatuta, lehia eta erresumina ezkutatzen ziren”, Gerard DeGroot historialariaren hitzetan.

Gerran garrantzi handia izan zuen beste elementu bat jaso zuen Txirritak bertso hartan: itsasoko, lehorreko nahiz aireko armagintzaren aurrerapena. Hobekuntza teknologikoek eta eskaera gero eta handiagoak bultzatuta, industria hura asko hazi zen gerra aurreko urteetan. Alemaniak, esaterako, inbertsio izugarria egin zuen britainiar ontzidiaren pareko flota osatzeko ahaleginetan. Aldeak alde, hainbat historialarik Gerra Hotzeko egoerarekin konparatu dute XX. mende hasierako armamentu lehia prebentiboa. Norman Angellek uste zuen lehia horrek gerra pizteko arriskua areagotzen zuela, baina arduradun militarrentzat bakea sendotzeko bidea zen. Inork ez zuen gerrara joateko asmorik, baina badaezpada horretarako bitarteko guztiak prest zituzten.

Eta gerra piztu zenean arma produkzioak ere eztanda egin zuen. Madril neutrala izan arren, Hego Euskal Herriko armagintzan ederki nozitu zen Gerra Handia. XIX. mendea amaitu bitartean Eibarren egindako 150.000-200.000 arma inguru saltzen ziren urtero. 1910eko hamarkadan kopurua 500.000ra iritsi zen eta gerraren urteetan milioira hurbildu. 1920an 300.000 aleetara jaitsi zen salmenta.

Elementu berri bat: iritzi publikoa

Margaret MacMillanek, agintarien gona kontuak eta xehetasun gordinak alde batera utzita, elementu interesgarri bat du aztergai bere liburuan, ordurarteko gerretan agertu ez zen faktore bat: iritzi publikoa.

Jakina, iritzi publikoa propagandak bideratuta zegoen dagoeneko. MacMillanek dio, sozialismo internazionalistak gerra geldiarazteko ahalmena izan zezakeela, baina potentzien ahalegina medio, nazionalismoa gailendu zitzaiola. “Alemaniako, Britainia Handiko eta Frantziako gizartean nazionalismoa pentsatu baino gehiago barneratu zen. Gerrak eztanda egin zuenean alde bateko zein besteko iritzi publikoek uste zuten eraso egin zituztela eta zilegi zela erantzutea”. Eta ez da urrutira joan behar adibide garbia topatzeko. Gerra hasi zenean Eskualduna aldizkariaren titularrak “Gerla Haste - Biba Frantzia!” zioen, eta azpian, “Herrialde auzoak gure alde”. 1914ko abuztuan, hiru egunetan, 25.000 gazte abiatu ziren Baionatik frontera.

Gerra laburra espero zuten, eta gainera gerraren pertzepzioa erromantikoagoa zen orduan. Austriar etxekoandre batek idatzi zuenez, “heroismoa, sutan dagoen munduaren ikuskizun bikaina” zen gerra. MacMillanen hitzetan “eraso-gerra miresten zuten eta hori bat zetorren garaiko darwinismo sozialarekin: herrialdeen arteko gatazkak eta lehia, ordena naturalaren parte ziren”.

Atzera martxarik ez

Gerora, inoiz ez bezalako izugarrikeriak gertatu zirenean iritsiko ziren desertzioak, desobedientzia... Baina ordurako atzera egiterik ez zegoen.

1914ko ekainaren 28an Franz Ferdinand eta emaztea zeramatzan autoak ez omen zuen atzera martxarik. Eta, itxuraz, horregatik ezin izan zuten hiltzailearengandik ihes egin. Beharbada horixe bera gertatu zitzaion Europari. Potentzia nagusietako errealitate sozial, ekonomiko eta politikoak osatutako makineriak eztanda egiteko ahalmen handia zuen. Baina atzera martxarik ez.

Belle Époquetik gerra itsusira

XIX. mendearen azken hamarkadatik, Frantzia eta Prusiaren arteko gerra amaitu zenetik, Europa bakean eta baikortasunean bizi zen. Lehen Mundu Gerraren trauma aurreko garaiari Belle Époque esaten zaio, paradisu galdua bailitzan. Frantzia, Britainia Handia, Alemania, Errusia, Austria-Hungaria eta Italia, berehala elkarren aurka arituko ziren potentzien artean botere oreka itxuraz egonkorra zegoen. Europarrek fede izugarria zuten aurrerapen zientifiko eta teknologikoetan, gizarte mugimenduak ugaltzen ari ziren, bazirudien inperialismoari eta kapitalismoari esker ekonomiak ez ziola sekula hazteari utziko, Afrika tarta bailitzan zatitu eta banatu berria zuten... Zerumugan oparotasuna eta hazkundea besterik ez zegoen, itxuraz.

Giro baikor hartan, bakezaletasunak ere bazuen tokirik. Eta horren adibide garbienetakoa da Norman Angell idazle eta politikari britainiarrak 1909an lehenengoz argitaratutako The Great Illusion (Irudipen handia) lanak izan zuen arrakasta eta hedapena. Liburuan Angellek argudiatzen zuen potentzia industrialen arteko gerra zentzugabea zela, konkistak ez zuela handik aurrera etekinik ekarriko. Haren tesiak zioenez, nazioarteko harreman berrien ondorioz, potentzien arteko interdependentzia ekonomikoaren ondorioz, gerra ekonomikoki kaltegarria izango zen parte hartzen zuten guztientzat, ustezko garaile nahiz galtzaileentzat.

Nazioarteko lankidetzan emandako pausoak ez ziren banku jarduerara, garraioetara edo komunikaziora mugatu. Mugimendu olinpikoak eta hark bultzatzen zituen balioek, esaterako, indar handia hartu zuten urte horietan.

Eta ezin ahaztu Hagako Hitzarmenak. 1899ko eta 1907ko bake konferentzia multilateraletan nazioarteko zuzenbideko oinarri sendoak jarri ziren, gerra krimenak arautu, armagabetzeari buruzko legeak onartu... Hagako hirugarren bilera 1914. urterako deitua zuten, baina, ironikoki, gerraren ondorioz atzeratu egin zuten. Gerra laburra izango zelakoan, konferentzia 1915ean burutzea zen asmoa, baina azkenean bertan behera geratu zen.

Historialari batzuentzat bake hura benetakoa zen, baina akats inibidual inozo batzuek, gerraren onuratan sinesten zuten ero boteretsu gutxi batzuek dena pikutara bidali zuten. Beste batzuentzat Alemaniak hautsi zuen beste guztien arteko harmonia zoriontsua. Seguruenik azal baketsu hura uste baino meheagoa eta hauskorragoa zen, potentzien arteko oreka adierazten zutena baino ezegonkorragoa, gerra piztu zuten arrazoiak gutxi batzuren burugogorkeria baino konplexuagoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: I. Mundu Gerra
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Gaztainak Israelgo estatuaren alde

Londres, 1917ko azaroaren 2a. Arthur James Balfour Britainia Handiko kanpo harremanetarako idazkariak gutun bat idatzi zion Lionel Wakter Rothschild juduen komunitateko buruzagiari, hark Federazio Sionistari bidal ziezaion. Balfour adierazpena esan zitzaion idatzi horri, eta... [+]


Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]


Interesez puztutako globoak

Lisboa, 1709ko abuztua. Bartolome de Gusmão apaizak erakustaldi berritzailea egin zuen Indietako Etxean, Joan V.a Portugalgoaren eta bere gortearen aurrean: aire berozko globo baten aireratzea.


Eguneraketa berriak daude