SAPAk AEBetako armadarekin lortutako milaka milioitako kontratu “historikoaren” albistea, faltsua

  • Urriaren 10ean Espainiako zein Euskal Herriko hedabideek oihartzun handia eman zioten albiste bati: Sapa armagintzako euskal enpresak AEBetako armadarentzat 7.000 auto-blindaturen ekoizpenean parte hartuko zuen, 5.000 milioitako etekinak ekarriko zizkiona. “Jauzi historikoa” Espainiako armagintzarako eta Aperribay familiaren enpresarako. Gasteizkoak talde antimilitaristak ikerketa batek agerian utzi du albistea gezurra dela, eta Sapari berari egotzi dio informazio faltsua zabaldu izanaren ardura –El Diario Vasco eta La Vanguardiaren "kolaborazioarekin"–. Zertarako, eta porrot handi bat estaltzeko asmoz.

sapa.es

2025eko urriaren 20an - 07:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iraultzak lagunduz blogean argitaratu du Gasteizkoak talde antimilitaristak  La “noticia bomba” de Sapa sobre su supuesto contrato en USA es una bomba de humo para tapar su (nuevo) fracaso en el VCR 8x8 ikerketa, Saparen ustezko kontratuaren lehen informazioak publiko egin zirenetik hasita.

El Diario Vascok (DV) tokia egin zion berriari paperezko edizioaren azalean, eta bi orri eman zizkion barnean. Sapak bere teknologiarekin hornituko du AEBetako armada, zioen izenburuak. “5.000 milioiko akordio aitzindari batekin Gipuzkoako taldeak [AEBetako armadaren] tanke berrien transmisio sistema garatuko du” zioen. Sapak General Dynamics multinazionalarekin aliantzan parte hartuko zuen programan, “jauzi historikoa bere hedapen industrialean eta nazioartekoan”. Akordioak, “enpresa andoaindarra munduko lehen potentziaren armada hornitzeko programa handi batean ingeniaritza propioa sartzen duen lehen euskal eta espainiar teknologiko bihurtzen du”. Akordioa, egina ez ezik, aurreratuta ere omen zegoen: “Gipuzkoako teknologikoa sistemak entregatzen ari da dagoeneko, eta baliozkotze-fasea gainditu du; serie- fabrikazioa, berriz, 2028an hasiko da”.

La Vanguardia egunkariak ere eman zuen albiste luzea egun berean, eta termino antzekoetan. Zehaztapen handiago bat ere eskaini zuen: serie-fabrikazioa 2028an hasiko bazen ere, armada “lehen unitateak une honetan jada jasotzen” ari dela ziurtatuta.

Kontratu historikoa litzateke Sapak ustez lortutako hori, ezbairik gabe, oso esanguratsua ekonomikoki zein politikoki. Horregatik jaso zuten albistea ondoren beste hedabide askok, horien artean ARGIAk, informazioei sinesgarritasuna emanda. Baina, hedabideena ez ezik, albisteak antimilitaristen eta zehazki Gasteizkoak taldeko kideen arreta eta kezka ere piztu zituen, eta informazio gehiagoren bila hasi ziren.

Blindatuak egiteko kontratu 'historikoa' esleitu gabe dago oraindik, eta bi enpresa erraldoi ari dira lortzeko lehian: General Dynamics (eta berarekin aliantzan, Sapa); eta Rheinmetall.

Tamainako albistea gezurra ote?

Jokin Aperribay Realeko presidenteak zuzentzen duen Saparen webgunera jo zuten antimilitaristek lehenbizi, baina han informaziorik ez. Bilaketan jarraitu zuen, alferrik: enpresaren AEBetako filial Sapa Transmission-en webgunean deus ez; proiektuaren kide den General Dynamics enpresarenean ere ez; ezta arlo militarreko informazioan erreferente diren Espainiako Estatuko webguneetan ere. Arraroa, kontratu “historikoa” izanik.

Beste bide batetik jo zuten antimilitaristek: zein iturri aipatu zuten bi hedabide dependienteek beren albisteetan? “La Vanguardiak jakin ahal izan duenez”, zioen Herrialde Katalanetako hedabideak; “DV jakin ahal izan duenez”, Vocento taldeko gipuzkoarrak. Gasteizkoak-en esanetan, pentsatzekoa da iturria “enpresa edo bere ingurunea” izatea.

“Susmoak” hartzen hasita, galdera luzatu du Gasteizkoak-en ikerketak: “Sapa informazio distortsionatua filtratzen ari ote zen, hedabide edo gertuko kazetari batzuen bozgorailuen bidez, egiazki albiste ez zen zerbait albiste erraldoi gisa agertu eta beste kontu batzuetarako ke-gortina izan zedin? Horrek azal lezake arlo militarreko sektore ulertuenetako batzuen isiltasun bitxia”. Ez litzateke Sapak horrelakorik egiten duen lehen aldia, talde antimilitaristak La SAPA de los Aperribay. La guerra empieza aquí liburuan agerian utzi zuenez (liburu horren ingurukoak sakon jorratu genituen ARGIA astekariaren 2789 zenbakian).

Bai, gezurra zen

Galderari erantzuna armyrecognition.com atarian aurkitu du Gasteizkoak-ek, “AEBetako arloko atari garrantzitsuenetarikoa”. Bertan argitaratutako informazioaren arabera, blindatuak egiteko kontratu historikoa esleitu gabe dago oraindik, eta bi enpresa erraldoi ari dira lortzeko lehian: General Dynamics (eta berarekin aliantzan, Euskal Herriko Sapa, Alemaniako MTU, eta AEBetako Caterpillar); eta Rheinmetall. 2026ko uztailerako beren prototipoa aurkeztu behar dute, eta AEBetako armadak urte berean erabakiko omen du bietako zein enpresari eman kontratua: “Armadaren proba eta ebaluazioek zehaztuko dute serieko ekoizpenera zein fabrikatzaile igaroko den. Zerbitzuak kontratista bakarra hautatzeko asmoa du 2027ko zerga-urtean”.

Gasteizkoak talde antimilitaristaren arabera, “zantzu guztien arabera” –eta ez litzateke lehen aldia–, Sapak “ke-gortina” gisa erabili du urriaren 10ean argitaratutako informazio faltsua

Urriaren 10ean bolo-bolo zabaldutako informazioa faltsua da, hortaz. “Saparen amarrua” neurri batean behintzat DVren eta La Vanguardiaren “kolaborazioak” ahalbidetu duela salatzen du Gasteizkoak-ek. “Beldurtu egiten gaitu pentsatzeak horrelako kazetaritza (txar) batek albiste gisa helaraz diezagukeena, albiste izan gabe”.

Gezur batekin porrota ezkutatu nahi?

Talde antimilitaristaren arabera, “zantzu guztien arabera” –eta ez litzateke lehen aldia–, Sapak “ke-gortina” gisa erabili du urriaren 10ean argitaratutako informazio faltsua. Zertarako? Urriaren 9an, egun bat lehenago gertatutakoa estaltzeko. Gauza da urriaren 9an gertatua urriaren 13an ezagutu zela, Sapa ordurako aparretan zela.

“Saparen transmisioan izandako akats larri batek VCR Dragon baten azken probak geldiaraztea eragin zuen joan den ostegunean” (ABC)

“Defentsak ez ditu [Espainiako armadarako] 8x8 blindatuak baliozkotu nahi, akatsak dituztelako oraindik”, argitaratu zuen albistea ABCk urriaren 9an gertatutakoaren inguruan, eta azaldu zuen: “Saparen transmisioan izandako akats larri batek VCR Dragon baten azken probak geldiaraztea eragin zuen joan den ostegunean”. Are gehiago: bi egun lehenago eta El Confidencial-en arabera, Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak epelak bota zizkion Ángel Escribano Indrako buruari –Sapak parte hartzen duen blindatuen proiektuko armagintza enpresa nagusia da Indra–. Epeak ez betetzeagatik “zigor posibleez” ohartarazi zuen, eta “ohar ofizial bidez” ere egindako ohartarazpenak, ziurtatu zuen, “tentsio handia eragin du lau akziodunen artean, atzerapenaren erantzukizuna dela eta”. ABCk egin moduan, nori leporatzen dio errua Escribanok?: “Indrako presidenteak Sapa Placenciari egotzi dizkio blindatuaren teknologiaren garapenean izandako akatsak”.

AEBetako blindatuen ustezko kontratuaren modura, Espainiako armadarako Dragon blindatuarenak ere “milaka milioitakoa” dela gogoratu, eta egindako ikerketaren ondorio argia ateratzen du Gasteizkoak talde antimilitaristak: “Agerikoa ematen duenez, Sapak aldez aurreko irudi-kanpaina bat behar zuen, gainera zetorkion desprestigioa arintzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
2025-05-12
Euskal armagintza industria eztabaidagai (IV)
Moldaketa eraldatzailea

2025-04-28
Euskal armagintza industria eztabaidagai (II)
Itsutu nahi gaituzten gerra hotsak

Eguneraketa berriak daude