ARGIA.eus

2020ko uztailaren 13a

Potemkin, fikzio eta errealitatearen artean

  • Krimeako konkista zuzendu zuen militarrak, Ukrainako gobernadore Grigori Potemkinek (1739-1791) Katalina II.a erreginari aurkeztu zizkion herri idilikoak faltsuak omen ziren. Hortik dator “Potemkin herria” esamoldea.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2020ko ekainaren 28a
Grigori Potemkin (1739-1791) Errusiar militar eta politikaria. Abizena nagusiki Potemkin korazatua (1925) filmarekin eta errusiar iraultzarekin lotu arren, “potemkin herria” esamoldeak jatorri bera du. (arg.: Johann Baptist von Lampi)
Grigori Potemkin (1739-1791) Errusiar militar eta politikaria. Abizena nagusiki Potemkin korazatua (1925) filmarekin eta errusiar iraultzarekin lotu arren, “potemkin herria” esamoldeak jatorri bera du. (arg.: Johann Baptist von Lampi)

Krimea, 1787. Katalina II.a Errusiakoak (1729-1796) bisitaldi ofiziala egin zuen, Errusiak konkistatu berri zuen lurraldea nola zegoen ikusteko.  Tsarina gustura geratu omen zen ikusi zuenarekin; herriaren ongizatea bermatzen zuten politika egokiak ezartzen ari zen.

Baina errealitatea oso bestelakoa zen. Konkista zuzendu zuen militarrak, Ukrainako gobernadore Grigori Potemkinek (1739-1791) erreginari aurkeztu zizkion herri idilikoak faltsuak omen ziren. Kale batzuetako etxeak kartoizko fatxadez estali omen zituen, inguruko biztanleak dotore janztera behartu zituen eta populazioa mugiarazi zuen, herri biziagoak irudikatzeko. Desfileak eta su artifizialak ere antolatu omen zituen. Edo horixe zabaldu zuten behintzat Potemkinek gortean zituen arerioek. Ukrainako gobernadore izan eta Itsaso Beltzeko errusiar ontzidia antolatzeaz gain, Potemkin Katalina Handiaren maitalea ere bazen, eta primeran moldatzen zen gorteko trikimailuetan. Lagun nahiz etsai boteretsuak egiteko erraztasun handia eman zion horrek.

Orduz geroztik, “Potemkin herria” esamoldea  herri baten edo beste edozer gauzaren egoera tamalgarria estali nahian herri edo gauza hori oso ondo aurkezten denean erabiltzen da. Fikziozko Potemkin herria da, esaterako, Berlangaren Bienvenido Mr Marshall (1953) filmeko Villar del Río herria; Gaztelako herria Andaluziako topikoz betetako herriz mozorrotzen dute. Errealitatean, 1950eko hamarkadan Ipar Koreako zonalde desmilitarizatuan eraikitako Kijŏng-dong da gehien aipatzen den adibidea. Baina esamoldearen adiera zabalduz gero, Las Vegas, esaterako, beste adibide bat izan daiteke; hiria zeharkatzen duen erdiko etorbideko neoi eta distiratik aldenduz gero, hiriaren alde itsusi eta miserablea agerian geratzen da. Eta, hain urrutira joan gabe, turismoa erakartzearen izenean, ez ote dira ari hainbat herri eta hiri Potemkin herri bihurtzen?

Potemkinek Krimean egindakoa egia izan ala ez, haren izena betirako itxurakeriarekin lotuta geratuko zen… iraultzarengatik eta zinemarengatik ez balitz. Potemkin hil eta mende batera, 1898an, Errusiar Inperioko Armada korazatu bat eraikitzen hasi zen Itsaso Beltzeko ontzidiko parte izan zedin. Potemkin izena jarri zioten. 1905ean Potemkin korazatuko marinelak matxinatu egin ziren eta, gerora, 1917ko iraultzaren lehen pausotzat joko zuten ekintza hura. Eta 1925ean Sergei Eisenstein zuzendariak gertakaria jaso zuen zinemaren historiako film onenetarikoan: Potemkin korazatua. Eta horixe da, herri faltsuen gainetik, abizena entzun eta gehienei gogora etortzen zaiena.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Denboraren makina kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko ekainaren 28a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude