Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

  • Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari dituzte minbizi moduan arriftarrek. Eta europarrok ere laster sendi ditzakegu, Ipar Itsasoko urpean botata dauden milaka tona iperita-kapsula herdoildu hausteko zorian baitira.

Arrifeko gerran espainiarrek aireplanoak hasieratik erabili zituzten eta bonbak eskuz jaurtitzen zituzten haietatik, 1913ko irudian ikus litekeen bezala. Argazkia: Espainiako aire armada.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Amesauro herria zerutik behatuz gero, meskita txiki baten abaroan pilatutako eraikin umilen itzalak baizik ez dizkizu erakutsiko Google Earthek. Temsamane kabilan kokatua –Maroko iparraldeko Driouch probintzian, amazigak bizi diren eremuan–, badu historiara pasatzeko ohore latz bat ordea: espainiarrek populazio zibila lehen aldiz arma kimikoekin bonbardatu zuten han, interneten egotea merezi ere ez duen herri hartan, duela justu ehun urte, Arrifeko Gerraren baitan.

Lehen Mundu Gerraren ostean Europan erabiltzea debekatu arren, potentzia kolonizatzaileek “zibilizatu gabeko” herri askotan erabili zituzten substantzia toxikoak 1919tik aurrera –Italiarrek Libian eta Etiopian, britainiarrek Afganistanen…–. Baina hegazkinak erabiliz herritar xumeei arma kimikoz eraso egiteko ideia zoragarria espainiarrei okurritu zitzaien lehen aldiz.

 

Arrifeko Errepublika Independente sortu berria zapaltzeko metodo oro txalotu zen Madrildik, tartean arma kimikoen erabilera

1923ko uztailaren 13an Bristol F2b markako bi aireplano agertu ziren amesaurotarren buru gainean eta hainbat X bonba jaurti zituzten herritarren kontra. Kaleak eta zokoak iperita agente zitotoxikoarekin estali zituzten, ziape-gasa ere deitua bere kolore arreagatik. Kanpaina krudel eta esterminatzaile baten hasiera baizik ez zen izan, 1927 urtera arte terrorea zabaldu zuena gerra kolonial haren erretagoardian.

Indigena traidore horiek…

Arrifeko lurraldea Espainiako protektoratu barruan zegoen XX. mende hasieratik eta hango herriak etengabe matxinatu ziren, okupazioari aurre egiteko. Abd el Krimek gidatutako gerrillariek 1921ean Annualen espainiar armadako milaka soldadu kalitu ondoren, koska bat gora egin zuen gerrak.

Arrifeko Errepublika Independente sortu berria zapaltzeko metodo oro txalotu zen Madrildik, tartean arma kimikoak: “Indigena horien kontra gas itogarriak erabiltzearen oso kontrarioa izan naiz beti, baina egin dutena eginda, jokabide traidore eta zitalaren ondoren, gozamen handiz erabili behar ditut”. Hala esan zuen gaztelaniaz Damaso Berenguer Marokoko goi komisarioak, eta halaxe itzuli euskarara Joseba Sarrionandiak Moroak gara behe laino artean? (Pamiela, 2010) libururako.

1922ko Marokoko espainiar protektoratuaren mapa, Arrifeko kabilekin.

Sarrionandiak bere lanean dioenez, “armamentu kimikoa bultzatzeko motiboa, Annualeko derrota ondoren, ejertzito espainolaren ezintasuna eta mendeku gogoa izan zen”. X bonba horiei beste izen batzuk ere jarri zizkieten: C-1 izenekoak 50 kilo iperita zituen, C2-k 10 kilo eta C5-ek 20 kilo. Batez ere azken hori erabili zuten. Aldiz, C3 lehergailuak fosgenoa zeraman; C4-k kloropikrina…

Eta horrela bonbardatu zituzten gupidagabe, ez bakarrik gerrillarien ustezko sator zuloak, baita Beni Urriagel kabila eta barrualdeko beste herri amazig ugari ere.

Hori ez dio euskal idazleak soilik, baita Espainiako Lurreko Armadaren Ejército aldizkariak ere: “1925etik arma horien erabilera hobetu (sic) zen. Gauez bonbardatzen hasi ziren, haize gutxiago zebilelako eta freskurak iperitari uzten ziolako denbora gehiagoz egoten, beharrezkoak ziren iraupen eta kontzentrazioa lortzeko”, idatzi du berriki aldizkari horretan Fernando Villena Espainiako Defentsa Ministerioko diplomatiko eta aholkulariak.

1925ean, kostaldea dagoen Al-Hoceima herrian milaka soldadu espainiar lehorreratu ziren, eta buru José Sanjurjo jeneral iruindar kolpista zuten –hiriari Villa Sanjurjo ere deitu izan zioten–. Paraje horiek ere gogoz betundu zituzten gas hilgarriarekin. Denak balio zuen matxinaturiko basati haiei larrua konpondu eta lotsak gainetik kentzeko; Paulo Yanzik ondo azaldu zuen orduko giroa “Afrikako Gerrarenak” bertso-sortan:

Galdu lehengo terrenuak,
armamentu modernuak,
guztiak gure reinuak;
bai eta ere galdu dituzte
besten seme tiernuak;
ai zer lotsa gobiernuak,
ematia rifeñuak
gure tropari frenuak!

Jakina, espainiar erreakzionarioak beti saiatu izan dira egindako sarraskiari garrantzia kentzen. Baina Villenak berak zifra ikaragarriak ematen ditu: soilik Melillako fabrikan 30.000 eta 55.000 tona iperita sortu ziren, “horrek emango luke 4.000 eta 7.000 C5 lehergailu artean egiteko”. Horrez gain, britainiarrei erositako fosgenozko 500 bonba ere bazituztela dio armadako aholkulariak.  

Hasiera batean Lehen Mundu Gerran britainiarrei eta frantziarrei geratutako soberakinak erabili bazituzten ere, espainiarrek berehala jarri zuten martxan arma kimikoak sortzeko programa. Isiltasun garai luze baten ostean, 1990eko hamarkadan Rudibert Kunz eta Rolf Dieter-Müller kazetari alemanek argitara eman zuten Giftgas gegen Abd El Krim (“Gas pozoitsua Abd El Krimen kontra”) ikerlana.

Espainiako armadak Arrifeko jendea ere erabili zuen gerrarako. Irudian, bertako polizia edo "mehala"-ren eskuadroi bat 1924an. Argazkia: Espainiako Defentsa Ministerioa

Froga ugarirekin erakutsi zuten Alemaniak ezkutuan lagundu ziola Alfonso XIII.a espainiar monarkari iperita sortzeko fabrikak muntatzen, bai Madrilen –La Marañosako lantegi militarrean, egun oraindik martxan dagoena–, baita Melillan ere, nahiz eta 1919ko Versaillesko Itunak arma horiek produzitzea debekatzen zuen.

Rabateko ospitale onkologikoan minbiziarekin ingresatzen dituzten haurren %50 eta helduen %80 Arrif eskualdeko amazigak dira.  Adituek ziurtatu dute arma kimiko horiek “mutagenikoak” direla, hau da, kalteak ondorengoek ere jasaten dituzte

Baina arma kimikoak beste toki batzuetan ere produzitu zirela uste da. Eta Euskal Herriko armagintza industria horretan sartzea ez dio inori askorik harrituko noski –SAPA, Sener eta  enparauek gaurko gerretarako tankeak eta droneak produzitzen ikusteak inor harritzen ez duen bezalaxe–. Sarrionandiak dioenez, zerbitzu sekretu ingelesen arabera Talleres de Guernica SA lantegian egin ziren halakoak, eta dirudienez iperitazko jaurtigaientzako karkasak ekoitzi ziren bertan.

Rabateko onkologikoan amazigak gehiengo

Mohamedek etxe azpiko sotoko burdinazko atea ireki eta karkasa erdoildu bat erakusten du: “Hegazkin batek bonbak bota zituen hemen, eta gero armazoi hau erori zen gure etxera”. Tarik El Idrissiri ari zaio hizketan, Javier Radarekin batera Arrhash! dokumentalaren egilea. Arrifen espainiarrek arma kimikoekin utzitako orbaina ulertzeko ezinbesteko filma da, 2010ean estreinatua eta Argia.eus-eko multimedia kanalean ikusgai daukazuna.

Mohamed amaren sabelean zegoen bonbardaketa gertatu zenean: “Amak eztula egin zuen hil artean, eta arrebak itsu geratu ziren”, dio kamerari albotik begira. Anaia bat hortik gutxira hil zitzaion, “pozoitutako ura iturritik edan eta ziplo erori zen”. Iperita eraikinetako horma guztietara itsatsita geratu zen eta ukituz gero larruazala erretzen zuen. Artalde guztia ere itsu geratu zela dio Mohamedek, eta lurrak emankorra izateari utzi ziola: “Hor kaktus bat genuen baina usteldu zen, almendrak ere landatu genituen eta ezer ere ez, usteltzen dira…”. Usainaz akordatzen da, iperitaren kolore horixkaz… “Pozoia deitzen zioten, amazigeraz arrhash”.

'Arrhash' dokumentalean, Mohamedek lehergailu kimikoak non erori ziren esaten Tarik El Idrissiri, honek eskuetan dauka arma horietako baten armazoia.

Dokumentalean, Sebastian Balfour eta Maria Rosa Madariaga historialariak mintzo dira. Azkeneko honen esanetan, eztabaidaezina da iperitak minbizia sortzen duela, baina ezinezkoa da jakitea arma kimikoen ondorioz zenbat jende hil den Arrifen. Sekula ez zen gaixotuen jarraipenik egin, eta arriftarrak zapaltzen iaioa izan den Marokoko Gobernuak ez du horretan lagundu –1958an matxinatu zirenean, napalmez eta fosforoz eraso zituen Hassan II.ak–.

Datu objektibo bakarra da Rabateko ospitale onkologikoan minbiziarekin ingresatzen dituzten haurren %50 eta helduen %80 Arrif eskualdekoak direla. Amazigen Munduko Asanbladako (AMA) ohorezko presidente Mimoum Charki doktoreak azaldu duenez, genetista japoniar italiar eta estatubatuarrek ziurtatu dute arma kimiko horiek “mutagenikoak” direla, hau da, kalteak biktimen ondorengoek ere jasaten dituztela. Eta eragin psikologikoez hobe ez hitz egin.

AMAk sarritan eskatu dio Espainiako Estatuari aitortu eta erreparatu dezala egindakoa. Azkeneko aldiz 2020an, zuzenean Felipe VI.a Espainiako erregeari gutuna igorrita –erakundearen webgunean paratutako prentsa dosierrean irakurri daiteke Zarzuelara bidalitako idatzia–, baina ez du maiestate txit gorenaren hitzerdi bat ere jaso.

ERCk ere enegarren aldiz eraman zuen gaia Madrilgo kongresura 2018an, alferrik, Espainiako Gobernuko orduko ministro Josep Borrellek “zauriak ixteko ordua da” esaldi zozo batekin erantzun zion. Zauriak ixteko, lehenik pozoia atera behar da.

Badakizu Gerra Handiko iperita non dagoen?

Arrifeko Amesauron, Tauriten edo Al-Hoceiman herritarren kontra bezala, aurretik Lehen Mundu Gerran ere erabili ziren arma kimikoak soldaduen kontra Europan: Ypresen, Loosen, Wiltejen…  Gerra ura izan zen kloroaren, fosgenoaren eta iperitaren laborategi handiena, eta hainbaten arabera 90.000 hildako eragin zituen.

Bigarren Mundu Gerraren ostean arma kimikoen soberakinak itsasora botatzea erabaki zuten gatazka horietan parte hartu zuten potentzia askok, “irtenbide merkeena zelako”. Hala azaltzen du Menaces en mers du Nord (“Mehatxua Ipar itsasoetan”) dokumentalak, Jacques Loeuillek 2018an zuzendua eta Youtuben ikus daitekeena. Honen arabera, denera hiru mila milioi tona lehergailu kimiko daude urperatuta Ipar Itsasoan eta Baltikoan.

Lehen eta Bigarren Gerren ondoren Europako potentziek itsasoan hondoratu zituzten milaka tona arma kimiko. Orain kapsulak herdoiltzen hasi dira eta kutsadura askatu dezakete. Argazkia: 'Menaces en Mers du Nord'

Batzuetan itsasontziak hondoratu zituzten lehergailuez gainezka. Beste batzuetan ziape-gasaz betetako kapsulak kostaldetik oso gertu jaurti zituzten itsasontzietatik, arrapala batzuk erabilita. Belgikako Knokke hiriko hondartzetan, esaterako, milaka tona daude metro bateko sakoneran.

Baina kasu askotan ezin da jakin zehazki arma kimikoak non dauden. Frantziako Estatuan gune horiek “sekretu militar” izendatu dituzte eta artxiboak itxita daude. Noiz edo noiz arma kimikoen kokagune berriak aurkitzen dituzte arrantzaleek, istripuak gertatu direlako. Atlantikoko itsas ingurumena babesteko Ospar Batzordeak egindako txosten batean arma konbentzional eta kimikoen depositu jakinen mapak argitaratu zituen, baita aurkikuntza berriagoenak ere. Irakurlea kezkatu beharko litzateke ikusita “zabortegi” horietako batzuk zein gertu ditugun.

Ospar batzordeak arma kimiko eta konbentzionalen kokaguneekin egindako mapetako bat

Baina kezkagarriena da kutsadura zabaltzen hasi daitekeela laster. Adituen esanetan, 80 edo 100 urteren buruan kapsulak herdoildu egin dira eta korrosioaren ondorioz barruko iperita askatzen hasi dira. Moskuko Ozeanografia Institutuaren esanetan nahikoa litzateke substantzien 1/6 askatzea, Baltikoko itsaspeko bizitza oro desagerrarazteko. Gainera, elikadura katean ere eragin dezake kutsadurak, animaliak gai kimiko horiek metabolizatzen ari direlako.

“Hau benetako erloju bonba bat da”, dio Thomas Lang itsas biologoak dokumentalean. Duela ehun urte sarraski militarra eragin zuten lehergailuek, orain ingurumen sarraskia sortu dezakete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Javier Buces
"Frankismoa zuritzen duen errebisionismo historikoaren aurrean, beharrezkoa da historia osoa kontatzea"

Frankismoaren azken exekuzioak hartu ditu hizpide Javier Buces historialariak, Askatasun Haizea (Txalaparta) liburuan. Estatuak eragindako biktimak, "bigarren mailako biktima" izaten jarraitzen dutela uste du Bucesek.


2025-09-26 | Gedar
Mañuetako oroigarri frankista seinalatu dute hainbat gaztek

"Frankismoaren adierazpen zehatzen" eta "faxismoaren berrindartzearen kontra mobilizatzera eta antolatzera" deitu dute.


GALek Monbar hotelean hildakoek aitortza zabala jaso dute Baionan

1985eko irailaren 25ean Inaxio Asteasuinzarra hernaniarra, Sabin Etxaide zestoarra, Agustin Irazustabarrena astigarragarra eta Jose Mari Etxaniz urretxuarra hil zituen GALek Baionan. 40 urte geroago omenaldia egin diete Monbar Hotelaren aurrean, hil zituzten lekuan.


Erorien monumentuaren eraisketa eskatuko dute berriz ere elkarte memorialistek

Azaroaren 15ean kalera irtetera dei egin dute, PSN, EH Bildu eta Geroa Baik “ezarritako arrabolari erantzuteko”. Frankismoaren biktimak gutxietsiak sentitzen dira Iruñeko Udal Gobernuaren partetik.


2025-09-25 | ARGIA
Txiki eta Otaegiren fusilatzeen urteurrenean Guardia Zibilak Bilbon erakustaldi militarra egingo du

Guardia Zibilak "jardunaldi irekiak" antolatu ditu irailaren 27an Bilboko Ramon de la Sota moilan, Karola garabi ezagunaren ondoan, eta armak eta ibilgailuak erakutsiko dituzte, besteak beste. Naiz-ek argitaratu duenez, erakustaldia egiteko Bilboko Udalaren baimena dauka... [+]


Alexandrorik krudelena Gazan

Gaza hiria, K.a. 332. Alexandro III.a Mazedoniakoa (K.a. 356-323) eta bere armada hiriko harresietara iritsi ziren. Bi urte ziren Alexandro Handiak bere konkistak Asia aldera bideratu zituela, eta hilabete gutxi batzuk Tiron pertsiarren kontra garaipen handia lortu zuela... [+]


Ondare historikoen suntsiketa planifikatua, Israelen izana justifikatzeko

Monumentu historikoak, aztarnategi arkeologikoak, artxiboak, liburuak, artefaktuak... Gazako ondarea bonben pean galtzen ari da. 5.000 urtetako iraganaren aztarnak betirako galduak. Hori ez da "gerra-istripu" bat edo genozidioaren "albo-kaltea". Aspaldian... [+]


Filipe Bidart, Iparretarrak-eko militante ohia
"Frantziak ez du jokamoldez aldatu: segitzen du gu ito nahian"

Izpegiko besten karietarat Baztango eta Baigorriko gazteek mahai-ingurua antolatua dute arrats honetan Iparretarrak talde armatuaren memoria kolektiboa eraikitzeko  beharrez. IKko sortzaileetan izan den Pilipe Bidartekin mintzatu gira, jakiteko nola bizi izan dituen 40 urte... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua birgaitzeko baimena eman du Vianako Printzea erakundeak

Nafarroako Gobernuan ondare historikoaz arduratzen den erakundea da Vianako Printzea, eta Iruñeko Udala haren zain zegoen birgaitze prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Datozen asteetan, beraz, obrarako lehiaketa irekiko da.


2025-09-18 | Elhuyar
Oraintsuko Historiaurreko aztarnategi bat aurkitu dute Gamiz-Fikan, labar-artea duena

Bizkaiko Aldundiak jakitera eman duenez, Gamiz-Fikan aztarnategi bat aurkitu dute, Atxispeko San Pedro ermitaren ingurunea berreskuratzeko interbentzio-programa baten esparruan. Azaldu dutenez, eremu kantauriarrean dokumentatutako lehen hipogeo mistoa da; hau da, ez da kobazulo... [+]


2025-09-18 | ARGIA
Txiki eta Otaegiren omenezko pankartak eskegi ditu Sortuk "Erorien Haranean"

"Oraindik korapiloa askatzeko" dagoela gogoratzeko eta Txiki eta Otaegiren fusilatzeen 50. urteurrena kari, Sortuk bi pankarta handi eskegi ditu Cuelgamuroseko monumentuko arku batetik. 1975ean bertan lurperatu zuten Francisco Franco diktadorearen gorpua, 1936ko gerran... [+]


Herrixka baskoi baten harresia atzeman dute Eslabako Santakriz aztarnategian

Ikerlariek ez dute erromanizazio zantzurik atzeman Burdin Aroko kokaleku horretan. Adituen arabera gunea suntsitu gabe abandonatu zutela erakusten dute arrastoek.


Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketa areto publikoan jartzea debekatu du Zarauzko Udalak

Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek antolatu duten erakusketa ibiltaria ezin izango da Zarauzko areto publikoetan ikusi. Udalak argudiatu du errelato "partziala" eta "ideologizatua" eskaintzen duela. EH Bilduren lokalean paratuko dute azkenean. 


Juan Luis Larraza
"Lizarraga kapitaina gure herriaren askatzailea izan zen, eta dagokion lekua behar du gure memorian"

Idatzi duen eleberriko pertsonaia mirestera heldu da Juan Luis Larraza Lakuntza (Etxarri Aranatz, 1950), eta, beharbada, mitifikatu ere egin du. Han eta hemen, eta, oroz gain, Nafarroako Artxibategiko agirietan Luis L(e)izarraga kapitainari buruzko datu bakanak bildu, Pello... [+]


Endogmia Ebroren bailaran

Zaragozako unibertsitateko ikerlari talde batek Castellets (Mequinensa, Zaragoza) aztarnategian ehortzitako 25 indibiduoren DNA aztertu dute, eta emaitzak Communications Biology aldizkarian argitaratu dituzte.

Brontze Aro amaierako komunitate horren familia egiturei buruzko... [+]


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.