Auzolan esperientziak

Burujabetzaren aldeko kooperatiba

  • Sistemaren mugetatik at, herritarrek era burujabean euren beharrak asetzearen aldeko ekimena da Herri Kooperatiba. Batez ere Iruñerrian jarduten bada ere, bokazio nazionala du, eta gaur egun bertako bazkide dira 30 proiektu inguru.

Martin Vicioso @martinvicioso
2014ko martxoaren 09a
Argazkian, txanpon sozialen inguruko topaketa.
Argazkian, txanpon sozialen inguruko topaketa.

Ekonomiari buruz Auzolan ekimenak antolatutako jardunaldi batzuetan du sorburua Herri Kooperatibak. Estatuak eta merkatu sistema kapitalistak sortzen dituzten menpekotasunetik askatu ahal izateko, herritarrek ahal duten heinean euren beharrak elkarlanean ase behar dituztela ondorioztatu zuten. Iruñerrian hasi ziren elkartzen, eta pixkanaka herritar sarea osatzen ari dira. Hainbat arlotan jarduten duten pertsonak batu dira, eta ahal den neurrian, elkarren premiak asetzen dituzte auzolanean. Kooperatibako kide Liher Unanuek azaldu duenez, elkarlanean oinarritutako proiektu eta talde ugari dituzte. Besteak beste, nekazariena, elektrikariena, margolariena, eta genero formazioa eskaintzen duen taldea. Lehenik eta behin, taldeko kideen beharrei erantzuten saiatzen dira. Hala ere, kanpora begira ere egin behar izaten dute lan. Helburua, ahalik eta esparru zabalenean burujabe izatea da.

Izenak adierazten duen moduan, kooperatiba moduan egituratuta daude. Dena den, azpimarratzen dutenez, “ohiko kooperatiba-enpresa eredua gainditu” nahi dute. Elkar-laguntza eta autogestioa oinarri, erabakiak asanbladetan hartzen dituzte. Proiektua Iruñerrian garatu eta talde eragilea bertakoa den arren, batzarrak Euskal Herri osora zabaldu dituzte. Asanblada irekiak izanik, horiek baliatzen dituzte sarea handitzeko. Herri Kooperatibaren filosofiarekin bat egiten duten beste proiektuek ekimena ezagutzeko eta eurena partekatzeko aukera izaten dute. Haatik, “hazte hutsak” ez du interesik haientzat.

Eguneroko lanak taldetan bereizi dituzte. Kudeaketa ekonomiko eta juridikoak eskatzen du momentuz lan gogorrena, Unanueren ustez. Harrera taldea proiektua ezagutarazteaz arduratzen da, eta ostegunero Iruñeko Alde Zaharreko Dormitaleria 54 gunean izaten dira edozein zalantza argitzeko prest. Koordinazio lantaldeak berriz, asanbladak antolatu eta proiektuen arteko lotura eta komunikazioa lantzen ditu.

Txanpon soziala

Euroarekiko menpekotasuna gainditzeko bidean, txanpon sozialaren formatua erabiltzen dute barne funtzionamendurako. Hego Afrikan sortutako CES softwarea baliatuz, haien arteko trukeak egiten dituzte. Zerbitzuak ematean eta jasotzean erabiltzailearen saldoa aldatzen da. Nabarmendu dutenez, sistema egokia da Kooperatiban harreman zuzenik ez duten proiektu eta bazkideak ere trukean aritzeko. Hala ere, ahal den neurrian sinpletasunaren alde egiten dute, eta ahoz aho truka badezakete, hobe.

Txanpona kalera atera izan dute. Esaterako, Iruñeko Alde Zaharrean azoka soziala antolatu zuten bertako eragileekin batera pasa den otsailaren 15ean. Trukeak sistema honen bitartez gauzatzeko parada izan zen, eta antolatzaileen esanetan ekimenak harrera ona izan zuen.

Kooperatiba integralen alternatiba azken urteetan hazten ari da. Krisiak bultzatuta, herritarrek euren beharrak asetzeko bide berriak aurkitzeko premia dute. Unanuek Kataluniako Cooperativa Integral Catalana nabarmendu digu adibide gisa, eta gero eta ohikoagoak dira antzeko ekimenak Europan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Auzolan esperientziak

Auzolan esperientziak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude