Frankismoaren amaiera

Carrero Blancoren hilketaz zer esan zuen oposizioak?

  • 1973ko abenduaren 20an hil zuen ETAk Carrero Blanco almirantea Madrilen. Diktadurako aparatuarentzat eta burgesiarentzat ustekabeko kolpea izan zen Francoren ondorengotzat jotzen zenaren heriotza. Oposizio antifrankistak atentatu hartaz iritzi ugari plazaratu zuen. Batzuk kritiko agertu ziren, beste batzuek ordea, “eutsi ezinezko poza” adierazi zuten.

Josu Chueca
2013ko abenduaren 22a
Askorentzat sinesgaitza zen ETAk halako atentatu bat antolatu ahal izatea. Leherketak krater handi bat utzi zuen. Madrilgo Claudio Coello kalean eta Carreroren autoa ondoko eraikinaren teilaturaino iritsi zen.
Askorentzat sinesgaitza zen ETAk halako atentatu bat antolatu ahal izatea. Leherketak krater handi bat utzi zuen. Madrilgo Claudio Coello kalean eta Carreroren autoa ondoko eraikinaren teilaturaino iritsi zen.

Duela 40 urte, Francoren kolaboratzaile leialenetakoa zen Luis Carrero Blanco hil zuen ETAk. Bera zen, diktadorearekin batera, urte gehien agintari arduretan zeraman militarra, 1940az geroztik, hain zuzen.

1973ko ekainean izandako gobernu aldaketaren karira, Francok gobernuburu izendatu zuen, eta handik astebetera Nafarroako greba orokorrari aurre egin behar izan zion. Egunean eguneko jardunez gain, bere eginkizunik nabarmenena Juan Carlos Borboiren aldeko operazioaren bidez Franco osteko diktadurari eustea izan zen. Caudilloa desagertutakoan, “uztailaren 18ko monarkia” abiarazteko eta sendotzeko, Luis Carrero izanen zen erregimenaren erpin berria.

Santoñako almirantea, Francoren gisa militar izanik, diktadura horretan babesten ziren azpisektore guztien gainetik zegoen, baina aldi berean, gertu egon arren, ez zen esparru politiko zehatz bati lotu. Gauza zen erregimenaren muturreko sektore urdinekin bat egin, eta aldi berean, Opus Deiko teknokrata zahar eta berriak laguntzeko. Beraz, Francorik gabeko erregimen frankistaren ardatz politiko-ideologikoari eusteko premu paregabea zen.

Baina hori dena zerura bidali zuen bere aurka egindako atentatuak. 1973ko abenduaren 20an, ETA erakundearen “Txikia” taldeak Madrilgo bihotzean egin zuen eraso ikusgarriak ustekabean harrapatu zituen diktadurako aparatuak eta Espainiako burgesiako eragileak.

1970az geroztik, gero eta nabarmenagoa zen erregimenaren krisia. Langileen grebak, ikasleen mobilizazioak, hainbat sektore –Elizako talde ugari eta alegalitatean ari ziren zenbait demokratakristau– diktaduratik urruntzea… Atentatu horrek osagai larria ekarri zuen: Francok jada ez zuen ordezkorik. Hamarkada askotan agintean bertan goxo egondako burgesiari, bat-batean, espero ez zuen hutsunea jauzi zitzaion.

Ezuste hori ez zen txikiagoa izan oposizioko erakundeetan. Krisi ekonomikoaren lehen zantzuek eta langileen errebindikazioek negu beroa iragartzen zuten. Gainera, abiatzear zeuden hainbat epaiketek –nagusiki “1001” deitutako CCOOren buruzagitzaren aurkakoa– talde ezkertiarren arreta eta ahaleginak bereganatu zituzten. Baina abenduaren 20ko goizaldean izandako eztandak hark hori guztia ere alboratu zuen; Francoren ondorengotzaren auzia eztabaida politikora ekartzeaz gain, atentatu hartaz eta jardun armatuaz mintzo ziren denak. Hasierako sinesgogortasuna gainditu ondoren, erbestean zeudenak eta baita Estatu barruan klandestinitatean zebiltzanak ere, jarrera eta iritzi oso desberdinak azaldu zituzten Carrero Blancoren hilketaren aurrean.

Atentatuaren berri izan bezain laster, goi mailako hainbat buruzagik adierazi zuen ezinezkoa zela ETA moduko erakunde batek tamaina hartako ekintza antolatzea. Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria zen  Jesus Maria Leizaolak, esate baterako, “faltsutzat” jo zuen ETAk kaleratutako errebindikazio agiria. Erakunde horren ordezkaritza joan zitzaionean eurek egin zutela esatera, aitortu behar izan zuen egilea ETA izan zela, eta bide batez, Eusko Jaurlaritzarekin inolako harremanik ez zuen erakundea zela azpimarratu zuen.

Tematiago aritu ziren, bai egiletza ukatzen bai kritikatzen, Espainiako Alderdi Komunistako partaideak. Parisen inprimatzen zen L’Humanité egunkari komunista ospetsuaz baliatuz, ezbaian jarri zuten ETAren egiletza, nola zuzena hala zeharkakoa. Erregimen diktatorialaren krisia Carreroren heriotzarekin abiatuta zegoela onartu ostean, horrela zioten: “Oso harrigarriak dira Carrero Blancoren heriotzaren gorabeherak… Gaur arteko azalpenak ilunak dira eta errezeloa izateko modukoak… Oraindik ez da jakin hilketa erabaki duen eskua zein ote den. Nolanahi ere, ofizioko jende saiatua da hori, ongi hezitakoa; ez da, itxura denez, atentatua arinki aitortua duten ‘amateur’ horien lana. Hori eginez benetako egileak ezkutatzen dituzte”.

Euskadin bertan eta Bordelen egindako prentsaurrekoan, ETAk zehaztasun oparoekin adierazi zuen atentatuaren ardura. EPK-k Euzkadi Obrera aldizkarian kritikatu egin zuen ordea, “gutxiengo terrorista baten ekintzatzat” joz eta berretsiz “Madrilgo leherketaren inguruan alde ilun eta susmagarri asko” zeudela eta beharrezkoa zela “egiaztatzea zeintzuk diren egileak eta batez ere ekintzaren akuilatzaileak”. Azken finean, Alderdi Komunistaren arabera, atentatu horrek ez zuen zerikusirik Euskal Herriaren interesekin, atentatuaren aitzakiaz errepresioa handitu egin baitzen.

Ezker muturreko talde batzuek ere kritikatu zuten ekintza, apalago bazen ere. Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat eskualdetan oso errotuta zegoen ORT-k esate baterako, bere agerkari En Lucha-n kritikatu zuen “1001 epaiketa” hasi behar zen egunean atentatua burutzea. Maoista horiek, ETAren eskutik garatzen ari zen “indarkeriaren bide antzuari masen ekintzen aldeko indarkeri iraultzailea” kontrajartzen zioten, eta ETAk har zitzakeen erabakien gainean eragiteko aukerarik ez zutela aitortu ondoren, honako gogoeta luzatu zuten: “Hala eta guztiz ere eskubidea dugu ETA(V)-ri eskatzeko bere ekintzak egiteko data egokiagoak har ditzala”.

Eta troskoek?

Urrun zeuden beste erakunde batzuk kritika apal horietatik. Aitzitik, hainbatek babes ia osoa eman zioten ETA(V)-ren ekintzari, haien artean nabarmendu zen LCR-ETA (VI). Erakunde hori eratzeko elkartu berri ziren Espainiako LCR zein ETA(VI)-ko troskistak eta azken horiek, jakina denez, ETArekin partekatuak zituzten urte askoan militantzia eta gogoak. VI. asanbladaren abagunean, zatiketa etorri zen eta eztabaidak eztabaida, gogoeta ugari eskaini zizkion bere aldizkarietan (Berriak eta Zutik)  nazionalismoaren auziari, baita borroka armatuari ere, bereziki ETAren jarduera militarista kritikatuz. Baina oraingoan Carreroren aurkako atentatuaren alde azaldu ziren. Zutik-en honakoa zioten hitzez hitz: “ETA VI-LCR-k hiltzaile Carreroren erailketa argi eta garbi babesten dugu, azken urte hauetan beren arteko sei borrokalari hiltzeari erantzunaz, ETA V-garrenaren errepresalia zuhur eta zuzena dela konsideratzen dugularik” (sic).

Era berean, Espainiako Estatu mailan kaleratzen zuten Combate agerkarian, erakunde horren buru politikoaren adierazpena argitaratu zuten ekintzari babesa adierazteko: “Carreroren erailketak masak mobilizatzeko duen pizgarria eta bere desagerpenak klase menperatzailearen baitan izan dituen ondorio objektiboak kontuan harturik, atentatuaren ondorioak positiboak direla uste dugu. Hori dela eta, ekintza honekiko gure babesa erabatekoa da”.

1970eko asanbladaz geroztik, ETA (VI)-koak ahaleginak egiten ari ziren aktibismotik alde egin eta langile mugimenduaren baitan txertatzeko, baina halako adierazpenekin bazirudien lehengo ideietara itzuli zirela. Masek eta langileriak iraultza egiteko armak erabili behar zituztela zioten troskistek, baina ez zuten oso garbi nola iritsi egoera horretara, ezta nola uztartu ETAren atentatuak eta euren aldarrikapen politikoak:  masa horiek armak hartzeko “gogoa piztu” beharra eta “ekintzetan aurrea hartzea”.

Kontraesanak kontraesan, orduko buruzagi troskistek 1973ko atentatuari sostengua eman zioten, hain justu hainbat urte geroago ETA zorrotz kritikatu izan duten horietako zenbaitek.

Testuinguruaren justifikazioa

Atentatuarekiko kriptiko baina akritiko azaldu ziren alderdi eta erakunde ugari. Karlismoak, 1973ko amaieran “indarkeria iraultzaileari” aldizkari osoa eskaini zion, atentatua aipatu gabe. UGT sindikatuak berriz, luze idatzi zuen erbestean zuen agerkari nagusian, Carreroren hilketa ulertarazteko: “Erregimenak  gerra zibiletik mantendu nahi izan duen zatiketa eta gorrotoaren testuinguruan kokatu behar da, halabeharrez, Carrero Blancoren kontrako atentatua, ahaztu gabe erori den gizon hori tiranoak izendatu zuela, tirania mantentzeko bere heriotzatik harago. Horrela baino ezin daiteke neurtu gertaera hau, eta norberak epai dezala bere usteen arabera. Baina kontzientzia unibertsalean, aise antzeman daiteke erabateko ulermena egon dela”.

40 urte geroago, UGTk aipatzen zuen testuingurua nabarmen aldatu da, egungo ikuspegitik egiten diren azterketa politikoak eta historikoak baldintzatuz. Baina, egiari zor, horiek ziren orduko hainbat eragile politikoren jarrerak eta iritziak. Historia osoa egiteko, politikoki zuzenak izan ez daitezkeenak ere azaldu behar dira, besteak beste hobeto uler ditzagun jardun armatuen jarraipenak eta desbideraketak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Frankismoa

Frankismoa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude