Emakumeak borrokan
Auzolan esperientziak

Ibaiko zaborra biltzea, kirola eta artea uztartuz

  • Itsaso eta mendietako hondakinak biltzeaz gain, gero eta gehiago dira ibaietako zaborra garbitzeari ekin dioten kolektiboak. Horretarako antolatu du Donostiako Gondolin Klubak Garbibai lasterketa: kirol eta lehia giroan, zabor bilketa eta artea jorratzen ditu, elkarlana oinarri.

Lide Hernando @lidehernando
2013ko urriaren 20a
Zabor bilketaren irudia
Zabor bilketaren irudia

Jacques Cousteauk esan zuen: “XX. mendean, gizadiaren historia guztian baino min handiagoa egin zaio lur planetari”. XXI. mendean ere ez dirudi gauzak hobera egin duenik eta gizakiok sortutako hondakinen arazoa lehen mailako kezka bihurtu da dagoeneko. Horren jakitun da Gondolin Klubeko kide eta sortzaile Marcelo Díaz. Kirola egiteko behar duten espazioa, ura, espazio garbia izatea funtsezkoa da klubarentzat, eta hala izan dadin saiatzen dira. Betidanik itsasora begira egon den Donostia bezalako hiri batean, bestalde, klubak hasieratik argi zuen Urumea ibaiari arreta berezia jarriko ziola, bai bere jardueretan baita zaintzan ere. “Ibaiak, itsasoa eta mendiak ez bezala, ahaztuak izan dira hondakinen garbiketari dagokionez”, dio uruguaiarrak.

Iaz, Garbibai ekimena jarri zuen martxan klubak, eta urtero errepikatzea da asmoa. Stand Up Paddle modalitatea praktikatuz –ohol baten gainean zutik arraun egitea–, ibaia garbitzea helburu duen munduko lehen lasterketa da Garbigai. “Ideiaren oinarria lagun australiar batek esandakoari esker bururatu zitzaidan: bertako surflariek, hondartzara doazen bakoitzean, gutxienez hiru hondakin solido hartzeko ohitura dute –dio Díazek–. Utopiko jarriz, gutariko bakoitzak hori egingo balu munduan zenbat zabor jasoko ote zen pentsatzen jarri nintzen. Hori lortzea ezinezkoa den arren, guk auzi horretan gure harri-koskorra ekartzea pentsatu genuen”.

Ezohiko kirol ekimena

Garbibaik, alde batetik, ohiko lasterketa baten ezaugarriak ditu. Bost lagunez osatutako taldetan gauzatzen da lehia, eta taldeko pertsona batek 13 kilometroko abiadura-lasterketa egin behar du Urumean zehar, bidean gutxienez hiru zabor arrasto jasoz. Bitartean, taldeko gainerako lauek bi orduren buruan ahal bezain zabor gehien jaso behar dute eta euren oholaren gainean eraman. Epaimahaiak ebatziko du talde irabazlea zein den, lasterketa egin dutenen denbora, jasotako zabor kopurua eta aurkitutako hondakinen balio artistikoa kontuan hartuta. “Gure helburu behinena ondo pasatzeko jarduera egitea zen, zaborraren arazoa aintzat hartuko zuena –adierazi digu antolatzaileak–. Gerora konturatu ginen, azken batean, auzolanean egindako ekintza ere badela”.

Ekimenaren alde artistikoa Donostia 2016ko Olatutalka egitasmoarekin batera hasi ziren jorratzen. 2011. urtean izan zen, Garbibai oraindik sortze prozesuan zela. Klubeko bazkide askok harremana zuten artearen munduarekin, eta interesgarria iruditu zitzaien auzolan kolektiboari ezaugarri hori gehitzea. “2012. urtean lehen edizioa egin ostean, aurkitutako hondakin bitxienei argazkiak atera genizkien, eta artean jakitun den kide bati erakutsi nizkion. Hark objektu horiek erakusketa batean jartzeko modukoak zirela esan zidan, eta ez genuen bitan pentsatu”.

Lasterketatik harago

Lehenengo urtean ezin izan zuten erakusketarik egin, aurkitutako objektuak birziklatzera eraman baitzituzten lasterketa amaitu eta berehala. Bigarrenaren ostean, ordea, aurkitutako hondakin ikusgarrienekin erakusketa egin zuten Punto Dendan, Donostiako merkataritza bulegoan. Hondakinei ateratako argazkirik bitxienak ere postal moduan oparitzen dituzte klubean, promozio gisa. “Denetarik ateratzen dute lehiakideek lasterketan… Batek errebolber bat topatu zuen behin!”, dio Díazek. Argazki horiek haurrekin tailerrak egiteko ere erabili dituzte, zaborraren errealitateaz txikienak ere jabetu daitezen. “Ez diegu inongo leziorik ematen, tailerretan haurrak dira argazkiak hartu eta hondakin bakoitzaren atzeko istorioa asmatzen dutenak –azaldu du Garbibaiko kideak–. Hainbat auzotan egin ditugu tailerrak eta umeek euren bizipenen arabera kontatzen dituzte hondakinen gaineko istorioak”.

Bi edizioren ostean, Olatutalkako kultur teknikari Iker Tolosak argi du Garbibai kulturalki potentzial handia duen ekimena dela. “Zaborrarekin artea egiteaz gain, ibaiak utzita ditugula gogorarazi digu, are garrantzitsuagoa ‘marko paregabeari’ begira bizi den hiri honetan. Bestalde, garbitzea gauza dibertigarria izan daitekeela pentsarazi du, kontzientziak irauliz. Dena ondo badoa, beste ibaietara zabaldu nahiko genuke ekimena”.

Tolosak gaineratu duenez, “Olatutalkakook Garbibai eraldaketa sozialerako tresna sinbolikoa izan daitekeela uste dugu. Jasotzen den zabor kopurua handia da, baina ez da inolaz ere jaso daitekeen guztia. Lasterketa dibertigarri eta arte modernoko erakusketa ikusgarri baten atzean, mezu sakona bidali nahi duen ekintza kolektiboa da, azken finean”.

Azkenik, ezin dugu ahaztu Garbibai ez dela ibaien garbiketaz kontzientzia hartu duen kolektibo bakarra, ezta lehena ere. Badaude beste batzuk, Urgarden kasu, jarduera ludikoekin nahastu gabe hilero ibairen bat garbitzeko deialdia egiten dutenak. Euren webgunean deialdi irekiak egiten dituztenez, kolektiboko kideez gain, garbitzera doazen ibaiaren inguruan bizi diren herritarrak ere batu ohi zaizkie gehienetan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Auzolan esperientziak

Auzolan esperientziak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude