Jasangarria izango da, edo ez da izango

  • Gauza jakina da: itsasoa agortzen ari gara, arrainak ugaldu daitezkeen baino azkarrago ustiatzen, eta espezie ugari desagertzea aurreikusten dute azterketek. Saihesteko, arrantza jasangarriaren aldeko aldarria ahobatezkoa da, baina praktikan ez du hori bultzatzen Europar Batasunean prestatzen ari diren Arrantza Legeak. Hala ere, arrantza jasangarria alternatiba bideragarria dela erakutsi dute Ziburu-Donibaneko arrantzaleek.

Imanol Ugartemendia bere barkuan, Donibane Lohizunen.
Imanol Ugartemendia bere barkuan, Donibane Lohizunen.Dani Blanco

Donibane Lohizuneko portuan aurkitu dugu Imanol Ugartemendia, Sans Peine barkuan. “Izen frantsesa du barkuak, hala zuen erosi genuenean, eta ezin aldatu, zorte txarra ematen omen du-eta, superstizio kontuak”. Ugartemendiak 30 urte ditu eta 12 urte daramatza arrantzan. Hiru lagun aritzen dira barku berean, neguan bi baino ez, eta urtean hiru bat astez eskolatik datorren gazte bat izaten dute ikasten. Astean behin gasolioa bota, goizero 7etan abiatu eta 30 bat kilometro itsasoratzen dira; tretza jaurti, krakada egin, eta arratsaldean portura berriz, 5ak edo 6ak aldera. Arrantzatzen dutenaren %70-80 legatza da, gainerakoa batez ere itsas aingira, hegaluzea eta abadira, baita lotxa pixka bat ere.

Bi urtez pelagikoetan aritu zen Ugartemendia, arraste teknika suntsitzaileak erabiltzen dituzten barku handietan alegia: “Baldintzak askoz okerragoak ziren. Hilabete osoa joaten ginen kanpora eta ez nuen batere maite. Arrain asko hartzen zen, eta diru gutxi irabazten. Arrain guztia lehertzen duzu, asko uretara botatzen duzulako bueltan, hila, txikiak direnak-eta, beraz ez da ona”. Barku txiki bat erosi eta bestelako arrantzaren aldeko apustua egin zuen. Ziburu-Donibane Lohizunen, arrantzaleek, arrain-saltzaileek eta apezak elkarte bana dute eta barkua erosi nahi duenari laguntzen diote. Barkuaren balioaren %10 uzten dio elkarte bakoitzak  –guztira %30 inguru, beharraren arabera–. Ordainetan, elkarte bakoitzari asteko salmentaren %5 itzuli behar dio arrantzaleak. Sektorean lan egin nahi duten belaunaldi gazteak laguntzeko sortu zen ekimena. “150 bat arrantzale izango gara hemen, eta lauzpabost barku handi baino ez dira geratuko, gainerakoek 12 metro baino gutxiago dute. Guretzat artisau-arrantza da 12 metro baino gutxiagoko barkutan egiten dena, eta amua erabiltzen dugu; ingurukoek bolintxa ere erabiltzen dute, antxoak edo sardinak harrapatzeko, eta baten batzuek sare ttipiak ere bai. Hegoaldean, Hondarribian, Getarian… barku handiak nagusitu dira, horretarako subentzioak ukan dituztelako, baina gaur egun ez dago subentziorik gehiago eta behar dituzte pagatu mantenua-eta, nola egin orain, dirurik ez dagoenean? Ezin da gehiago halako barkurik erosi, eta gainera, ze arrain harrapatzeko? Barku ttipiekin arrain gutxi hartzen duzu, gastua ere txikiagoa da eta bururako arazo gutxiago, dudarik gabe. Niretzat irtenbide ona da. Ez naiz aberastuko, baina oso ongi bizi naiz, eta nirekin arrantzatzen duten biek familia dute, seme-alabak, eta ederki bizi dira. Eta ez dut ezer suntsitzen”.

Pelagikoetako sarraskiak zuzenean ikusi ostean, argi du Urruñako arrantzaleak, artisau-arrantzak izan behar du etorkizuna. Itsasoan jasotakoa Ziburuko portuan lurrean jartzen dute, arrain-saltzaileak etorri eta enkantean diru gehien eskaintzen duenak eramaten du pieza. Sare txikiarekin denetik pixka bat harrapatzen dutenentzat, salmenta zuzenerako benta bana dute Ziburun eta Donibanen. Horrez gain, arrantzale kooperatibak saskiak egiten ditu arrainarekin, 20 eurotan adibidez, banatzeko, eta barnealdean promozioa egiten dute jendeak eskaria egin dezan. Kooperatibekin funtzionatzen dute Ziburu-Donibanen, nahiz eta gaur egun indarra eta eragina galdu duten. Azkainen Itsas-ama ekimena abiatu du gazte batek, Ugartemendia eta gainerakoei arraina erosi eta saskiak egiten ditu banatzeko. Eta Etxalde mugimenduarekin biltzen ari dira, nekazarien gisan ideiak hartzeko, bitartekariak saihestuz arraina ahalik eta modu egokienean nola banatu. “Arrainari irteera ematea da helburua, prezio duinetan, eta ongi bizitzea”.

Kontrako norabidean

Deskribatutako irudia ez da ohikoena, ordea. Teknika suntsitzaileekin gainarrantzatzen duen eredu industriala nagusitu da Europan. Bidean aurkitzen duten guztia harrapatzen duten sare pelagikoak dira teknika erasokorrenetakoa. “Bolanta famosoak izan genituen urte askoan, gero desagertu egin ziren eta azken urteetan Euskal Herrian min izugarria egiten digu arraste pelagikoak, hondoko arrasteak dena xehe-xehe egiten du”, dio Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak. Imanol Ugartemendiak kontatu digu arrain pila bat hartzen zutela pelagikoetan aritu zenean, “dena nahastuta eta dena hila, eta ondoren esaten duzu, txikia da, bada botako dugu… Izugarrikeriak ikusi ditut: arrantzatutakoaren %15 gorde eta gainerako guztia uretarat botatzen da. Ados, amua edo bolintxa bakarrik ez duzu egiten ahal, baina gutxiago arrantzatu ahal da, modu zentzudunagoan, eta pelagikoak kendu egin behar dira, hori segur”. Kontua zera da, barku askok produktore handiekin dutela tratua, arraina tonaka arrantzatzen dute eta horren araberako tasa kobratzen dute; gero arrain hori inork nahi ez badu ere, galtzen utzi arren, gutxiengo bat kobratzea ziurtatzen dute.

Inguraketa sare handiek ere ustiaketa bortitza egiten dute, eta haztegien edo gizentze kaiolen negozioa ugari zabaldu da Europan. Leo Belaustegi arrantzaleak ez du begi onez ikusten: “Erreboiloa (gaur arrain-haztegietan gehien dagoen arraina) kilo bat gizentzeko hiru-lau kilo arrain pentsu behar du eta kontraesana da hori, nola da posible kilo bat hazteko itsasoko beste hiru kilo irin jaten ematea? Itsasoko arraina zaintzea eta mantentzea da bidea, itsasoan sortu behar da arraina eta bertatik atera behar dugu, horretarako gune babestuak finkatuz, haztegi naturalak. Baina akuikulturaren atzean interes ekonomiko eta politiko asko dago”.

Arrantza ilegala ere, noski, kaltegarria da itsasoarentzat, eta arrantza guztiaren %20 inguru ilegala da munduan, ikerketen arabera. Ilegala da, esaterako, kuotak ez errespetatzea, hartutako espezieez eta pisuez informazio faltsua ematea, teknika debekatuak erabiltzea… “Legatzaren aferan, gure etsai handienak Ondarroan daude –gaineratu digu urruñarrak–, han badirelako barku batzuk esaten dutenak amua baino ez dutela erabiltzen, baina egunero 20.000 amu botatzen dute, ez dituzte beraien kupoak errespetatzen, gehiegi harrapatzen dute, eta gu zirkuitu berean gaude, amuko legatza harrapatzen dugulako. Badira astero ilegalki deskargatutako legatz tonak Pasaian, Galizian, Ondarroan… eta horrek min handia egiten digu, lehiaren ondorioz oso merke saldu beharra daukagulako, 3 euro eta erdian edo 4 eurotan. Badaude baita ere barku frantsesak baina espainiarrek erosiak, kupo frantsesaren gainean lan egiten dutenak. Lehia horretan tanta bat baino ez gara gu”.

Euskal Herrian, azken finean, eredu industrialak indarra hartu du azken hamarkadetan, barku handiak sustatu dituen diru-laguntza politikak lagunduta. “Baina hegaluzetan adibidez teknika bera mantentzen jarraitzen dugu, kanaberarekin”, nabarmendu du Elduaienek. Aldiz, harrapa dezaketen hegalabur kuotaren %70 teknika erasokorrak erabiltzen dituen Espainiako multinazional bati saltzea erabaki dute aurten Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantzaleek. “Hegalabur kuota oso gaizki banatuta zegoen eta gure kuota oso txikia geratu zen –argudiatu du Elduaienek–. Hain txikia, kasik lan gehiago ematen digula etekina baino. Egoera honetan, gasolioaren prezioarekin eta ditugun gastuekin, baietz esan behar izan diogu Mediterraneoko proposamenari. Ekonomikoki arnasa hartzeko balio izan digu, baina urtebeterako akordioa da eta urtea ondo joanez gero agian hurrengoan ez dugu zertan hori egin behar”.

12 miliako babes eremua

Helburua ezin da izan ahalik eta arrain gehien harrapatzea, garbi du Leo Belaustegik. Artisau-arrantzaren alde egiten du: itsasertzetik gertu, tresneria eta aparailu jasangarriekin, arrainari bere ugalketa zikloa amaitzen utziaz –arrautzak ipini baino lehen harrapatzen baita orain–, kasu eginez biologoei ea zenbat arrantzatu daitekeen eta kuota horiek errespetatuz, kofradien kontrolpean. Ondoren, hartutako guztia saltzea da gakoa, bere hitzetan: “Hortik etorriko da elikadura subiranotasuna. Ezin gara ibili Txinatik ekarritako tilapia eta Hego Amerikako legatza jaten, jangela publikoetan umeei Vietnamdik ekarritako panga ematen, hemen arrantzatutakoa portuan saldu gabe geratzen den bitartean. Kontsumitzaileok sentsibilizatzea beharrezkoa da, kostaldeko nahiz barnealdeko izan”.

Ondarroa 12 Milia elkarteko kide da Belaustegi, eta Euskal Herrian kostatik 12 miliako eremu babestua sortzea eskatzen dute: “12 milia horietan, amuekin eta sare txikiekin arrantzatzea baino ez litzateke baimenduko, itsasoa eta arrain espezieak mantentzeko. Sektorearen aldetik babes gutxi jaso dugu, arrantzaleek uste dutelako euren jardueraren aurka doala, ezingo luketelako eremu horretan nahieran arrantzatu, baina epe luzera beharrezkoa da harrapaketa mugatzea, gure ingurunea haztegi natural bihurtzea. Babesguneak eguneroko arrantza bultzatuko luke eta belaunaldi berriak erakarriko lituzke, gure portuetako jarduera ekonomiko eta kulturala berreskuratuz”.

Arrantzaren Legea, 2013rako prest

“Ezin dugu atungorririk hartzen ahal, batzuek gaizki jokatu eta dena suntsitu dutelako. Nire barkuarekin ez genuenez 2005ean atungorririk arrantzatu, orain legeak dio ezin ditudala harrapatu, duela 100 urtetik nire familiak hemen zimarroia hartu duen arren. Suntsitzaileek aldiz, subentzioak izan dituzte barkuak erosteko, ondoren porrot eginarazi dituzte barkuak, eta gelditu direnek nahi dutena harrapatu dezakete. Barku handiek nahi dutena egiten dute”, kexu da Imanol Ugartemendia. Legeak handiak hobesten dituela dio, eta txikiek kontrol zorrotzak pasatzen dituztela, handien arau-hausteen aurrean ezikusiarena egiten den bitartean. Elduaienentzat, arazoa da Europakoak ez diren barkuek legez kanpo jokatzen dutela, kuoten gaindi arrantzatzen dutela, “eta gero arrain hori hemen saltzen da, lehia desleiala egiten digute merkatuan”. Europar Batasunaren legediaren atzean dagoen politikakeria salatu du Belaustegik: “Europak banatzen ditu kuotak, eta interes ekonomiko-politikoen arabera egiten du, Frantziak, Italiak, Erresuma Batuak eragin handia dute Arrantza Batzordean eta horien interesak inposatzen dira, adituek jarritako mugak errespetatu ordez kuotak igo egiten dituzte beti. Legedia ipintzen dute, baina berau betetzeko baliabiderik ez da ezartzen eta azkenean itsasoan ahal duenak ahal duena egiten du. Krisi garaiotan, gainera, denak balio duela dirudi eta ingurumenak, naturak eta bioaniztasunak sufritzen dute gehien”.

Europar Batasuna lantzen ari den Arrantza Politika Bateratua 2013rako izango da martxan. Gipuzkoako kofradiak beldur direla aitortu du presidenteak, baxurako arrantza beti ateratzen delako kaltetuen, tarta banatzerako orduan. “Itsas zabalekoek botere handiagoa dute, multinazionalak sartu dira tartean, bankuak, akzionistak… eta haien aldeko erabakiak hartu ohi dira. Batzuei ahoa betetzen zaie hitzekin, baina gero neurriak ez dira behar bezala hartzen: jasangarritasuna, artisau-arrantza, kostakoa… ari dira beti, eta gero gure tarta beti da besteena baino txikiagoa, kuota oso txikiak uzten dizkigute, ez gaituzte benetan baloratzen”.

Sektoreko elkarte eta talde ekologista ugari kritiko agertu dira Europak onartu nahi duen arrantza lege berriarekin. Besteak beste, adierazi dute diskurtso berdea ezerezean geratzen dela, erabaki zehatzik eta parte-hartze jakinik ez delako azaltzen; espezie asko proposamenetik at geratzen dela, horien gainbehera areagotuz; egokitze neurriak artisau-arrantzari baino ez zaizkiola inposatuko; ez duela bultzatzen inguruan inpaktu txikiena eragiten duten barkuak izatea lehentasuna; ez dituela neurri eraginkorrak hartzen arrain hilak berriz itsasora botatzea saihesteko –ez baitu debekatzen “soberako” arrainen harrapaketa masibo eta bereizi gabea–; edota gizentze haztegien aldeko apustua egiten duela.

Kuota indibidual transferigarriak onartzeko erabakia, punturik polemikoenetakoa izan arren, aurrera aterako dela dirudi. Orain arte, baxurako arrantzan kofradiek banatzen dute kuota itsasontzien artean, baina kuota indibidualekin barku bakoitzak, metro kopuru batetik gora, bere kuota izango luke, eta nahi izanez gero saldu egin ahalko luke. “Europar Batasunak esan du ez dela diru gehiago emango barkuak hondoratu edo desegiteko, eta hortaz, errentagarri ez zaidan barkua baldin badaukat baina ez badaukat aukerarik desegiteko, zein bide hartu dezaket? Kuota pribatua salerostea. Eta zeinek erosiko ditu kuota horiek? Enpresa handiek ziurrenik, Pescanovak-eta, arrantza eredu jakin bati heltzeko. Larria da, itsasoa pribatizatzea dakar, negoziazioen esku uztea”, ohartarazi du Belaustegik.

Ez dira garai errazak, gasolioaren prezioak ere kalte egin die arrantzaleei, baina itsasoa beti izan da lanbide gogorra, eta etorkizuna itxaropentsu ikusten dute elkarrizketatuek. “Oraindik urte asko segituko dugula uste dut, gazteentzat ere alternatiba bat izan daiteke, baina horretarako gauzak ongi egin behar dira. Europan erabakiak hartzen dituzte gu kontuan hartu gabe eta arazo handia da hori: kasu gehiago egin behar zaio arrantzaleari, ze problema dituen galdetu, eta horren arabera lan egin. Kalte gehien egiten duenak ordaindu behar luke, eta ez batzuen kaltea denon artean ordaindu”, dio Elduaienek. Berdin pentsatzen du Ugartemendiak: “Suntsitzen dutenei ez litzaieke utzi beharko bide horretan segitzen”. Azken finean, bestelako arrantza bideragarria, zentzuduna eta premiazkoa dela frogatzen du berak egunero.

Kolapsoa 2048rako

Itsasoaren egungo ustiaketak ez du ez hanka ez bururik. Ikerketen arabera, arrainek birsortzeko duten gaitasuna baino erritmo azkarragoan harrapatzen ditugu. Science aldizkariaren azterketak dio erritmo honetan 2048rako kolapsatuko direla arrain erreserbak. Datuen arabera, Europar Batasunak ezarritako tamaina baino txikiagoa duelako edo interesatzen ez zaien espeziea delako, europar arrantzaleek harrapaturiko arrainen %40-60 artean baztertzen dute eta arrantzatzen den guztitik erdia baino zertxobait gehiago baino ez dugu jaten –30 milioi tona arrain alboratzen da urtero munduan–. Areago, europar uren %72 gainarrantzatuta dauden bitartean, EBn kontsumitzen dugun bi arrainetik bat kanpotik ekarria da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-03 | Estitxu Eizagirre
Juanma Intxaurrandieta, ekonomia irakasle eta INTIAko kudeatzaile ohia
"Merkatu globalean elikagaien prezioa oso hauskorra da, zuzenean erosita egonkorragoa"

Elikagaien prezioak zergatik igo dira hainbeste? Nola ezartzen dira prezioak? Juanma Intxaurrandieta Nafarroako Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta INTIAko kudeatzaile ohia da, egun erretiratua. Eli Pagolak Egonarria saioan egin dion elkarrizketan, hizkuntza arruntean eta... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Eguneraketa berriak daude