Txillardegiri Gipuzkoako Urrezko Plaka ez ematea erabaki dute Batzar Nagusiek

  • EH Bilduk proposatu du Gipuzkoako Urrezko Plaka ematea Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle eta hizkuntzalariari. Batzar Nagusiek ordea atzera bota dute Txillardegik aitortza hori lortzeko hautagai izateko eskaera, proposamenak nahikoa adostasunik ez duela iritzita.


2022ko otsailaren 10ean - 08:03
Azken eguneraketa: 09:34
Txillardegi 2007an (argazkia: Dani Blanco).
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"EH Bilduk Txillardegiren izena atera du, badakienean ez dela adostasunik egongo eta euskararen munduan konfrontazioa eragingo duela", adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak. "Ez da gure estiloa, zuena bai". Gaineratu du EAJk Txillardegiri ez diola "ez ezin ikusirik, ez gorrotorik". "Ez daukagu hura baztertzeko grinarik, baina politikoki EH Bilduk badaki ez dela adostasunik egongo, eta, hala ere, izena plaza erdian jarri dute".

Txillardegi gizon "konplexua" izan zela dio Arrizabalagak, "euskararen eta herri honen beharrei" erantzuna eman ziena. Dena den, nabarmendu du ez dela "bakarra" izan. Gabriel Aresti, Juan Mari Lekuona, Patxi Altuna eta Koldo Mitxelena ekarri ditu gogora: "Haientzat ez du gisa honetako aitortzarik eskatzen EH Bilduk". Sabino Arana ere aipatu du, euskararen gramatika eta ortografia batzeko beharraz kezkaturik agertu zen heinean: "Txillardegiren bizitza eta obra ezagutu behar diren moduan, komeniko litzateke Sabino Aranaren bizitza eta obra ere hobeto ezagutzea".

EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek bota dute atzera EH bilduren proposamena. PSE-EE eta PPk, Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izatea nabarmendu dute; eta Podemos-IU alderdiarentzat, Txillardegik ez ditu ordezkatzen Gipuzkoako Urrezko Plakaren kohesio, bake eta bizikidetzaren balioak.

EH Bilduk, bestalde, gezurtatu egin du konfrontazioa bilatu nahi duela.


Euskara kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 12
Garikoitz Goikoetxea, 'Esnatu ala hil' liburuaren egileetako bat
"Ea gai garen Aiaraldeko euskaltzaleen txinparta zabaltzeko"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.