AEB

Trump, berriz ere presidente

  • Zazpi estatu ikusten ziren gako gisa, eta, datu-ofizialen zain, guztietan gailenduko da Donald Trump. Horrez gain, herrialde osoko boto-portzentaje absolututan ere irabazi egingo du, 2016an ez bezala. Inkestek ez zuten hori aurreikusten. "Urrezko arora itzuliko zaituztet", hitzeman du Trumpek.


2024ko azaroaren 06an - 05:30
Azken eguneraketa: 11:50

Euskal Herrian 11:33 zirenean, kontaketaz arduratzen den Associated Pressek Wisconsineko emaitzak itxitzat eman ditu, eta beraz,  Trumpek 277 boto baino gehiago eskuratuak ditu hauteskundeetan. Ezinezkoa du Kamala Harrisek zenbaki horietara heltzea. Trump ultraeskuindarra izango da, beraz, atzera ere AEBetako presidentea. Aise nagusitu da Kamala Harrisen aurrean; boto kopuruan ere irabazita, gainera, 2016an ez bezala. Oraindik ez dira boto guztiak kontatu, baina gutxi gorabehera 5.000 milioi botoko aldea atera dio; Trumpek jaso ditu botoen %51, eta Harrisek %47.

Hauteskunde-sistema bitxia da AEBetakoa, winner-takes-all (irabazleak dena irabazten/jasotzen du) gisa ezagutzen da. Hau da, ez da presidente hautatzen boto kopuru handiena jaso duen hautagaia, baizik eta estatuka; estatu bakoitzak ordezkari kopuru jakin bat du –adibidez, Kaliforniak 54 ditu eta Wyomingek hiru–, eta bakoitzean gailentzen denak irabazten ditu estatu horretako ordezkari guztiak. Hau da, ez dio axola batak besteari ateratako aldeak. Funtsean, matematikak eginda, 270eko langa gainditzen duenak irabazten ditu hauteskundeak. 

50 estatuk bozkatzen dute –Puerto Ricok izan ezik, Estatu Libre Elkartu estatusa duelako– AEBetako hauteskunde presidentzialetan. Horietatik 43k, normalki, tendentzia historikoa dute bataren edo bestearen alde egiteko, eta hauteskunde hauetan horrela izaten ari da. Baina inkestek ziotena baino estuago ari da alderdi demokrata. Izan ere, Harrisek ozta-ozta heldu dio tendentzia demokrata duten zenbait estaturi, besteak beste Minnesotari; aldiz, Trumpek ez du hutsik egin eta aise nagusitu da errepublikanoen alde lerratu ohi direnetan. Bereziki eta nagusitasun handiz, feudo errepublikanoak diren lekuetan; Floridan eta Texasen, kasurako.

Ia estatu guztietan eman daiteke bukatutzat zenbaketa.

Estatu gakoak, Trumpen alde

Aurreikuspen guztietan, zazpi estatu jotzen ziren gakotzat, gainontzeko 43ren tendentzia argia izan delako azken hamarkadetan eta inkestek ere horrela ziotelako.

Zazpi estatu gakoak hauek ziren: Pennsylvania, Michigan eta Wisconsin, Horma Urdin Demokrata gisa ezaguna hedabideetan; Georgia eta Arizona, tradizio luzez errepublikanoak izandakoak baina demokraten eskuetan eroritakoak duela lau urte; Ipar Karolina, errepublikanoa dena normalki; eta Nevada, demokraten alde egin duena azken zortzi hauteskundeetatik seitan.

Zenbaketa ez dago erabat amaituta, baina zazpi horietatik denetan gailentzear legoke Donald Trump.

Pennsylvania, Michigan eta Wisconsin. Feudo demokratak izan dira AEBetako historian, 2016an Trump heldu baino lehen. Errepublikanoen alde lerratu ziren duela zortzi urte, baina duela lau Joe Bidenek errekuperatu zituen hirurak. Orain, gorriz tindatzear dira hirurak. Izan ere, zenbaketa aurreratuta dago hiruretan, bereziki Pennsylvanian, eta abantaila egonkorturik du hiru lekutan. Orain, hiru estatu horietatik bitan Trumpen garaipena konfirmatzen denean, dagoeneko presidente izango dela baieztatuko da.

Estatu giltzarri gehiago. Georgian eta Ipar Karolinan dagoeneko irabazi du Trumpek, bietan %3ko abantailarekin.

Uneotan, ozta-ozta, Arizonan ere irabazten ari da, ia %60 zenbatze bidean, %0,7ko aldea. Eta Nevadan, %70 kontatuta, irabaztear da Trump.

Beraz, zenbaketa orokorra honela dago The New York Times egunkariaren arabera: 538 ordezkari banatzen dira, eta 267 ditu Trumpek –Pennsylvania sartuta– eta 224 Harrisek. Hedabide horren proiekzioa da Trumpek 301 eskuratzea; Trumpek berak esan du 315 ere eskura ditzakeela.

Estatuen sisteman ez ezik, boto kopuru absolututan ere irabazi egingo du

Donald Trump: "Urrezko aroa dator"

"Garaipen politiko handia izan da; historia egin dugu", esanez abiatu du garaipen-hitzaldia Donald Trumpek. Espero baino bi ordu geroago atera da jende aurrera, Euskal Herrian 08:30 zirela. Suabe hitz egin du, eskerrak emanez jendeari, hizkera bortitza erabili gabe.

Nola bestela, Make America Great Again (Egin Amerika handi berriz) aldarrikatu du Trumpek. "Lehengora, garai onenetara itzuliko dut herrialdea", hitzeman du, eta lan egingo duela "azken hatsa" eman arte. "Urrezko aroa dator, bai", esan du. "Munduko urre gehiena daukagu, Saudi Arabiaren eta Errusiaren gainetik". Horrez gain, zergak jaitsiko dituela jakinarazi du, eta "gerra guztiekin amaitzeko konpromisoa" adierazi, zehaztasunik eman gabe.

Trumpen hitzaldia hasi aurretik, Israelgo Defentsa ministro Itamar Ben-Gvir-ek zera jarri du sare sozialetan: BAIIII, Israelgo eta AEBetako banderez lagunduta. Trumpek hitzemana du Israeli "behar besteko laguntza" emango diola Palestina zanpatzen, egungo Bidenen gobernuak "ez duelako deus egiten".

Hogei minutuko hitzaldia eman du Trumpek, eta oro har baliatu du familia, lagunak eta babesa adierazi dioten pertsonak aurkezteko, tartean UFCko burua eta golf jokalari batzuk. Txorakeri ugari ere esan ditu Trumpek, eta, besteren artean, Elon Musk "bere lagunaz" mintzatu da; "nire lagun Elon" deitzen zion, baina Musk ez da oholtzan azaldu. Munduko pertsona aberatsena da Musk, ez edonor. Bien arteko solasaldi zentzugabeak kontatzen aritu da, Musken enpresa eta inbertsioei buruz, "guk biok edozer egin dezakegu" esanez eta abar. "Elon, maite zaitut".

Elon Musk: "Game. Set. Match"

Mundu pertsonarik aberatsena, Elon Musk, azken urteotan oso lerratuta egon eta mintzatu da Trumpen alde. Eta hitz egin ez ezik, baliabideak ere ipini ditu Trumpen kanpaina egiteko: 120 milioi euro, gutxienez. Dirua ere banatu die Trumpen botoa emango zutela ziurtatzen zutenei; milioi bana dolar eguneko, pertsona batentzat. Musk, Teslaren jabea da, eta Twitter zena ere berak erosia da, X bihurtua; tresna hori ere baliatu du, algoritmoa bere alde erabilita.

Muskek sare horretan ipini du lehen mezua, 04:30ean, oraindik datu ugari ailegatzen hasi aurretik: "Game. Set. Match". Hau da, tenisean esaten den moduan, "jokoa, seta eta partidua". Irabazi dutela alegia, eta erraz, gainera.

Demokratak, isilik

Festa handia prestatuta zegoen Howard unibertsitatean, Washingtonen, baina dena itxi eta bertatik jendea kaleratzeko erabakia hartu du alderdi demokratak. Eguna argitzean hitz egingo du Kamala Harrisek, hauteskundeen biharamunean, Euskal Herrian arratsaldea denean.

Inkestak erratu egin dira

The New York Times-ek, Siena College-ekin batera, azken inkesta argitaratu zuen azaroaren 3an, igandez, nazioartean sona eta errespetu handia izan duena. Jasotako datuen arabera, Kamala Harrisek irabaziko zituzkeen hauteskundeak, 293 konpromisario lortuta.

Zazpi estatu erabakigarrietatik sei irabazteko gai zela adierazten zuen inkestak. Dena den, boto aldea oso apala irudikatzen zuen: puntu bakarreko diferentziak hirutan, bi puntukoa bitan, eta hiru puntukoa Nevadan.

Boto-kutxak itxi direnean, The Economist egunkariko inkesta batek Harrisi ematen zion garaipena, baita botoen kopuru absolututan ere. Aldizkari britainiarrak egindako zundaketek irabazteko aukera irudikatzen zioten Harrisi, hurrenez hurren, estatu giltzarri diren Michiganen, Pennsylvanian eta Wisconsinen.

Aldaketari tranpa. 2.0?

Bigarrenez presidente izateko bidean da Donald Trump, bietan ere emakume hautagai demokratei aurrea hartuta –inoiz ez da emakumerik izan presidente–.

Ekonomian zentratu zen Trump 2016an, Hillary Clinton eta demokratei diskurtsoan gailentzeko. Hor daude datuak: egoera ekonomikoa "txarra" zela esaten zuten estatubatuarren ia 10etik 8k babestu zuen Trump. Horrek arrakasta izan zuen bereziki ikasketa unibertsitariorik gabeko zurien artean (%67), izan ere, horiek baitziren erlatiboki atzera pausu gehien ikusten zituztenak beren egoera sozioekonomikoan. Datu horiek honela aletu eta zeharkatu zituen Asier Blas Mendozak orduko hartan, 2016an, ARGIAn.

Azala eskaini genion gaiari:

Oraingo honetan ere, 2024an, ekonomiak berebiziko pisua hartu du. Inflazioak gora egin eta hori baliatu du Trumpek diskurtsoa indartzeko, herritarrei zera galdetuta: "Noiz zeundeten hobeto, 2020an [agintaldia bukatu zuenean], ala orain?". Prezioek neurrigabe egin dute gora eta larrutik ordaindu du hori alderdi demokratak. Kamala Harrisek ez du lortu hortik aldentzea, presidenteordea baita Joe Bidenen azken agintaldi honetan.

Amets amerikarraren baitan dagoen ideia da familiako hurrengo belaunaldiak hobeto biziko direla, eta hori aspaldi hautsi da bereziki klase baxuko jendearen –zurien, oro har– artean. Bada, analista zenbaitzuk hasi dira aurreikusten, baldin eta Trump izaten bada presidente 2028ra bitartean, amets amerikarraren ideiari hauspoa emango diola J. D. Vance balizko presidenteordeak, Trumpen alboan aurkeztu denak. Izan ere, Trump bigarrenez izaten bada presidente, ezingo du hirugarrenez aurkeztu. Orduan, Vance proiektatzen dute errepublikanoen etorkizuneko buru gisa –Elon Muskek ezingo luke inola ere aurkeztu, Hegoafrikan jaioa baita, eta ez AEBetan–.

Ohio estatuan jaio zen Vance, "gaztaro gogorra" izan zuela esaten da, bere amak menpekotasunak zituela alkoholarekin eta bestelako drogekin, pobrezian bizi zirela etxean... "Etxea babesten ikasi" zuela esan ohi da, besteak beste, armen jabe eginda. Jardun militarra egin ostean, Zuzenbidea ikasi zuen eta aberats izatera heldu da, "amets amerikarra" beteta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
2024-12-10 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Zangoak hausteko Tonya Harding-en estrategiak ez du funtzionatzen Txinarekin

2018ko martxoaren lehena zen, bere lehen agintaldiaren lehen laurdena burututa, Donald Trumpek pentsaera politiko-ekonomikoaren lagin gardenena utzi zigunean: “Merkataritza-gerrak onak dira, eta irabazten errazak”. Orduantxe abian jartzear zituen altzairu eta... [+]


2024-12-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Muga-zergak ezarriko ote zaizkio unibertsitateko talentuari ere?

Ipar hemisferioan ikasturtea hastearekin batera izan ohi den albiste-zaparradan argitaratu zen duela astetxo batzuk: aspaldiko urteetan ez bezala, txinatar jatorriko ikasleak (275 milatik gora) ez dira jada ugarienak Estatu Batuetako unibertsitateetako atzerriko ikaslerian;... [+]


2024-12-04 | Aitor Aspuru Saez
Craig Thompson
“Trumpen hautaketak eragin zuen trauma kolektiboaz badago osagai bat komikian”

Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]


2024-11-27 | Mikel Zurbano
Trumpkonomia

AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]


2024-11-26 | Mikel Aramendi
India, Trump 2.0 aldirako kontuak ateratzen

Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]


2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20-ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


2024-11-18 | Jon Torner Zabala
Errusiaren kontra irismen handiko misilak erabiltzeko baimena eman dio Bidenek Ukrainari

Urtarrilaren 20an utziko du AEBko presidente kargua Joe Bidenek, lekukoa Donald Trumpi emanda –zeinak AEBen norabide aldaketa marka dezakeen Ukrainako gerran–. Agintaldia amaitu aurretik, baina, irakurri dugu Ukrainari baimena eman diola Errusiako Kursk eskualdean... [+]


Elon Musk Gobernu Efizientziarako Departamentuko buru izendatu du Trumpek

Munduko pertsonarik aberatsena da Musk, Forbes-en azken sailkapenaren arabera. Vivek Ramaswamy politikari eta enpresa-buru kontserbadorea izanen du bere ondoan, kargua betetzeko. "Erreforma estrukturala" bideratzekoa dute, gobernuarentzat "inoiz ikusi gabeko... [+]


2024-11-13 | Mikel Aramendi
Trumpismoa, interes geopolitikoak printzipioen gainetik

Argi eta garbi irabazi dio Donald Trump presidente errepublikano ohiak Etxe Zurirako lehia Kamala Harris egungo presidenteorde demokratari. 312/226-eko aldea izango du urtarrileko bozketan Hautesle Kolegioan. 2016an Hillary Clinton galtzaile izan zen, baina herritarren boz... [+]


2024-11-12 | Mikel Aramendi
Ba ote daki Trumpek non dagoen Txina eta Filipinak aurkarazten dituen irla estrategikoa?

Mundu mailako inperioaren urbs estatubatuarra –eta haren periferiako lurbira osoa– Donald Trumpen bigarren agintaldirako kontuak ateratzen ahalegintzen ari garenean, tentsioak gorabidean jarraitzen du datozen lau urteetan, zalantzarik gabe, arreta-gune nagusietakoa... [+]


2024-11-12 | ARGIA
Musk, Bezos eta Zuckerbergen kasuak
Zergatik babestu dute ultra-aberatsek Trump?

AEBetako Silicon Valley hamarkadetan demokraten gotorlekua izan da. Orain, Donald Trumpen alderako bira egin du. Teknologia-enpresa handiek eta haien buruek, munduko aberatsenek, hautagai errepublikarrari lagundu diote garaipena lortzen.


2024-11-07 | Julene Flamarique
Trumpen asmoak zazpi puntutan

Lau urteren ostean Trumpismoa itzuli da Etxe Zurira, Donald Trump AEBetako 47. presidentea bilakatu da 78 urterekin. Hainbat deliturengatik zigortua izan den eta zenbait kausa irekita dituen lehen presidentea da. Hauteskunde garaipeneko hitzaldian, esan du “lelo soil baten... [+]


‘The Washington Post’ eta Trumpen aurka lerratzeko izua

Zerbaitek definitzen badu Ameriketako Estatu Batuetako politikagintza, beste esparru askotan bezalaxe, hori show-a edo espektakulua da. Xextra ugari gertatu dira hilabeteotan guztiotan, baina tartean bat, berriena, egunkari handi bati dagokiona.


Eguneraketa berriak daude