AEBek Francesca Albanese NBEk Palestinar Lurraldeetan duen errelatore berezia zigortu dute genozidioari buruzko txostena argitaratu eta egun gutxira. Albanesek sare sozialetan azaldu duenez, “boteregabeen alde hitz egiten dutenak boteretsuek zigortzea ez da indar erakustaldia, erruduntasunaren seinale baizik”.
Albanesek denbora darama NBEko kargu horretatik Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzen, eta uztailaren 3an argitaratutako azken txostenean genozidio horren atzean dauden multinazionalen interes ekonomikoak ere jarri ditu luparen azpian.
AEBek ondasunak blokeatu dizkiote eta transakzio ekonomikoak egitea debekatu diote. Zigorraren aurrean, hainbat adierazpen egin ditu sare sozialetan. Adierazi du boteretsuek boteregabeen alde hitz egiten dutenak zigortzea ez dela indar erakustaldia, erruduntasun seinale baizik. Eta dei bat egin du: “Zutik egon gaitezen, elkarrekin”.
Begi guztiak Gazan jartzea eskatu du eta setioa haustea: “Abokatu sentiberak maite ditut, printzipiodun politikariak maite ditudan bezainbeste. Une honetan, biak behar ditugu guztiz konprometituta, %200ean konprometituta, genozidioa geldiarazteko. Begi guztiak Gazan egon behar dira, non haurrak gosez hiltzen ari diren amen besoetan, eta haien aitak eta anai-arrebak bonbardatzen dituzten janaria bilatzen ari diren bitartean. Nahikoa da. Bidali itsasontziak. Hautsi setioa. Elkarrekin, egin dezakegu. Elkarrekin, egin behar dugu”.
Justiziaren aldeko aldarria ere egin du: “Ziur nago, egun honetan inoiz baino gehiago: justiziaren alde nago irmo eta sinesgarri, beti egin dudan bezala. Zuzenbideko jakintsu ospetsuen, abokatu talentudunen eta epaile ausarten tradizioa duen herrialde batetik nator. Justiziaren alde egitea garesti ordaindu dute eta askotan beren bizitza eman dute. Tradizio hori ohoratzeko asmoa dut”.
Middle East Eye hedabidearen zuzeneko saioan ere hitz egin du, esanez: “Badirudi nerbio-puntu bat ukitu dudala”. Elkarrizketan kazetariari bere kezka horrela azaldu dio: “Nire kezka da jendea hiltzen ari dela Gazan zu eta biok hitz egiten ari garen bitartean, eta Nazio Batuek ezin dute esku hartu”.