Israelek onartu ostean, Hamasek esan du 60 eguneko su-etena “berehala” ezartzeko prest dagoela

  • Hamasek jakinarazi du Palestinako erresistentziako beste taldeekin hitz egin duela AEBek, Egiptok eta Qatarrek proposaturiko meniaz, eta "pozik" hartu dutela. 60 eguneko su-etenaz gain, akordioak barne hartuko luke Hamasek Gazan dituen hamar bahitu israeldar askatzea, eta beste hamabosten gorpuak ere bai.


2025eko uztailaren 7an - 12:53
Palestinar bat, Israelek astelehenetik astearte bitarte eraso eginiko Gazako eremu batean. Mahmoud Issa / Reuters
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Badirudi Gazarako su-eten akordio bat adosteko bidean direla Israel eta Hamas. Donald Trump AEBetako presidenteak asteazkenean jakinarazi zuen Tel Avivek onartu zuela eurek –Qatar eta Egiptorekin batera– proposatutako 60 eguneko su-etena; Hamasek, berriz, ostiralean zabaldutako ohar batean adierazi du menia "berehala" ezartzeko negoziatzeko prest dagoela. 60 eguneko meniak, besteak beste, barne hartuko luke Hamasek Gazan bahituta dituen hamar israeldar euren bizilekuetara itzultzea, baita hilik dauden beste hamabosten gorpuak ere –Israelgo Gobernuak uste du oraindik 50 bahitu geratzen direla zerrendan, eta horien erdiak baino gehiago hilik daudela–.

Oharrean, Hamasek jakinarazi du Palestinako erresistentzia beste talde armatuekin hitz egin duela AEBek proposaturiko su-eten akordioaz, eta "pozik" hartu dutela: "Mugimenduak erantzun positiboa eman die bitartekariei, eta erabat prest dago negoziazio sorta bat berehala hasteko, menia nola ezarri pentsatzeko". Israelek su-etenari oniritzia eman ziola iragarri ostean, Trumpek mehatxu egin zion erakunde palestinarrari: "Ez badute su-etena onartzen, egoerak okerrera egingo du".

Ynet Israelgo hedabidearen arabera, Hamasek Washingtonek eginiko menia akordioari aldaketa batzuk egitea proposatu du. Horien artean egongo lirateke, esaterako, GHF fundazioak –AEBek eta Israelek kudeatzen dutena– Gazan laguntza humanitarioa banatzeari uztea, eta UNRWA Nazio Batuen Erakundearen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak hartzea haren lekua.

Gutxienez 24 hildako Gazan, igandetik astelehenera bitarte

Hamas eta Israel Egiptok, AEBek eta Qatarrek eginiko su-etenerako proposamena aztertzen ari diren bitartean, Gazan joera bera da: Israelgo armadak eginiko erasoek gutxienez 24 palestinar hil dituzte igandetik astelehenera bitarte, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Horrela, gutxienez 55.000 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek zuzenean hildako palestinarrak. The Lancet-ek justu duela urtebete argitaratutako txosten batek zioen 200.000 izan zitezkeela zuzenean eta zeharka hildakoak.

 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...