Gasteizko institutu bat: erdi lokartuta zetorren irakaslea hotzikara batek esnatzen du kolpean, goizeko 8etan irakasle-gelara sartu eta armatutako eta uniformez jantzitako ertzain parea aurkitzen duenean parez-pare.
Ikasleei bullying-aren inguruko hitzaldia ematera datoz pedagogo militarizatuak (aurtengo daturik ez dugu, baina 2014-2015 ikasturtean, 164 eskolek eta 18.000 ikaslek izan zuten ohore berbera. Biolentzia matxistaz ere ematen dituzte eskolak biolentziaren profesionalek). Arrasate: Udalak garbiketa-ordenantza ezarri du. Herriko hormetan ezin izango da kartelik itsatsi udal-baimenik izan ezean. Udalak propio jarritako iragarki-tauletan bai, baina edukiaren arabera 250 eta 1.000 eurora arteko isuna jasotzeko arriskuarekin betiere (Zumaiako Udalak ere kartelak eta pankartak debekatu ditu otsailaz geroztik, hiri handi guztietan jada hertsiki arautua dago hormen erabilera, baita ertain eta txiki askotan ere). Bilboko Alde Zaharra: herritar batek udaltzainei arreta deitzen die, etorkin bat identifikatzeko orduan erabilitako modu zakarrarengatik. Mozal Legea aktibatu, eta isun batekin doa etxera auzokide batez arduratu den herritarra (2015eko uztailaren batean indarrean sartu zenetik aurtengo urtarrila amaiera bitartean, 735 isun ezarri dituzte poliziek Hego Euskal Herrian, tartean udaltzaingo ezberdinek, Mozal Legea baliatuta). Leioako unibertsitatea: “Bakea, segurtasuna eta defentsa” jorratzen dituen mintegia garatzen da, EHUren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko elkarlanari esker (2013ko urriaren 16an sinatu zuten akordioa, eta geroztik zorioneko mintegiaz gozatzeko aukera dute ikasle eta iraskasleek urtero-urtero). Gros auzoa : Kortxoenea gaztetxearen hustuketan duen jarrera bideoz hartzen ari den gazteari, grabatzeari utzi ezean Mozal Legea aplikatuko diola mehatxu egiten dio udaltzain batek (Donostiako udaltzaingoa Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak baino askatasunen ikuspuntu are murritzagoa duela erakutsiz. Hark esana baita legeak ez duela irudiak hartzea debekatzen). Euskal herrietako hamalau etxebizitza: Probintzia-Auzitegiek sinatutako jakinarazpenak heltzen dira etxera. Troikaren aurkako 2014ko protestetan parte hartzeagatik urtetako espetxe zigorrak, “komunitatearen aldeko” ehunka lan-ordu eta milaka eurotako isunak eskatzen ditu fiskaltzak (Kilometro karratutako “segurtasun gunea” ezarriz egun horretan manifestatzeko eskubidea indargabetu zuen Ertzaintzaren txostenak aintzat hartuz, egun horretan manifestatzeko eskubidea bermatu ez zuten epaitegiek hartu dute erabakia). Edozein txokotako edozein herritarren arteko elkarrizketa edozein gairen inguruan: - Hori ez da bidezkoa. -Ja, baina hori dio legeak (edo arauak, edo “sen onak”). Zer egingo diogu.
Azken hilabeteotako adibide batzuk baino ez dira. Guk geuk zerrenda dezentez mardulagoa osatzea dugu, ezagutzen ditugun antzeko eta bestelako kasuekin. Eta ondotxo dakigu ezagutzen ditugun horiek benetan ematen direnen portzentaje txiki bat baino ez direla.
Zer dute komunean lehendabiziko parrafoan elkartu ditugun errealitate hain ezberdin horiek guztiek? Salbuespen iraunkorraren paradigmaren adierazpen lokalak edota egunerokoak izatea. Salbuespen politikak ez baitira soilik Madriletik heltzen diren erasoak, maila politiko makroan eta nazio-gatazkarekin lotuta garatzen diren legedi “antiterroristak”, makro-epaiketak eta makro-sarekadak. Horiek ere badira, baina baita beste askoz gehiago ere. Paradigma bat da, jendartea ulertu eta begiratzeko modu bat, gu guztiok blaitzen gaituena. “Gure” legebiltzarrak-udalak-eskolak; “gure” polizia autonomikoak-foralak-lokalak; “gure” epaitegiak-epaileak-fiskalak; “gure” hedabideak-esatariak-artikulugileak; gure senideak-lagunak-lankideak; gure pentsaerak-praktikak-diskurtsoak; gu. Salbuespen politikek eskala makroa zein mikroa hartzen dute; data seinalatuetako eraso erraldoi entzutetsuen bitartez -Mozal Legea, Alderdien Legea- zein eguneroko txiki eta oharkabeen bidez -poliziak eskoletan, kaleak “garbi”- inposatzen dira; kanpotik ezartzen dizkigute baina barneratu ahala guk geuk birsortzen ditugu ere.
Hitza hain modan jarri den honetan, paradigma hegemonikoa da salbuespen iraunkorra. Hau da, hain normalizatua egonagatik, esplizituki baina batez ere inplizituki barneratua izateagatik, identifikatzen ere zaila dena. Pentsatzeko moduan integratu baitugu azken hamarkadetan egin diguten gerra ideologikoaren -eta fisikoaren- ondorioz. Feminismoari metafora maileguan hartuz, salbuespen iraunkorraren paradigmaren betaurrekoekin begiratzen diogu errealitateari. Aspaldi jantzi zizkiguten betaurreko horiek. Ziurrenik, botere egituretatik inposatu nahi dizkiguten gainontzeko mundu-ikuskerekin (patriarkala, arrazista, klasista...) antzekoa gertatzen da. Hasieran, bortxaz jarri nahi zizkigutela ohartu eta horiek kentzen saiatu ginen. Gero, kentzea lortu ez bagenuen ere, jarriak genituenaren jakitun ginen behintzat, eta kontzientzia horrek euren eragina gutxiagotzen zuen. Denborak aurrera egin ahala, ordea, gero eta gutxiagotan oroitzen dugu noizbait inposatu zizkigutela, gorputzaren eranskin izateari utzi eta organo naturalen kategoria hartzen dute, begien pare, errealitateari betaurreko horietatik begiratzen diogula ahazteraino. Politikoa eta antzemangarria zena, eta beraz eztabaidagarria, aurrepolitikoa eta antzemanezin bihurtzen da prozesu honetan, eztabaidaezin ondorioz.
Normalizazioa, hor dago gakoa. Normalizazio mota eta maila asko daude, noski. Herritar batzuek naturaltasun osoz hartzen dituzte Mozal Legea edo tortura. Beste batzuek horrelako gehiegikeriarik onartu ez, baina begi onez ikusten dute kartelak jartzeko debekua, edo hori ez baina bai papergabeek eskubiderik ez izatea, edo bideokamerez inguratua bizitzea, edo uniformedun gizon armatuek indarkeria matxistaz eskolak ematea seme-alabei (azken horrek koherentziatik ere badu: mugez kanpoko zeregin “humanitarioak” ejertzitoen esku uzten dugun jendartean, mugaz barneko gatazka sozialen inguruko pedagogia polizien esku uzten dugu). Azken hamarkadak errepresio gordinenaren jopuntuan bizi izan duen milaka euskal herritarretatik askori, bi digitora ailegatzen ez den espetxe zigorra apenas sortzen dio asaldurarik. Eskubide zibil eta politikoen erabilera hutsarengatik zigortua izan dena, zigortzaileak legeak ematen dion ankerkeriarako aukera guztiak baliatu ez izana publikoki eskertzekoa dela pentsa dezake. Poliziaren aldetik herri harresi batean irain matxistak jasotzea edo identifikazio “normal” batean zakarkeria eta autoritarismoa pairatzea salagarria denik ere ez zaigu otutzen, edo lotsa emango liguke “gertatzen direnak gertatuta”. Hara zer erantzun zion adibidetzat jarri dugun Gasteizko Institutuko ertzainak, irakasleak hitzaldi bat emateko uniformea eta pistola soinean eramatea aurpegiratzean: “Hori da kontua, hain zuzen ere” (“hori”= gazteek polizia armatuaren figura normalizatzea). Nork bere neurrian eta moduetan, baina denok egin ditugu gure salbuespen iraunkorraren betaurrekoak.
Astindu bat behar dugu. Errealitatea goitik behera irauliko duen lurrikara orokor bat sortzeko moduko astinaldia. Salbuespen politiken eraikin juridiko-politikoa eraitsiko duena, segurtasunaren diskurtsoa eta injustuak izan arren legeak eta arauak obeditu beharra dagoelako aprioria indargabetuko dituena. Gutako bakoitzari salbuespen iraunkorraren betaurrekoak sudur gainetik erauziko dizkiguna.
Gauzak ez dira txuriak edo beltzak, ordea. Ikuskera hegemoniko guztiek dituzte haien arrakalak, disidentziak, anormaltasunak, ihesbideak. Mozal Legearen aurka sortutako Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataforma, papergabea ilegalki etxean erroldatzen duen herritar anonimoa eta hormak pintatzen jarraitzen duena, Zumaian edo Arrasaten udal horien garbiketa-ordenantzen aurka sortutako ekimen herritarrak, herri harresiak, taberna zein okindegietako solasaldiak, mobilizazio handi eta txikiak, poliziaren jarduna grabatzea, elkarrekiko ardura eta elkarzaintza.
Paradigma integrala bada, ikuspuntu integral batetik ekin beharko diogu deseraikitzeari. Gaur, edonola ere, ahaztuegi dugun aurpegi askotariko maila mikro horretan jarri nahi izan dugu arreta. Baina ez soilik mikropolitikaren esparruan inposatzen dizkiguten neurri eta baloreen inguruan. Baita hor eraiki ditzakegun erresistentzia zenbatezinetan ere. Aipatu dugu jada ertzainari zuzendu zitzaion irakaslearena, edo udaltzainen tratu zakarraren aurrean ezikusiarena egin ez zuen bilbotarrarena. Hitzaren adiera klasiko ortodoxotik harago, hori ere bada desobedientzia. Mikrodesobedientzia, nahi bada: Salbuespenaren mikropolitiken aurrean, mikrodesobedientziak. Horrelakoak “duinak” baina egiazki antzuak direla pentsatu ohi dugu askotan.
Galderatxo bat: imajinatu horrela pentsatzen dugun pertsona bakoitzak biolentziaren profesionalei, justiziaren profesionalei, politikaren edo espekulazioaren profesionalei tabernan, kalean edo bere “lan-tokietan” gurutzatu ahala, eurekiko gure “iritzia” jakinarazten diogula. Begirada soil batez, komentario batez, isekaz edo trufaz, ondokoagatik arduratuz, gure presentziaz edo presentzia ezaz. “Iritzi-emate” hori askoren ohitura bilakatzen dugula. Benetan uste al dugu horrek ez lukeela euren harrotasuna kikilduko? Gure txikitasuna harrotuko? Indar harremanak ez liratekeela eraldatuko?
Hona azken mikrodesobedientzia adibide eder bat, amaitzeko. Hona Lizarrako irakasle batek, polizia forala klasera zetorkiola ordu gutxi lehenago jakitean idatzi zuena. Idatzi, eta polizien eta ikasleen aurrean irakurri. Eskuak dardara batean eta beldurrari aurre eginez, are balio handiagoa ematen diona (jatorrizkoan gazteleraz, polizia jaunek ulertzeko moduan).
Egun on.
Gizon hau aurkeztuko dizuet, Nafarroako Polizia Foraleko kidea dena eta antza bideko segurtasun-arauen inguruan hitzegitera etorri zaizuena.
Bere azalpena hasi aurretik, topaketa honetaz dudan iritzia eman nahiko nioke:
Nik neuk, agiri guztiak behar bezala dituena, emakumezkoa eta zuria naizen honek, argi eta garbi dut, esperientziak hala erakutsita, zeinahi talde militarizatuko zeinahi poliziak ez duela helburu pertsonak eta, kasu honetan, eskolan ari diren gaztetxoak heztea eta informatzea, baizik eta beste helburu hauek dituela: zigortzea, beldurra sortzea, protesta zibikoak geldiaraztea eta herritarrak proiektu disidentetatik kanpo egon daitezen saiatzea.
Guzti horrengatik, ulertuko duzun moduan, zure presentzia ez zait atsegina, hortaz, banoa.
To! Eskoletara joan diren polizia guztiek eta euren ikasle guztiek horrelakorik bizi izan balute, indarrean jarraituko al lukete programak? Eta, (sasi) hausnarketa (ustez) burutsu eta garrantzitsuetatik harago: Eszena irudikatze hutsak plazera ematen badu, aizue, zer izan behar duen hori bizitzeak. Eta plazer handi eta txikiak, indibidual eta kolektiboak biderkatuko bagenitu?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.
Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]
Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.
Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]
Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]
Ondo jakina da Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrezko duen botere politikoa ukatua duela Espainia eta Frantziako estatuen aldetik. Euskal Herrian, bertan bizi, lan egin eta euskaldun izan nahi duen biztanleriari, herritar gisa bizi-proiektu duin eta ziurra garatu... [+]
Ez naiz buruan ideia hau darabilen bakarra, asko gara munduan Whatsapp eta Telegram mezularitza aplikazioak hartzen ari diren botereaz kontziente bide hori jorratu nahi dugunak.
Familia, lagunak, komunitateak, lana, komunikabideak... Mezularitza aplikazioekin dena dugu... [+]
Hondakinak etorkizuneko material berriak dira. Iragarki marketineroa izan daiteke, baina diseinu eta eraikuntzaren ikerketa munduan sormen bideak irekitzeko aukerak ekarriko ditu, dudarik gabe. Europako hondakinen legedia zorrotz jarriko dela iragartzean, nolabait ulertarazten... [+]
Twerk klasean gertatu zen, Bilbon. Merkataritza-gune batean dago dantza eskola, eta gortinek ez dituzte kristalak erabat tapatzen. Emakumezko lau ikasleok eta irakasleak luzaketak egiten geundela, gure short labur eta top-ak jantzita, bi mutiko hasi zitzaizkigun kristalaren... [+]
Herria astekariaren ez hain aspaldiko aleak irakurtzea aski da antzemateko Mixel Garikoitzek Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gizarte nagusiki katolikoan utzitako arrastoaren sakonari.
Ibarreko Garakoitxeko semea, bertze ordezkaririk ez du Iparraldeak Erromako... [+]
Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]
Semea futbol talde batean jolasten da eta, kurtso amaieran jokatutako hamaika torneoren artean, Athletic Cup-era gonbidatu dute bere ekipoa aurten. Txapelketak laurehun talde eta 5.000 futbolari inguru batu ditu; haur eta nerabe, senideak eta lagunak kontatu gabe. Itzelezko... [+]
Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]
Gauzak ez dira horrela, baina horrelaxe daude, bai. Euskal erreferente politiko ofizialak Espainiara eta Frantziara begira daude Euskal Herrira bainoago. Estebanek eta Otegik etengabe kontseiluak ematen dizkiote Sánchezi gobernagarritasun modu berriaz eta Espainiako... [+]
Erakundeek, beren helburua bete ondoren ere, bizirik irauteko ahalegina egiten dute, Max Weber-ek zioen modura. Baina porrotaren kontzeptuaren eremutik haratago joan eta jakinduria eta ausardia behar dira elkarte bat amaitzeko, Alan Badiou gogoratuz.
Euskal Herrian ere... [+]